Ezin dugu gehiago jasan. Hamar urte baino gehiago anbulantzien garraio-zerbitzua hobetzeko eskatzen daramagun arren, garraio-zerbitzu hori eskasa da oraino. Eskasa enpresa pribatu bati egindako esleipenaren kasuan, eta enpresa-publikoaren kasuan eskasa ere; ez kasu batean, ez bestean, dialisiari lotuta bizi garen pazienteen garraio-zerbitzua ez da onargarria.
Dialisi pazienteak bizitzari lotzen gatzaizkion tratamendua ospitale hauetako batean jasotzen dugu: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, Tuterako Sofia Erregina ospitalean ala CUN delakoan. Bertara joan behar izaten dugu, pazientearen arabera beti ere, astean hirutan edo lautan, eta dialisi-saiora ekartzen gaituzte anbulantziaz; tratamendua jaso eta gero, etxera eramaten gaituzte. Urteak daramatzagu garraio arazoak jasaten: arreta eskasa, itxaronaldi luzeak, atzerapenak, matxurak, ibilbide luzeak, ordutegi txarrak… enpresa publikoaren sorrerarekin soluziorik izan ez dutenak.
Pazienteen beharren arabera izan beharko litzateke anbulantzien ibilbidea; zerbitzuaren antolaketa egokia behar dugu. Pazienteen beharren arabera egiteak esan nahi du kontuan hartzea, kasurako, hemostasia luzea behar duen paziente batek ez lukeela ordubete beranduagoko anbulantzia hartu beharko; pazienteen araberako zerbitzua eskaintzeak esan nahi du lau ordu t’erdi inguru irauten duen tratamendu bat jasotzen duen paziente batek ez lukeela zortzi ordu osotara eman beharko etxetik at; pazienteen araberako zerbitzua eskaintzeak esan nahi du dialisi-saioaren osteko itxaronaldi luze horiek ez jasatea dialisitik atera berri den pertsona abaildu batek; pazienteen araberako zerbitzua emateak esan nahi du ez ematea hamaika buelta Nafarroa osoan zehar nor bere etxera eramateko.
Bestalde, anbulantzia batzuetara sartzeko estribu edo ointokiekin, arazoak: aldian aldiko kontuak argudiatzen dute, hautsa bertan biltzen baita euriarekin lohia sortuz eta estribua ateratzea eragotziz. Gure ustez aldian behineko kontua balitz, txofer batzuk ez zuketen plastikozko tabureterik erosiko pazienteak igo daitezen anbulantzietara: hori gertatu da 74, 77, 79, 87, 88, 96, 124, 139… zenbakidun anbulantzietan. Beste anbulantzia zenbaitetan, gainera, arazoak galgekin, segurtasun uhalekin, ateen zirrikituekin… are, ate zenbaitetan zuloak eta guzti daude.
Urtearen hasieran ALCEReko ordezkariek bilera egin zuten anbulantzietako langileen ordezkariekin, baina gure irudipena da kezka handiago dutela langileen egoeraz pazienteen egoeraz baino. Eta gauzak bere horretan oraino.
Izan ere, berriki lau anbulantzia matxuratu eta garabiek eraman behar izan dituzte egun bakar batean. Beste kasu batean, paziente batek, ordubete itxaroten eman eta gero, honako eskaera hau jasotzen du: ura emateko, anbulantziaren motorea berotzen ari zela eta; pazientzia handiko pazientea, horratik!
Liburu anitzetan aipatzen den modura, “osasun zerbitzuaren erdigunean pazientea dago” eta erabakiak partekatuak izan behar dira; baina, tamalez, gure iritzia jasotzeko ez da pazienteekin kontatzen, ez ibilgailuen akatsen berri izateko, ez zerbitzua hobetzeko ekarpenak biltzeko —Jarraipen batzorde baten bidez, adibidez—, ezta erreklamazio orriak ere jasotzeko —erreklamazio orriekin ere, arazoak—: zain jarraitzen dugu, gure arazoez galdezka Osasun Departamentuak noiz deituko zain; bigarren mailako herritarrak ote gara?
ALCEReko presidente Manuel Arellanorekin,
besteak beste, Radio Pamplona irratian