Showing posts with label sahara. Show all posts
Showing posts with label sahara. Show all posts

2026-02-23

Saharako bibliobusak eta liburutegiak mintzagai Nafarroako Parlamentuan

Iragan den ostiral eta larunbatean Nafarroako Parlamentua egin dira Saharako Bakea eta Askatasunaren aldeko talde parlamentarioen arteko konferentzia. Hona hemen bertan azaldutakoa: 

Otsailaren20an egin mahai-ingurua


Saharako kultura oro har, aberatsa da oso, baina tradizioz, ahokoa. Egia da tribu zenbaitetan bazela liburuarekiko atxikimendu handiago bertzeetan baina, belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu dira errituak, jakintza,  ohitura eta azturak.


Horregatik basamortuko liburutegiak egitea erronka handia izan da: hasieran bibliobusak izan ziren, eta une batean jauzia ematea erabaki zenean, izan zen Bubisherren, Sahararen aldeko idazleen elkartean gure arteko baten bat erokeriatzat hartu zuenik. 


Zorionez, hamabost urteko  ibilbide gogor bezain ederra lortu da wylaya bakoitzean bibliobus bana martxan eta liburutegi bana zabalik izatea. Ederra delako ikustea martxan dauden liburubusak eta jadanik finkaturik dauden bost  liburutegiak, hogeita hamar langile inguru bertan aritzen direlarik.


Ederra da bertan ume sahararrak ikustea, estreinakoz liburu bat eskuratzen dutelarik. Orobat, ederra da gazte sahararrak ikustea bertan bilerak, irakurle taldeak, idazketa tailerrak, antzerkia, hitzaldiak edota ikastaroak egiteko… edo, besterik gabe, gazteek elkar ezagutzeko baliatzen dutelarik. Izan ere, basamortuko liburutegiak bizirik daude, batez ere bertan lan egiten duten liburuzain, txofer eta zaindariei esker. 


Oro har, Saharako kulturak baditu habia sendoak eta Bubisher txoriari esker esperantzarako arrazoi onak, ametsak egia bihurtuak. Eta estreinakoz ume batek liburu bat eskuratzen duelarik mezu bat hartu eta aldi berean eman egiten du: irakurri, idatzi, pentsatu. Liburutegiak ez baitira umeak uzteko toki hutsak, eta bertan sortzen dira ume eta gazte saharar, bizi-biziak. 


XXI. mendeko liburutegiak ezin daitezke izan soilik liburu-biltegiak; are gutxiago, basamortuko liburutegiak. Bubisher txoriaren habiak pentsamendurako babesleku eta ekintzarako gordeleku biziak badira, luze biziko dira. Lana ez da bukatu, inondik ere. 


Duela berrogeita hamar urte, otsailaren 27an,  Bir lehlu-n Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren independentzia aldarrikatzeko gutunak testualki hauxe eskatzen zuen:  


“SEADk honakoa eskatzen dio nazioarteko komunitateari, munduan bakearen eta segurtasunaren oinarriak indartzearren zuzenbidea eta justizia ezartzea helburu dituen nazioarteko komunitateari:

Herri berri honen eraikuntzan eta garapenean lagun dezala, gizon-emakumezkoen duintasuna, ongi-izatea eta nahimenak bermatzeko.”


Nazioarteko Komunitateak giza-laguntza ematen du, baina gero eta gutxiago eta errefuxiatuen kanpamentuetan badira gobernuz kanpoko erakunde anitzek lan ikaragarria egiten dutenak. Gu elkarte txiki bat gara, eta ez dugu erraten hori egin behar ez denik.


Alabaina, gure irudiko, elikagaia eta botikak nahitaezkoak  izanik ere, orobat, kultura, jakintza eta trebakuntza ere behar-beharrezkoak dira. Ildo horretatik doa gure ekarpena, bibliobusak eta liburutegiak hornitzen, laguntzen, sostengatzen eta aberasten, noblea bezain pobrea den Saharako Herriaren kausaren alde. Mendebaldeko Saharara, sorterrira itzultzea lortzen duten arte.

Gora Sahara askea!

Sahara hurra!  




2025-01-25

Doneztebeko liburutegian; kronika ttipia

 

D oneztebe herriko liburutegira etorri eta ondoan aparkatzeko pagotxa izan dut, frontoiaren parean, laxoa izeneko modalitatea oraindik egiten den toki bakarrenetako bat. Doneztebera etortzea beti zait laketgarria, bertan barnetegi bat egin bainuen gazte nintzela euskara ikasteko... Haiek garaiak, haiek!


Kamishibai saioa emateko dena prestatu egin dut, lehenik ene burua, gero bertze guztia: butaia, ipuin sorta, aulkiak... oihal beltz bat ere jarri dut atzeko aldean umeek arreta gal ez dezaten.

Dena prest 16:54


Dozena bat ume etorri dira, lau magrebiar barne, eta arrunt gustura egon dira herriko beste umeekin batera. Lau ipuin kontatuta, zalantza sortu zait: borzgarrena antzeztuko dut ala Sukaldariaren kamishibaiak utzi dien ahoko zapore gozoarekin utziko ditut umeak? Bukatutzat eman dut saioa, nahiago baitut gogo pixka batekin uztea guztia ase-beterik gelditzea baino. 

Kalen eta biok etortzekoak ginen, baina Kalenek gripea harrapatu edo, hobeki esanda, gripeak Kalen harrapatu egin zuen, eta azkenik ni bakarrik etorri naiz, bai kamishibai saioa egiteko, baita hitzaldia emateko ere.

