2020-11-01

Hilen Egunerako elezahar bat




Elezahar batek dioenez, aspaldi handian baziren hiru zaldun, aberats eta gazte, egun batean zaldiz ibiltzera atera zirenak. Baso handi eta ilun batean barna zihoazela, halako batean hiru pertsonaia agertu zitzaizkien bidearen erdira, hiru gorpu ustel, harrek janak, hilik egonik ere bizirik eta haien aitzinean zutik.

- Nortzuk zarete? – galdetu zieten zaldun aberatsek.

Hiru hildako biziek hauxe ihardetsi zieten:

- Zuek zaretenak, gu behin izan ginenak. Gu garenak zuek egun batean izanen zaretenak. Beraz, profitatu bizitza denborarik duzuen bitartean, arimaren alde egiten duzuen probetxuzko ekintza oro garrantzitsua delarik.

Gero gertatutakoaz ez dakit nik, baina badakit, jakin, pasadizo hori jasoa dagoela artelan berezi batzuetan Nafarroa Garaian, Uxuen eta Agoitz ondoko Ekaiko elizan; gainera, XIV: mendean eginak, Uxueko margoaren zati bat baizik ez da gorde, hiru gazte aberatsena, eta Ekain, berriz, hiru hildako biziena baino ez da gelditzen, beheko argakian ikus daitekeenez...





Zonbien kontua, beraz, ez da gaur goizekoa, ez horixe! Simeón Hidalgoren blogean argazki gehiago duzue,


2020-10-30

Enpatia

Nafar Ateneoa diru-asmorik gabeko kultur erakunde bat da, 1985ean birsortua, eta Nafarroan kultur ekitaldi gehien sustatzen edota antolatzen duena. Hamaika arlo edo eledutza daude elkarte honetan, bertzea betze, Euskara eta Herri Kultura eledutza, azken hiru urteotan (2017-2020) nire esku egon dena. Lehenago,bidea bertze batzuk jorratu zuten: Eugenio Arraiza, Iñaki Azkona, Roldan Jimeno, Bingen Amadoz, Juankar Lopez Mugartza eta Ekaitz Santazilia. Bistan denez, emakumezkorik ez orain arte, baina, zorionez, urtarriletik aitzina Ines Castiella andreak hartuko du bere gain ardura nire ordezkatzeko. Ene irudikoz, erakunde orotan, osasungarria izaten da kargu-aldaketa, eta Nafar Ateneoan, ziur naiz, Ines Castiellak ideia berriak ekarriko eta berrindarturik azalduko baita. Eleduna izan naizen hiru urteotan ene ahaleginak euskarari esparru berriak emateko bideratu ditut, euskararen aldeko beste talde edota erakundeek betetzen dutenetatik landara. Hori horrela eta inori harrigarria suerta badakioke ere, erdarazko ekitaldirik ere antolatu dugu, beti ere euskaltzale den baina euskaraz ez dakien jendeari begira; horra hor, gaztelaniaz egindako liburu aurkezpenak eta bestelako emanaldiak.

Azpimarratu nahi dut Iruñeko Udalarekin elkarlanean hilabetero-hilabetero antolatu diren ekitaldiak, Iruñeko Kultur agendan ederki erroturik daudenak, eta Jokin Castiella kultur teknikariari nire esker ona adierazi nahi dio egindako lanagatik. Orobat, elkarlan horren ondorio zuzena dugu Iruña Hiria poesia sariketa, urtez urte finkatzen ari dena eta saridun zerrenda zinez interesgarria osatzen ari dena. Urterik urte, Jon Barberena zena, Juankar Lopez Mugartza, Aintzane Galardi, Mikel Arruabarrena eta, aurtengo edizioan, Erronkariko Oihane Zuberoa Garmendia Bidaia (h)ariketak poema-bildumari esker saridun.

Nafar Ateneoaren nahimena ez da, neholaz ere, euskararen aldeko beste elkarteekin lehiatzea, kolaborazioak bideratzea eta elkarren osagarri izatea baizik. Horregatik, beste elkarteek garatzen ez zuten euskarazko poesiaren arloa, bulkada berezia izan duena, alde batetik Joxemiel Bidador poesia taldea Nafar Ateneoaren abaroan sortu delarik eta, bertzetik, Nafar Ateneo poesia poema bakarrari sariketa berriki sortua, laster hirugarren edizioa beteko duena.

