2009-12-31

Avui, adeu


Gaur, agur urte zaharrari eta agur Barcelonan barna eginiko bidaia poetikoari. Izan ere, oso hiri poetikoa da Barcelona, bestela pentsa daitekeen arren.

Gainera, poesia ez ezik prosa ere erraz aurkitzen da edozein liburudendatan. Bogatell metro geltokitik gertu dagoen batera sartuta, hauexek ikusi ditut erakuslehioan: Saramago-ren El viatge de l'elefant, Paul Auster-ren Un home a les fosques, John Boyne-ren El noi de pijama de ratlles... Alegia, goi mailako literatura edozein liburudendatan eta katalanez... Normal-normala.

Tamalez, Euskal Herrian Saramago-ren liburu hori uste dut ez dagoela oraindik euskaraz, Paul Auster-ren hori ere ez, eta bai, ordea, John Boyne-rena: blog honetan bertan egina duzu liburu horren gaineko iruzkina.

Giro kultural normalizatu horren mira dugu euskaldunok, baina ez bakarrik lituratura kontuetan.

Barcelonako metroan egina duzu beheko argazki hau:


Imaginatzen ahal duzu Iruñean antzekorik euskara sustatzeko?

Nafarroan, berriz, euskara sustatazeko neurriak baino, euskara asustatzeko neurriak hartzen dituzte egunerokoan Nafarroako Gobernuko agintariek eta enparauek.

Zer nahi duzu, bada? Umorea ez dugu galdu behar!

Urte berri on-ona!

2009-12-30

Llapis i paper


Joan Margarit-en Miserikordia etxea besapean, Barcelonan barrena ibili eta gero, atsedena Sagrada familia-ren aurreko parkean, ikusten ditugun kontu iteresgarri guztiak paperean jasotzen: llapis i paper eskuan, beraz.

Aurrekoan esan bezala, Joan Margarit arkitektoa da, Gaudí bezala, baina, gainera, Margarit poeta da, "egungo poeta katalan handiena", askoren ustez.

Nik aitortuko dizuet Visor argitaletxearen liburuen bidez ezagutu nuela Margarit arkitekto -poeta, Cálculo de estructuras eta El primer frío, 1975 etik 1995era bitarteko haren poema guztiak biltzen dituena.

Iaz, Espainia mailako poesia sari nazionala eman zionetik, gehiago ari da entzuten eta ikusten Margarit: Durangon izan omen da aurten... eta ni, Uruguain!

Aurten, prosaz idatzitako Nuevas cartas a un joven poeta izeneko liburutto zoragarria atera du Margarit-ek, Rilkeren liburu klasiko baten izenburuari "Nuevas" hitza eranstita..

Liburutto horretatik, pasarte bat baino ez:
"Poema bat idazteko ez dago baldintza jakin batzuen beharrik. Behar-beharrezkoa dena hauxe da: bilatu, aurkitu, idatzi, berridatzi eta behin eta berriz landu bukaerara arte."

Ez dakit oso itzulpena ona den, buruz ari naiz eta. Irakurle jakin goseak jo beza jatorrizkora: Nuevas cartas a un joven poeta, (liburuaren bigarren atala). Ed. Barril & Barral.

Bestalde, Margarit-en poema batek akuilaturik, Ruta del cementeris egiteko tentaldia izan dut:"Cementeris de Barcelona. Cementiri ès ciutat" dio afixak... Ikus dezagun, bada. Cementeri de Poblenou bisitatzeko zorian izan naiz... baina itxita dago gaur: "1er diumenge de cada mes 10,30 en català / 12,30 en castellà." Zer egingo diogu, bada.

Cementiri i mar du izena poema eder horrek. Pekatu eginen dut eta azken bi bertsoak baizik ez dut trasnkribituko, irakurlea ez nekatzearren.
[...]
"Olors del mar. I de la soletat.
El poble va del cementiri al mar"

[...]
"Itsasoaren usainak. Eta bakardadearenak.
Herria hilerritik itsasora doa"

Baina gizakia ez da soilik poesiatik elikatzen, ezta? Bon profit!







2009-12-29

Joan Margarit-ekin Parc Güell-en


Joan Margatit arkitektoa da lanbidez, baita hitzaren arkitektoa ere. Miserikordia Etxea haren liburua eskuetan hartuta, Barcelonan barnako ibilaldi poetikoa egiteko aholkatzen dizut.

Elebiz, katalanez eta euskaraz, atera berri den Miserikordia etxea izeneko liburua Juan Ramón Makuso poetak euskaratu du:" La poessia és ara l'última casa de misericòrdia / Gaur poesia, azken miserikordia etxea da"

Irudikatu zeure burua Passeig de las Palmeras delakoan barrena, eta, pasieran ibili eta gero, gogoak agintzen dizunean, Gaudí handiaren eserleku mitiko horretan eseri, eta hauxe duzu begien aurrean:

L'equip de l'assassí

Entre els desatres apilats com sacs,
la vida m'ha deixat el teu amor.
Tant se val el silenci de la nit,
el cotxe negre que ha apagat els fars
i el saxo que se sent, fluix, a la ràdio.
El que ha de ser impecable és el dispar:
perillós i certer. Com tu en la meva vida.


Behar izanez gero, euskarazko itzulpena goian aipaturiko liburuaren 63. orrian duzu, Meetook argitaletxean.

2009-12-26

Llangostí bullit i calamarssó


Arnasa hartzeko balio izaten du Euskal Herritik ateratzeak. Gainera, ez da gaur goizeko kontua aitortzea euskaldunok nola maite dugun Katalunia: conèixer i estimar, dena da bat. Ja soc aquí, erran nezake, berriz ere, Mercat de la Boqueria mitikoan, zentzumenetarako gozamen hutsa.


Gure seme-alabak aho bete hotz gelditu dira litxarrerien saltokian... Laster, aho bete goxoki egonen dira.



Giro gozoa, beraz, baita goxoa ere. Bon dia esateko ohitura hartura, tamalez, gero ez naiz gauza katalanez egiteko. "Katañolez" ere ez. Gure mintzotik ezagun da ez garela espainolak eta begirada konplizeetan Euskal Herriarekiko atxikimendua arnasten dugu. Begiradetan ez ezik ekintzetan ere: "No a la criminalizazio de la solidaritat. La solidaritat es una flama que no es pot apagar" irakurri dut afixa batean.

Gainera, abenduaren 13ko bozketan izandako arrakastaren ondorioz, independentziaren aldeko aldarria nabariagoa da. Honek guztiak merezi du ospatzea eta horregatik gaur bazkaltzeko bizio piska bat erosi dugu: badakizu, "bizi osoa, biziosoa": llangostí bullit i calamarssó, otarrainxka egosiak eta txibiak.

Nota bene: txibia hitza nik alabarengandik ikasi dudan hitza da: nik kalamareak (sic) esango nukeen, baina Zarautzeko kanpaldian izan da Uxue aurten eta hitz hori ekarri du handik... Nik, berriz, otarrainxka hitza irakatsi diot, baina uste dut ez duela ikasiko: Uxuek ez ditu otarrainxkak gustuko eta ez du sekula dastatzeko asmo zipitzik ere. Zertarako ikasiko du, bada, otarrainxka hitza?

Nolanahi delarik ere, bon profit, alegia, on egin!

2009-12-20

Uso Zuria



Atzo kantu kantari izan ginen Anaitasuna kiroldegian, Oskorri-k eskainitako Pub Ibiltarian. Berriozarko abesbatzak Elkarrekin izena duenez, zilegi bekit txiste txar bat egitea: Elkarrekin izan ginen. Baina zein da galdera? Nortzuk izan ginen ala norekin izan ginen? Berdin du: Elkarrekin izan ginen, argazkian ikus daitekeen gisa, Elkarrekin eta bata bestearen ondo-ondoan, hotzari aurre egiteko edo. Kar, kar, kar. Irriz lehertu zarete, ezta? Zuen irri-karkailen burrunbak ez dit idazten uzten...

Bon, txiste txarra eginda, noan harira. Atzoko kontzertuan -Elkarrekin izan ginen kontzertuan-, hamazazpi kanta eder abestu genuen Natxo de Felipe-ren gidaritzapean. Hamazazpi eta bonus track bat: Hator, hator entsaiatu gabe ere oso ongi atera zena. Oskorri-ko buruaren lanari esker, hotza zen giroa -bi gradu zero azpitik kanpo aldean- berotu zen emanaldian zehar eta giro pollit askoa sortu zen. Hala ere, Anaita-ko eserleku anitz betetzeko gelditu ziren: alde batetik, hotza eta elurtea zirela-eta; bestaldetik, agertu behar zen lagun asko agertu ez zelako.

Oskorri-rekin batera Iruñeko Peñak ziren antolatzaileak, eta atzo Anaitasunan ez zegoen espero bezain beste jende, ezta hurrik eman ere. Iruñeko peña guztiek ez al dute jende gehiago biltzeko gaitasunik? Bada, zalditik astora goaz, lagunok.

