2017-12-16

Egunerokotasunaren poetika




Yasujiro Ozu handiak, zinemagile japoniarrenetan japoniarrenak, zinemari buruzko idazki batzuk egin zituen bere bizitza osoan zehar, baita elkarrizketa batzuk eskaini ere. Zinemaz, musikaz eta, oro har, Japoniako arteaz eta kulturaz idatzi zuen xamurtasun eta xalotasun handiz. La poética de lo cotidiano liburu argitaratu berrian bilduta, bada pasarte bat bereziki hunkitu nauena.

Loto-lore bat lokatsetan. Lokatsa benetakoa da, eta loto-lorea ere bai, jakina. Lokatsa zikina da, lohia; eta loto-lorea, berriz, eder-ederra. Baina loto-lorearen sustraiak lokatsean dautza... Uste dut kasu honetan badagoela lorea ederrestea lokatsean dauden sustraiak irudikatzen, lohian sarturik daudenak irudikatzen. Baina kontrakoa ere egiten ahal da, eta loto-lorea irudikatzen ahal da sustraiak eta lohia iradokiz.

Gurean, loto-lorerik ez, baina, kasualitateak zer diren, aurtengo martxoan, arrebak gure baserrian ereindako lehen tulipa bat ikusi nuen, eta haiku hau idatzi nuen.

Ongarriari
darion kiratsean,
lehen tulipa.



2017-12-13

Tximeletaren pisua


Erri de Lucaren Il peso della farfalla liburuttoaren euskarazko itzulpena zuzentzen hasi naiz abenduko goiz goibel honen hondarrean, eta hasi orduko ohartu naiz hau ez dela lan makala izanen. Zirriborroaren alboetan, paper zuriaren gainean gorri, barreiaturik agertzen dira  nire luma Jaguar gorriaz egindako zuzenketa markak. Ordenagailua piztu eta testu prozesadorea zabaldu dut. Saguak berez egin du bidea eta fitxategia irekitzeko botoiari sakatuta, Tximeletaren pisua 02.odt fitxategia aurkitu eta klik bikoitza eginda, begien aurrean zabaldu zait idazle italiarraren testua. 

Korritze barra mugitu dut eta lehenbiziko bost orrialdeak pasatzean II. txatala aurkitu dut. Atal hori bazkaldu aitzin zuzentzen badut, pozik eta uros. Napoliko idazle zoragarri horrek idatzitako istorioaren mamia ez dut lardaskatu nahi, baina laster ohartu naiz itzultzaileak egindako lehen zirriborro horretan badagoela zer-zuzendurik. Perpaus batzuk lokabeak dira, autonomo xamar. Lokailuak falta zitzaizkion, baina kontuz ibili behar da testuari zama gehiegi ez eranstearren, De Lucaren estiloa ez hondatzeko. Horretarako, puntuazioa baliatu dut lokailuen ordez, jatorrizko estiloari lotzeko asmoz.

Sintaxi eta joskera kontuek, ohi bezala, buruhauste handienak eman dizkidate, eta gero, zuzentzaile ortografikoak gorriz salatutako akats tipografikoak eta ortografikoak ebatzi ditut. Azken puntua jarrita, oraindik ez da ezer bukatu, akatsak ez baitira pantaillan ikusten. Ordubete eman dut bigarren atal hura, bakarrik atal hori, zuzentzen; bost orrialde horiek zortzi edo bederatzi orrialdeko atal bihurtuko dira liburu formatuan. Azken berrikusketa egin aitzin, atala osorik berriz irakurri aitzin, inprimatu egiten dut. Inprimatzeko botoiari emanda, eserlekutik jaiki eta, Samsung laser inprimagailuak orrialdeak ateratzen dituen bitartean, leihotik begira jarri naiz


Negu gorria
auto burrunba, urrun
berun hodeiak



Haikua orrialdearen izkina batean apuntatzen ari naiz nire Jaguar lumarekin, ahaztuko ez bazait, txuri gainean gorri. Haikuaren ondoan, txuri gainean beltz, Erri De Lucaren atala euskarara ekarria, berreraikia, artez eta moldez euskaratua, ederki atondua. Perpausak lotuta agertzen dira, elkarren jarrian, eta irakurlea eramanen dute erraz hirugarren ataleraino. Gorde honela botoiari sakatu eta atal zuzenduaren segurtasun kopia gorde egin dut USB batean, zer gerta ere. Bazkaltzeko ordua da.


2017-12-10

Traizioa, manipulazioa eta delitu gehiago egiteko deia


Traizioa

2016ko maiatzean, Baionako Euskal Museoan, Maiatz-ek antolatu literatur itzulpenari buruzko saio gogoangarri hartan, Jose Mari Sentorain leitzarrak testu bat irakurri zuen. Testu hori liburu zahar bateko aitzin-solasa da, Carlos García Gualen-en Antología de la poesía lírica griega liburuan agertzen dena, blog honetan jadanik jasoa. Nik Ryookan euskaratzen traizioa egin nuen lehenbizi; orain beste traizio bat aitortzera noa: Idea Vilariño euskaratzeko traizioa.


Manipulazioa

Euskal Herriko Unibertsitateko Manu López Gasenik idatzi zuenez, bada literatur itzulpenen munduan behar bezala ulertu ez den kontzeptu bat: manipulazioa. Kontzeptu honen jatorria 1985ean argitaratutako liburu batean aurki daiteke: The Manipulation of Literature. Liburu horretan, itzulpenen ikerkuntza sortu berrian ziharduten aditu batzuk jatorrizko testuaren eta xede testuaren arteko baliokidetasunaz mintzo ziren, itzulpen literarioak alderdi deskriptibotik aztertzeko helburuz. Bertatik atera daitekeen ondorioetako bat da itzulitako testuak neurriren batean aldatzen direla sorburu testutik xede testura, irakurlearen ustezko ulermen mailara egokitzeko, edo beste zernahirako, eta aldaketa horiei eman zieten izen probokatzaile samarra “manipulazioa” izan zen.


Honek ekartzen dit gogora Nafarroako Unibertsitate Publikoko Juankar Mugartza irakasle eta lagunak behin esan zidana: berari manipulatzailea deitzea laudorioa da, eta ez kritika txar bat, lausengu bat da, eta ez hitz gorri bat. Bide batez: Juankar lagunaren Arima animalia poema liburua Durangoko Azokan aurkeztu berri da egunotan, Maiatz-en eskutik.




Nik Idea Vilariñoren poemekin ere manipulazio-lan bat egin behar izan dut euskarara ekartzeko, batez ere Uruguaiko gaztelaniazko berezitasunak, hitzak eta esapideak, euskarara ekartzeko lan nekezan; hori izan da poemok euskaratzeko tenorean erronka nagusia enetzat, Idea Vilariñoren olerkien manipulazioa alegia. Maiatz aldizkarian dituzue Uruguaiko olerkari handi horren hogeita hamar olerki euskaraturik.





Delitu gehiago egiteko deia

Eduardo Gil Berak Friedrich Hölderlin-en Hyperion liburua euskaratu zuenean, aitzin-solasean, adierazten zuen "deusek ez zuela hainbat kalte egiten euskal irakurlearen arimarako nola poeta handi batzuen itzulpenen ausentziak". Idea Vilariño poeta handi horietako bat da. Gaztelaniatik euskarara ekarritako literatur lanak anitzak dira, baina gehien-gehienak Espainiako gaztelaniatik izan dira ekarriak, ozeanoz beste aldean dauden olerkari eta idazle asko ahaztuta.


Nik dakidala behintzat, Idea Vilariño izan da Uruguaiko lehen emakume olerkaria euskarara ekarria... baina hor daude zain, beste emakume poeta batzuk, Uruguain bertan, Delmira Agustini eta Juana de Ibarbourou, edota Idearen garaikideak ziren Ida Vitale edota Amanda Berenguer... Eta gizonezkoen artean, nik maite dudan Liber Falco euskarara ekartzeko inor animatuko al da?