Dena prest 17:52


Hitzaldiaren amaierari erantsi egin diot azken diapositiba bat: Palmak igorritako argazki bat, non bi ume saharar dauden, handiak txikiari laguntzen diolarik, hizkuntz ariketa bat egiten, arbel txuri baten aitzinean. Argazkia hitzaldian egon direnei erakutsi eta galdetu egin diet ea irudi horrek zer iradokitzen dien, ea argazki horrek zer dakarkien gogora, eta azaltzeko, komentatzeko labur badarik ere, hitz batez nahi izatera.

B.-k erran du hunkigarria egin zaiola argazkia
A.-k adierazi du elkarlana egin diola iradoki
Z.-k, ordea, transmisioa ekarri diola gogora irudiak
T.-k, aldiz, aberastasuna, biek ala biek elkarrengandik ikasten dutelarik
A.-k, berdinen arteko tutoretza kontzeptua azaldu du argazkiaren kari.
Nihaurrek erran dut mutiko handiak txikiari nola laguntzen dion iruditu zaidala ederrena.


Zeinen gutura Doneztebeko liburutegian! Luzatu egin gara, luzatu, baina inori ez zaiola inporta dirudi. Izan ere, normalean 20:00 ixten da liburutegia, baina liburuzaina bera gurekin gelditu da, biziki gustura bera ere. Argazki bat eginen dugu bukatzeko?

Denak prest? 20:32 KLIK!










2024-08-30

Gazako Olibondoetan

 


Noraezean dabilen mundu baten hondakinen artean
kondenatuta nago urrats bakoitzean.
arimaren une bakoitzean.
Hitzak bilatzen ditudanean,
malko ukiezinak aurkitzen ditut,
goizez esnatzean,
eguzki-izpien artean

hezetasuna altxatzen denean,
ume bat hondakinen artetik ari da irteten
parke baten bila
beste batzuek alfonbren artean hitz egiten dute
irribarre egin eta badoaz.

Nork etengo du bonben burrunba?
Nork ereingo ditu loreak holokausto hau amaitu dadin?
Aski dugu gorrotozko irribarrez
bizitzaren suntsipenaz.

Malkoek ez dute etenik
haur bakoitzarekin, adineko bakoitzarekin
bizitza hautsi bat hiri fantasma batean
egunero hiltzen den kanpamendu bat.

Eraman zuen gorrotoa,
zuen armak
urrundu zaitezte zeru izartsuan
utzi euriari hodei bakoitzean itzultzen.

Han, Gazako olibondoetan
ume baten irribarrea sortuko da berriz.


 Saharako poeta Ali Salem Iselmu-ren olerkia



2024-05-31

Maitasuna Itsas Zuriko hirian




Maiatz honetan Ali Salem Iselmu idazle sahararraren lehen eleberriaren aurkezpena egin da Iruñeko Geltoki-n: Amor en la Villa del Mar Blanco —Maitasuna Itsas Zuriko hirian—. Ali Salem lagunak istorio luze bat idatzi nahi izan du betidanik, non poeta den pertsonaia batek paisaiari, mendiei eta euriari egiten dien gorazarre. Pertsonaia zuhur eta bikain hori Omar Uld Musa da, nomada-talde bateko burua. Omar Uld Musa poeta zaharrak zuhaitzak, dunak eta harea ederki ezagutzen ditu eta espiritu askea da; soilik dago lotuta basamortuaren mugagabetasunari.


Omar Uld Musaren historia saharar anitzen historia ere bada, zeren nomada izanik, mendebalderantz abiatu  behar izan ziren bizirik jarraitzeko, eta Beruagatik Itsaso Zurirako bide luzean zehar, gauez, urruneko ahotsen xuxurla izan zuen gidari. Itsas Zuriko hirian elkartu ziren, alde batetik, artzain nomadak, itsasoa ikustean harriturik; beste aldetik, arrantzaleak  ere harrituta, zeren ez dituzte haima beltzak eta dromedarioak ezagutzen. Haimen kanpamentuak Itsas Zuriko hiriari begira ezarri eta handik aurrera bi herriren arteko topaketa bat sortzen da, bizitza bera ulertzeko bi ikuskeren topaketa. 


Baina Marokoren okupazioak ihes egitera behartuta, Mahfud eta Fatimetu aitona-amonak hartu behar izan zuten aterbe berea ez den lurraldean, Arjeliaren mendebaldean, goi-lautada harritsuan, hamadan, beste milaka sahararren gisara.  Haatik, Ali Salemen lerroei ez darie porrotik, nahiz eta Beruagako kanpamentu errauts bihurtu, sahararren patu tragikoaren adierazgarri. Poeta zaharrak lerro bakoitzean gogoratzen dituen alfonbrak, esterak, katiluak, teontziak eta jaimak Beruagako hondarretan kiskalita gelditu ziren Marokoko hegazkinen suaren azpian. Nolanahi, putzu zuriak ere bertan dirau, Omar Uld Musatarren beste belaunaldi berri baten zain.


Omar Uld Musa zaharraren ondorengo gehienak, errefuxiatu izatera kondenatuta, oraino bizi dira hamadan. Batzuk, Salma eta Ahmedu kasurako, Itsaso Zuriko hirian gelditu ziren, lurralde okupatuan. Beste saharar gutxi batzuk, Sidi kasurako, tontor elurtu eta pagoz beteriko mendien lurraldeetan Naiara bikotekidearekin. 