Badakit elurra zela-eta batzuk zail izan zutela agertzea. Badakit, bestalde, Bilboko manifestazioa hagitz garrantzitsua zela; Barañainen ere, beste manifestazio garrantzitsu bat zegoen.

Halarik ere, susmatzen dut Iruñerriko edozein Shopping Center delakoan izanen zela jende anitz, Fatxi Lopez-ek horrenbeste aldarrikatzen duen "normaltasunez" erosketak egiten krisi garaian... Hori da saltzen eta sartzen diguten normaltasuna... Hori hala izanik, nik jarraituko dut anormaltasuna aldarrikatzen.

Nolanahi delarik ere, Anaitasunan izan ginenok oso-oso ederki izan ginen: nik ezagutu ez eta atzo ikasi nuen kanta eder bat gelditu zait iltzatua: Uso zuria Behean dituzue hiru kopla baino ez, baina, inork nahi izanez gero, hemen duzue aukera abesti hunkigarri hori osorik entzuteko.

Uso zuria errazu
nora joaten zaren zu.
Espainiako bortuak oro
elurrez beteak dituzu;
gaurko zure ostatu
gure etxean baduzu.

Ez nau izutzen elurrak
ez eta ere gau ilunak,
maiteagatik pasa nitzake
gauak eta egunak;
gauak eta egunak
desertu eta oihanak

Uso ederra airëan
ederrago mahainëan,
Zure parerik ez dut ikusi
Espainia guztian
ez eta ere Frantzian
eguzkiaren azpian.


Atzo hori kantatzen ari ginelarik, gogoratu nintzen sakabanatuta dauden euskal presoen senideekin, Espainiako bortuak oro, elurrez beteak, eta halere, bidean, zeren, abestiko hitzak beste hurrenkera batean jarrita,senide batek pasa ditzake maitegatik gauak eta egunak, desertu eta oihanak, Espainia guztian eta Frantzian.

Atzo ez nintzen Bilbora joan, baina urtarrilaren 2rako Etxerat-ek deitu duen manifestaziora joateko asmo osoa dut Fatxi Lopez-en normaltasuna salatzera.

2009-12-15

Olentzerori eskatzeko liburuttoa

Lagun batek eskatu dit aholkatzeko liburu bat 12 urteko haren semearentzako. Bizkorra da mutila, baina ez omen zaio gustatzen irakurtzea. "Ahaztu, beraz, liburukoteak" agindu dit lagunak sotilki.

Iragan den udaberrian ateratako liburutto bat aholkatuko diot, Neure neure esklaboa, Dolf Verroen-ena. Ehun orritara heltzen ez den liburutto horrek behar baino atentzio gutxiago jaso duelakoan nago. Jatorriz nederlanderaz idatzitakoa, Joseba Sarrionandiak ederki euskaratua, liburu honek xarma berezia du.

Izenburuak berak salatzen du gaiaren gordinkeria dela kausa, baten batek esan lezake ez dela egokia 12 urteko neska-mutil batentzat. Alabaina, ere ustez, ez dago modu egokiagorik hori azaltzeko Dolf Verroen-en liburutto honen bidez baizik. Nola hobeki azaldu, neskatiko baten begiradatik baino? Gaurko umeek ez dakite zer zen esklaboak izatea eta jakin behar dute zen ezkutatzen zen horren atzean, topikoetatik at.

Protagonistaren senideek jarrerak ederki islatzen dute esklabo izateak zer zekarren, zer ezkutatzen zuen, eta maisuki ikusten da zuriek nola zuritzen zuten euren jarrera.

Nerabeek ez ezik, helduek ere irakurri beharko luketen liburu honetan, gainera, marrazkien xalotasunak eta estilo sotilak laguntzen dute gaiaren ikaragarritasuna, paradoxaz, islatzen.

Olentzerori eskutitza ez badiozu oraindik idatzi, eskatzeko garaiz zabiltza.

2009-12-12

Montevideotik bueltan

Hainbat eta hainbat urtez bekatuan, olgetan eta alberdanian bizi eta gero, bi seme-alaba koxkorren guraso izanik eta Eliza katoliko apostoliko erromatarrari muzin eginik, ez ezkontzea erabaki genuen orain dela hilabete.

Haatik, Uruguairako hegazkin-txartelak erosita geneukalarik, bikote iraunkorren erroldan izena eman genuen eta, horri esker, itsasoz beste aldera joan ginen, umerik gabe joan ere, ez-ezkontza ospatzeko eta ez-eztei-bidaia egiteko

Uruguain, halere, aukera ederra ukan genuen Ciudad Vieja delakoan, bertan aurkitu baikenuen beheko argazkian erakusten den lekua, bilatu gabe aurkitu ere... Larunbat arratsaldez izaki, itxita zegoen, baina argazki bat ateratzeko tentaldiari ezin izan genion eutsi...

Eta hoberena izan zen argazkian agertzen ez den baina guri begira zegoen Policía Turistica-ko kidearen bisaia.Montevideotik bueltan, hilabetez zeharo utzirik izan dudan blogari ekinen diot gaurtik aitzina eta, segur aski ez da azken post izanen Uruguairi buruz idazten dudana... Geroak erranen.

2009-11-12

Ez dut ezer entelegatxen (sic)



Ezkabako talaiatik ederki ikusten da Iruñerriko Eroski hipermerkatua. Iruñerriko askok bertan egiten dute lan, nire ezagun askok, adibidez


Baina batzuk ez dira langile sentitzen, kooperatibista baizik, eta krisia dela-eta, inoiz baino gehiago lan egitea erabaki dute: lehen lan egiten zuten ordu kopuruaren % 10a gehiago egiten dute lan orain. Nire ezagun batzuek, esaterako, astean 6 egunez, 45 ordu, osoatara. Eta, gainera, pozik daude.


Egiaren esateko, aitortzen dizute askoz gutxiago saltzen dutela krisia dela-kausa, askoz diru gutxiago sartzen dela Eroski-ren kutxetara. Askoz jende gehiagok txartelen bidez eramaten dituztela erosketak: hartara, hilabete baten buruan kobratuko die Eroski-k kontu korrentetik. Beraz, jende anitzek oraindik kobratu ez duen dirua gastatzen du. Eta kontatzen dizute, halaber, Eurokoparako erruz saldutako telebista asko eta asko kobratu gabe daudela oraindik... Eta beldur dira, zeren laster txartelen bidez erostean, bezeroek ordaindu beharko dituzte gastuak, eta jendeak ez du gastatuko oraindik kobratu ez duen dirua (?)


Bi hiztetan esanda, krisia asko nabaritu denez, lan gutxi dutela eta ordu gehiago egin behar dutela lan. (??)

Nik ez dut deus ezer entelegatxen (sic) . Gutxiago saltzen badute, gutxiago lan egin eta gutxiago irabazi beharko lukete; baina ez, gehiago lan eginen dute... Baina zertarako? Ez dute gehiago salduko! Zertarako ordu gehiago lan egin? Eta gainera, pozik esaten dizute. Eta, gainera, gero eta ikastaro gehiago ari dira jasotzen, baina pozik daude: hitz egiten dute Eroskiz doinu berezi batez, Eroskiren bazkide baitira, kooperatibista, alegia. Haiekin ez saiatu arrazoitzen, sekta baten modura jokatzen baitute, eta kritika txikiena ere ez dute onartzen.


Hori ulertuko duen kristaurik ez dago eta jutifikatzeko arrazoi bakarra otu zait: Objektu Hegalari Ez-Ezagun bat pausatu da Ezkabako talaia honetatik ikusi gabe, estralurtarrak etorri, eta Eroskiko langileak abduzitu dituzte eta kooperatibista bihurtu. Estralurtarrek sinistarazi diete Eroski Jainko bakarra dela eta Travel Club txartela bere profeta bakarra. Bestela, ezin da ulertu zergatik dauden horren pozik gure koadrillako horiek, astean sei egun lan eginda, lehen baino ordu gehiago sartuta, berdin-berdin kobratuta ere.


Geldituko gara kafea hartzeko astearte arratsaldean? Ikastaroa!" Eta igandean? “Inbentarioa


Ez dut ezer entelegatxen (sic)

2009-11-05

Arauak errespetatu?


Ezkabako magalean Berriozarko kiroldegia duzu. Ondoko argazkia kiroldegian bertan egindakoa duzu. Ez al litzateke naturalagoa izango jartzea, adibidez:

Ezin da poltsarik sartu: gorde takila batean

Tira, ados, erdarazko esaldi horren bertsio anitz egin liteke: gainera, duela gutxi aitortu dut ni ez naizela itzultzailea, itzaltzailea baizik.

Nolanahi den ere, jarri dezagun aurrera "BEREESKU_OHIALA ERABILTZEA [...]