Bistan da, euskarazko kultura sustatzeko lanik eginik ere, lana ez da amaitu; lingua navarrorum delakoaren aldeko ahaleginik eginik ere, beti bada zer eginik. 

2020-09-05

Bi urte, lau hilabete eta egun bat filmari bertsoak

Ezkabako talaia honetatik ozen eta polliki entzun ziren atzo arratsaldean bertsoak, Berriozarko Euskal Herria plazan botatakoak, besteak beste jarraian agertzen direnak, atzoko saio ederraren lagin bat:  Julio Soto semearen paperean, eta Amets Arzallus aitarenean, Iruñean mustu berri den Lander Garroren Bi urte lau hilabete eta egun bat-en haritik eta saio osoan —nola ez— agertu zen konorobirusaren haritik. 


Orain aldi bateko garai gogorretan

soldaduska egitea zenuten zorretan

ez zihoana ez zen joaten oporretan

intsumisio hitza zegoen hor bertan

zuk ere parte hartu al zenuen horretan?


Hara, dena galdetu didazu hitz bate(a)n

gaur arte ausartu ez nererik esaten

intsumisoen haria denbora da eten

garbi erantzungo dizut, ez lehor, ez zeken

ni ere filma hortan atera nintekeen


Beraz ez zen gezurra eta ez zen kondaira

lehenengoz entzun dizut orduko mintzaira

trukean zen kartzela eta eztabaida

gaurko begietatik entenditzen zaila

zergatik ez zenuen parte hartu nahi ba?

 

Ba sakelan ez dit jo mobilak txirula

eta gonbidapenik ez baitzait xuxurla

joan zen insumisoen ardatz eta brujula

bukatu ziren hango agindu eta burla

baina hori ez da soilik lehengo pelikula

 

Izan nahi zenutenez pertsona askeak

zer izan zuen ba txarrik borroka janzteak

adibidez Covid-ak dakartzan nahasteak

gaurko arau eta norma eta lege trasteak

otzanegi ez al gara egungo gazteak?

 

Apaltasun pixka bat behar da bizitzan

kaleak ere bere ordena balitzan

baina Guardia Zibila maiz sarri peskizan

zeuk erabaki ezazu, seme, zure gisan

baina tarteka pixka bat intsumiso izan

 

Traba sortzen didate hainbat arnasestuk

maskarilla eta bere bi sokatxo estuk

ta erantziko banu, bi polizi-eskuk

atxilotu ezkero ta lau begi-estuk

ulertuko duzula zalantzarik ez dut


Botereak legea aurkezten du ahaltsu

nahiz eta izan mila argumentu faltsu

anarkisten kontsigna maite dut nik aizu

autoritatea beti ukatu ezazu

baina hori bai egin zure aitari kasu.

 


Atzoko saioan Amets Arzallus eta Julio Soto ez ezik, Sarai Robles eta Miren Amuriza ere aritu ziren kantari. Aspaldiko partez bertsorik entzun gabe ginen Ezkabaren magalean! 

2020-08-29

Saharako umeen kamishibaiak


Ipuinak kontatzeko kamishibai teknika behin baino gehiagotan izan dut mintzagai, ekainean bertan urrutirago joan gabe. Saharako errefuxiatu kanpamentuetara eramandako kamishibaiez landa, oraingoan badaude bi kamishibai berri, Saharako ahozko tradizio aberatsetik hartutako bi istorio, ume sahararrek kontatuak eta gero kamishibai bihurtuak.


Iruñeko Arte Eskolako lagunei esker, kamishibai horiek, irudi ederrez hornituak, eginak ditugu jada, Covid-19 malapartatuaren ondorioz eta ondoren epe guztiak gaindituta egonik ere.




Kamishibaiak, beraz, prest daude basamortuko liburutegietara eramateko; ea birus madarikatuaren krisialdia gainditu eta gero laster eramaterik ditugun. 

2020-07-03

Whiski koloreko gauak

Itzalak eta argiak

kaleak biltzen dituzten bitartean

maitaleen bila erretiratzen dira,

basokada bat whiski hartzera noalarik.

 

Atzean utzitako islak

leiho lurrunduetan dautza etzanda

gutxi batzuen begi-ninietan

babesa hartzen dutela.

Bitartean, begiak finko,

gehienek telebistari so

gaua galtzen, nire erara.