Ali Salem Iselmuren eleberri labur honetako orrialdeei darien oinazea eta heriotza Saharako Herrirena da; usu, saharrarak herabe agertzen dira euren miseriak eta norberaren kontu latzak kontatzeko; beti bada gehiago sufritu duen beste familiarik, pairamen bortitzagoa jasan duen beste lagunik. Deserriak eta ihesaldiek bideratzen dituzte dute nobela honetako pertsonaien urratsak.


Amor en la Villa del Mar Blanco —Maitasuna Itsas Zuriko hirian— lau atalez osatutako eleberri bat da, eta bertan bizitzak samina, suntsipena eta heriotza gainditzen ditu, zeren eta Beruagako kanpamentua bizirik dago: Sidi eta Naiararen oroimenean bizi ere, Itsaso Zuriko hirira itzultzeko eta hainbat belaunaldiren bitartez familia baten historia berreskuratzeko ahaleginetan bizi ere.


Maitasuna Itsaso Zuriko hirian, herrimin, 

goibeltasun eta itxaropenez beteriko nobela laburra.  


2024-02-21

Baina... Saharako umeak eskolara joaten dira?

 Saharako Kabiak elkartearen eskutik egin ohi ditugu hitzaldietan Bubisher proiektuaren berri emateko, eta lantzean behin gertatu zaigu entzuleen galderen tartean halako bat jasotzea, harriduraz bustiriko galdea: “Baina… Saharako umeak eskolara joaten dira?”


Eta  honako hau ere: “Umeek bizitza normala egiten al dute?” Bistan denez, normala zer den eta zer ez, nondik begiratzen den, —izan ere, zeri deritzo bizitza normala— baina, nolanahi, galderaren haritik tiraka, gordetako kezka da ea Saharako umeak eskolara joaten diren. 


Egun, eta batez ere errefuxiatu kanpalekuetako zutabe izan den emakumearen lan eta kemenari esker, hezkuntza-sarea antolatuta dago eta, oztopoak oztopo, ibili dabilen hezkuntza-errealitatea dugu; ahalegin handi horri esker Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren analfabetismo  tasa 0 da, Afrikako beste edozein herrialdetan atzemanezinezko ametsa. Izan ere, hasieratik beretik SEADen xedea izan da eta oraino bada gazte sahararrak hezitzea ahalik eta hobekien; horretarako, wilaya bakoitzak badu eskola eta institutu sarea, eta, iragan den urriaz geroztik Aaiunen zabaldu den Pilar Barden liburutegiari esker, wilaya bakoitzean ere bibliobus bana eta baita liburutegi bana ere badute: Bubishser proiektuari esker, SEADen liburutegi sare nazionala osatu eta martxan da dagoeneko. 



Oro har, hezkuntza mintzagai delarik ohikoa izaten da metodologia-alderaketak egitea. Orobat, ohikoa izaten da konparazioak egiteko lehengo garaietara jotzea, iragan hurbilera zein iragan urrunera, Hori horrela, “garai zaharretan” kontu ziurtzat jotzen da umeak hobeki prestatuta ateratzen zirela eta, era berean, maisu-maistra zein irakasleok hobeki tratatzen gintuztela, begirune handiagoz bederen. 


Hausnarketa, oldozpen eta pentsakizunetan murgilduta, akordura datorkit Morgan Weisthing margolariaren artelan bat, Far West-eko garaiko ikasgela baten irudi zoragarria, non maistra gazte ekina, liburu bat eskuan, ozenki irakurtzen duen lezioa ikasleez ingurutua; ez dakigu zer ari den irakurtzen, literatura den edo —probableagoa dena— usadio eta ohitura onen gaineko irakurgai moralista bat den. Nolanahi delarik ere, Country Schoolhouse, 1879, irudi eder horrek balio beza eskola tradizionalaren jardunaren erakusgarritzat.




Mendebaldeko jendartean, eta ez soilik Mendebaldeko Urrunean, maisu eta maistrarekiko begirunea handia zen, zertan uka, eta gelan zein ikasleri ez zitzaion burutik ere pasatzen gaur egun gertatu ohi diren jarrera disruptibo zenbait egitea —batzuk are bortitzak—; baina ez gaitezen engaina, jarrera eta jokaera disruptiboak, Morgan Weisthing-ek margolanean jaso bezala, orduan ere egon, bazeuden, finagoak edo sotilagoak nahi izatera, baina disruptiboak: ikasle bat beste bati papertxo bat mahaiaren azpitik pasatzea ezkutuan, aulkitik jaikitzea “ez-dakit-oso-ongi-zertara” joateko, saioan zehar papiroflexiaz artezki egindako kurrilo baten hegoei eragitea maistrari soraio; edo, besterik ezean, leihotik begira saio osoa ematea, txoriei edo hodeiei beha.


Aitzitik, maisu-maistren lanari begirunea gordetzea ez da iragan garaietako kontua Saharako jendartean, Mendebaldean ez bezala. Saharan oraindik balioetsi egiten da maisu-maistren lana, gurean ez bezala, maisu-maistren heziketa-lana, kultura eta trebakuntza askatasun hazia direlakoan. Sahararrek gordetzen dute euren baitan giltzarri bat, eta giltza hori da herri jantzia izan beharraren kontzientzia, herri jantzia askatasun hazia delako. Izan ere, sahararrek badakite seme-alaben hezkuntza ez dela bikote baten apetaren araberako bikote horren proiektu hutsa, baizik eta Saharako jendarte osoaren konpromisoa eta erantzukizuna dela hezkuntza. 


