Showing posts with label euskara. Show all posts
Showing posts with label euskara. Show all posts

2026-03-13

M1ekoLak - Minutu Bateko Eleak

Hondarreko eleak



Aurtengo Korrikaren kari osatu dugu euskarazko testu bilduma xume hau, Minutu bateko eleak, izenekoa, eta baita jendaurrean aurkeztu ere. Ordubete eman dugu irakurtzen, ordubeteko eleak, ordubeteko aleak. Duela hemeretzi urte, 2007an, hasi zen Minutu bateko eleak egiten, orduko Zorroka Euskara Taldearen ekimenez. Urteak joan eta urteak etorri, bertze euskaldun gazteago batzuek hartu dute, gure pozerako, lekukoa. Haria, beraz, ez da eten. Euskarak batzen gaitu beste behin, zeren euskara ez da dugun objektu bizigabe bat, garena baizik. Korrika-ren aurtengo edizioan, 24. edizioaren leloak dioena berresten dugu guk: Euskara gara!  

Gaur irakurri dudan ene poema

Amaitzeko, nahitaez laburzki bada ere, azken hitzak, azken eleak eskertzeko aldez edo moldez parte hartu duzuen guztiei, bereziki testu guztiak biltzen eta atontzen aritu den Manexi eta Mikeli;  mila esker eta bat gehiago Patricia, Iñigo eta Corleone taldekideei; Maialeni afixa egiteagatik, eta baita Zulo Alai elkarteari ere. Eta, nola ez, hurbildu zareten guztioi ere bai, milatan esker! 


Euskarazko testu bilduma xume hau Minutu bateko eleak, eta minutu bateko ele eta elementuak, minutu bateko eleak eta aleak, minutu bateko ahaleginak, jadanik eginak. 


Zulo Alai Elkartea


Gora AEK

Gora Korrika!

Gora Berriozar eta gora Euskal Herria euskalduna!

2025-12-25

Olentzero Berriozarren, bertsotan

 




Berriozarko Ilargi plazan, bart
Olentzero nauzue
mendi(a)n ikazkina
beltz-beltza dut txapela
beltz-beltza zikina
berri gorriak eta
mingaina arina
izan dezazu(t)ela
egun atsegina.


Ene ondoan dugu
bai, Mari Domingi
ni bezain inportante
ulertu hori ongi!
Matxistarik badago
ez etorri niri,
matxistentzat ikatza
dakart nik opari


Negua heldu dela
lehorra eta hotz
urte zaharra jada
gelditu zaigu motz
Agur betiko beraz
bi mila hogeita bortz
urte berri hobea
izanen delakotz 


Euskaraz entzuteak
ematen dit poza
gorputza ez daiteke
hezur hutsez osa
Berriozar gorputza
euskara bihotza
euskararik gabeko
Berriozar motza.



Aro berri on!

2025-12-08

Joxe Austin Arrieta-ren "Palinpsestoa" Durangoko Azokan



Joxe Austin Arrieta, solaskide


Durangoko Azokaren abaroan, Jose Austin Arrieta Ugartetxea donostiarra aurkezteko eginkizun eta plazera izan nuen, Ahotsenean. Idazleak hirutan hogei eta hamabortz, eta bizitza oparokoa, inondik ere: Filologia Erromanikoan lizentziaduna, irakaslea, poeta, UZEI eta UEUn ibilia, Kutxan, kontu-hartzaile... eta Euskaltzain urgazlea ere bai! Kltismo bat baliaturik, “Homo Faber” bat.. Derradan, bidenabarkoan, Max Frisch suitzarraren Homo Faber eleberria euskaratu zuela gure solaskideak, baita William Goldingen Eulien Ugazaba ere, bertzeak bertze. Horatz eta beraz, itzultzaile ere bai.


Joxe Austin Arrieta gure idazle handietarikoa da, ez ulertua eta askietsia, euskalalari suharra eta Euskal Herri euskaldun, batua eta sozialistaren aldeko ekintzaile zaildua, eskarmentu handikoa. Hona ekarri gaituena, bere opus magna, zeren eta “Idazle bat ez da sekula erretiratzen, jubilatzen baizik” eta berak erretreta hartu zuenetik orain arte bilduta eta idatzitakoa jasota da Palinpsestoa mardulean.


Nabigatzaileendako oharra


Liburua poliki-poliki irakurri beharrekoa, egiturak eta ezaugarriek hartaratuta, idazlanak eskatzen dituen arreta eta tai gabeko excursus anitzek eta askotarikoek behartuta, kontuan hartuz, gainera, hamaika geruzatan dagoela antolatuta, tipula baten gisara eta egileak berak idatzia duenez; Jose Austin Arrietak berak dioenez, “hitz-jolasetarako nire mania, mamiari ezin eta durundiari beharko ekin.”