 

Eta ia gauero gogoratzen dut

estreinakoz ikusi zintudanean,

zure izena ere jakin gaberik

ene begiek zureetan irakurri zutela

arazo hitza bertan zizelkaturik.

 

Whiski koloreko begi horiei

ur bizia zerien

zure ondoan egonik ere

hondorik gabeko bizi-putzuak.

 

Begi horiei jadanik begiratzeko

kemenik ez, eta horregatik

hainbat galdera

egiten dizkiot ia gauero

whiskiz betetako basoari;

baina ez dit erantzuten.

Edalontzia,

gor-mutu gupidagabe hori.




2020-06-23

Amuarrain baten bizitza labur zoriontsua


Urtegian gaupasa egin ondoren, zizare bakar bat ahoratu gaberik eta maldan behera pilpirika dabilen kupela baino zorabiatuago, etxera joatea erabaki nuen. Buztankada bat emanda, errekan gora jo, eta orduan ikusi nuen, errekaren bazterrean soslaia bat; nire barrukiak esan zuen: “Hara, hasi da Gobernua arrantza-baimenak banatzen”. Burua ur-azalera atera eta oihu egin nion: “Hi, hankabiko ergel hori, joan hadi perrotxikoak hartzera” eta nire bideari berriz lotu nintzaiolarik, beste morroi bat ikusi nuen errekaren ertzean, begiak handi-handiak zituela, aldaroka zebilena, eta nire ondotik pasatzean ni ikusi ere egin gabe joan zena: “Hara, bestea, babalore halakoa!” Arrantzaka ez dute astoek soilik egiten.

 

Erreka nagusira ur epela zekarren errekasto baten gora egin nuen; eskertzen da uraren epeltasuna, eta erreka txikiek hori dute on... Baina errekastotik gora egitean, lixiba usaina hasi nintzen nabaritzen... Hankabiko arlote baten batek ziur isuri duela nahita, jakinda lixibarekin zorabiatzen garela, lixibak uraren oxigenoa kentzen baitu, eta orduan, arnasa hartu ezinik, ur azalera ateratzen gara oxigenatzera eta gure zakatzak gorritzera, baina ur azalera erdi zorabiaturik ateratzean, hankabiko batek hartzen ahal gaitu... Eta lortzen ez badu ere, lixibak bere lana egiten jarraitzen du eta errekaren alboetako belarrak erretzen ditu... Eta esandakoa berresteko, bost litroko lixiba pote bat ikusi dut, ur azalean kulunka... Errekasto epeletik ihes egin behar dut, ez hiltzeko.

 

 Baina ordurako, erreka nagusian oinak, eskuak, harriak, oihuak, berunak eta amuak tarteko, azken ur-korrontea gainditu nuen; nahaste-borraste horren erdian, denetarik antzeman nuen... baita hirugihar usaina ere! Harrapa ezazu zangotik! Hauek bai trebeak arrantzan! Banoa hemendik harrapa nazaten baino lehen. Horiek horrela, hondorantz abiatu nintzen eta, —hura eta ura pagotxa!— harri baten ondoan zizare bat ikusi eta kosk egin niolarik, indar ikaragarri batek gorantz eraman ninduen bat-batean, azalerantz etengabe goraka; nik beherantz nahi, baina hankabiko alu batek gorantz egiten zuen tira... eta nik beherantz, neke-neke eginda bukatu nuen arte; azkenik, uretatik atera eta zubirantz igo ninduen.

Hankabiko gaztetxo bat zen, gizaki-kume bat. Tarte batez niri begira egon zen, eta gero, itotzen hasi nintzelarik, gizaki-kumeak amua atera zidan kontu handiz, zauririk eragin gabe, eta errekan utzi ninduen atzera, behar den bezala. Orduan ikasi nuen lekzio eder bat: hankabiko guztiak ez direla berdinak eta ikasgai hori ez zait sekulan ahaztuko.

 

2020-05-12

Basoko izakiei buruzko elezaharra

Aspaldi handian,
animaliak eta landareak
mintzo ziren garaian
basoko izakiak bizi ziren
gure mendietan.
Amalur, Basajaun eta Aker
gurean ziren nagusi
Ilargiarekin eta Eguzkiarekin batera

Amalurraren alde banatan
Ilargia eta Eguzkia begirale zirelarik
pagoak eta haritzak
astigarrak eta izeiak
makalak eta zurzuriak
zabaldu egin ziren
aise zabaldu ere.

