Showing posts with label Italia. Show all posts
Showing posts with label Italia. Show all posts

2017-02-12

Si non caste, saltem caute

Carabinieri horiek harrituta gelditu ziren Andrea Contin apaizaren etxea arakatu zutenean: bibradoreak, zartailuak, kateak, emakume-lentzeria lizuna, baita emakume bota txuri berezi bat ere, takoi altukoa. Apaiz baten etxeak baino, sex shopa zirudien. Ustegabea are handiagoa izan zen Paduako komisaldegian Andrea Contin apaizaren etxetik hartutako bideoak ikusi zituztelarik: aita-santu izenak zituzten bideoak izanik ere —Joan Paulus II, Benedictus XVI eta beste— etxean egindako pornoa zen. Italiako Fiskaltzak publiko egin duen auzibidearen atalean agertzen diren zehaztasunak, likits eta lohiak, agerikoak dira.

On Andrea apaizari sexu-jokoak eta pornoa ez ezik, luxua ere gustatzen zitzaion, jatetxe on garestietako oturuntzak, eta Cap d’Agde-era joatea noizean behin. Cap d’Agde-k, Marseillatik hurbil dagoen turismo-gune handiak, ospe handia du: alde batetik, hondartza nudistak direla zio; bestetik, bikote-trukaketa klubak direla kausa.

Apaiza Jaguar gorri batean joaten zen horietara, ederki lagunduta, eta bikote-trukaketa horietan, sexu jolas moduan, hirugarren pertsona batekin sexu harremanak izatean Andrea Continek apaiza zela ezkutatzen zuen —horrek piz lezakeen morboa profitatu gabe— eta abokatutzat jotzen zuen bere burua. Paduara itzulita, Jaguar gorria bere gurasoen etxean ezkutatzen zuen; San Lazaro parrokiako eliztarrek ez zuten zertan jakin Jaguar gorri bat bazuela, nekez azal zitekeena kontuan hartuta apaiz baten soldata 1.050 eurokoa baino ez dela.

“Erregeak ez du zaldi ainitzen jabe izan beharko (Deuteronomioa, 17 16,(...) Ez du emazte ainitz ukanen, haren bihotza desbidera ez dadin, ez du metatuko urre eta zilar. (Deuteronomioa 17, 17) Bistan da, erregeek agian ez, baina apaizek bai.



Ni duela sei urte Paduan egon nintzen, Pisatik Veneziarako bidean, San Antonio eliz ederra ikusteko geldialdi labur bat eginda, gabonetan. Aurtengo gabonetan hitzetik hortzera ibili den auzia San Lazaroko apaizarena izan da. Nik ez nuen ikusi apaiz horren San Lazaro eliza ikusi —San Lazaro berriro ere berpiztuko balitz, bere parrokiako apaizaren balentriak ikusita lotsaren lotsaz hilko litzateke berriz— , baina apaiz hau ez da sexu-jokoetan ibili den apaiz bakarra: Andrea Continek berak grabatutako —eta gero aita-santu izenez etiketatu— bideo porno zenbaitetan agertzen Carbonara di Rovolon elizako parrokoa, Roberto Cavazzana. Apaiz hau, gaztea eta itxura onekoa —George Clooney-ren antzekoa, omen— eliztarrek biziki maite zuten, batez ere, emakumeek.

Bideoak ikusita, Andrea Contin apaizak Roberto Cavazzana apaizarekin amorante batzuk partekatu omen zituen... Emakume horietako batek egindako salaketari esker zabaldu da auzia; lehenago, Paduako eliz-agintarienaga jo baina ez zioten kasu handirik egin, eta horregatik jo zuen Carabinieri-engana; “Emakumeak goiz eta arratsaldez ibiltzen ziren apaizarekin” salatzaileak esan zuenaren arabera... 15 emakume prostituziora bultzatzeagatik akusatua izan daiteke... eta badira zonaldeko beste bi apaiz ere ikerketapean daudenak.

Paduako eskandaluaz eta beste hainbat auzitaz galdetuta, Conferenza Episcopale Italianako idazkari nagusia den Nunzio Galantinok aitortu zuen “apaiz zenbaiten jokaeragatik sufrimendua eta lotsa bazela, baina Eliza ez dutela ordezkatzen”

Diskurtso kanonikoa baliatzen dute berez delituak direnak zuritzeko. Izan ere, on Andrea Continek onartu ditu harremanak izatea emakume batzuekin, bederatzirekin bai; salaketa jarri zion emakumearekin urteak eta urteak oheratu dela ere onartu du, emakume hori jo izana edo beste gizon batzuekin harremanak izatera behartu izana ukatu duen arren. Emakumeak salatu duenez, “apaiz horrekiko harremana zaila zen, berak zeuzkan gustu sexual bereziengatik”.

Apaiz horiek ez badira Elizaren ordezkari, zergatik bidali ditu kanpora, leku seguru eta ezezagun batera eskandalua baretu arte? Hori ez al da balizko delitugile bati ihes egiten laguntzea eta aterpea ematea? Apaiz horiek hainbeste “bekatu” eginda, Elizak deskumika ditzala; gero, utz ditzatela justizia arruntaren esku. Izan ere, Italiako Fiskaltzak egotzitako delituak ez dira nolanahikoak: etxeko indarkeria, dirua bidagabe erabiltzea eta prostituzioa eragitea.