Euskaldunon pazientzia ikaragarria da, badakit, baina ez saiatu ulertzen... Kontua ez da berreskuratzeko oihala... Kontua ez da ohiala (sic) hitzaren "h" dantzari hori... Hori barkagarria izan litzateke, akats ortografiko txikia baita... "Eta h bat gaizki jartzeko bekaturik nehoiz egin ez duenak bota dezala lehen harria". Ez, ortografia kontua ez da larriena. Arazoa da testu hori ez dela testua izatera heltzen, ez baita ulertzen, ez du komunikatzeko xedea betetzen, eta alboan dagoen erdarazkora jo behar da, ezinbestez, ulertu ahal izateko zer esan nahi zuten: nork bere oihala behar duela erabili, alegia. Ene, ez zen horren zaila, bada!

Tamalez, afixa hori ez da euskaraz lotsagarri dagoen bakarra Berriozarko kiroldegian:









Gutxi izango balitz bezala, arauak errespetatzeko agintzen dute... To eta no! Euskararen arauak beraiek ez dituzte errespetatzen, ez horixe!



Pesu gogorra? Bai gogorra dela ikustea afixetan utzikeria eta ganoragabekeriak, behin eta berriz ikusi ere!


Kiroldegiaren martxa eta kudeaketa euskara bezain txukuna bada, jai dugu.

2009-11-03

Ziza guztiak jangarriak dira


Ziza guztiak jangarriak dira eta kontrakoari eusten dionak gezurra esaten du. Adibide baterako, hona hemen duela gutxi mendian aurkitu ditudan goiko hori bera edota beheko hau berau:

Baiki, ziza guzti-guztiak jangarriak dira... Kontua da batzuk behin baino ez direla jangarri. Behin janez gero, zulora!

2009-10-28

Albert Einstein-ekin eleketan

Lagun batek eskatuta, Albert Einstein-en aipu bat euskaratzeko lana hartu nuen. Alabaina, itzultzailea baino itzaltzailea naizenez, beste lagun batengana jo nuen, eta gero, beste batengana.

Aipuak euskaratzeko esperantzarik gabeko zeregina izaten da, nekez lortzen baita jatorrizkoaren biribiltasuna. Egun batzuk eta buelta bestetzuk eman behar izan dizkiogu jatorrizkoari:
Nada beneficiará tanto la salud humana e incrementará las posibilidades de supervivencia de la vida sobre la Tierra, como la evolución hacia una dieta vegetariana.


Zorionez, nire lagunen prestutasunari esker, emaitza polita lortu delakoan nago:
Ezerk ere ez dio lagunduko gizon-emakumeen osasunari, ez handituko Lurrean biziak aurrera egiteko aukerak, dieta begetariano baten aldeko eboluzioak bezainbeste.


Azkenik, Albert Einstein-i berari ihardetsi eta gustuko duela erran dit: bisajea ikustea bertzerik ez dago.



Halarik ere, inork nahi badu bertze bertsiorik eman, blog honetan iruzkinak egiteko aukera dago...

2009-10-21

Ipuin labur bat Euskalerria Irratian

Henry Blake-en silueta beltza ez zen antzematen kale kantoi ilunaren ilunean. Ezkerreko eskua beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan, 9 milimetroko Browning-en gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Blacke-k bazuen, gainera, negu gorriaz gainera, bestelako motiboak dardarka egoteko: Ekialdeko Berlingo kale kantoi hits horretan hitzordua zuen, baina kontaktuak kale eginez gero, sare guztia arriskuan egon, eta errusiarren atzaparretan eror zitekeen.

Lasaitu beharra zuen eta eskuin eskuan piztu berria zuen zigarretaz oroitu zen. Bazekien tabakoa txarra zela, batzuek zioten modu asaldagarrian, tabakoak hil egiten zuela…Baina lasaitu beharra zuen. Eskua jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen kale kantoi ilunaren beltzean, suaren antzera kea irentsi ahala, pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere behar-beharrezkoa zuela; sorterriko oihartzuna ekartzen zion gogora, agian Langley-n egondako denbora luzean tabako gorriaren zapore horretara ohitu zelako; agian, Agentziaren eskoletan ikasitakoa gogora ekartzen ziolako…

Baina Henry Blacke-k ez zuen gehiago gogoratzerik izan. Suaren antzera piztu zen kalearen beste aldetik zetorren hori ez zen zigarreta baten punta gorria. 9 milimetroko bala batek kopetan sartu eta gomuten zakua leherrarazi zion.

Danbadaren oihartzuna joanda, alboko kale kantoi ilunetik beroki beltzeko gizon bat atera zen, Tupolev pistola eskuan, artean bero. Espioi errusiar horrek Henry Blacke hila zela ikusi zuen: Henry Blacke-en kopetako zuloari odol gorriari zerion eta ahoari, ke beltza. “Tabakoak zinez hil egiten du” pentsatu zuen, errusiarrek berezko duten sarkasmoarekin.

2009-10-18

Jendetza izugarria



Eta Donostiatik bueltan, Zuastiko ordainlekuan, Goardia Zibilaren kontrol izugarri bat: demograzia (sic) batean bizi garela gogorarazteko, edo.

Izanez ere, kontrol guneko goardia zibilei, iluntzeko ordu horietan, berdin zaie Aralarkoak, EAkoak, EAJkoak, Batasunakoak, ELAkoak, LABekoak edo Lokarrikoak zareten.

Izanez ere, fusila eskuetan hartuta, aurpegia estalita eta balen kontrako txalekoaren atzetik begira duzuen goardia zibilaren begietan, hauxe bazik ez zarete: "una puta vasca" eta "un puto vasco", hurrenez hurren.

Izanez ere, autotik jaisteko agindu, eta mendiari begira jartzeko agindu dizuen goardia zibilari ez joan koplekin eta nabardurekin, umore fina ez baita benemerito-en ezaugarri behienena.

Ai, euskaldun guztiek goardia zibilek bezain garbi edukiko balute, beste kuku batek joko liguke!

2009-10-10

Zorionak, Zulo Alai


Berriozarko Zulo Alai elkartearen 25. urtemugaren harira lagun batek egindako bertso ederra:

Hogei eta bost urte hauetan
Berriozartartasunez blai
Ibili gara txintxo lanean
Eta parrandan ere bai.
Hemen gurekin gaur ez daudenak
Ez ditugu ahaztu nahi
Topa dezagun haiek gogoan:
Zorionak, Zulo Alai




Baiki, zorionak, Zulo Alai!

2009-10-01

Gerraren aurkako hitzak, 2009

Azken urteotan egin den gisara, Gerraren aurkako hitzak bildu ziren atzo Barañainen. Atzoko saioan, batik bat poetak izan ziren bertaratu zirenak. Nik, aldiz, testu bat prosan prestatua nuen, behean irakur daitekeena, hain zuzen.







Hispano-Suiza beltz dotorea herriko plazara sartu eta txapel-gorri bat azkar jaitsi zen. Txapel gorriaren azpian Eusebio Esparza gordetzen zen. Eusebio Esparzak gure aita berehala ezagutu zuen: “Hara, Teofilo!”. Txapel gorria erantzi zuen esku batekin eta beste eskua aitari eman zion: “Ze moduz, aspaldiko, Teofilo!”

Gure aitak bostekoa eman zion lagun zaharrari: gizondua eta gizendua ikusi zuen Eusebio. Aurpegia eta begirada bestelakoa zuela ematen zuen. Aitak azaldu zion beste bi anaia frontean izategatik libratu eta herrian zela atzera. Kamioia eta Hispano-Suiza beltz dotorearen kontura galdetu zion, ea zertan zenbiltzaten erreketeak han, auto eta kamio batekin.

“San Cristobal gotorlekutik putakume andana batek ihes egin zuen, atzo. Zaindari bati pikotxa batekin burua zartatu eta ihes egin zuten. Zorionez, gutariko bat Aitzoiango kasernaraino joan zen lasterka eta ihesaldiaren berri eman zuen; hori atzo gertatu zen, igandean. Gu boluntario bila ari gara, ea osatzen dugun talde polit bat gorri separatista horiek ehizatzeko. Bidenabar esanda, zuk ederki ibiltzen zenuen mauserra, ez? Zatoz gurekin, Teofilo. Horretarako etorri gara-eta, boluntarioak biltzera.” Eta txapel gorria jantzi zuen, agintaria zein zen nabarmentzeko.

Txapel gorriaren azpian irribarre zuri batez gelditu zitzaion beha aitari, baiezkoa noiz adituko zain. Aitak gizendua, gizondua eta doilortua ikusi zuen lagun zaharra. Irribarre zuriaren atzean bihotz belztua ikusi omen zion aitak, eta ezetz esan zion, eta beste bati esateko: beraiek jadanik behin joanak zirela boluntario, bi urte lehenago, elkarrekin joan ere; ea ez zen oroitzen...

Eusebio Esparzak sudurra zimurtu, txapel gorria atondu, eta beste irribarre zuri batez erantzun zion gure aitari. Gero, batengana eta bestearengana jo zuen: “Gorri hiltzaile horiek harrapatzea untxiak ehizatzea bezain erraza izanen da” aldarrika. Baten bat igo zen, txaloka eta bibaka kamioira.