Guk ere Saharako maisu-maistra horiei gure aitorpena egin nahi diegu lerro hauen bidez, zeren eta baliabidez urri, baina kemenez urre, lanean ari dira gaur ere, lerrook idazten ari naizelarik: Saharako arbelak zaharrak diren arren, batzuk puskatuta egonik ere, hemen baztertutako aulki eta mahaiak berrerabiltzen dituztelarik, kristalik gabeko leihoetatik hotza ala beroa, —urtaroa zein den— sartzen zaielarik eskola ematen duten bitartean… Eta gai dira irakasteko, eskola emateko, lezioa emateko gaurko ume horiek egun batean izateko ingeniari, sendagile, abokatu, kanpo harremanetarako aditu, liburuzain edo erabakitzen dutena erabakitzen dutela izan daitezen.



Bai, Saharako umeak eskolara joaten dira; eta liburutegira eta bai! 








2024-01-09

Kamishibai: ortodoxia vs. heterodoxia

Kamishibai saio bat 
Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan


 Mukashi-mukashi

Helduok araudiak eta ortodoxia maite dugu. Haur eta gaztetxoak, berriz, esnatzen direnetik lotara joaten diren arte mugak noraino luzatzen ahal dituzten probatzea eta arauak haustea dute eginkizun eta plazer. Psikologo eta hezkuntza-adituek diotenez, haur eta nerabeek arauak, irizpideak eta ohiturazko jarduerak behar-beharrezkoak dituzte bizimodu estrukturatuta izanen badute; baina haurtzaro eta nerabezaroan den-dena jartzen da zalantzatan. Araudiak urratuak izateko sortuak izan eta dena aldatu dezaketela iruditzen zaie; eta hala behar du.


Jarrera horri esker, sokatira edo tug of war etengabe batean aritzen dira haur eta nerabeak, hartu eta eman, negoziatzen, egia biribilak duda-mudatan jartzen, kritikoak izaten ikasten dute eta, horren ondorioz, ortodoxia ere zalantzatan jartzen dute. Eskerrak horrela den, zeren eta, ez dezagun ahantzi, jarrera errebelde hori ezinbestekoa da sormenerako. Sormenak lagundu egiten die haur eta gaztetxoei ortodoxiaren harresiak goitik gainditzen, albotik saihesten edo azpitik zulatzen: sormena dute bidaide eta lagun. Izan ere, haurtzaroa eta nerabezaroa heterodoxiaren garaia da.


Kamishibai saioa bat eskaini eta gero, umeak ikusten ditut butaira hurbiltzen. Butaiarekin jolasten dute txotxongiloak balira bezala eta, ortodoxiak akuilaturik, alarmak pizten dira ene baitan, gogora etortzen zaizkidalarik Etsuko Nozaka eta Noriko Matsuirengandik irakatsitakoa: butaian kamishibaiaren orrialdeak sartzen dira, eta butaia mundu errealaren eta ipuinaren munduaren arteko bitartekoa da; butaiaren atexkak hurrenkera  jakin batean behar dira zabaldu eta ipuina amaitzean atexkak itxi kontrako hurrenkeran; kamishibaiaren hasierako hitzak, mukashi-mukashi, eta bukaerako hitza, berriz, oshimai; narratzaileak, kamishibaiak kontatzeko tenorean, ez du bere burua gorde behar butaiaren atzeko aldean, eta ez da komeni arropa deigarririk janztea umeen arreta ez desbideratzeko. Irizpide horiek Noriko Matsuiren How to perform kamishibai liburuan –euskarazko bertsioa  Kamishibai Antzezteko Gida, Denonartean, 2010– agertzen dira; horiek eta askoz gehiago ere bai.


Baina ume sahararrak ikusten ditudalarik butaian jolasean, arau horiek guztiak desagertzen dira ene gogotik tximista baino azkarrago; berehala umeek agertzen dute, propio,  jolas bat, butaia sormenari leiho bilakatuta. Kamishibaia antzezteko balio du butaiak, jakina, baina umeek probatzen eta frogatzen dute  balio dezakeela askoz kontu gehiagotarako.


Eta buruan gordetzen dut balio dezakeela, adibidez,  txotxongilo antzeztoki modura, panpinen etxetxo, munstroen agertoki, heroi biltoki, orrialde txuriak sartzeko eta bertan ipuin berri bat egiteko, photocall bat egiteko eta lagun-taldearen argazkia egiteko ere bai; beste hitz batzuekin esanda, irudimena, sormena eta heterodoxia baliatuz.

Oshimai





2023-08-21

Zahra El Hasnaoui Ahmed-en poema liburua: Amalurra Tirisen

Liman Boisha poeta sahararrak dioenez, Amalurra Tirisen poema-liburuan erbestearen ahots guztiak daude, eta, orobat, erbeste guztien bozak. Baina ez hori bakarrik; izan ere, poema-liburu honetan erresistentzia eta esperantza ere badaude, eta, oroz gain, liburu hau edertasunez betea da, poemak ez ezik irudiak ere badaudela-eta. Iruñeko Iturrama institutuko ikasleek poemak banan-banan irudiztatu dituzte, poema bakoitzak haiengan sortutako sentimenduak eta sentsazioak irudi banarekin lagunduz; poema bakoitzak haiengan eragindako sentipen eta sentsazioen erakusgarri bisuala, nolabait. Hori horrela, irudi bakoitzak poema ikusgarri bihurtzen du, sormen, freskotasun  eta originaltasunez eginak.

 

Saharako Zahra El Hasnaoui Ahmed-en liburu hau bidai-kronika bat da, Zaharak egindako bidaia anitzen emaitza poetikoa. Hainbat tokitara eta lekutara egindako bidaien  kronika ez ezik, bihotzaren eta barne-muinerainoko bidaien kronika ere bada. Zeren eta, ez dezaun ahantzi, bidaia baten helburua ez da edozein portutara heltzea: “Mundua liburu eder batera ailegatzeko egina da”, Mallarmé-k zioenez; Amalurra Tirisen moduko liburu eder batera ailegatzeko, diot nik. 