Zelibatuaren arau zahar hori eutsiezina eta sotengaezina da, eta ederki iruditzen zait edonor nahi duenarekin oheratzea, apaiza, moja, apezpikua, gotzain edo aita santua izanik ere... abusatzen ez duen bitartean. Badira kasu ezagun asko: apaiza batzuek harreman normalizatua daramate eta seme-alabak dituzte euren emazteekin. Ez berdin litzaidale apaiz batek gizon batekin ibiliko balitz, besteak ere nahi badu... hor dago gakoa.

Duela urte batzuk idatzitako Deabruen habian banioenez, Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak ez du etenik, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak. Izan ere, Andrea Contin eta Roberto Cavazzana apaizak ez dira salbuespenak... Paduan eta Erroman, Bostonen eta Dublinen, eta badakigu Euskal Herria ez dela salbuespena... Aspaldi sortu zuten Erroman esaera bat: Si non caste, saltem caute: Ezin bazara izan kasto, zuhur jokatu. On Andrearen oturuntzek, orgiek, bideoek eta Jaguar gorriak agerian uzten dute: ez kasto, ez zuhur. 

2012-02-06

Fibonacci-ren banpiroak


1180ko abenduaren 31n, bidaiari misteriotsu bat heldu zen Pisara. Europako Erdialdetik omen zetorren eta norabide jakinik gabe ibiltzen zen hiri batetik bestera. Baina Pisan, bere bide ilunari berriro ere lotu aitzin, bidaiari misteriotsu hark Donatello izeneko gazte bati kosk egin zion lepoan. Hurrengo egunean, eta 24 ordu igaro eta gero —ohiko inkubatze-aldia—, Donatello banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 2an, nahasmen banpirikoaren 24 ordu jakinen buruan, Donatellok berak bere lagun Filippo-ri kosk egin zion, eta, hartara, hurrengo egunean Filippo ere banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 3an Donatellok bere bigarren biktimari kosk egin zion, Lucreziari, eta urtarrilaren 4an, Filippo lagunarekin atera zen ehiza egitera; ordurako nahasmen guztiak gaindituta, kosk egin zioten, hurrenez hurren, Sandrori eta Giuliettari...

Urte batzuk pasatu eta gero, eta behin banpìro-izurritea itzalita —erruki gaitezen irakurleaz eta isilk ditzagun xehetasun zantarrak—, zenbakietara emana bizi zen gazte batek gertaera horiek laburbildu zituen: 1181ko urtarrilaren 1ean, Pisan banpiro bat zegoen, Donatello. Urtarrilaren 2an artean banpiro bakar bat zegoen, ordurako banpirogai bat ere bazegoen arren, ernaldian, Filippo. Urtarrilaren 3an bi banpiro zegoen, eta beste bat gehiago, banpiro izateko bidean, Lucrezia. Urtarrilaren 4an hiru banpiro zegoen, eta beste bi gehiago, ernaldian. Urtarrilaren 5ean bost banpiro zeuden, eta hiru gehiago, bidean. Leonardori, hala deitzen baitzen Pisako matamatikari gazte hori, banpiroen kopuru segida bitxia egin zitzaion: 1, 1, 2, 3, 5, 8…: nahasmen banpirikoaren 24 ordu horiek gabe, zenbaki segida bigarren mailako progresio geometriko bat izango zen (lehen egunean, banpiro bat; bigarren egunean, bi; hirugarrenean, lau..,) eta martxa horretan, aste pare baten buruan edo, ez zen Pisa osoan gizaki arrunt bat ere geratuko. Baina segidaren zenbaki bakoitza aurreko bien batuketa izanik, hazkundea askoz ere geldoagoa izan zen.

Batzuek uste dute Pisako Leonardok, Fibonacci izenez ezagunak alegia, sekuentzia famatu hori asmatu zuela untxien ugalketa erritmoari beha, baina benetan bestelakoa izan zen, eta lerrootan kontatzen ari naizena egiazko historia da. Edo, italiarrek esaten duten gisan, se non è vero è ben trovato. Ederki asmatua, bai, ikuspuntu didaktikotik bederen, zeren aspaldiko urteetan matematika eskoletan untxien ordez banpiroak baliatzen nituelarik, ikasleek askoz arreta handiago eskaintzen zidaten, eta, beraz, zenbaki segida liluragarri horren mamia eta deribazio kontaezin guztiak askoz hobeki ulertzen baitzituzten
Ikasi beharrekoa: matematika irakastea, lehen-lehenik, hizkuntzalaritza kontua da —kontu oro den bezala—, baina metalinguistika kontua ere bada, hau da, kontu literarioa. Ia-ia guztia bezala.


Post scriptum: gustatu bazaizue ipuina, meritua ez da nirea,  Carlo Frabettirena baizik. Zinez, se non è vero è ben trovato.

2011-01-07

Caffè macchiato ala espresso?

Milano-ko katedralaren inguruko merkatal gunea jendez betetzen da igandea izanagatik: domenica senpre aperto gaztigatzen dizu harro iragarki handi batek. Katedrala bisitatu dugu, duela bost urte Reggio Emiliara etorri ginelarik, hegazkinetik baizik ez baikenuen ikusi Milanoko Il Duomo katedral erraldoia. Arantza hori kendu dugu bihotzetik.


Milano-ko katedral itzelaren orratz horiek guztiak triku baten itxura ematen diote eta bertakoek hala deitzen omen diote, sagarroia edo kirikiñoa. Hori kontatu didate behintzat, horko kafetegi batean. