Daniel Vidart, Uruguaiko
antropologo ezaguna hil berria dela eta, ozeanoz alde honetatik azken agurra
eman nahian, idazki xume hau. Izan ere, nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea
izan nuen, Montevideoko Fellini jatetxean egin zuen liburu-aurkezpen
batean. Ordurako urtetan sartuta egonik ere, gizon jantzia eta jakintza
handikoa zela erakutsi zuen. Entzuleen artean, besteak beste, garai hartako
Uruguaiko Hezkuntza ministro Simón andrea, maisu zaharraren hitzei adi, gu
bezalaxe. Gizon handiek —eta ez handi-nahiek— duten xalotasun eta apaltasunaz
agurtu gintuen euskaldunak ginela adierazi ziotelarik. Euskal arbasoak izateaz
harro baina harrokeriarik gabe, Vidart abizenaren etimologiaz aritu zen,
Lapurdiko Bidart herriaz, eta gizon apala bezain jakintsu batekin solasean ari
ginela ikusi nuen. Nire xumean, euskarazko nire liburutto bat eman nion opari,
eta apalategian harrotasunez gordeko zuela erran zidan.
Uruguaiko antropologo, ikerlari,
poeta eta intelektualik handienetako bat izanik, panegirikoren beharrik ez du
Daniel Vidart maisuak, hor baitaude bere liburu eta bere idazkiak. Jakintsu
xalo eta amultsu honi egin dakiokeen omenaldirik handiena, agian, bere idazkiak
eta obrak ezagutzea eta ezagutaraztea da. Los fugitivos de la Historia liburuaren aipuak artikulu batean baino
gehiagotan baliatu dut, baina azpimarratu eta aholkatu nahi dut Vidartek
berriki idatzitako artikulu mamitsu bat, Sobre la falta de pensamientoque hoy nos acoquina e identifica,
—Pentsamendu faltaz, gaur egun makaltzen eta ezaugarritzen gaituenaz—
bizi garen garaiaz zer pentsaturik ematen duen artikulu mamitsua.
Izan ere politikari neoliberalak ikusita, Ameriketan
ez ezik ozeanoz alde honetan ere “buru pentsalarien falta” begi-bistakoa da,
eta Rio de la Plata ibaiaren bertze aldean Macri badute, Frantziako Estatuan
Macron dugu, Iparraldekoendako kalte; eta mugaz alde honetan Casado, Rivera,
Esparza, Chivite eta enparauak ditugu Hegoaldekoen kalterako, hauteskunde
kanpaina hauetan ageri-agerian gelditu denez behin baino gehiagotan: eskematik
ateratzerik ez dakiten erdi-ipurdiko hizlariak, maila ezin eskasagoko
eztabaidak, eskola-patio bateko maila politiko negargarria erakutsiz… salbuespenak
salbuespen.
Daniel Vidart maisuak
hizkuntza klasikoak maite zituenez gero, zilegi bekit, amaitzeko, aipu klasiko
bat baliatzea haren omenez: Sit Tibi Terra Levis, edo hainbeste miresten
zuen euskaraz esanda, Lurrak goxo har beza bere baitan... eta bego geure
gogoan.