Basajaunaren oniritziarekin
animaliak eta piztiak ere
barreiatu egin ziren
aske barreiatu ere
azeriak eta urtxintxak
otsoak eta arranoak
muxarrak eta erbinudeak.  

Aker, berriz, lur azpiko leize
eta kobazuloetan bizi zirenen
zaintzailea zen,
eta begira zituen
satorrak eta sugeak
sagu-zaharrak eta zizareak
gizon eta emakumeak.
Baiki, leize-zuloetan
gizakiak bizi ziren
emakumeak eta gizonak
zenbat eta bizkorragoak
hainbat eta trebeagoak
are gehiago mintzoaren jabe egin zirelarik
zenbat eta abilagoak
gero eta ausartagoak
are ageriago suaren jabe egin zirelarik    

Akerraren adarrak
okertu egin ziren
gizakiak zuhaitzak bereizten hasi
eta fruituak ematen zituzten arbolak
landatzen hasi zirenean
eta are gehiago okertu ziren
gizakiak piztiak bezatzen hasi
eta animaliak abere bihurtu zituenean.

Denbora kontua baino ez zen izan,
abere anitz zituztenak aberastu
eta aberats bihurtu zirela
leize-zuloetatik atereaz eta
Lur osoan barreiatu egin zirela
basoari tokia kenduz,
eta animaliak ehizatuz,
neurrian hasieran
neurrigabe gaur egun.

Ilargia eta Eguzkia,
handiegiak izanik eta
gizakiengandik urrunegi egonik
zeru goienetan aritzen dira
txandaka, lasai asko,
gauez bata
egunez bestea,
Amalurraren lagun
nekaezin eta erneak,
bata zein bestea
noiztenka kukutu egiten diren arren,
gizakiek horri eklipse deritzelarik

Amalur, Basajaun eta Aker 
gizakiaren hedatzeaz geroztik
gorderik bizi dira gurean
ezkutaturik mendi altuetan
eta gorderik baso sarrietan;
horregatik behe-lainoak,
eta langarrak hartutako mendietan
noizbehinka ikusten ahal dira,
azken buruan beraiek izan baitziren
nagusi aspaldi handian
eta nagusi dira oraindik ere
baso trinko gordeetan.

Horren guztiaren adierazgarri eta adierazle
hiru enbor berezi daude,
noizbait zuhaitz izan zirenak
orain Amalur, Basajaun eta Aker
itxura hartuta irauten dutenak
non eta Basoan,
Basoa pasealekuan
non eta Eguzki plazaren eta
Ilargi plazaren artean,
Berriozarren, Iruñea ondoan,
Euskaldunon Hiriburuzagitik hurbil.






Eta hala zan ala ez bazan, sar dadila kalabazan
eta atera dadila, Euskal Herria plazan



2020-04-23

Irri urrunak

Herengun eta atzo greba digitala egin nuenez gero, gordea neukan olerki ttipi bat gaurko.



Irri urrunak 

Aditu al duzu harrabots lauso hori?
Basoko izakien irria da
opor-planak egiten ari zinelarik,
irriabarraren abarrotsa.

Zure lepotik ez ezik neure bizkar ere
maltzurki egiten dute irri
hitzen hasperenak tintaz gorpuzten
saiatzen ari naizelarik.

Basoko izakiez lagundurik
literaturaren xarmaz lasaiki 
adimeneko aztoramendu
atsegingarrian, berrogeialdian.





2020-04-07

Hitz egidazu olerkia, HATSAren olerki bildumakoa

Koronabirusa dela eta, aurtengo Hatsaren olerki bilduma ez da oraino aurkeztu ahal izan, liburua inprimaturik eta prest egonagatik. Aurrerapen gisara, Hitz egidazu poema ttipia, Maite Ramosek egin liburuaren azalarekin batera




Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
xalo eta xuxen
gaztetatik aditzen
badakidalako ospea dut eta.
Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
lasai eta aise
erranak erranik ere
badakidalako hitzak gordetzen.
Hitz egidazu
maitaleak bagina bezala
zure hitzek osa dezaten
ezabatuko ez dudan poema bat. 





