Saharako Kabiak elkartearen eskutik egin ohi ditugu hitzaldietan Bubisher proiektuaren berri emateko, eta lantzean behin gertatu zaigu entzuleen galderen tartean halako bat jasotzea, harriduraz bustiriko galdea: “Baina… Saharako umeak eskolara joaten dira?”
Eta honako hau ere: “Umeek bizitza normala egiten al dute?” Bistan denez, normala zer den eta zer ez, nondik begiratzen den, —izan ere, zeri deritzo bizitza normala— baina, nolanahi, galderaren haritik tiraka, gordetako kezka da ea Saharako umeak eskolara joaten diren.
Egun, eta batez ere errefuxiatu kanpalekuetako zutabe izan den emakumearen lan eta kemenari esker, hezkuntza-sarea antolatuta dago eta, oztopoak oztopo, ibili dabilen hezkuntza-errealitatea dugu; ahalegin handi horri esker Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren analfabetismo tasa 0 da, Afrikako beste edozein herrialdetan atzemanezinezko ametsa. Izan ere, hasieratik beretik SEADen xedea izan da eta oraino bada gazte sahararrak hezitzea ahalik eta hobekien; horretarako, wilaya bakoitzak badu eskola eta institutu sarea, eta, iragan den urriaz geroztik Aaiunen zabaldu den Pilar Barden liburutegiari esker, wilaya bakoitzean ere bibliobus bana eta baita liburutegi bana ere badute: Bubishser proiektuari esker, SEADen liburutegi sare nazionala osatu eta martxan da dagoeneko.
Oro har, hezkuntza mintzagai delarik ohikoa izaten da metodologia-alderaketak egitea. Orobat, ohikoa izaten da konparazioak egiteko lehengo garaietara jotzea, iragan hurbilera zein iragan urrunera, Hori horrela, “garai zaharretan” kontu ziurtzat jotzen da umeak hobeki prestatuta ateratzen zirela eta, era berean, maisu-maistra zein irakasleok hobeki tratatzen gintuztela, begirune handiagoz bederen.
Hausnarketa, oldozpen eta pentsakizunetan murgilduta, akordura datorkit Morgan Weisthing margolariaren artelan bat, Far West-eko garaiko ikasgela baten irudi zoragarria, non maistra gazte ekina, liburu bat eskuan, ozenki irakurtzen duen lezioa ikasleez ingurutua; ez dakigu zer ari den irakurtzen, literatura den edo —probableagoa dena— usadio eta ohitura onen gaineko irakurgai moralista bat den. Nolanahi delarik ere, Country Schoolhouse, 1879, irudi eder horrek balio beza eskola tradizionalaren jardunaren erakusgarritzat.
Mendebaldeko jendartean, eta ez soilik Mendebaldeko Urrunean, maisu eta maistrarekiko begirunea handia zen, zertan uka, eta gelan zein ikasleri ez zitzaion burutik ere pasatzen gaur egun gertatu ohi diren jarrera disruptibo zenbait egitea —batzuk are bortitzak—; baina ez gaitezen engaina, jarrera eta jokaera disruptiboak, Morgan Weisthing-ek margolanean jaso bezala, orduan ere egon, bazeuden, finagoak edo sotilagoak nahi izatera, baina disruptiboak: ikasle bat beste bati papertxo bat mahaiaren azpitik pasatzea ezkutuan, aulkitik jaikitzea “ez-dakit-oso-ongi-zertara” joateko, saioan zehar papiroflexiaz artezki egindako kurrilo baten hegoei eragitea maistrari soraio; edo, besterik ezean, leihotik begira saio osoa ematea, txoriei edo hodeiei beha.
Aitzitik, maisu-maistren lanari begirunea gordetzea ez da iragan garaietako kontua Saharako jendartean, Mendebaldean ez bezala. Saharan oraindik balioetsi egiten da maisu-maistren lana, gurean ez bezala, maisu-maistren heziketa-lana, kultura eta trebakuntza askatasun hazia direlakoan. Sahararrek gordetzen dute euren baitan giltzarri bat, eta giltza hori da herri jantzia izan beharraren kontzientzia, herri jantzia askatasun hazia delako. Izan ere, sahararrek badakite seme-alaben hezkuntza ez dela bikote baten apetaren araberako bikote horren proiektu hutsa, baizik eta Saharako jendarte osoaren konpromisoa eta erantzukizuna dela hezkuntza.
Guk ere Saharako maisu-maistra horiei gure aitorpena egin nahi diegu lerro hauen bidez, zeren eta baliabidez urri, baina kemenez urre, lanean ari dira gaur ere, lerrook idazten ari naizelarik: Saharako arbelak zaharrak diren arren, batzuk puskatuta egonik ere, hemen baztertutako aulki eta mahaiak berrerabiltzen dituztelarik, kristalik gabeko leihoetatik hotza ala beroa, —urtaroa zein den— sartzen zaielarik eskola ematen duten bitartean… Eta gai dira irakasteko, eskola emateko, lezioa emateko gaurko ume horiek egun batean izateko ingeniari, sendagile, abokatu, kanpo harremanetarako aditu, liburuzain edo erabakitzen dutena erabakitzen dutela izan daitezen.
Bai, Saharako umeak eskolara joaten dira; eta liburutegira eta bai!
No comments:
Post a Comment