Palinpsestoa liburu aberats eta naroa den obra handi bat duzu, zaila sailkatzen, nobelaren, kronikaren eta saiakeraren arteko esparru lausoa, liburu hibridoa, sailkatzeko tenorean liburuzainen buhuheste alegia. Jose Austin Arrietak oldozpenak isuri nahi izan ditu liburu honetara; usu, sentipen eta gogoeta kontraerrankorrak, eskuarki liburuaren “pertsonaia” alter ego horiekin dituen eztabaidetan; pertsonaia horiek, izatez ez dira batere arruntak, ikasiak eta jantziak izanik, eta egileak fineziaz garatzen ditu hausnarketa horiek, bere mintzakide diren sosias anitzekin eleketan —batez ere bere Alter ego den Kepa Arrastirirekin—.


Bide batez ohartarazi nahi nioke irakurleari solasek eta oin-oharrek ez dutela betiko funtzio akademikoekin zerikusirik; guztiz alderantziz, testuaren osagarri, jarraibide eta solaskide baitira, gogora ekarriz Sarrionandiaren Moroak gara behe-lainoen artean liburukoaren ohar jakingarri oparoak.


Egileak dioenez, liburukote honetan “makina bat pasadizo autoplagiante”, anitzetatik haratago, paper ebakin zaharretatik haratago, collage aberats batetik haratago, balio literario, historiko eta soziologiko handiko obra dugu; liburu hau gozagarria izanen da da, betiere literatura landuaz gozatzen nekerik hartzeko prest badago. Asko eskatzen duen liburua izanik ere, eman, asko ematen dizu bueltan; eman bezain bertze —edo gehiago— ematen du ordainetan Palinpsestoak.


Laburbilduz


Etxean izateko liburu bat da, liburu honetan hausnarketa esperientzia pertsonaletik harago zerpentsaturik ematen duen liburu-mugarri bat, tarteka-marteka bistadizo bat eman eta gure iragan hurbilaz eta geure geroaz gogoeta egiteko tresna oparoa.


Bukatzeko, herenegun Espainiako Konstituzioaren urteurrena zenez gero, pentsatu nuen norbaitek esanez gero “¿qué dice tu DNI?” edo “o eres español o no eres nada”, Joxe Austin Arrietari Palinpseston irakurritakoa gogoratu nahi nuke: “Esaiok ezetz. Garena garela, eta ezer ez garela garenak ez bagara”.


Joxe Austin Arrieta eta Lucien Etxezaharreta
Maiatz-ek Durangoko Azokan daukan saltokian 




2025-12-03

Ttakun eta herren, euskaraz, arren.




Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, txalaparta soinua Berriozar osoan zabaldu zen atzo.  Berriozarko Udalaren eta beste hainbat eragileren ekimenez, Iñaki Villanueva eskultore berriozartarraren Txalaparta obraren inaugurazio-ekitaldia egin genuen atzo eguerdian Euskal Herria plazan. 


Eskararen aldeko dei eta oihartzun bateratua irudikatzen du eskulturak, gure herria eta gure komunitatea batzen dituen elementu komuna izanik. Txalapartari baten eskuak dira, euskararen alde pizteko dei eginez. Iñaki Villanuevaren eskultura musika eskolan ezarriko da modu finkoan eta ondoan, plaka hau: 





Hartara, kulturaren eta artearen arloak uztartuta agertzen dira euskararen aldeko artelan honetan, Berriozarko Musika Eskolara sartzean ikusgarri egunero egonen dena, Euskararen Eguna egunero deneko erakusgarri.





2025-02-21

Txolinen abestia


Txolin gerrillaria


Txolin gerrillaria dugu Berriozarko inauterietako protagonista nagusia, eta Ezkabaren magalean berriz ere ibiliko da laster, urtero bezala, Artikatik Berriozarrerako bidean; aurten, gaur zortzi, hilaren azken egunaren iluntzean. Inauteri-festa, dantza, bozkario eta kanta... Txolin gerrillaria nor eta zer izan zen, blog honetan bertan aurki dezake irakurle jakin-goseak. Halaber, bada oraino Txolinen kanta ez dakienik, Berriozarren bizi bada ere... Hori horrela, kanta zoragarri hau hemen duzu... Astebete, buruz ikas dezazun 


Txolinen kanta

Negu gorrian gaudela, 

heldu zaigu inautea

kaixatik atera behar

zure mozorroa


Aitzaki ona dugu, ba!

giro onean omenduz

Txolin gerrilaria

gizon ausartia


Dantza zazu Txolin, gerrilaria

dantza Txolin, arin, 

parrandari ez egin uko

uzkur zazu Txolin, frantses minutuko

zertarako duzu hainbeste trabuko (birritan)


Artikako alkatea

gizon sutsu txit prestua 

frantsesen kontrarioa

jo ta ke burrukan


Euskaldun zintzoa bera

arma biren jabea

trabukoa eta euskara

gerri eta mihian


Dantza zazu Txolin, gerrilaria

dantza Txolin, arin, 

parrandari ez egin uko

uzkur zazu Txolin, frantses minutuko

zertarako duzu hainbeste trabuko (birritan)


Alkatearentzat euskara

txoriak airea bezala

zer eginen zenuke zuk

airerik gabean


Orduan egin zuena

denok dugu buruan

zer eginen Txolinek

gaur egungo honetan


Dantza zazu Txolin, gerrilaria

dantza Txolin, arin, 

parrandari ez egin uko

uzkur zazu Txolin, frantses minutuko

zertarako duzu hainbeste trabuko (birritan)