2020-04-02

Rodolfo Walsh-en aipu bat

Koronabirusaren ondoriozko berrogeialdia, aspaldi erosita eta oraindik irakurri gabeko liburuei ekiteko denboraldi egokia. Horietako bat, Rodolfo Walsh argentinarraren Operación Masacre, iaz berrargitaratutako klasiko bat




"Intelektualaren esparrua, definizioz, kontzientzia da. Intelektual batek ez badu ulertzen zer gertatzen den bere garaian eta bere herrian, intelektual hori kontresan hutsa da -begien bistako kontraesana, kontraesan bizia-. Eta intelektual batek, ulertuta ere, ez badu deusik egiten, intelektual horrek ez du lantuaren antologian lekurik izanen, ezta bere herriaren historia bizian ere."

Rodolfo Walsh, 1968ko Maiatzaren Lehenean 

2020-03-20

Duintasuna, Koronabirusaren aurkako txertoa


Izua, izu-laborria zabaltzen ari da dendetan, geltokietan eta parkeetan. Autoak, aparkaturik; tabernak, itxirik. Alta, koronabirusak barreiatzen darrai. Ez Estatu Batuen eta Mexikoren arteko murruak, ez Ceutako eta Melillako hesiek, ez Zisjordaniako murruak, ez Mendebaldeko Sahara erdibitzen duen lotsaren murruak ez dute eragotzi birusaren hedapen azkarra. Segurtasun Kontseiluko nazio boteretsuenek soilik duten beto-eskubideak ere ezin izan dio aurre egin gaixotasun horri.

Planeta osoan zehar barreiatzen den birus berbera borrokatzen dute nazio txiroek. Dendak hutsik daude eta botika-dendetan, aho-maskarik ez; bitartean, Siriako errefuxiatuak truke-txanpon baten gisa baliatzen dituzte herrialde zenbaitetan. Goseak eta hotzak hilko ditu errefuxiatuak, euren patuaz inor arduratzen ez delarik.

Salba ditzagun enpresa txiki eta ertainak, indar dezagun oinarria eta eska dezagun kreditu-lerro bat familiei laguntzeko. Nago ez ote zaizkigun ahaztu Irak, Libia, Yemen eta Siria-ko gerlak. Gatazka hauetan zenbat hildako eragin dituzte armek, ni umea nintzela Mendebaldeko Saharako gatazkan ikusi nuen gisan.

Beto eskubidearen eta arma-salmenten nazio horiek beraiek dardarka daude koronabirusa dela kausa. Dabiden mendekua da, Goliat-en aurkakoa, Mediterraneoan errefuxiatuak hiltzen eta mugako patruilek ontzi hauskorrak bultzatzen dituztelarik

Gizateria gaixorik dago, gerla-errefuxiatuak hiltzen uzten diren unetik bertatik gaixorik, eta gaixotasun hori koronabirusa baino kutsakorragoa da.

Okindegiaren aurrean ilara osatzen dugu, elkarrengandik metro eta erdira gaudelarik ez kutsatzearren. Okinak dirua erabili ordez kreditu-txartela baliatzeko aholkatzen du, birusa diruaren bidez barreiatzen omen delako. Diru hitza entzunda, gogora datozkit Mendebaldeko Saharako Dajla hirian aitona zenak emandako pezetak, goxokiak erosteko ematen zizkidan pezeta zaharrak, zera erraten zidalarik: «Bertze umeei ere eman, bai? Ez itzak goxoki guztiak hik bakarrik jan!».

Kreditu-txartelak ez, baina gaixotasun larriko pertsonak hilko dira koronabirusa dela kausa.

Etxean eserita nagoela, edalontzi bat hartu eta limoi ura, oliba olioa eta ezti pixka bat isuri dut. Dokumental bat ikusten ari naiz, eta protagonistak tuaregak, Tenere basamortua zeharkatzen ari direnak. Aurpegia estalirik eta dromedarioak lagun, oinez doaz basamortuan zehar, Bilma oasi txikiraino artoa, artatxikia eta piper lehorra eramateko. Gero, datila eta gatza eramanen Agadez oasira.

Ibilaldi luzean zehar gidari bat dute, haizeak jotzen duenean hondar-aleak irakurtzen dakien gidaria. Bidea ezagutzen du, aitak eta aitonak ere lehenago egin zuten bide bera baita, eta karabana haren atzetik doa. Gidaria nagusia ere bada, eta ura zentzuz banatzeaz arduratzen da, eta ausart doa oinez, arrakastaren ala porrotaren menpe tuaregak —herri eta komunitate gisa— daudela jakitun. Oasiaren palmondoak urrundik antzematen dituela, taldetik baztertu, eskuak zeruari zabaldu eta bidaia luzea bukatzea eskertzen du.