Txapel-gorria Hispano-Suizara sartu aitzin, aitak galdetu zion ea noiztik zen erreketea, eta Eusebiok esan omen zion: “Ni beti izan naiz karlista, Lacar Tertziokoa” eta, atekada bat emanda, auto beltzaren beltzean gorde zen; txapela gorria baino ez zen ikusten urruntzen ari zelarik.

Urteak joan, urteak etorri, gure aitak inoiz ez zuen lortu gogoratzea Eusebioren karlismoarekiko atxikimendu suhar hori gerra baino lehenagokoa izan zenik.

2009-09-22

Nikaraguako poemak


Iragan den larunbatean ekimen polit askoa egin genuen Berriozarko Zulo Alai Elkartean. Elkarte honen 25. urteurrenaren karietarat, hainbat saio poetiko egin dira honezkero. Orain, hainbat eta hainbat lagun nikaraguarrekin batera eta Nikaraguaren Independentziaren Eguna ospatzeko, festa ederra egin zen: Nikaraguaren historiari buruzko zertzelada batzuk, kanta zahar-berrituak, oroitzapen zahar-ederrak, dantza polit-politak eta baita poemak ere.



Gioconda Belli-ren, Gaspar García Laviana-ren eta Rubén Darío-ren poemak errezitatzeko aukera izan zen. Niri egokitu zitzaidan gaztelaniaren printzea-ren, Rubén Darío-ren oso poema ezaguna: Lo fatal, "Cantos de Vida y Esperanza" liburuaren azken poema.


Eta bukatzeko, afari legea, baina ez nolanahikoa: afari nikaraguar tipikoa... Informazio osoa Eguzkiplaza.net-en

2009-09-08

Eurolio jaunaren mundu eroan




Auto berria erosteko animoak ematen dizkizu Eurolio jaunak, baita animoak baino gehiago ere. Izan ere, 2.000 euroko diru-laguntza ematen dizu auto berria erostean, baldin eta zaharra autoak desegiteko tokian uzten baduzu, auto zaharra ongi ibilita ere. Behin auto berria erosita, Eurolio jaunak ezarritako prezioan erregaia erosi beharko duzu, beti ere garesti ordainduta. Auto berria hartuta, kasu! Errepideak radarrez josita daude-eta; edozeinek daki isunak direla administrazio askoren diru iturri oparoa.

Panonama ikusita, auto berria aparkatzera zoazela, diru gehiago beharko duzu: Aurrera doan herrian ezer ez da doan. Izan ere, edozein hiritan aparkatzeko ordaindu beharko duzu -eta ez soilik hiriburuetan: saiatu aparkatzen Tolosan ordaindu gabe... Laster aurkituko dituzu P handiko kartel urdin handiak non-nahi, ordainpeko parkingetara eramaten zaituztenak. Baina Eurolio jaunaren erresuman harritzeko gure gaitasunak ez du mugarik. Izan ere, lur azpiko aparkalekutik ateratzean, garraio publikoa erabiltzeko kartel handia ikusiko duzu. Hau da, autoa erosteko erraztasunak eman dizkizuten horiek beraiek autoa baztertzeko eta garraio publikoa hautatzeko aholkatzen dizute... Hori bai, ekologiaren izenean! Ongi funtzionatzen zuen auto zaharra autoak desegiteko tokian uztera behartu zaituzten horiek beraiek!

Ederki! Egin dezagun! Bazter dezagun auto berri kutsagarria! Baina.. non utziko duzu auto berri-berria? Aparkatzeko plaza bat erosi beharko duzu... Eta plaza horiek ere ez dira merkeak. Honezkero, autoa erosteko diru-laguntza eman dizun administrazioak ederki berreskuratu du kurrituekin diru-laguntza... Gainera, diru-laguntza horiek gure zergen diruetatik aterako zen, zati batean bederen...

Errealitateak harritzeko nire gaitasuna jarraitzen du gainditzen.

2009-09-07

Atxagaren etxeak

Ikasturte hasi berria dugun honetan agian ez dakizu zer irakurri. Zazpi etxe Frantzian nobela aholkatzen dizut nik. Aurten Pamielak ateratako liburu hau zinez erraz irakurtzen da, arina da baina ez dago arinkeriaz idatzia: teknika narratibo askoren jabe da asteasuarra eta oso ederki baliatzen ditu. Hasiera bera ederra da, hitz bat ere ez sobera, ez falta:

Chrysostome Liègek 1903ko hasieran sinatu zuen Leopoldo erregearen Force Publiquen zerbitzatzeko kontratua, eta urte bereko abuztuan iritsi zen Afrikako bihotzera. Pakebote batek eraman zuen Anberestik Matadira; trenak, Leopoldvillera; bapore ertain batek, Princesse Clementinek, Yagambiko postu militarrera. Ez zen munduko azken-azken lekua, zeren Force Publiquen askotan entzuten zenez, ohore hori Kisanganiri zegokion, ibaian berrehun kilometro gorago zegoen postuari; nolanahi ere, oso urrun zegoen edozein leku ezagunetatik...


A ze koadrilla bildu zen Afrikaren txoko galdu hartan! Batekin eta bestearekin identifikatzera eramaten zaitu Atxagak. Elipsi narratibo dexente, baina Atxagak hariak ederki josten dakienez, hasieratik bukaeraraino harrapatu ninduen liburu honek uztailean, irakurri nuenean. Erritmo arina duen liburua da, deskribapenak falta ez diren arren:

Mandrilek eta txinpantzeek aldian behin egiten zuten garrasi, ez oso urrun, ez oso hurbil. Wakiak lasai zebiltzan hegan, ez oso gora ez oso behera. Eta arrainak berdin, lasai, ez ibaiaren sakonean, ez azalean. Haizeak, berriz, okume, teka edo palmondoen hostoak mugitzen zituen, baina ez adarrak. Eta uraren korronteak, nahiz indarra eduki, ez zeraman ezer apartekorik herrestan, euri sasoiko ur biziek ohi modura. Hodeiei zegokienez, metafora ausartago batekin esanda, presarik gabeko baporeak eramaten zuten zeruan. Zeru hartan bertan, eguzkiak leuntasunez egiten zuen argi


Ahots ezberdinak aditzen dira pertsonaia bakoitzaren buruetan; metafora xume baina efektistak iragartzeko teknika hori... Uda nahiz udazkenerako liburu gomendagarria. Atxagaren etxeak zazpi dira eta Frantzian daude.

2009-09-02

Klaustrofobia

Hitzlandian, hitzen munduan alegia, hitzik engainagarririk bada, klaustrofobia hitza da.

Klaustrofobia irakasleontzat ez da "espazio txiki batean egoteko neurriz gaindiko beldurra izatea" (Sarasola); klaustrofobia klaustroetan etengabeko luzamenduetan eta alferrikako eztabaidatan galtzeko beldurra da: horixe bai dela klaustrofobia. Eta ziur naiz zuetako batzuk egunotan ari zaretela klaustrofobia pairatzen. Klaustroetan, badakizu... zenbat buru, hainbat aburu... Edo nahiago izatera, zenbat buru, hainbat artaburu. Esaera hau erabil daiteke klaustro batean txorrada pilo bat entzun eta irentsi behar izan dituzunean... Horrelakoetan, hausnartu gabe botatzen diren iritziek, aburuek, ez dute ez buru, ez hankarik; horregatik batzuei artaburu deitzea zilegi liteke, amodio guztiarekin deituta ere.


Esera zaharraren beste aldaera bat jefeekin erabil daiteke: zenbat buru, hainbat burutazio. Badakizu, jeferen batek ideia zoragarri bat izan du dauka... baina jefearen jefeak beste bat, eta jefearen jefearen jefeak beste bat... Horrelakoetan, bakoitzak agindu ezberdin bat emanen dizu, ustez bateragarriak, baina zinez kontrajarriak, eta zuk eginahalak egin arren, gaizki eginen duzu...

Nolanahi den ere, ez dezagun umorea gal! Eutsi!

2009-08-15

Joe Satriani kolosala da

Gaurko BERRIAk dakar Les Paul atzo hil zela, New York-en. Albistea esagututakoan, Joe Satriani-k deitu omen dio Gitarraren lehen heroia,

Gitarra-heroi bat baino gehiago agertu da dagoeneko blog honetan bertan: baten bat hilik, Stevie Ray Vaughan; beste baten bat bixi-bixi: Steve Morse...




Joe Satriani gitarra jotzaile onenetarikoa da. Nik etxean daukat Joe Satriani-ren binilo mitiko bat, Surfing with the Alien izenekoa, jatorrizkoa -duela hogeita bi urtekoa!-, nahikoa ospetsua karatula dela-eta. Alta, niri bitxiena ez zait egiten karatula, biniloa babesteko paprezko funda baizik: han agertzen da, Joe Satriani... iledun!

Duela hiru urte Los Angelesen zuzenean grabaturiko kontzertu honetan, aldiz...




Ilea gorabehera, Joe Satriani kolosala da...

2009-08-07

Begi-kliskak

Nire koadrillako lagun erdaldun bat kexu agertu zait sarri askotan, idazten ditudan ipuinak, poematxoak eta bestelako harrikadak euskara hutsez egiten ditudalako. Ulergarria izanik ere, hasierako nire erabakiari eutsiko diot eta ez dut erdaraz idazteko neholako asmorik.