Garaian garaikoa 

Iragan den mendearen laurogeigarren hamarkadan sortutako kanta da, Berriozarko Euskaltegiaren inguruan, eta artean Euskaltzaindiaren hainbat kontu lexiko eta beste finkatu gabe zeuden (kaixa*, kaxa; aitzaki*, aitzakia; zazu*, ezazu; burrukan*, borrokan; gerrilaria* gerrillaria, ihauteria* hitz bera, Iparraldean erabiltzen dena...), Baina nago hobe dela jatorrizkoari eustea, dagoen-dagoenean utzita, finean, kantatzeko eta abesteko izanik, ahozkoan guztiz ohikoak diren hutsegiteak direlako, bere garaiko abestia izaki.   

Garaian garaikoa dela, bistan da; erreparatu garai horretako pegatinari: itzuli-mingururik gabeko mezua, freskoa, bizia, zuzentasun politiko arrastorik ere ez duena... eta horregatik, hain zuzen ere, oso ona eta guztiz arrakastatsua, eta  kontestu historiko eta politikorik gabe guztiz ulertzen ez dena. Bidenabar, inork gogoratzen al du zer zer E.K.B,?

1989ko inauterietako eranskailua

 

2024-10-03

Euzkitzeren esana, gure lana


Aspalditik Zarautzen bizi den azpeitiarrak idatzia eta sare sozialetan irakurria:

“Iristen zaizkigun gauza bitxiak bere horretan zabaltzea da errazena.

Erdaretan heltzen zaizkigunak euskarara itzultzeko ahalegintxoa egin behar genukeela iruditzen zait”. 


Akort eta ados. Honatx gaurko nire ekarpena, Jean Piaget suitzarraren esaldi bat :




2024-09-19

Gesto aldizkariaz, bi hitz

 

Uda amaitzera doa eta Eliza Katolikoak Hego Euskal Herrian banatu duen aldizkari baten berri eman nahi dizuet, gogoangarri, ez eredurgarri, ordea. Uda honetako oparia dakarkizuet Gipuzkoako eliza batean jasotako aldizkari baten azala, honako hau:





Gesto du izena, eta Haur misiolarien aldizkaria, azpititulu. Espainia aldean egiten duten aldizkaria “egokitu” dute atal gutxi batzuk euskaratuz, baita azala ere. Izan ere, azala behar da horrelako marrazkia jartzeko! Han-hemenka Eliza Katolikoaren barruko hamaika pederastia-kasu agertzen direlarik asterik aste, ez zait batere egokia iruditzen neskatilaren atzetik korrika dabilen gizon bat jartzea, bai, badakit, Jainkoa eta gizona aldi berean, “Sinite parvulos venire ad me” esan omen zuena, ezen ez post pueros et puellas. Jesukristo korrikalari? Jesukristo aizun bat irudikatzeak ez dio mesederik egiten Kristautasunari.


Asaldagarria egin zaidan beste kontu bat izan da Erreportaia epigrafepean dagoen izenburu hori, hasieran “Bi ume bakarra baino hobe” begitandu zaidalako, baina, aitor dezadan (d)efektu optikoa izan dela, urrezko dominez ari baitzen; gauzak zer diren... Hor ere, Urrezko bi, bakarra baino hobe izenburua agian argigarriagoa zatekeen. Ongi letorkioke, bidenabarkoan, gutxienez zuzentzaile ortografikoa erabiltzea, Parixeko Jokutan (sic) bezalako akatsak, barkagarriak ahoz baina ez idatziz, zuzentze aldera.


Izan ere, atal zenbait euskaraz egonik ere, begi-bistakoa da gaztelaniaz mamitutako eta Espainian egindako aldizkaria dela, eta duda mendrenik ere nehork izan ez dezan, azalaren ezkerreko Espainiaren bandera dugu, azal osoan bereizten den bandera bakarra. Eliza Katolikoaren aldizkaritxoak argi erakusten du nazionalismo espainolaren tresna bat dela ume euskaldunak doktrinatzeko fede katolikoan eta, bide batez, espainoltzeko. Baina Espainiaren ikurra ez ezik, Frantziarena ere badugu: Eiffel dorrea, Frantziako nazionalismoaren sinboloa begi-bistan, gure Euskal Herria bitan zatikatzen duten nazio okupatzaileen sinboloak azalean. Gesto aldizkariak euskarazko testu zenbait bai, baina, xede eta helburu, nazionalismo espainola eta frantsesa sustatzea eta bultzatzea Joko Olinpikoen aitzakiatan.


“Nire erresuma ez da mundu honetakoa” esan omen zuen Jesusek. Gesto aldizkari hau behintzat, ez da Euskal Herrikoa, ezta garai honetakoa ere, testuei darien kutsua ikusita. Nire lagun batek, kristaua eta abertzale zintzoa berau, Eliza Katolikoarekin obsesionatuta nagoela dio. Gesto aldizkaria ikusirik eta nihaur ateo izanik haserratu banaiz, kristaua eta abertzalea banintz, suminduta egonen nintzateke.