Egun, arriskua irakurtzen eta beldurra uxatzen dakien norbaiten beharrean gaude, zeinak bide segurutik eramanen gaituen, Tenere basamortuko tuaregen gidariak egiten duen eran.

Onik irtengo gara, hitzaren jabe gara eta, idazketaren eta zenbakien jabe gara eta. Ez ditzagun errefuxiatuak ahantzi, gaixorik daudenak, agureak eta atsoak, etxerik gabekoak, eta ez dezagun ahantzi ospitaleetan apokalipsi unibertsal hau borrokatzen duten gizon-emakumeak Historia egiten ari direla.

Utzi diezaiogun hesiak eta murruak eraikitzeari, eta egin dezagun gerren, pobreziaren eta koronabirusaren aurkako txerto unibertsal bat. Ikas dezagun ongi lezioa. Izan dadila duintasuna gaixotasun honen aurkako txertoa.

Ali Salem Iselmu idazle sahararraren artikulua, euskarara ekarria.



2020-03-02

Edmundo Gómez Mango, lehen urteurrena (1940-2019)


                               
Duela urtebete, gaurko egunez, Parisen hila. Uruguaiko irakasle, psikoanalista eta itzultzailea. Diktadura garaian erbestean egon zen, Parisen, eta bertan psikoanalista ospetsua bihurtu zen, psikiatria, giza eskubide eta literaturan aditua zelarik. Hainbat aldizkaritako kolaboratzailea, besteak beste, BRECHA-koa

Irakasle aritu zen zen IPAn, Instituto de Profesores Artigas-en eta bere ikasle izandako batek horrela gogoratzen du: “Beste Uruguai bat zen, ez gaurkoa, literaturan, gure irakasle-praktikan eta gure intelektual-jardueran konfiantza eta indar gehiago geneukan gaur baino; Edmundo, gu baino pixka bat zaharragoa baina ez askoz zaharragoa, indar horren iturria zen guretzat.”

Uruguaiko diktadura garaian, Edmundo Gómezek, beste anitzek egin zuten eran, erbesterako bidea hartu behar izan zuen, noiz eta 1976an,  nora eta Pariserat. Bertan Psikoanalisten Frantziako Elkarteko burua izan zen, baina ez zuen ahantzi ez Uruguai, ez literatura. Hartara, Juan Gelman-en inguruko liburu bat idatzi zuen, Sobre la poesía de Juan Gelman: el llamado de los desaparecidos, Juan Gelmanen poesiaz: desagertuen deia. (Calicanto argitaletxea, 2014)

J B Pontalis psikoanalistarekin batera, 2012an idatzi zuen Freud con los escritores (Buenos Aires, Nueva Visión, 2014). Sarreran, hauxe idatzi zuen:

“Azken finean, psikoanalisiak eta literaturak ez al dute xede bera? Alegia, biek ez al dute  giza arimaren konplexutasuna islatzea, giza arimaren izaera gatazkatsua, aztoratzailea, iluna  agerian uztea helburu?”                                                                

Itzultzaile ere aritu zen, eta frantsesetik Baudelaire-ren Las flores del mal  (Ediciones de la Banda Oriental) liburu kanonikoa itzuli zuen,

Artikulugilea ere bazen, eta politikaren munduko pertsonaiez eta gaiez hainbat artikulu idatzi eta argitara eman zuen, bai Papeles de Montevideo-n, bai Uruguaiko Liburutegi Nazionalaren aldizkarian, bai Frantziako Elkarte Psikoanalitikoaren aldizkarian, bai Brecha-n. Artikulu horietan guztietan literaturatik psikoanalisirat egiten du jauzi bien arteko lengoaia komun bat aurkitu izan balu bezala; ez du behartzen literaturaren kanpoko ikuspegi batetik begiratzera, bi esparruak, psikoanalisia eta literatura hartzeko gai den lengoaia batu baten ikuspegitik baizik. Haren saiakeretan agertzen diren gaiak, honakook: atzerria, herri-mina, galera, desagerketa... Exiliatua izan zenez, berea bezalako egoeretan zeuden beste batzuk ulertzeko gauza zen; era berean, muga-mugako egoeratan zeudenak ulertzeko gai ere bazen. Izan ere, Edmundo Gómez Mangoren testuak irakurri ahala horixe da hartzen duzun sentsazioa, alegia, idatzi ahala ikasten ari zelako sentsazioa, duela hamar urte Hendaian idatzi zuen eta Zurgai aldizkarian argitaratutako artikulu batean, oso nabarmena egin zaidana. 