Gainera, idatzi dudan zerbait erdaratzeko eskatu didatenean ez naiz batere pozik gelditu emaitzarekin: itzultzailea baino, itzaltzailea naiz ni. Horregatik nahiago izan dut horrelako lan garratzak uztea beste zenbaiten esku trebeagoetan


Izan ere, L. Carroll-ek idatzi zuen: "Take care of the sense, and the sounds will take sense of themselves". Hartara, Unibertsitateko irakaslea eta, hala ere, laguna den Juankar Lopez-Mugartza-k ederki lortu du zentzua hartzea eta nire poematxo bat itzuli du erdarara. Iragurgai dago ele biz El Coloquio de los Perros poesia aldizkariaren web orrian.

2009-08-06

Antipodeetatik

Euskal Herriaren antiopodeetan Australia dugu. Ezer gutxi heltzen zaigu handik... Antipodeetatik hain zuzen ere, begi-belarrientzako opari bat heldu zitzaidan: Living Loud.
Ez da ohiko banda bat, hainbat eta hainbat rock taldetan ibilitako musikari zoragarri batzuen esperimentua baizik. Bob Daisley-ren ekimenez bildu ziren duela bost urte bost musikari handi: Don Airey, Lee Kerslake, blog honetan behin baino gehiagotan agertu den Steve Morse, Bob Daisley bera eta Australiako rock abeslari famatuena den Jimmy Barnes.

Living Loud-en bildu ziren, besteak beste, Ozzi Osbourne-rekin ibilitako hiru; Whitesnake-n, Deep Purple-en eta beste hainbat banda mitikotan ibilitako munstro batzuk... Lagun zaharrak bildu, Ozziren garaiko bost abesti on berreskuratu eta beste bost berri egin dituzte. Living Loud egistamoa gauzatu zen eta izen bereko CD bat eta DVD zoragarri bat da horren lekukoa:





Jimmy Barnes tai gabe aritzen da behera begira abesti gehienetan... adinak ez du barkatzen eta abestien hitzak apuntatuta zituen orri handitan, ikuspegi zenital batean ikus daitekeen modura... Tira! Gutxienekoa da: luxua da ikustea eta entzutea musikari zahar hauek oraindik kaña ematen...

Euskal Herrian ezinezkoa da zuzenean erostea... Eskerrak Internet dugun.

2009-07-26

Eisi disi: Live at Donnington

Aurrekoan idatzi dudan gisa, Donnington-en hainbat eta hainbat kontzertu historiko egin dira. Gogoangarria, dudarik gabe, eisidisikoek -AC DC-koek eman zutena duela urte batzuk, batzu-batzuk izan ere. Nik kontzertu horren dibidi 1 -DVD bat- daukat, baina erabiltzearen poderioz erdi-hondatuta dudala ohartu nintzen lehengoan... A ze disgustua, nirea!

Zorionez, gaur egun dena (omen) dago Interneten...

Den-dena ez dakit, baina dibidi horren hasierako kanta on-ona bai: Thunderstruck. Gaur bezalako udako iluntze bero-sapa-puta hauetan, babestu ekaitzetatik eta gozatu musika ona.
Hasierako abestia denez, Angus kapela eta eskola-txamarra gorria jantzita agertzen da oraindik, baina abestiak aurrera egin ahala...



Eta kontzertu hori gogoangarria izan bazen, Barzelonan ekainean egindakoa ez omen zen makalagoa izan. Kontatu didatenez, Txantreako koadrilla bat joan omen zen kontzertura ad hoc eginiko kamiseta batekin: Back in black mitikoarekin jolas eginik, Bask is bask (sic) leloa zeraman kamiseta jantzita joan omen zen koadrilla osoa, ikurriña hondoan eta AC DCren logoa uztarturik... Nik aurtengo sanferminetan ikusi nuen kamiseta hori: inork al daki lortzerik dagoen?

Valentino Rossi: Live at Donnington

Gaur arratsaldean Valentino Rossik lekzio zoragarria eman du Donnington-en, hainbat eta hainbat kontzertu historikoren leku berean. Gaurkoan, kitarra elektrikoen riff gabe, Yamaharekin emanaldi zoragarria egin du.

Berez, Donnington-go zirkuitua arriskutsua da: ondoko aireportuko hegazkinek isuritako kearen koipea dela-kausa, pista labainkora izaten da. Horregatik hurrengo urtetik aurrera Donnintongoa ez da GP txapelketaren barruan egongo. Gaur, gainera, euri txikia egin du... Eta gurpil bigunekin atera dira gehienak!

Hasieran, espainolak oldarkor; baina laster Lorenzok eta Elias-ek, hurrenez hurren, alboko zerrenda txuri-beltza, pianoa, jo egin, irrist egin dute eta lurrera biak ala biak. Rossik ez du pianoa jo, baina lehena zihoalarik, Tavulliakoak ere erorikoa izan du: asko arriskatzen duenak...

Guztiarekin ere, motorra jaso egin du eta berriz abiatu da... hori bai, lehena izatetik hamaikagarrena izatera pasatu da. Baina gure Rossi mundiala da, ez du inoiz amore ematen, eta gaur ere erakustaldia egin du: motorra kaltetuta ere, sei postu lortu du aurreratzea... Dani Pedrosari berari aurrea hartu ez dio, bada! Lasterketaren bukaeran bostgarrena heldu da eta puntu sorta polita eskuratu du; oporretara lasai joan daiteke, MotoGPko lehen-lehena izanda.

Gaurkoa oso lasterketa eroa izan da, zirraragaria zinez. Izan ere, non gelditu da Stoner amerikarra... Azkena? Ez, azken aurrekoa: bi ducatti-ak azken bi postuetan. Bestalde, ikustekoa zen Lorenzo espainolaren aurpegia... Ze gatzik gabeko tipoa! Rossi, aldiz, hortxe izan da bostekoa ematen gaurko txapeldunari, Andrea Dovizioso-ri, beti bezain jator eta adeitsua... Agian oso-oso guapoa egia ez da, baina beste noizbait ere blog honetan bertan adierazi bezala, Valentino Rossi mundiala da.

Gaur Rossi-ren fan klubeko kide bihurtu naiz.


2009-07-24

Amaika (sic) ikusteko jaioak

Duela gutxi Hogeita hamaika ikusteko jaioak ginela izeneko testua argitaratu nuen blog honetan bertan. Oporretan naizela, hara non Amaika ikusteko jaioak garela ikusi dut nik, non eta Pedriskolan -upsss, erran nahi baita, Peñiscolan-


Ez dut Photoshop-ekin moldatu, ez horixe!


Min ematen dit begietan h-rik gabeko amaika hori ikusteak. Horregatik kamerarekin argazkia ateratzeko tentaldian erori naiz.

Guztiarekin ere, are mingarriagoa egin zait ondoko kalean, "España" kalean, beste jatetxe baten izena ikustea:

Harrapa ezan/k! Ez Amaia, ez Amaya... AMALLA baizik... Amalla ikusteko jaioak gara.

2009-07-21

Lekukoen bisita

Batzuek ez dute oporrik hartzen. Gaur goizean izan dut etxean gonbidatu gabeko bisitari pare baten bisita. Jehová-ren lekukoak zirela ez didate esan beharrik izan: ageri-agerikoa zen. Goiko irudia duen panfletoa eman didate... Panfletoko galdera hori erretorikoa da, erantzunik behar ez duena; izatez, mundua bukatzen bada, bukatu da fandagoa: fini eta kitto, finikito. Bai, badakit galderaren gakoa determinatzaile horretan datzala, este horretan... A zeinen listoak diren! Aitortu behar dut galdera-amu hori ongi hausnartuta dagoela, baduela indarrik. Finean, inozoek hoska egiteko beita apokaliptikoa made in USA. Izan ere, zenbat aldiz bukatu behar da Mundua? Lehengo lepotik burua lekuko horiek...
Antzararen bidetik bidali gabe, antzarak ferratzera bidali ditut. Erruki-begirada batekin batera eman didate panfletoa, aurki eginen duten meeting baterako gonbitearen batera... Lekukoak joan eta gero, gogora etorri zait Berriozarko nire lagun batek horrelako bisita batean beste lekuko batzuei emandako arrapostua:
Benetako Jainkoarengan sinesten ez badut, nola sinetsiko dut, bada, zuen Jainko horrengan.
Tamalez, horrelako kontuak desorduetan gogoratu ohi ditut nik. Agian horregatik idazten ditut blog honetan...

2009-07-09

Hogeita hamaika ikusteko jaioak

Hogeita hamaika urte igaro dira Espainiako polizia batek German Rodriguez tiroz hil zuenetik, Iruñeko Sanferminetan. 1978ko uztailaren 8ko gertaera latz horiek ez ditugu sekula ahantziko: ez ahantzi, ezta barkatu ere.
Horregatik atzo, urtero egin ohi den legez, goizez omenaldia egin zen eta arratsaldez manifestazioa.