2024-08-24

Harria + Ura + Tinta erakusketa Larraldean




 Larraldean, Senpere-Amotzen, Maite Ramosen Erromanikoaren Printzak —Harria + Ura + Tinta— margo-erakusketa atzo arte izan zen ikusgai.  Maite Ramos Iruñean sortua da.  aspaldi handitik Berriozarko bizilaguna izanagatik. Margolari autodidakta da eta bestelako erakusketa hau bera lehendik ere egin Iruñeko Plazaran izan zen. Nafarroa Garaiko eliz eta baseliza erromanikoetan atzemandako zirrararen eraginez, irudi bilduma eder bat, hamalau arte-lanez osatua, izan du erakusgai. 


Azken urteotan anitz zabaltzen ari den Arte Erromanikoa ohikoa ez den beste era batez erakusten du Maitek bere margoen bidez. XI, XII eta XIII. mendeko hainbat eraikin erromanikoren ikuspegi orokorrak irudikatu ordez, eraikinen zehaztasunetan jartzen du arreta, zirrara sortzen zaion elementu jakin batean edo bitan, eta ur-margo eta tintaren teknika nahasketaren bidez erakusten digu. Haren begien arreta, beraz, harrizko elementuak tintaz biziberritzen ditu, kolore interpretazio librea eginda, tinta harriari erantsiz bolumen-itxura harrigarriak lortuta; bestela esanda, arte erromanikoaren gaineko interpretazio arrunt pertsonala bat emanda.



Hori horrela, irudi bilduma zirraragarria izan dugu ikusgai Larraldean, ura, harria eta tinta Maiteren begien eta eskuen bidez uztarturik, Nafarroa Garaiko Artaitz, Zolina, Eusa, Gergitiain eta beste hainbat herritako elizetan antzemandako zirrara besteoi ere transmititu digularik.


2024-08-14

Gaztelania, denok ulertzen dugun hizkuntza hori

Hegoaldeko euskaldunok pairatu behar izaten dugun topiko engainagarria: gaztelania denok ulertzen dugun hizkuntza denez, geurea utz bazterrean dezagun eta har dezagun, besoak zabalik hartu ere, gaztelania zoragarri hori.


Zoragarria da gaztelania, ez dut ukatzen, baina batzuetan gaztelania zoratzeko moduko mordoilo bat da. Alegia, zoragarria, baina ez ederra edo liluragarria den adieran... Haatik, zoragarria, zoratzeko moduko mordoiloa delako. Horren adibide, etxera ekarri eta nork bere kasa montatu behar duen, "do-it-yourself" motako, altzari baten honako etiketa hau:




Bitxia bada ere, euskara baztertzeko eskatzen diguten erdaldunek ez dute, oro har, kezkarik ttipiena erakusten gaztelaniaren kalitatea dela eta.

Etiketa euskaraz egon izan balitz, erdaldun elebakar zenbaitek protesta sutsua eginen zuketen, eta gaztelaniaz, —denok ulertzen omen dugun hizkuntzaz—, fite jartzeko aldarrikatuko lukete. Etiketa horretako gaztelania negargarri horren kontrako salaketarik egiteko lana nehork ez du bere gain hartuko, segur.

Itzulpena baino itzalpena da, testua izatera heltzen ez den hitz-hurrenkera zentzugabea, xede komunikatiboa betetzen ez duen hitz errenkada korapilotsua, altzaria montatzen laguntzen ez duen instrukzio-ohar ahalkegarria. Ohar hori itzultzaile automatiko batek eginda eta gainbegiratu edo zuzendu gabe ontzat emana, hain segur... Negarra begian eta haserrea buruan sortzen duena nigan...

Baina ez dut uste Hegoaldeko erdaldun elebakar batek altzari enpresa handi horri kexa-eskutitz bat bidaltzeko lanik hartu(ko) duenik... Izan ere, erdaldunek lanpetuegi daude euskaldunoi botatzen euren betiko erretolika gogaikarria. Kontua da, noiz arte jarraituko dugu euskaldunok erdaldun elebakarren apoak irensten? 

Oporraldia brikolajea egiteko profitatzea ez da oso ideia ona izan...


2023-11-11

Joxemiel Bidador poesia taldea: iluntasuna urratzen


Garai txarrak lirikarako

Ez omen dira garai onak lirikarako. Eta nik neure buruari egiten diot galde: inoiz izan al dira garai onak lirikarako? Batzuk bederen sinetsita gaude hobe dela, iluntasuna urratzeko, poesiaren aldeko kandela bat piztea iluntasuna madarikatzea baino, eta horregatik poesia talde bat sortu genuen Iruñean.


