2014-03-23

Paddy McGuigan gogoan

Iñaki Azkunaren eta Adolfo Suarezen panegirikoez nazka-nazka eginda, iragan den astean hil zen Paddy McGuigan ekarri nahi dut lerrootara. Belfasten sortua, musikari hau Irlandako abesti abertzale ospetsu zenbaiten egilea dugu. Aspaldi handian egon nintzen ni Irlandan, eta han ikasi nuen Paddy McGuigan-en The Boys of the Old Brigade kanta, oraindik ere aditzen dudalarik hunkitzen nauen kanta zaharra...




Ai, aita, zergatik zaude horren triste
Aberri Egunaren goiz eder honetan
Irlandar guztiok gure sorterriaz
pozik eta harro gaudelarik?
Oi, seme, oroitzapen tristeak datozkit gogora,
aspaldi handiko egunak,
orduan, zu bezalako mutiko bat nintzela,
IRAn sartu nintzelarik.


Non dira nirekin aritu ziren burkideak
Historia idatzi genuenean?
Ai, ene, nola gogoratzen ditudan
Brigada zaharreko mutilak!

Muinoetatik eta etxaldeetatik armak hartzeko deiari
denek ala denek erantzun zioten
haranetatik gizon gazte ausartak etorri ziren
Irlandaren deiari jarraiki
Urte anitz iragan arren, erronkari heldu genion,
Brigada zaharrak eta baita nik ere
eta batzuk nire ondoan hil ziren
Irlanda aske izan zedin

(Leloa)

Horregatik da, ene seme
egiten dudala hasperen Aberri Egun goiz honetan
Gogoan ditudalako ene burkide guztiak
antzinako egun horietan galduak
Gogoratzen naiz haranetan borrokatu ziren kideekin
fusilak eta granadak eskuetan hartuta
Zeruan beude
Brigada Zaharreko burkideak

2014-03-18

Elkar agertuko da

Hilaren 22an euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko, manifestazioa Iruñean. Yolanda Barcenas eta Robertico karramarroa ez dira joanen, kontu ziurra da. Aitzitik, urlia, berendia eta sendia Antoniutti parkean egonen dira; holakoa, harakoa eta bestelakoa ere bai; honakoa, harakoa eta haratagokoa ere izanen dira han bost eta erditan.

Euskalduna naiz eta haserre nago, baita harro ere. Ez dut erasoen zerrenda luzea errepikatu behar, baina mutu nahi gaituzte, muturtuta eta zapuztuta, bistan da; horregatik Nafarroa Garaiko euskal komunitateak erantzun bateratua, irmoa eta bizia eman beharra du. Euskaltzaindiaren arauen arabera “ehundaka” ez gara bilduko, baina bai ehunka edo ehunaka, areago, nik erranen nuke “zientoka” edota milaka bilduko garela, erantzun tinkoa eman behar baita: beharra, eragile on.


Paul Auster idazle amerikarraren Brooklyngo erokeriak liburuaren zati bat parafraseatuz, ona da titulua arranditsua izatea, irakurlea esnatu eta kasu egin dezan eragiten baitu horrek”. Bada, honaino heldu bazara, irakurle, mila kilo zorion, goiko izenburu deigarri horren azpian gordetzen dena agerian uzteko tenorea heldu baita. “Elkar ikusiko dugu” esan zuen irakasle batek euskaltegi batean eta, kontatu didatenez, A1 mailako ikasle batek galdetu zion ea nor zen “elkar” hori... Larunbateko manifestaziora “elkar” hori bera ere agertuko da. Eta zu ez, irakurle?

Ezkaba eskola publikoan ere, euskararen alde!

2014-03-15

Haiku tailerra martxan




Laket zait "tailer" hitza, hitz horrek eskulana dakarkidalako gogora, ezagutza teoriko hotzetatik urrun eta ezagutza praktiko beroetatik hurbilago sentitzen dudalako. Hartara, haiku tailer honetan haikuak sortzen, egiten eta berregiten, konpartitzen edota hobetzen saiatuko gara.

Nafar Ateneoaren abaroan, hilero bilduko gara talde txikian, eta astelehenean, hilaren 17an, 7,30etan dugu hitzordua Iruñean, Ateneoaren egoitzan.(Barañain etorbidea 10, 1. solairua)

Zu ere, gonbidatuta.

2014-03-06

Harria eta olibondoak

Harria eta olibondoak Bingen Amadoz lagunaren azken —oraingoz— liburua dugu. Kazetari eta idazle nafartarrak Palestinara brigadista egindako bidaietan bizitutakoak eta ikusitakok jasotzen ditu hogeita hamar testu laburrez, lekukotasun zirraragarriz: "Kontatzeko ahalmena neukanez, isilik gelditzea ez zitzaidan zilegia iruditu."

Atzo Iruñeko Auzolan liburu-dendan liburu horren aurkezpen ederra egin zuen Bingenek, Sodepaz elkarteko Xabier Aguirregabiria lagun zuelarik.


Xabier Aguirregabiria eta Bingen Amadoz

Harria eta olibondoak liburua ele biz dago, euskaraz eta gaztelaniaz, eta informazio gehiago Sodepaz-en weborrian duzu.