Jendetza bildu zen atzokoan German-en oroimenezko hilarriaren inguruan: lagun zaharrak besarkatzeko eta lagun berriak ezagutzeko parada ederra...

2009-07-01

Bero ze bero

Uztailean oporretan egon ohi naiz. Aitzitik, aurten lanean aritu behar dut eta sekulako beroa dago Iruñerrian. Hain dago bero, ezen begira zer gertatu zaion saguaren kurtsoreari

2009-06-28

Ezkabamendin

Ezkabako Talaitik du izena blog honek. Metafora bat da, noski, baina gaur goizean Ezkabako Talaiaren ondo-ondoan izan naiz... eta ez da metafora bat.

Ezkaba mendi gainean orain arte ez zegoen postontzirik; aurten 25 urte bete ditu Zulo Alai Elkarteak eta, urteurrenaren karietara, postontzia ezarri dute, aspaldi beharrezkoa zena. Mendi Kirolen Nafarroako Federazioak eta Berriozarko Udalak babesturiko ekitaldi xumean hirurogei lagun baino gehiagok parte hartu dute eta gehien-gehienak oinez igo dira tontorreraino, Lantzeluze pilotalekutik abiatuta.

Gonbidatu gabeko batzuk ere izan ditugu goiz osoan zehar guri beha: txapelokerrak.
Errusiako esaera zahar batek dioen modura, "gonbidatu gabeko bisitariak tartaroak baino okerragoak dira". Guztiarekin ere, eguerdiko ekitaldian, gotorlekuan egondako eta hildako preso politikoak ekarri dituzte gogora, baita gaur egungo preso politikoak ere. Halaber, jadanik gurekin ez dauden bazkideak gogoratzeko baliatu dugu: horixe izan da ekitaldiko unerik hunkigarriena.

Euskal esaera zahar batek dioen gisa, "herri bakoitzak bere azturak" eta hemengo ohiturari jarraiki, ekitaldia amaitzeko otamena gozatzeko parada ukan dugu. Txapelokerrak gosez gelditu dira.




Ezkabako Talaiatik, bertatik bertara egindako argazkiak ikusgai.

2009-06-18

Euskalerria Irratiari eutsi

Euskalerria Irratia eguneroko gure arnasa da, airea bezain beharrezkoa Iruñerrian. Horregatik kendu nahi digute: arnasarik gabe Ezkaba inguruko euskaldunok itoko garelakoan.

Alberto Catalán jaunak aspaldi galdu zuen lotsa, eta lotsagabeki nahi du Euskalerria Irratia itxi. Corellako politiko honi berdin zaio gezurretan aritzea: "interferentziak" sortzen omen ditu Euskalerria Irratiak... Ez gehiegi fida, Air France-eko Airbus-aren istripua euskaldunoi egozteko gauza da UPNko presidenteordea!

Blog honetan bertan agertu dudanez,
hilabetean behin literatur kolaborazio txiki bat egiten dut Euskalerria Irratian, eta gustatuko litzaidake hurrengo batean zerbait idaztea politiko corellarren pisuaz Nafarroako politikagintzan: izan ere, Alberto Catalán ez da katalana, Corellakoa baizik... Hau ere Corellakoa, alegia.

Dena dela, gatozen harira: Facebook sare sozialean
bolo-bolo dabil atzotik Irratia euskaraz iruñerrian! izeneko ekimena... Une honetan, 289 lagunek bat egin dugu ekimenarekin dagoeneko, oso ordu gutxitan egin ere. Baietz lortu 500!

Besoak antxumaturik geldituko al zara?

2009-06-14

Politikan ez dago gauza politikan

Duela gutxi Lazkao Txiki aipatu nuen blog honetan bertan. Lehengoan berriz ere baliatu nuen haren antanaklasia bat atzo GARAn atera zen artikulu baten izenbururako. Nork esango zuen Lazkao Txikik antanaklasiak botatzen zituela? Bertsolari txiki-handiak ere ez zuen susmatuko...
Bidenabar, tamainaz txikia baina bihotzez handia zen Joxe Migel Iztueta-ri bertsolari txiki-handia deitzea... Ez al da paradoxa bat? Edo oximorona?
Inork emanen al du taxuzko azalpenik eta argitasun pixka bat sortuko galderen iluntasunean?

2009-06-05

Pantaila beltzeko gizon zuria


Egongelako pantaila txikian gerra erakusten digute gauero. Afganistan, Pakistan, Tajikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazahstan edo Auskalostango irudiak dira. Gerra telebista bidez ikusteko ohitura hartu dugu, honezkero. Hegazkin militarren koheteen marra berunkarak eta bonba inteligenteen leherketa gorrien islak gure egongeletako hormetan marrazten dira.

Berehala, baina, telebistako irudiak aldatzearekin batera, gerra arrastoak desagertzen dira gure hormetatik. Gerra irudien ordez, aurkezle gorbatadun bat agertzen zaigu gezur hau aldarrikatzeko, hipokresia infinituaren adierazgarri: "Horrela gertatu dira gauzak, eta guk horrela kontatu dizkizuegu" Ba al da oraindik hori sinesten duen inor? Esatari zuritzaileak ez digu kontatzen hegazkin militar horiek Bardeetako tiro poligonoan trebatu direla; ez digu kontatzen Espainiako Estatuak zenbat milioi euro irabazten dituen urteko armak sartzen; ez digu kontatzen telebistako irudietan ikusi ditugun gaueko irudi horietan zenbat lagun hil dituzten kohete eta bonba inteligente horiek.

Aitzitik, aurkezle gorbatadunak iragartzen digu etzi eginen diren Europako Hauteskundeetan Espainiako soldaduek botoa eman dezaten posta bidezko epea luzatu dutela; irudi batzuek laguntzen dute esatari zuriaren diskurtsoa: soldadu espainol irribarretsuak agertzen dira irudietan, hegazkinetan harro, blindatuetan alai, patruilan adeitsu; lehen bonbekin birrindu dituzten zubiak eraikitzen ari diren soldadu horiek beraiek. Bake misioa eufemismo iraingarria agertzen da telebistako beheko zerrenda beltzean: azpititulu zuria, esatariaren mintzo melengaren osagarri.

Gure egongeletako hormetan ez dago jada koheteen marra berunkara edota bonba leherketa gorrien islen arrastorik. Laster ahaztuko zaigu Afganistan, Pakistan, Tajikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazahstan edo Auskalostango irudiak ziren. Segur aski, Auskalostangoak ziren... Izan ere, inork al daki non dagoen Auskalostan?

2009-06-02

Ura bezain garbia

Europako Parlamenturako Hauteskundeek ez dute gogo gorririk pizten politikaren ur uherretan murgiltzeko. Lazkao Txikik aspaldi handian gaztigatu zigun: "Politikan ez dago gauza politikan". Gizon handia zen gure Lazkao Txiki.

Aitzitik, harrizko gure herri honetan, aspaldi ez bezalako ilusioa piztu du jende anitzen gogo-bihotzetan hautesle zerrenda batek:



Erositako prezioan ematen dizut nik; eta gora bihotzak!

2009-06-01

Gallurren

Gallurren egon nintzen atzo. Gallurren bai, baina ez mendi baten gailurrean: Gallur herriko gasolindegian, Nafarroako mugatik 35 kilometrora. Izan ere, gutxien espero duzun lekuan topatzen dituzu euskaldunak: mendi gailurretan ez ezik, Gallurreko gasolindegian ere euskaldun batzuk topatu ginen atzo: Su ta Gar taldekoak.

Eibartarrak Kataluniatik bueltan zetozen eta gure artean konplizitatea segituan piztu zen:
"Ostiralean, Tarragonan, oso ondo: atzo, El Prat-en, neketuta; baina han ere oso ondo" esan zigun bateria jotzaileak.
Abeslariak Rollng Stones-en disko bat aurkitu zuen gasolindegiko saltokian. Baxu jotzailea bestaldean gelditu zen, alegia, www.bestealde.com izena daraman furgonetan. Guk, aldiz, aukera izan genuen kitarra jotzailearekin argazki bat ateratzeko.


"Ondo ibili"

Pantxoa eta Peio ari ginen entzuten Gailurreko gasolindegira heltzean; gasolindegitik atzeratzean, Jo ta Ke disko bikoitza jarri genuen eta Erriberriraino iraun zuen 2. CDak...

Nik ez diat inoiz esango,
hire eginbeharra zein zen:
nik aspaldi egin nian aukera
...

Atzo plazer bat izan zen Gallurren gelditzea gasolina hartzera eta, Su ta Gar-ekoei esker, lagurragoa egin zitzaigun bidea.

Ea hurrengoan mendi gailur batean egiten dugun topo.

2009-05-31

Harridura marka

"Poesia terminoa poesis hitz grekotik dator, eta sorkuntza, asmakizuna eta fikzioa zuen esanahia; ondorioz, obra literario oro poesiatzat jo zitekeen. Literatur teoriei begiratzen bazaie, berriz, poesia ez zen luzaroan generoetan sartu, izendatze orokorra baitzen, dramatikoa eta narratiboa biak poetikoak baitira, erran nahi baita, etimologiak dioen bezala, sorkuntza lanak.
Halarik ere, garaiez garai, poesia, eta bereziki lirika, hirugarren genero berezi gisa agertu eta finkatu da erromantizismoaz geroztik."

