2009-09-22

Nikaraguako poemak


Iragan den larunbatean ekimen polit askoa egin genuen Berriozarko Zulo Alai Elkartean. Elkarte honen 25. urteurrenaren karietarat, hainbat saio poetiko egin dira honezkero. Orain, hainbat eta hainbat lagun nikaraguarrekin batera eta Nikaraguaren Independentziaren Eguna ospatzeko, festa ederra egin zen: Nikaraguaren historiari buruzko zertzelada batzuk, kanta zahar-berrituak, oroitzapen zahar-ederrak, dantza polit-politak eta baita poemak ere.



Gioconda Belli-ren, Gaspar García Laviana-ren eta Rubén Darío-ren poemak errezitatzeko aukera izan zen. Niri egokitu zitzaidan gaztelaniaren printzea-ren, Rubén Darío-ren oso poema ezaguna: Lo fatal, "Cantos de Vida y Esperanza" liburuaren azken poema.


Eta bukatzeko, afari legea, baina ez nolanahikoa: afari nikaraguar tipikoa... Informazio osoa Eguzkiplaza.net-en

2009-09-08

Eurolio jaunaren mundu eroan




Auto berria erosteko animoak ematen dizkizu Eurolio jaunak, baita animoak baino gehiago ere. Izan ere, 2.000 euroko diru-laguntza ematen dizu auto berria erostean, baldin eta zaharra autoak desegiteko tokian uzten baduzu, auto zaharra ongi ibilita ere. Behin auto berria erosita, Eurolio jaunak ezarritako prezioan erregaia erosi beharko duzu, beti ere garesti ordainduta. Auto berria hartuta, kasu! Errepideak radarrez josita daude-eta; edozeinek daki isunak direla administrazio askoren diru iturri oparoa.

Panonama ikusita, auto berria aparkatzera zoazela, diru gehiago beharko duzu: Aurrera doan herrian ezer ez da doan. Izan ere, edozein hiritan aparkatzeko ordaindu beharko duzu -eta ez soilik hiriburuetan: saiatu aparkatzen Tolosan ordaindu gabe... Laster aurkituko dituzu P handiko kartel urdin handiak non-nahi, ordainpeko parkingetara eramaten zaituztenak. Baina Eurolio jaunaren erresuman harritzeko gure gaitasunak ez du mugarik. Izan ere, lur azpiko aparkalekutik ateratzean, garraio publikoa erabiltzeko kartel handia ikusiko duzu. Hau da, autoa erosteko erraztasunak eman dizkizuten horiek beraiek autoa baztertzeko eta garraio publikoa hautatzeko aholkatzen dizute... Hori bai, ekologiaren izenean! Ongi funtzionatzen zuen auto zaharra autoak desegiteko tokian uztera behartu zaituzten horiek beraiek!

Ederki! Egin dezagun! Bazter dezagun auto berri kutsagarria! Baina.. non utziko duzu auto berri-berria? Aparkatzeko plaza bat erosi beharko duzu... Eta plaza horiek ere ez dira merkeak. Honezkero, autoa erosteko diru-laguntza eman dizun administrazioak ederki berreskuratu du kurrituekin diru-laguntza... Gainera, diru-laguntza horiek gure zergen diruetatik aterako zen, zati batean bederen...

Errealitateak harritzeko nire gaitasuna jarraitzen du gainditzen.

2009-09-07

Atxagaren etxeak

Ikasturte hasi berria dugun honetan agian ez dakizu zer irakurri. Zazpi etxe Frantzian nobela aholkatzen dizut nik. Aurten Pamielak ateratako liburu hau zinez erraz irakurtzen da, arina da baina ez dago arinkeriaz idatzia: teknika narratibo askoren jabe da asteasuarra eta oso ederki baliatzen ditu. Hasiera bera ederra da, hitz bat ere ez sobera, ez falta:

Chrysostome Liègek 1903ko hasieran sinatu zuen Leopoldo erregearen Force Publiquen zerbitzatzeko kontratua, eta urte bereko abuztuan iritsi zen Afrikako bihotzera. Pakebote batek eraman zuen Anberestik Matadira; trenak, Leopoldvillera; bapore ertain batek, Princesse Clementinek, Yagambiko postu militarrera. Ez zen munduko azken-azken lekua, zeren Force Publiquen askotan entzuten zenez, ohore hori Kisanganiri zegokion, ibaian berrehun kilometro gorago zegoen postuari; nolanahi ere, oso urrun zegoen edozein leku ezagunetatik...


A ze koadrilla bildu zen Afrikaren txoko galdu hartan! Batekin eta bestearekin identifikatzera eramaten zaitu Atxagak. Elipsi narratibo dexente, baina Atxagak hariak ederki josten dakienez, hasieratik bukaeraraino harrapatu ninduen liburu honek uztailean, irakurri nuenean. Erritmo arina duen liburua da, deskribapenak falta ez diren arren:

Mandrilek eta txinpantzeek aldian behin egiten zuten garrasi, ez oso urrun, ez oso hurbil. Wakiak lasai zebiltzan hegan, ez oso gora ez oso behera. Eta arrainak berdin, lasai, ez ibaiaren sakonean, ez azalean. Haizeak, berriz, okume, teka edo palmondoen hostoak mugitzen zituen, baina ez adarrak. Eta uraren korronteak, nahiz indarra eduki, ez zeraman ezer apartekorik herrestan, euri sasoiko ur biziek ohi modura. Hodeiei zegokienez, metafora ausartago batekin esanda, presarik gabeko baporeak eramaten zuten zeruan. Zeru hartan bertan, eguzkiak leuntasunez egiten zuen argi


Ahots ezberdinak aditzen dira pertsonaia bakoitzaren buruetan; metafora xume baina efektistak iragartzeko teknika hori... Uda nahiz udazkenerako liburu gomendagarria. Atxagaren etxeak zazpi dira eta Frantzian daude.

2009-09-02

Klaustrofobia

Hitzlandian, hitzen munduan alegia, hitzik engainagarririk bada, klaustrofobia hitza da.

Klaustrofobia irakasleontzat ez da "espazio txiki batean egoteko neurriz gaindiko beldurra izatea" (Sarasola); klaustrofobia klaustroetan etengabeko luzamenduetan eta alferrikako eztabaidatan galtzeko beldurra da: horixe bai dela klaustrofobia. Eta ziur naiz zuetako batzuk egunotan ari zaretela klaustrofobia pairatzen. Klaustroetan, badakizu... zenbat buru, hainbat aburu... Edo nahiago izatera, zenbat buru, hainbat artaburu. Esaera hau erabil daiteke klaustro batean txorrada pilo bat entzun eta irentsi behar izan dituzunean... Horrelakoetan, hausnartu gabe botatzen diren iritziek, aburuek, ez dute ez buru, ez hankarik; horregatik batzuei artaburu deitzea zilegi liteke, amodio guztiarekin deituta ere.


Esera zaharraren beste aldaera bat jefeekin erabil daiteke: zenbat buru, hainbat burutazio. Badakizu, jeferen batek ideia zoragarri bat izan du dauka... baina jefearen jefeak beste bat, eta jefearen jefearen jefeak beste bat... Horrelakoetan, bakoitzak agindu ezberdin bat emanen dizu, ustez bateragarriak, baina zinez kontrajarriak, eta zuk eginahalak egin arren, gaizki eginen duzu...

Nolanahi den ere, ez dezagun umorea gal! Eutsi!