Irakurle taldeetan urrats bat aitzina

Zeren eta narratiba irakurle taldeak baziren eta badira Iruñean, eta Iruñerrian, baita Leitzan, eta Tuteran, eta Agoitzen, eta Aurizberrin, eta Zaraitzun eta Erronkarin ere... Irakurle taldeen loraldi batez mintzo da as`paldi ez dela Angel Erro poeta. Egun, Ia-ia berrogei talde euskaraz Nafarroa Garaian; baina polita litzateke irakurle talde espezifikoak antolatzea, adibidez, Nobela Beltza irakurle talde bat, talde beltza dei genezakeena, non Nobela beltza baino ez litzatekeen irakurriko, hilabetean behin edo bi hilabetean behin... aldizkortasuna, lekua eta bestelako zehaztapenak ez dagozkit niri, baina proposamena hor dago. Jakina, talde espezifikoak sortzeak ez luke ekarri beharko martxan daudenak kaltetzea eta hondoratzea... Oreka bilatu behar da. 


Poesia talde aitzindaria

Poesia talderik ez zegoen, ez hemen ezta EAEn edo Iparraldean, euskaraz bederen. Nafar Ateneoan bazen eta bada Angel Urrutia izeneko poesia-talde bat erdaraz,  Bada euskarazko poesia jorratzeko asmoz, euskarazko poesia talde bat sortu genuen Nafar Ateneoaren alartzean. Hilero egun batez biltzeko konpromisoa hartuta, 2019ko apirilaren 2an bildu ginen estreinakoz. 


Nafar Ateneoaren babespean jarri genuen ekimen hau abian, eta lehen bileran, Barañain etorbideko gure egoitzan, dozena erdi bat lagun bildu ginen: Matxalen Bezos bermeotarra, Antton Goñi lazkaotarra, Nerea Balda irurtzundarra, Mikel Sanz iruinxemea, Ventura Diaz txantrearra, Ines Castiella goierritarra... Talde anitza eta askotarikoa, poesia bera bezain anitza. 



Irizpide zenbait

Hasieratik beretik asmoa izan zen hilabete batean hemengo poeta bat aukeratzea, eta beste hilabete batean euskarara itzulitako poeta baten lana, lagin bat bederen..  Izan ere, hemen sortutako poesiaz landa, azken urte hauetan euskarari ekarritako poetak asko eta askotarikoak izan dira, batez ere, Munduko Poesia Kaierak bildumaren bitartez.  


Olerkari anitz eta anitzak 


Joxemiel Bidador zenaren omenez poesia taldeak haren izena hartu, eta aztertu genuen lehen poeta, ezin bestelakorik izan, Joxemiel Bidador bera eta bere liburua Hutseaniko hazkurria izan zen, Pamiela etxeak argitaratua. 


Arestian erran bezala, euskaraz sortutako poesia lantzeaz landa, euskarari ekarritako egile bat tartekatu ohi dugu eta, hori horrela, Idea Vilariño izan genuen protagonista gero zeren eta beste irizpide bat izan da emakumezko poetak ez ahaztea eta beti izatea emakumezko olerkariak, gizonezkoak bezainbeste. 


Barañaingo Sahats euskaltegian egin genuen ikasturte bukaerako emanaldi bat eta bertan egon ziren EGA mailako ikasleak gure poemak entzuten gure taldean dabilen Matxalen Bezos irakaslearen bitartekaritzari esker.



Era berean, Nafar Ateneoaren programazioan profitatu ditugu ekitaldi zenbait Iruñera etortzen zen poetaren lana ezagutzeko. Horixe egin genuen Jose Luis Otamendiren poesiarekin bera Kondestablen egon zelarik edo Emakume Olerkarien Egunean Civican-en egindako saioa.


William Blake, Castillo Suarez, Georke Trakl, Hasier Larretxea, Emily Dickinson... Beñat Sarasola izan genuen gonbidatu berezia Karrikirin egindako aurkezpenean Munduko Poesia Kaierak  bildumaren kontura… Menades liburu-dendan ere egin zen beste saio bat, Mari Luz Estebanekin. Era berean, izan dugu mintzagai Joan Margarit, Amaia Lasa, Pako Urondo eta Nezahualcóyotl, 


Nezahualcóyotl poeta eta Nahuatl hizkuntza bide batez. Huichol hizkuntzaz gure taldeko Anttonek kontatu ziginez, huichol hizkuntza Nayarit eta Jaliscoren inguruan mintzo den hizkuntza gutxiagotu bat dela, eta berak han ezagutu zuela bera bezalako ingeniari bat, eta ingeniari horrek bazuela amona bat huichol hizkuntzaz mintzo zena, eta Anttonek galdetu egin zion “Eta ez duzu ikasi zuk huicholeraz?” eta hango ingeniariak esan zion: Zertarako, hizkuntza horrek ez du ezertarako balio eta”. Eta Nahuatl-en poesia puska bat gorde denez, ikasi genuen “Soilik zorretan hartzen genion guk lorea munduari”, eta Nahutlen eta euskararen historiaren arteko paralelismoak ikusi genituen, zeren eta  Nahuatl-en egoera  ez da xamurra: ez du inolako laguntzarik Gobernutik, Ikastola modukoak, ttiki-ttikiak dira, analfabetismoa, txirotasuna, hiztun gutxikoak eta beste hizkuntza batean itoak , arrazakeria oldarkorra pairatzen dute eta ez dago arnas-gunerik...