Euskaltzaindiak iaz argitaratutako Literatura Terminoen Hiztegi marduletik ateratako definizio etimologiko horretatik harago, gaur egun poeta dela inork gutxik aitortzen du, aitorpen hutsak zor lezakeen oihartzun isilaren beldur. Eta halarik ere, bada jenderik poesia irakurtzen duenik; areago, bada jenderik poesia idazten duenik! Irakurleren bati harrigarria suerta dakioke, jakina.

Guztiarekin ere, harriduraren marka guztiak hautsi zuen lehengoan nire auzokide batek. Igogailura sartu ginen elkarrekin: ni hirugarren solairura nindoan; auzokidea, aldiz, laugarrena. Igogailuan eguraldiaz hitz egiteko aukera paregabea profitatu ordez, hauxe galdetu zidan auzokide erdaldun peto-petoak:

- "Oye, que me han dicho que tú escribes..."

Baietz erantzundakoan, segituan beste bat:

- "¿Oye, y escribes en vasco?"

Baietz esatean, harridura marka handi bat marraztu zitzaion bere kopetaren pantailan.

- "¿Oye y qué escribes, novelas?"

Nik ipuinak eta artikuluak eta irrati-kolaborazioak eta poemak idazten ditudala esan nion; hitz batean, "poesia".
"Poesia" hitza entzutean, harridura marka erraldoi bat finkatuta gelditu zitzaion kopetan; ahoz bete hortz gelditu zen, zer esan ez zekiela; halaxe utzi nuen igogailutik ateratzean.

Ez zidan astirik eman hitzaren jatorri grekoaz jarduteko; izan ere, une ez zen egokiena horretarako. Ez zidan eman betarik esateko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tuterako egoitzan ospatuko dela Nafarroako Poesiaren IV. biltzarra, heldu den larunbatean, ekainaren 6an. Ez zidan denborarik eman esateko, besteak beste, Miren Agur Meabe poeta euskalduna izanen dugula gonbidatu berezia.

4. solairuko auzokidea ikusten dudanean, esan eginen diot; ea harridura marka berriz ikusten dudan bere kopetaren pantailan.


!


2009-05-30

Ouchi Yoshitaka

Ouchi Yoshitaka-ri, Yamaguchi-ko jaun txit gorenari, bitxia egin zitzaion bidaiari atzerritar horren jantzi zarpaila. Bitxia bizarra eramateko ohitura basatia. Bitxia -eta desatsegina- atzerritarren izerdi usain sarkorra. Baina jakin minak hartaratua, urrutiko lurraldeetatik iritsitako bidaiariari harrera egitea erabaki zuen. Izan ere, Europatik etorritakoek luxuzko gauzaki bitxiak eta su-arma ahaltsuak ekarri ohi zizkioten sarri...

Atzerritarrak zazpi hizkuntza omen zekizkien eta, gainera, japoniera pixka bat lardaskatzen zuen: “Ohaio” -egun on- eta ”Genki desu ka” -zer moduz- baino ez zuen esan japonieraz atzerritarrak, eta, gero, portugesez hasi zitzaion Ouchi Yoshitakari berari. Bizardunarekin etorritako Pablo de Santa Fé izeneko japoniar kristau bat aritu behar izan zen itzultzaile.

Ordurako, Ouchi Yoshitaka jaun txit agurgarriak bazekien atzerritar bitxi hori heldua zela Kagoshima-ra pirata txinatar baten belauntzi batean; une horretan ez zuen gogoratzen pirata txinatarraren izena baina bai ezizen adierazgarria: lapurra. Halaber, ederki zekien itzultzaile lanetan ari zen Pablo de Santa Fé horren benetako izena Anjirô zela, Kagoshima-n bertan sortua zela, eta Japoniako justiziatik ihes egindako gaizkile arrunt bat zela.

Alabaina, Anjirô hori atzerritarren hizkuntz bihurri hori interpretatzeko japoniar bakarra omen zen, eta itzultzen utzi zion. Bitxia zen, benetan, atzerritar horren eskaera; ez zuen eskatzen ez zeta finik, ez urre gorririk, ez zilar zuririk: “Haren egia” hedatzeko baimena eskatzen zuen bizardun kirasdunak... Zinez bitxiak “Haren egia” zabaltzeko ahalegin antzu horiek guztiak... baina bai, bizardunak bazuen etorria, bai horixe...

Une batez, Yamaguchi-ko Ouchi Yoshitaka jaun ahaltsuak zalantza izpi bat, egonezinaren zantzu bat, atzeman zuen Anjirô itzultzailearen aurpegian: zer ote zen Anjirô itzultzen ausartzen ez zena?
Bizardun zarpail kirasdunak behartuta, Anjirô-k “Sodoma” izeneko leku baten pasadizoa zehatz-mehatz kontatu zizkion Yamaguchiko Ouchi Yoshitaka jaun ahalguztidunari…
Eta hori gehiegizkoa izan zen: barkagarria janzkera baldarra, barkagarria bixar zikina, barkagarria kirats nazkagarria -azken finean, atzerritarrak dira, eta ez dira jainkoen lurraldean sortuak, zer eginen dute, bada!-. Barkatzeko modukoa pirata txinatar batekin eta Anjirô bezalako gaizkile batekin etorri izana. Zaila ulertzen –eta zailagoa barkatzen- ezer ez ekartzea, ez oparirik, ez arkabuzik, ez mosketerik, ez luxuzko gauzaki bat ere. Baina Yamaguchi-ko Ouchi Yoshitaka jauna, beste hainbat eta hainbat bezala, homosexuala zen, eta Sodoma eta Gomorra-ko bekatarien pasadizoa –nori eta berari- guztiz iraingarria eta barkaezina…

Halere, antzinako jakintsuen esaera zahar bat etorri zitzaion burura Ouchi Yoshitaka-ri: Saru mo ki kara ochiru, alegia, “tximinoak beraiek ere noizbait zuhaitzetatik eror daitezkeela” eta horrek ulertarazi zion gizon argienak ere noizbait hanka sar dezakeela... eta joaten utzi zien bizardun bitxiari eta itzultzaile izutuari. Finean, benetako amodioaz zer jakin lezake birjintasuna aldarrikatzen duen atzerritar itsusi batek?

Kronikariek diotenez, handik hilabetera, atzerritar bizarduna itzuli zen Ouchi Yoshitaka handiarengana opari anitzekin, japoniar erara txukun jantzita eta bizarra egina; Goa-ko Pedro da Silva gobernadoreak emandako su-armak, largabista bat eta antiojoak ekarri zituen opari, Yamaguchiko jaunak biziki estimatu zituenak; izan ere, antiojo horiek berehala jantzi zituen eta, ederki ematen ziotenez, sekula ez eranztea erabaki zuen. Atzerritar bizardun bitxiak, ederki gaztigatua nonbait, ez zuen orduko hartan sermoirik egin, ez Sodomaz, ez Gomorraz...

Jasotako gauzakien ordainetan Ouchi Yoshitaka jaun txit argiak opari ederrak eskaini zizkion atzerritarrari, baina atzerritarrak berriro japonieraz Yamaguchi probintzian predikatzeko baimena eskatu zion.

Ouchi Yoshitaka-k antiojoak jantzi eta baimena eman zuen; halaber, idazkariari agiri bat egiteko agindu zion, non jasotzen zen Yamaguchi-ko jauregira sartzeko eta probintzia osoan zehar aske ibiltzeko baimena zuela atzerritar horrek.

Ouchi Yoshitaka-ren idazkariak arazoak izan zituen kanji idazkeran atzerritarraren izen bihurria idazteko, baina idatzi zuen: Xabierko Frantzisko.

2009-05-27

Mayor Oreja-ri ongietorria

Europako Parlamenturako Hauteskundeen kanpainan dugu Mayor Oreja. Gaur, Iruñera etortzekoa omen da PPko hautagaia. Europako eurodiputatuen artean oso ospe txarra duen hautagaia da; hemen ere, ez du irudi hoberik. Horren adierazgarri, Ezkabaren magalean hartutako irudia duzue honako hau:

Guztiarekin ere, komunikabide gehienek kontatuko digute ongietorria eman diotela gaur Iruñean Mayor Oreja-ri.

2009-05-17

Greba eta lengoaia

Berlingo harresia erori zenean, “historia amaitu” zela iragarri zuten guru zenbaitek; okerrena izan zen gutariko batzuek sinetsi egin zutela. Izan ere, denoi sinestarazi nahi ziguten. Bloke sozialista erori zenetik, kapitalistek hamarkada bat baino gehiago izan zuten Europaren ekialdeko herriak ustiatzeko. Baina kapitalismoa, berez, aseezina da eta, garatu ezean, krisian sartzen da.