2023-02-25

SEADen aldarrikapenaren 47. urteurrenaren karietara



Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zela 47 urte beteko dira hilaren 27an. 1976ko otsailaren 27an Mendebaldeko Sahara Herri bat izanik eta indar arrotzen inbasioari erantzuna emateko, Independentzia xede eta helburu zelarik SEAD sortu zuten.

Hori horrela, urte hauetan guztietan zehar SEAD errealitate nazionala izan da eta bada, errealitate ukaezina. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak jakin izan du, oso baldintza gogorretan, estatu bat eraikitzen, burujabe maila orotan.

Saharako estatua herriaren partehartze zuzenarekin eraiki dugu eta eraikitzen ari gara, eta Fronte Polisarioaren kongresu iragan berria partaidetza horren erakusgarri izan da; Saharako Herriak berak eraikitako estatua, mundu osoko errefuxiatu kanpamentuetan bizi direnen esperientzia bakana eta bakarra izan delarik

Nazioartean 84 herrialdek onartzen dute Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, eta herrialde horietako asko eta askorekin harreman diplomatiko normalizatuak dituzte.  Mendebaldeko Sahara Afrikako Batasunaren estatu sortzailetariko bat da, eta egon badago Parlamentu Panafrikarrean eta bere instituzioetan ere. Kontinente afrikarraren hitzordu garrantzitsu guztietan  egoten da, baita nazioarteko beste mailetan ere, adibidez, Europako Batasunarekin.

Mendebaldeko Saharan garai batean espainiar izan ziren horiek eta beren ondorengoek eraikitako estatua da, Espainiak abandonatuak 1975ean eta orain, Pedro Sanchezek traizioa eginda, berriz ere abandonatuak, nazioarteko legediei muzin eginda, justiziari iseka eginez, Saharako Herriaren nahiari erreparatu gabe, harreman historikoak ahazturik eta saharar gehienen borondatea kontuan hartu gabe. 

Hala ere,  gaur SEADen errealitatea ospatu egiten dugu, baina era berean, Espainiako Gobernuko kideei eskatzen diegu traizioaren bidea bazter dezatela eta onar dezatla SEAD errealitate ukaezina dela , eta sahararren nahimena eta beharra dela aske izatea.

Ustezko ezkertiarrak diren Espainiako sozialistak, XXI. mendean, Marokoko erregimen ustel eta diktatorialarekin bat eginda ikustea guztiz lotsagarria da.  

Amaitzeko, argi eta garbi adierazten diogu Pedro Sanchez, Felipe Gonzalez, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Bono, Maria Antonia Trujillo eta Juan Fernando Lopez Aguilar jaunari:

Inork ez du Mendebaldeko Sahararen geroa erabaki behar, sahararrek izan ezik; sekula ez!


SAHARA EZ DAGO SALGAI!















2022-04-03

Hiru miru Saharara doaz

 

Hiru Miru ipuin ilustratua Denonartean argitaletxearen eskutik atera zen duela urte batzuk, eta orduan argitaletxe horretako Unai editoreak —eta hala ere lagunak— Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren liburutto atera berri bat eman zidan irakur nezan, Aho bete amets, ahozko haur poesiaren aldeko aldarri guztiz gomendagarri bat. 

Liburu labur baina ezin interesgarriago honen hasierak badakar nik hainbeste miresten dudan Eduardo Galeanoren pasarte bat: “Nazio batuen Erakundeak 1948an onarturiko eskubideen artean ez omen da ageri amets egiteko eskubidea, baina —Galeanok argi daukanez—, hargatik ez balitz, gainontzeko guztiak egarriz itoko lirateke.”

Orobat, Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets hitzak hiru esanahi biltzen dituela bere baitan: bat, lotan gaudelarik bizi izandako gertaera-bizipen-esperientzia sentsoriala —amets egin dut—; bi, asmo edo ilusio batekin loturikoa —handia idazle izatearekin egiten dut amets—; hiru, desioa edo nahia —umea zoriontsu izatea da gure ametsa—.

Denonartean argitaletxeko editoreak Yolandaren liburua eman zidanean opari, Hiru Miru Sahararako bidean jarri zuela esan liteke. Zergatik ez jarri Hiru miru Sahararako bidean, beste hegazti baten laguntzarekin, Bubisher proiektuaren bidez? Hona hor, beraz, arabieraz eta gaztelaniaz jarri beharra.

Alde batetik,  Agoitzen bizi den Sidahmed Mohamed sahararrak egindako itzulpenari esker, arabieraz irakur dezaten hemen sortutako istorio bat, Bubisher proiektuari esker hango kabietara joan daitezen hegan Hiru Miru; bada gure modu xumea jakin dezaten ez ditugu atzentzen, ez atzo, ez gaur, ez bihar.

Beste aldetik gaztelaniaz, Koro Azkonak egindako itzulpena, hango bigarren hizkuntza ere badelako eta Espainiako Estatuak baduelako erantzukizun handia, saihestu ezinezko erantzukizuna, hango egoerarekin,



Lehen esan bezala, Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets hitzak hiru esanahi biltzen dituela. Lehenik, nik ere amets egiten dut Saharako errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren Balalekin, Jnatharekin, Mouludekin, Habdalarekin, bost urtez udako oporraldia gure etxean eman duen Galia neskatoaren familia osoarekin eta han egon nintzenean ezagutu nituen saharar guztiekin. Bigarrenik, nik Sahara libre izatearekin egiten dudalako amets. Hirugarrenik, munduan zehar barreiatuta dauden saharar guztiak Mendebaldeko Saharara, euren lurraldera itzuli ahal izatea nire nahia, nire desioa delako.