Gero pandemia etorri zen eta etxeratze-agindua eta on line hasi ginen eskaintzen lotura poetikoa. Harrezkero, Nafar Ateneoaren egoitzara bertaratzerik ez duenak badu aukera on line konektatzeko eta saioari jarraipena emateko. 


Auxtin Zamoraren Su hatsa erakusketa Nafarroako Liburutegian egin zen eta Joxemiel Bidador taldekideok ezin genuen horrelakorik galdu, Miren Agur Meabe, Amaia Lasa, Itxaro Borda eta Juan Luis Zabala bertan egon zirelarik.  


Saio bereziez landa, Nafar Ateneoko bileretan hemengo eta hango poetak ezagutu ditugu: Ione Gorostarzu, Yannis Ritsos, Marina Tsvetaeva, Peter Handke, Fito Rodriguez, Alda Merini...


Aitor dezadan Alda Merini italiarra guztiz ezezaguna zela niretzat bederen. Milango emakume hau XX. mendearen bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa da. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz sinbolismorako eta are mistizismorako joera nabaria duen. Poesiaren tradizioan jorratutako funtsezko gai gehienak landu zituen  eta maitasunezko poema bikainak ditu, Ez, ez itzuli, adibidez. 


Eta poeta garaikideak ez ezik, klasikoak ere izan ditugu: Lizardi, Zarautzkoa baina 10 urterekin Tolosara joan zena, Jelkidea, gazterik hil zena...  Irati Jimenezek 2021eko bere saiakeran "poeta totala" deitzen zion. Lizardiren poesia  Bihotz begietan, berargitalpenaren kari aukeratu genuen. Bere poema klasikoak kantuen bidez heldu zaizkigu Ondar gorri, Bizia lo, Otartxo utsa, Bultzi-leiotik, Asaba zaarren baratza, Euskal Pizkundea


Mandelstam, Lizar Begoña eta bere Gepardo japoniarrak, Alejandra Pizarnik argentinarra,  duela gutxi hil den Louise Glück amerikarra eta Iparraldeko Txomin Heguy;  Txomin Heguy hazpandarraren Lur ilaunduan lorea olerki-liburua mintzagai izan genuen Nafar Ateneoan, bera eta Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharreta bertan egon zirelarik, eta haren poema batek hala dio: 


'Ez dezagun eman amore; 

etengabe lur ilaunduan dauden loreak 

urezta ditzagun!'  


Badakizue poesia nork bere modura eta bere eskarmentuaren arabera interpretatzeko eta ulertzeko modukoa dela. Hori horrela, nik sinetsi nahi dut, besteak beste, poesia taldeari berari buruz ari zaigula mintzatzen, eta lur ilaunduan gure taldea lore xingle eta xume bat bezalakoa badarik ere, ureztatu eta zaindu behar dela, ongarria jo behar da inguruan lur ilaundua emankor bihurtzeko. 


Hemendik aitzina

Hasieran nioen gisara, ez omen dira garai onak lirikarako, baina guk argi poetiko bat piztu egin dugu iluntasunean; eta gure asmoa da iluntasuna urratzen jarraitzea. Hori horrela, ikasturte honetarako plana zehaztu dugu irailean egin ohi dugun gisan, ikasturte honen lehen bileran; bertan atera ziren izenak, honako hauek izan ziren: Bertold Brecht, Harkaitz Cano, Itziar Uharte, Maite Lopez Las Heras, Ernest Hemingway  


Bertold Brecht-en gaineko saioa egin berri dugu eta sekulako pagotxa izan dugu Munduko Poesia Kaierak bilduman ateratako Bertold Brechten poemak euskaratu dituen itzultzailea bera, Irati Majuelo, gurekin egon zelako Nafar Ateneoan... Hori benetan, sekulako zortea da gure txikian, horrelako itzultzaile gazte bat izatea, alemanieratik euskarara egindako itzulpenaz mintzatzeko eta, bidenabar,  poesiaren itzulpenaz ere mintzatzeko parada izatea saio gogoangarri batean.  


Bestalde, ikasturte honetarako programatuta dago saio bat Ernest Hemingway Nobel saridunaren poesiaz. Izan ere, aurten bete dira ehun urte Iruñera estreinakoz etorri zela eta narratzaile ona ez ezik poeta ere bazen, bere poesia ezezaguna izanagatik. Duela ehun urte etorri zenean Hemingway kazetari gazte bat zen, 24 urtekoa,  artean ezezaguna, baina ordurako ibilia zen Lehen Mundu Gerran Italiaren eta Austriaren arteko frontean, anbulantzia gidari, eta bere poemek adierazten dute ez zela burugabeko mozkor ergel bat, erakusten diguten irudi interesatua eta manipulatuaren kontrara, berak idatzi zituen poemek bestelako Hemingway bat erakusten digute: 


