Berriozarko inauterietan Txolin dugu pertsonaia nagusia. Berriozarrera bizitzera etorritako hainbat lagunek, aitzitik, ez dakite pertsonaia hori historikoa dela.
Félix Sarasa, Txolin, Berriogoitin sortu, Artikara ezkondu zen eta bertako alkate izan zen. Baina Historiak ez du horregatik jaso, baizik Berriozar eta Iruñerri osoan gerrillari ibili zelako duela bi mende.
Halabeharrez -edo hala beharrez, ezin jakin- Euskal Hiztegiak jaso ditu Felix Sarasaren nolakotasunak, aldez edo moldez jaso ere; Euskal Hiztegian txolin izen arruntak hiru adiera ditu:
Kaskarina
Hitzontzia
Edanean apur bat igaroa
Gure Txolin “kaskarina” bainoago, arina zen, azkarra, argia, bizkorra: frantsesen kontra aritua eta aditua; tropa frantsesen buruak, Reille kondeak, 2000 duroko dirusari bat eskaini zuen Txolin harrapatzearen ordainetan. Halere, Txolin ez zuten sekula harrapatu, eta Iruñerrian ibili zen, abestiak dioen gisara, "jo ta ke borrokan".
Txolin “hitzontzia” bai, baina beti ere, euskaraz; espainolez nekez hitz egiten baitzuen. Reille konde horrek Txolin harrapatzeko aipatu dirutza hori bando baten bidez eskaini zuen: bando hori euskaraz ere inprimatzeko agindua eman zuen, euskara Iruñerriko biztanleen hizkuntza zelako froga. Euskara, natural-naturala. Abestiak ere hala dio: "Alkatearentzat euskara, txoriak airea bezala".
Amaitzeko, hiztegiak dakarkigun hirugarren adiera honako hau da. “Edanean apur bat igaroa” Erraz da asmatzen zer ezkutatzen den definizio politikoki polit horren atzean: ardurak ardura eta arriskuak arrisku, jaia eta besta gustuko bide zituen gure Txolinek eta, abestiak dioenez, parrandari ez zion uko egin. Ardoa bizki maite omen zuen eta mozkortu ez, baina bai txolindu egiten zela. Izanez ere, hortik omen zetorkion ezizena: Txolin
“Negu gorrian gaudela, heldu zaigu inautea”; eta inauteriarekin batera, Txolinen balentriak gogoratzeko garaia. Ongi pasa gaur gaueko sagardotegian. Kontuz, halere, sagardroga horrekin. Gutxi gasta eta bueltak amari.
No comments:
Post a Comment