XXI. mendean, munduan agintzen dutenek euren diskurtsoa moldatu behar zuten. Kapitalismoaren ankerkeria zuritzeko neoliberalismo hitza asmatu zuten kapitalistek beraiek. Baina kapitalismoak bere-berezko du aseezintasuna. Basapizti aseezina da -eta baita assassin ere -

Neoliberalismoaren izen engainagarriaren atzean XXI. mendeko kapitalismo basatia baizik ez dago. Eta ezerezaren gainean eraikitako oligopolioen kapitalismo finantzieroak erreka jo duenean, kapitalistek beraiek sortutako krisiaren ondorioak betikook pairatzen. Adibideak anitzak eta askotarikoak dira.

Orain neoliberalismo hitz engainagarria asmatu zutenek beraiek beste iruzur bat asmatu dute: kapitalismoaren birfundazioarena. Baina ez gaitezen engaina: kapitalismoari aurre egiteko, aldaketa soziala behar-beharrezkoa dugu; ez dago beste biderik. Ezin gara besoak antxumaturik gelditu. Beste eredu ekonomiko alternatibo bat eraiki behar dugu eta Euskal Herriak behar duen aldaketa sozialaren alde borrokatu behar dugu.

Badakit egoera korapilatsua dela; etsaiaren borroka ideologikoa oso oldarkorra da eta baldintza subjektiboak ez ditugu alde; enpresariak ongiletzat hartzen dira eta langileria ahul eta desitxuratuta dago. Bistan da, alabaina, greba orokorrerako hamaika arrazoi daudela eta maiatzaren 21ean aukera ederra dugu: lehenago lurra irauli egin behar dugu askatasun haziak ereiteko.

Datu ofizialak bertsio ofizialak bezalakoak dira: Gobernuak ematen ditu beste erremediorik ez duenean, eta, beti bere, bere alde. Baina guztiarekin ere, aitortzen dute 159.401 langabetu daudela Hego Euskal Herrian; horietako 40.000 baino gehiago Nafarroa Garaian. Urte bakar batean 53.227 lagun gehiago kale gorrian. Krisiaren aitzakiatan langileen kaleratzeak merke atera zaizkie enpresari ongile horiei. Duela urte gutxi asmatutako beste hitz bat denok asimilatu dugu: ERE delakoa. Euskaraz, zurikeriarik gabe, Lanpostuak Deuseztatzeko Espedientea izan beharko litzateke, LDE edo.

Neoliberalismo eta kapitalismoaren birfundazioaz mintzo diren horiek euren diskurtsoa garatu dute: “lanera joateko eskubideaz” mintzo zaizkigu... Nafarroan hainbat eta hainbat langile kale gorrira bota dituzten horiek beraiek asmatutako beste ziri bat; okerrena da langile zenbaiten ahotan ere entzun dudala: ohar bedi irakurlea noraino heltzen den batzuen alienazioa. Greba orokor egun batean lanera joaten denari eta greba hautsi duenari, Hegoalden bederen, hauxe deitu zaio: eskirol.

Krisiaren inguruan kalean, tabernan, azokan, lantegian mintzo diren horiei ari natzaie: leporaino nago hitz huts eta hutsalez, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da: greba egitea inoiz baino beharrezkoagoa da; ezertarako balio ez duela esaten dute batzuek; baina ez dute ezer proposatzen, euren beldurrak eta adore eza mozorrotzen dituzte.

Euskaratik bizi diren horiei ari natzaie: oraingoan euskal sindikatu guztiek deitu dute; UGT eta CCOOk egindako zerbitzuen ordainetan jaso zuten Confederación de Enpresario de Navarra delakoaren eta Gobernuaren beraren eskutik Nafarroako urrezko domina: zilarrezko 30 txanponak zenbatzen ari diren horiengandik ezin daiteke ezer onik espero: sindikatu horietako zuzendaritzek urteak eta urteak eman dituzte euren kideak apaltzen eta moteltzen; pasa den astean, estatu mailako UGTko eta CCOOko 40 delegatuk bat egin dute greba deialdiarekin, elkartasuna hitz polit bat baino gehiago delako. Greba egin behar dugunok diru gutxiago izanen dugu besteek baino, baina duintasun gehiago: duintasuna ezin baita diruz erosi.

Giza harresia osatu behar dugu enpresarien gehiegikeriak geldiarazteko; bide berriak zabaltzeko balio behar du. Ostegunean greba egitea merezi du: harrotuta dauden fatxei erantzun ederra eman behar diegu lanera joan gabe; ez gaitezen engaina, ez bilatu aitzakiarik greba ez egiteko: langile izan ala ez izan; euskaldun izan ala ez izan. Adorea, adorea eta adorea; ostegunean, duintasunaren izenean, kalera; gure seme-alaben alde, kalera; eta euren hitz politekin ziria ez digutela sartzen adierazteko, kalera: baita maiatzaren 21etik aitzina ere.



2009-05-04

Nik ere Greba Orokorrarekin bat


L'union fait la force; gure batasuna, gure indarra.


2009-05-03

Eukene Lizeagaren olerkia

Hatsa Poesia aurtengo olerki bilduman, Eukene Lizeaga Tamayo poeta donostiarraren olerki hunkigarri bat aditzeko parada izan genuen Senperen duela hilabete, Hatsaren Poesiaren Egunean.

Mikel Laboari eginiko poema hori orain bideo formatuan prestatu du Eukenek berak eta orduan gozatu genuenok berriz ere aditzeko aukera dugu; ez gara, halere, geurekoiak, eta zuekin partekatzeko prest hementxe duzue.




Mikel Laboa zenaren itzala luzea da oso, itzali ezinezko itzala.

2009-04-23

Nafarroaren sua, bizirik



Laster, hiru urte barru, bost mende beteko dira Espainiak Nafarroa, odol eta gar, azpiratu zuenetik. Orduko hartan bortxakeria eta odol isurtzea izugarriak izan ziren, batzuek libre adhesión izendatu arren.

Ordura arte nafarrek bagenuen Aitaren etxearen babesa. XVI. mendearen hasieran Nafarroako Erresuma konkistatu eta gero, espainiar garaileek euren hizkuntza, euren legea, euren ohiturak armen indarrez inposatzen dituzte, eta, Aitaren etxea teilaturik gabe gelditutakoan, erdal erauntsiek busti zuten etxea, eta, teilaturik ezean, barrutik busti zuten, blai-blai eginda utzi arte. Aitaren etxeko teilatu gabe, inperio espainolaren euriteak busti gaitu urteak joan eta urteak etorri, mendeak joan eta mendeak etorri, erdal erauntsiak hezur muineraino busti du asko eta asko. Busti-blai eta erdal putzu sakonetan itota, Aitaren etxeko teilaturik gabe mendeetako erdal euriteak eta uholdeak Amaren sua ere itzali egin zuten hainbat eta hainbat tokitan, baina, zorionez, ez guztietan.

Zenbait tokitan, Amaren sua, hizkuntza, euskal sena edo Estatu Batuetako euskaldunek deitzen duten basqueness hori ez da guztiz itzali sekula. Eraiki nahi dugun Euskal Herri berrian, batzuek etxea dute helburu, estatu bat sortzea. Alabaina, Aitaren teilatua garrantzitsua izanik ere, ez dezagun ahantzi ezinbestekoa dela Amaren sua: gure hizkuntza, gure usadioak, gure kultura, gure izaeraren adierazleak. Horiek gabe nekez dugu Euskal Herria eraikiko... Agian beste zerbait eraikiko litzateke, baina Erdal Herria izanen litzateke.

Eta inork ez dezala pentsa beste hizkuntzen kontra nagoenik... Izan ere, nire ama hizkuntza erdara da, orain gure etxeko hizkuntza euskara den arren; ikasketez ingeles irakaslea naizenez, nola egonen naiz ni ingelesaren aurka? Era berean, alemana ikasten ibili naiz. Euria dut gustuko, eta badakit preziatzen the rain eta der Regen, la pluie eta la lluvia; baina duela bost mende Nafarroan erauntsi bortitza izan ez, euritea eta uholdea, Lingua navarrorum delakoa ere azpiratu zuena.

Aitaren etxeko teilatuak babestuko gintuzke, baina etxeko suak berotzen du etxea. Zertarako eraiki etxe bat barneko surik gabe, hotz eta hits? Horregatik, Gabriel Aresti poetak aldarrikatzen zuen Aitaren Etxea defenditzea bezain garrantzitsua hauxe da: Amaren sua berpiztea eta bizkortzea. Hagitz ezaguna da: «Nire aitaren etxea defendituko dut». Alta, ez da horren ezaguna Pierre Bordazaharre herri-poeta, Etxahun Irurikoa; berak aldarrikatzen zuen Ama Euskal Herria. Sabino Arana bizkaitarraren Aberria bainoago, Jean-Louis Davant idazleak, beste zuberotar batek, aldarrikatu duena maite dut nik: gure Amerria.

Izan ere, Aitaren etxeko teilatu gabe ere, Amaren sua ez da Euskal Herriaren Ekialdean sekula itzali.