Armada guztiak berdinak dira 

Publizitatea ospea da 

Artilleriak betiko zarata zaharra du sortzen

Adorea, mutilei egozten zaien ezaugarria 

Soldadu zahar guztiek begi abailduak dituzte 

Borrokalari zahar guztiek 

betiko gezur zaharrak dituzte entzuten 

Gorpuak euliz estaliak beti 


Parisen idatzi zuen poema hori, 1922an, Euskal Herrira etorri aitzin, gaur egun esango genuke poema antimilitarista zela... Iruñean eta Iratin ibili zen Ernest gazteak ez du zerikusirik erakutsi ohi diguten Hemingway estereotipatuarekin 


Eta beste izen batzuk baditugu: Txomin Peillen, Anjel Erro, Bernard Manciet, Castillo Suarez, Beatriz Chivite, Hedoi Etxarte, Angulemako Margarita, Liman Boisha poeta sahararra, eta Palestinako poesia ere jorratu nahi dugu 


Azken eleak

Duela bost urte, 2018ko azaroan Nafarroko Irakurle taldeen lehen biltzarra ospatu zen hemen, Nafarroako Liburutegian; irakurle, liburuzain, dinamizatzaile  eta idazleak izan ginen bertan, hirurogei lagun osotara, ahobizi eta belarriprest.


Mahai-inguruan Jose Angel Irigarayk liburuaren eta irakurlearen arteko zubigintza, bitartekarien garrantzia azpimarratu zuen, alegia irakurle taldeen dinamizatzaile, edo koordinatzaile edo arduradun, nahi duzun bezala deituta.  “Ausartu, sartu eta sortu” egin zuen aldarri auriztarrak.


Jon Atxaga irakasle eta dinamizatzailek eskatu zien bertan zeuden arduradun politikoei liburu sareko liburu-sortak berritzeko, handitzeko eta liburu atera-berriak erosteko. 


Fertxu Izquierdok kontatu zigunez, Atxagaren eta Sarriren poemak irakurtzen hasi zenean, mundu oso bat zabaldu zitzaiola. 


Artean ez zegoen poesia-irakurle talderik.  Gaur egun badago poesia talde egonkor bat, Joxemiel Bidador zenaren izena daramana. Taldea izanik ere, taldea irekia da, eta Nafar Ateneoan bitzen garen arren (Barañain etorbidea, 10. 1.) Nafar Ateneoko kide ez denak ere ateak zabalik ditu. Beti ikasten da saio hauetan... Zer irakurri dugun, liburuak elkarri gomendatu, elkarri utzi, zer idatzi dugun, elkarri pasatu, Beti esaten da  norbait zuk idatzitakoa irakurri duena izatea oso garrantzitsua dela hasi-berrientzat... Bada, ez bakarrik hasi-berrientzat.


Jose Angel Irigarayren Fertxu Izquierdoren hitzak nire eginda: “Ausartu, sartu eta sortu; mundu oso bat duzu zain.”



Azken alea 

Amaitzeko, Gazako egoera larria dela bide, Irakurle Taldeen Biltzar honetako ene hitzaldian tarte berezi bat egin nahi dut  poeta palestinar bi aipatzeko: Hiba Abu Nada eta Marwuan Makhoul, blog honen aurreko postean azaltzen direnak.



2023-05-07

Piriniotako V. mikroipuin lehiaketa


Iragan den ostiralean, Piriniotako V. mikroipuin lehiaketaren sari-emate ekitaldia ospatu genuen.  Helduen kategoriari lotuko natzaio azpimarratzearren kategoria honetan maila handiko ipuinak aurkeztu direla, iaz baino gehiago eta sei-zazpi ipuin zinez on-onak.



Lehen saria egokitu zaio Petrus ezinenez ezkutatzen zen Erronkariko Oihane Garmendiari, Bete eta Hutsune ipuinari esker: gai unibertsala izanagatik bertako egoerara egokitzen asmatu du ipuin originala lortuta. Ehun hitzeko mikroipuina idatzi du Oihanek, baina arazorik gabe irakur daitekeena, batez ere puntuazioaren erabilpena aratz eta argia baliatu duelarik.




Iazko edizioan lehen saria irabazi zuenak, Bizkaiko nafartarra den Patxi Gaztelumendik, aurtengo bigarren saria eskuratu du Harpeako altxorra ipuinari esker. Euskal literaturaren erreferenteak baliatu eta artez josi ditu, ipuina pisutsu bihurtu gaberik ere; hori horrela, guretzat hain ezaguna den toki bati literatur maila erantsi dio, bertako eleak eta kokaguneak baliaturik.


Mila kilo bana zorion guztiei



   

2023-04-29

On Kixote Mantxako, jendaurreko irakurraldian euskara ere present


Iragan den astean On Kixote Mantxako klasikoaren irakurraldi publikoa egin zen Iruñean Liburuaren Egunaren karietara. Jendaurreko irakurketa  honek hogeita bost urte bete dituen honetan, euskara present egon da bertan sekula baino gehiago. Beste urte zenbaitetan ez bezala, aurten lagun kopuru polita aritu ginen On Kixote Mantxakoaren testu laburrak irakurtzen. 