Udak gure etxean eman dituen Galia neskatila sahararra Oporraldia Bakean programari esker hartu genuen. Esperientzia zoragarria izan da eta, dudarik ez dut, askoz gehiago eman digu guk eman dioguna baino, askoz gehiago ekarri digu guk hara eramandakoa baino. Gure alaba sahararrak badaki bi familia dituela: berea, Aaiungo errefuxiatu kanpamentuko Dechera-n bizi dena; eta gurea, harena ere badena, Euskal Herrikoa, eta hemen ez du Jnatha, baina badu Maite; ez du Balal, baina ni nauka; ez du Moulud, baina badu Uxue; eta du Habdala, baina badu Unai.

Unai, seme nagusia, Hiru Miru ipuinaren protagonista da; irudietan agertzen dena Unai semea da, aurpegia —nahita— erakusten ez den arren. Istorio xaloa da, umeei eta gazteei begira idatzia, based in true facts edo benetako gertaeretan oinarritua, eta Hiru Miru du izenburua, baina bi agertzen dira azalean... Hirugarren mirua nor den asmatzeko, irakurri egin behar da.

Eduardo Galeanoren testu batekin hasi eta nik euskarara ekarritako beste batekin amaitu, sahararrei buruzko Hodeien seme-alabak testu ezagun bat: “Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen”.


2022-03-23

Sahara ez dago salgai, Pedro Sánchez

 




Harriduraz irakurri dugu Espainiako Gobernuaren eta Marokokoaren arteko agiria, non, antza denez, Espainiak Sahararentzat lehenesten duen Marokoren proposamen zahar bat, autonomia plan bat, hori benetako soluzio bat balitz bezala.

Pedro Sanchez Maroko okupatzailearen alde lerratu egin da, Espainiak duen erantzukizun historiko, juridiko eta politikoari muzin eginda. Izan ere, Espainiak badu oraindik erantzukizun hori. Orain arte, Saharako herritarrak egonarriaren eta kemenaren eredu izan dira urte hauetan guztietan.

Sahara ez dago salgai eta ez dago bakarrik. Sahararen aldeko talde eta elkarteek fermuki eskatzen diogu Espainiako Gobernuari, gobernuari berari sostengua adierazi dioten talde orori eta baita oposizioko taldeei ere ahaleginak biderka ditzatela Espainiako Gobernuak hartu berri duen jarrera irmoki gaitzetsi eta nazioarteko eskubideen alde egin dezaten. Izan ere, jarrera berriak hautsi egiten du Sahararen auzia dela-eta azken 46 urteotan egon den kontsentsu handia. Benetako soluzio politiko justua nazioarteko eskubideen gauzatzetik etorriko da, autodeterminazio erreferendum baten bidez.

Espainiako Gobernuak beti aurrez aurre izanen gaitu autodeterminazio eskubidearen eta Sahararen independentziaren alde borrokatuz arrazoia gure alde dagoela jakiteak ematen digun indarrekin.

Saharan ere, Autodeterminazioa eta Independentzia!



2022-01-25

Barakaldoko Libreramente liburu-dendan

 



Iragan den larunbatean Barakaldoko Libreramente liburu-dendan izan ginen. Bertan Bubisher proiektuaren berri emateaz gain, hainbat liburu eta bestelako materialak erakutsi genituen.

Era berean, Sahararen aldeko gure ahaleginak bidarkatzeko deia egin zuen María López Belloso lagunak eta otsailean elikagai bilketa eginen dela iragarri zuen. Era berean, luze eta zabal aritu zen Oporraldia Bakean programaz, uda honetan berriz martxan jar litekeenaz.

Biziki eskertzekoa da Sahararen aldeko SALAM elkarteko kideek egindako harrera biziki abegitsua.
Esker mila!
Sukran



2021-03-01

Saharako umeen eskutitza Joe Biden presidenteari


Lehenik, agur bero bat bidali nahi diegu amerikar guztiei.

Espero dugu zu ez izatea aurreko presidentea bezalakoa, Sahara Marokoren zati bat dela esaten zuen hori bezalakoa, hori egia ez delako.

Gu errefuxiatu kanpamentuetako neska-mutilak gara, eta bertan 45 urte daramatzagu. Pobreak gara gure Lurraldea ez dugulako eta Donald Trumpek gure ametsa hautsi zuelako, baina orain esperantza dugu zuregan, erbesteaz nekatuta gaude eta.

Gu neska-mutilak garenez gure hondartza politetan egon eta igeri egin nahi dugu, eta gure arrain gozoak jan, eta gure airea arnastu nahi dugu. Gure Lurraldean nahi dugu bizi eta bakean nahi dugu bizi, eta munduan gerra gehiagorik ez dugu nahi, are gutxiago hemen.

Nahi dugu zuk jakitea zurekin kontatzen dugula, eta gure Lurraldera itzultzeko gogoari ez diogula sekula etsiko, gure odola delako.

Gu ongi gaude, baina gure aita eta anaia askok gerrara joan behar izan du, Marokok Mendebaldeko Saharan gure jendea jotzen, gartzelaratzen eta hiltzen duelako.

Zuk erokeria hau geldierazten ahal duzu, urteak daramatzagu bakeari eusten eta erreferendumaren zain.


