Nik
Alberto Petri maite nuen. Iragan den mendearen azken hamarkadan
berarekin militantzia partekatzeko ohorea izan nuen. Estimu handitan
nuen, miresterainoko adiskidantza, eta badakit ez naizela bakarra;
zuetako askok ere miretsiko zenuten, Alberto zen bezala zelako.
Hildakoen
omenez panegirikoak idazteko joera dago, baina Albertoa ateoa zen
—eta harro gainera—, beraz, nekez izanen da santua. Eliza
Katolikoaren eta bereziko OPUS DEIren gehiegikeriak salatzen lehena,
irakaskuntza publikoaren aldeko sutsua. Izan ere, Alberto oso gizon
jantzia zen, jakintza handikoa, eta argudiatzen bazekien gutxik
bezain ongi; Iruñean zinegotzi emandako zortzi urte horietan behar
zenean —sutsuki behar zela, amultsuki behar zela— hamaika
eztabaidaren protagonista izan zen, ez protagonismoa bilatzen
zuelako, oso gizon argia zelako, eta Albertoren partehartzeak beti
urduri jartzen zituen besteak, lekuz kanpo utzita.
Garai
horiek, baina, ez ziren samurrak izan: anitzetan, edozein gaia zela
ere, Herri Batasunaren izenean aurkezte hutsarekin, beste alderdien
sektarismoaren adierazgarri, ezezkoa ziurtatuta zegoen; Albertok
aitortu zidan behin baino gehiagotan HBren jarreraren kontrako mozioa
aurkezteko tentazioa izan zuela behin baino gehiagotan, hartara
besteek kontra bozkatuta HBren jarrera garaile aterako zelako. Eta
maiz, Alfredo Jaime alkatearen jauntxokeria eta errespetu faltekin
nazkatuta, Albertok oinetako bat erantzi eta hari botatzeko tentazioa
izan zuela, —gerora ikusi izan dugun protesta ekintza mundu
zabalean—. Eta hori kontatzean, irri bihurria erakusten zuen
Albertok.
Gaizki
pasarazi zioten Albertori, eta bere osasunean ordaina izan zutela
urte gogor horiek, ez dut nik zalantzarik. Behin izugarri mindu zen,
ikusi zuenean izenez ezkerrekoa den beste alderdi bateko zinegotzi
batek Albertoren beraren karpetan dokumnetuak arakatu, ideiak lapurtu
eta gero plenoan harenak balira bezala aurkeztu zituenean: izenez
ezkertiarra den alderdi bateko kide batek egin izana zen
Albertorentzat mingarriena.
Guztiok
bezala, argi-itzalak izanen zituen, baina askoz argi gehiago itzalak
baino. Itzal bat, berak onartua, euskara ongi ez jakitea: Tornamira
Matematika Olinpiaden arauak euskaratzeko mesedea egingo ote nion...
Eta nola esan ezetzik Albertori? Txantreako bere etxean unibertsitate
osoan baino askoz gehiago ikasi nuen, segur naiz, eta oraindik daukat
buruan aholkatu zidan liburu bat: John Allen Paulusen El
Hombre Anumérico;
eta
bete-betean asmatu zuen.
Baina
agian gehien gogoratzen dudana ez dago lotuta afera politiko batekin:
ederki gogoratzen dut duela 20 urte, gure semea jaio zenean, pelutxe
bat eman zigula opari, oraindik ere baduguna, behi txiki polit bat,
urdina, Lau izenekoa, gure semearen ohe gainean urteak eta
urteak eman dituela. Eta horrek erakusten du maila politiko handiko
ordezkari bat izatean gain, maila handiko pertsona ere bazela. Nola
ez maite?
Eta
kontu hauek guztiak gogoratzean begiak lausotzen zaikidan arren, ziur
naiz Alberto Petrik irri bihurria eginen duela, dagoen tokian
dagoela. Eta
musu bana senidei.