Esan gabe doa, parte-hartzaile orori eskertu behar zaio bertan egon izana, baina nik bereziki eskertu nahi diet ondoko hauei: Ines Castiella, Ines Genua, Maite Saralegi, Lurdes Larunbe, Rosario Urkiola, Luisa Salaberria, Edurne Iribarren, Rikardo Barea, Irene Txurruka eta Maite Ramosi; osotara, hamaika lagun —hamar gehi bat— aritu ginen euskaraz irakurtzen... Inoiz baino gehiago! Biba zuek! 




Nolanahi dealrik ere, nik badut proposamen ttipi bat hurrengo urte(eta)rako; irakurleok, ahal dela, bertsio bera baliatzea,  Pedro Berrondok euskaratua eta Patxi Ezkiagak egokitutakoa, alegia, Don Kixote Mantxako izeneko liburu formatuan dagoena. 


Soilik paperean egonik ez da bestea bezain erosoa lortzeko tenorean, eta baliteke ez izatea bestea bezain aberatsa, zeren eta, azken finean, egokitzapen bat baita... Baina nik orain berriz egin beharko banu, dudarik ez dut, hauxe ibiliko nuke, duda mendrenik gabe. 





2022-11-19

Su hatsa Senpereko Mediatekan

 Nehor ez omen da profeta bere sorterrian, horixe dio erranairuak, baina oraingo honetan bederen, Auxtin Zamora senpertarrak merezitako omenaldia eta begirunea jaso du Senperen bertan, Su Hatsa izeneko erakusketa bertan ikusgai delarik. 


Aluminio urtuaz egindako irudien bilduma ikusgarria estrainekoz ikusteko parada izan genuen bertaratu ginenok. Erran gabe doa, lagun zaharrak berriz elkartzeko topaleku atsegina bihurtu zen Senpereko Mediateka eder askoa. 





  

2020-05-12

Basoko izakiei buruzko elezaharra

Aspaldi handian,
animaliak eta landareak
mintzo ziren garaian
basoko izakiak bizi ziren
gure mendietan.
Amalur, Basajaun eta Aker
gurean ziren nagusi
Ilargiarekin eta Eguzkiarekin batera

Amalurraren alde banatan
Ilargia eta Eguzkia begirale zirelarik
pagoak eta haritzak
astigarrak eta izeiak
makalak eta zurzuriak
zabaldu egin ziren
aise zabaldu ere.

Basajaunaren oniritziarekin
animaliak eta piztiak ere
barreiatu egin ziren
aske barreiatu ere
azeriak eta urtxintxak
otsoak eta arranoak
muxarrak eta erbinudeak.  

Aker, berriz, lur azpiko leize
eta kobazuloetan bizi zirenen
zaintzailea zen,
eta begira zituen
satorrak eta sugeak
sagu-zaharrak eta zizareak
gizon eta emakumeak.
Baiki, leize-zuloetan
gizakiak bizi ziren
emakumeak eta gizonak
zenbat eta bizkorragoak
hainbat eta trebeagoak
are gehiago mintzoaren jabe egin zirelarik
zenbat eta abilagoak
gero eta ausartagoak
are ageriago suaren jabe egin zirelarik    

Akerraren adarrak
okertu egin ziren
gizakiak zuhaitzak bereizten hasi
eta fruituak ematen zituzten arbolak
landatzen hasi zirenean
eta are gehiago okertu ziren
gizakiak piztiak bezatzen hasi
eta animaliak abere bihurtu zituenean.

Denbora kontua baino ez zen izan,
abere anitz zituztenak aberastu
eta aberats bihurtu zirela
leize-zuloetatik atereaz eta
Lur osoan barreiatu egin zirela
basoari tokia kenduz,
eta animaliak ehizatuz,
neurrian hasieran
neurrigabe gaur egun.

Ilargia eta Eguzkia,
handiegiak izanik eta
gizakiengandik urrunegi egonik
zeru goienetan aritzen dira
txandaka, lasai asko,
gauez bata
egunez bestea,
Amalurraren lagun
nekaezin eta erneak,
bata zein bestea
noiztenka kukutu egiten diren arren,
gizakiek horri eklipse deritzelarik

Amalur, Basajaun eta Aker 
gizakiaren hedatzeaz geroztik
gorderik bizi dira gurean
ezkutaturik mendi altuetan
eta gorderik baso sarrietan;
horregatik behe-lainoak,
eta langarrak hartutako mendietan
noizbehinka ikusten ahal dira,
azken buruan beraiek izan baitziren
nagusi aspaldi handian
eta nagusi dira oraindik ere
baso trinko gordeetan.

Horren guztiaren adierazgarri eta adierazle
hiru enbor berezi daude,
noizbait zuhaitz izan zirenak
orain Amalur, Basajaun eta Aker
itxura hartuta irauten dutenak
non eta Basoan,
Basoa pasealekuan
non eta Eguzki plazaren eta
Ilargi plazaren artean,
Berriozarren, Iruñea ondoan,
Euskaldunon Hiriburuzagitik hurbil.






Eta hala zan ala ez bazan, sar dadila kalabazan
eta atera dadila, Euskal Herria plazan