Eskutitz hau idazten dizugu zure lagntza eskatzeko, gure Lurraldera itzultzen laguntzeko mesedez, gure kaleetan barna paseatu nahi dugulako, zeruko izarrak ikusi eta gure Lurraldean zahartu ahal izateko. Ez dugu nahi gure aiton-amonei gertatutakoa gure gertatzerik nahi, gure Lurraldean lurperatuak izan gabe hil baitziren.




Ez dakigu eskutitz hau emanen dizuten eta irakurriko duzun ala ez, baina zure eskuetara heltzen bada, zure erantzunaren zain gaituzu, gerraren amaiera ekar lezakeelako, eta inor gehiagorik ez da hilen, errefuxiatu izateari utzi eta aske izanen gara, independentziaren alde egin eta gure Lurraldera itzulita. Eta kanpamentuetara bisitan etortzera gonbidatu nahi zaitugu, gure aiton-amonekin elkartu eta ohiko hiru teak hartzeko, eta askatasunez bere Lurraldera itzuli nahi duen Herri bat garela ikusteko.

Gure Herriaren izenean, besarkada bat behean sinatzen dugun neska-mutilen partetik. 











2020-08-29

Saharako umeen kamishibaiak


Ipuinak kontatzeko kamishibai teknika behin baino gehiagotan izan dut mintzagai, ekainean bertan urrutirago joan gabe. Saharako errefuxiatu kanpamentuetara eramandako kamishibaiez landa, oraingoan badaude bi kamishibai berri, Saharako ahozko tradizio aberatsetik hartutako bi istorio, ume sahararrek kontatuak eta gero kamishibai bihurtuak.


Iruñeko Arte Eskolako lagunei esker, kamishibai horiek, irudi ederrez hornituak, eginak ditugu jada, Covid-19 malapartatuaren ondorioz eta ondoren epe guztiak gaindituta egonik ere.




Kamishibaiak, beraz, prest daude basamortuko liburutegietara eramateko; ea birus madarikatuaren krisialdia gainditu eta gero laster eramaterik ditugun. 

2020-03-20

Duintasuna, Koronabirusaren aurkako txertoa


Izua, izu-laborria zabaltzen ari da dendetan, geltokietan eta parkeetan. Autoak, aparkaturik; tabernak, itxirik. Alta, koronabirusak barreiatzen darrai. Ez Estatu Batuen eta Mexikoren arteko murruak, ez Ceutako eta Melillako hesiek, ez Zisjordaniako murruak, ez Mendebaldeko Sahara erdibitzen duen lotsaren murruak ez dute eragotzi birusaren hedapen azkarra. Segurtasun Kontseiluko nazio boteretsuenek soilik duten beto-eskubideak ere ezin izan dio aurre egin gaixotasun horri.

Planeta osoan zehar barreiatzen den birus berbera borrokatzen dute nazio txiroek. Dendak hutsik daude eta botika-dendetan, aho-maskarik ez; bitartean, Siriako errefuxiatuak truke-txanpon baten gisa baliatzen dituzte herrialde zenbaitetan. Goseak eta hotzak hilko ditu errefuxiatuak, euren patuaz inor arduratzen ez delarik.

Salba ditzagun enpresa txiki eta ertainak, indar dezagun oinarria eta eska dezagun kreditu-lerro bat familiei laguntzeko. Nago ez ote zaizkigun ahaztu Irak, Libia, Yemen eta Siria-ko gerlak. Gatazka hauetan zenbat hildako eragin dituzte armek, ni umea nintzela Mendebaldeko Saharako gatazkan ikusi nuen gisan.

Beto eskubidearen eta arma-salmenten nazio horiek beraiek dardarka daude koronabirusa dela kausa. Dabiden mendekua da, Goliat-en aurkakoa, Mediterraneoan errefuxiatuak hiltzen eta mugako patruilek ontzi hauskorrak bultzatzen dituztelarik

Gizateria gaixorik dago, gerla-errefuxiatuak hiltzen uzten diren unetik bertatik gaixorik, eta gaixotasun hori koronabirusa baino kutsakorragoa da.

Okindegiaren aurrean ilara osatzen dugu, elkarrengandik metro eta erdira gaudelarik ez kutsatzearren. Okinak dirua erabili ordez kreditu-txartela baliatzeko aholkatzen du, birusa diruaren bidez barreiatzen omen delako. Diru hitza entzunda, gogora datozkit Mendebaldeko Saharako Dajla hirian aitona zenak emandako pezetak, goxokiak erosteko ematen zizkidan pezeta zaharrak, zera erraten zidalarik: «Bertze umeei ere eman, bai? Ez itzak goxoki guztiak hik bakarrik jan!».

Kreditu-txartelak ez, baina gaixotasun larriko pertsonak hilko dira koronabirusa dela kausa.

Etxean eserita nagoela, edalontzi bat hartu eta limoi ura, oliba olioa eta ezti pixka bat isuri dut. Dokumental bat ikusten ari naiz, eta protagonistak tuaregak, Tenere basamortua zeharkatzen ari direnak. Aurpegia estalirik eta dromedarioak lagun, oinez doaz basamortuan zehar, Bilma oasi txikiraino artoa, artatxikia eta piper lehorra eramateko. Gero, datila eta gatza eramanen Agadez oasira.

Ibilaldi luzean zehar gidari bat dute, haizeak jotzen duenean hondar-aleak irakurtzen dakien gidaria. Bidea ezagutzen du, aitak eta aitonak ere lehenago egin zuten bide bera baita, eta karabana haren atzetik doa. Gidaria nagusia ere bada, eta ura zentzuz banatzeaz arduratzen da, eta ausart doa oinez, arrakastaren ala porrotaren menpe tuaregak —herri eta komunitate gisa— daudela jakitun. Oasiaren palmondoak urrundik antzematen dituela, taldetik baztertu, eskuak zeruari zabaldu eta bidaia luzea bukatzea eskertzen du.