2020-02-27

Otsailak 27, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren urteurrena



Hasteko eta behin, Saharako Herriari zorionak, zorionak  gaur bezalako otsailak 27 batean libre sentitzen hasi zirelako. Ospakizun hau Mendebaldeko Saharan ospatu ahal izan balitz, bene-benetakoa litzateke, Sahara libre batean. Libre izan arte, atzerrian edo Tindufeko kanpamenduetan ospatzen dugu, eta batzuek are Mendebaldeko Sahara okupatuan ere, bizia arriskuan jarrita ere. 

Ezin ahaztu Tindufen dauden anai-arreben kinka, elikagai eta botika eskasia tarteko, eta egoera hobetzeko lanean jarraitu behar lanean, dudarik ez da; baina era berean, ez dezagun ahaztu kulturarik gabeko herria esklabu izatera kondenatuta dagoela, eta herri jantzia behar dela izan, libre izanen bada. Herri jantzia, askatasun hazia! Ildo horretatik duela hamar urte sortu zen Bubisher, eta hemen, duela lau, Kabiak.

Saharako KABIAK Tinduf-eko errefuxiatuen kanpamentuetako liburutegiak laguntzeko elkartea da. Egun, lau liburutegi daude martxan: Auserd, Djala, Bujador eta Smara. Liburutegien bidez kultura sustatzen da, sahararren bati entzun diodan bezala, liburuak askatasun hazia direlako  eta, gazteei munduari leiho bat zabaltzen die basamortuaren basamortuan egonik ere.

Era berean, hemen Saharako kultura eta literatura ezagutarazteko ekimenak jartzen ditugu abian, bide batez dirua eskuratuz hango liburutegiak eraiki eta hornitzeko, hala nola liburuzainen soldatak ordaintzeko. Hango liburutegietan boluntario lana egin dugu, baita eskoletan ere; eta hemengo eskoletan, Saharako herriaren aldeko borrokaren berri ematen dugu, elkartasuna eta engaiamendua sustatuz.   



Amaitzeko, Sahararekiko gure konpromisoa eta engaiamendua berresten dugu, askatasuna eta independentzia helburu.



2020-01-18

Ez Berriozarren, ez inon; apustu etxerik ez!




Hasteko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur mobilizatu zareten herrikideei, manifestazioari atxikimendua adierazi duzuen kolektibo eta eragileei, eta nola ez, azken asteotan apustuen aurkako aldarria zabaltzen lagundu diguzuen guztiei! Gaur 300 lagun bildu gara eta, zorionak!

Duela zenbait hilabete iritsi zitzaigun beste apustu etxe baten irekieraren berria. Honek herrian izan dezakeen eraginaz kezkaturik, plataforma osatu eta herri gisa antolatzeari ekin genion. Lokal hauek gurea bezalako herri langileetan ari dira zabaltzen, gure txirotzea eta menpekotasun aukerak areagotuz. Izan ere, ludopatia azken urteotan izugarri ari da areagotzen, nagusiki gazteen artean. Honek familiak, lagunarteak eta bizitzak hondatzen dituela argi ikus daiteke, iragarkiek kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere.

Gaurko mobilizazioan argi ikusi da Berriozarrek ezetz esaten diola joko mota honi. Gaurko egunean dei egin nahi diegu Berriozartar guztiei honen aurka antolatzera, plataformara batzera, antolatuko diren kanpainetan parte hartzera eta apustu etxeen kontrako aldarria lau haizetara zabaltzera.

Lan handia dugu aurretik, aurrerantzean hitzaldiak, kontzentrazioak, eta ekimen anitzak antolatuko ditugu, apustuen kontrako kontzientziazio lana eginez eta espazio hauen aurka borrokatuz.

Amaitzeko, dei egiten diogu berriozartar orori datorren otsailaren 8an Iruñean eginen den mobilizazioan parte hartu dezan. Ez Berriozarren, ez inon; apustu etxerik ez!