Egun, arriskua irakurtzen eta beldurra uxatzen dakien norbaiten beharrean gaude, zeinak bide segurutik eramanen gaituen, Tenere basamortuko tuaregen gidariak egiten duen eran.

Onik irtengo gara, hitzaren jabe gara eta, idazketaren eta zenbakien jabe gara eta. Ez ditzagun errefuxiatuak ahantzi, gaixorik daudenak, agureak eta atsoak, etxerik gabekoak, eta ez dezagun ahantzi ospitaleetan apokalipsi unibertsal hau borrokatzen duten gizon-emakumeak Historia egiten ari direla.

Utzi diezaiogun hesiak eta murruak eraikitzeari, eta egin dezagun gerren, pobreziaren eta koronabirusaren aurkako txerto unibertsal bat. Ikas dezagun ongi lezioa. Izan dadila duintasuna gaixotasun honen aurkako txertoa.

Ali Salem Iselmu idazle sahararraren artikulua, euskarara ekarria.



2020-02-27

Otsailak 27, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren urteurrena



Hasteko eta behin, Saharako Herriari zorionak, zorionak  gaur bezalako otsailak 27 batean libre sentitzen hasi zirelako. Ospakizun hau Mendebaldeko Saharan ospatu ahal izan balitz, bene-benetakoa litzateke, Sahara libre batean. Libre izan arte, atzerrian edo Tindufeko kanpamenduetan ospatzen dugu, eta batzuek are Mendebaldeko Sahara okupatuan ere, bizia arriskuan jarrita ere. 

Ezin ahaztu Tindufen dauden anai-arreben kinka, elikagai eta botika eskasia tarteko, eta egoera hobetzeko lanean jarraitu behar lanean, dudarik ez da; baina era berean, ez dezagun ahaztu kulturarik gabeko herria esklabu izatera kondenatuta dagoela, eta herri jantzia behar dela izan, libre izanen bada. Herri jantzia, askatasun hazia! Ildo horretatik duela hamar urte sortu zen Bubisher, eta hemen, duela lau, Kabiak.

Saharako KABIAK Tinduf-eko errefuxiatuen kanpamentuetako liburutegiak laguntzeko elkartea da. Egun, lau liburutegi daude martxan: Auserd, Djala, Bujador eta Smara. Liburutegien bidez kultura sustatzen da, sahararren bati entzun diodan bezala, liburuak askatasun hazia direlako  eta, gazteei munduari leiho bat zabaltzen die basamortuaren basamortuan egonik ere.

Era berean, hemen Saharako kultura eta literatura ezagutarazteko ekimenak jartzen ditugu abian, bide batez dirua eskuratuz hango liburutegiak eraiki eta hornitzeko, hala nola liburuzainen soldatak ordaintzeko. Hango liburutegietan boluntario lana egin dugu, baita eskoletan ere; eta hemengo eskoletan, Saharako herriaren aldeko borrokaren berri ematen dugu, elkartasuna eta engaiamendua sustatuz.   



Amaitzeko, Sahararekiko gure konpromisoa eta engaiamendua berresten dugu, askatasuna eta independentzia helburu.



2019-12-17

Josep Borrell-en arrain ustela

Aziza Mrabih

Aziza gazteak tea prestatu du, te apartsua, aparrik ezean ez baita benetako tea.
Lehen tea, garratza, basamortuaren garraztasunaren adierazgarri, haizearen zaporea duena

Bigarren tea, xamurra, oso xamurra, aiton-amonen laztanen pare, amek egindako ogiaren zaporea duena.
 
Hirugarren tea gozoa, oso gozoa, gure Lurra bezain gozoa, Mendebaldeko Sahararen zaporea duena

Laugarren teak esperantzaren zaporea du, sahararrak Mendebaldeko Saharara noizbait itzuliko diren itxaropenaren zaporea, Lotsaren Harresia gaindituta familiak berriz bat egiteko, atzerrian errefuxiatu emandako urteetako oroitzapenak bizkarrean hartuta

Topa dagigun jadanik ez daudenak gogoan, topa dagigun zure izenean eta denon gizenean, eta topa egin dezagun Sahara askearen alde!

Azizak erretilua pixka bat garbitu, eta beste lau te prestatzera doa, apartsuak, oso apartsuak, zeren eta aparrik ezean ez baita benetako tea: garratza, xamurra, gozoa... eta beti-beti, esperantzaz beteak.
Josep Borrell ministroak “atentatu-arrisku berehalakoa” zela-eta Saharara ez joateko deia egin zuen, Marokoko atzerri-ministroarekin batzartu eta gero. Marokoko ministroaren amua irentsi eta ustezko atentatu-arriskuaren arrain ustela zabaldu zuen Borrellek. Atentatuak aste horretan bertan izan ziren, bai, baina Londresen eta Amsterdamen, eta Josep Borrell ministroa ez zen azaldu adierazteko ez zela komeni joatea Erresuma Batura edo Herbereetara. 

Aste horretan bertan Euskal Herritik Saharara joan zirenak itzuli egin dira jada, ongi eta onik, besteak beste, Berriozarko okina. Gaur goizean esan dit, hirugarren aldia dela Saharara joan dela, eta gero eta gusturago joaten dela. Josep Borrell ministroaren arrain ustelaz oroitu naiz.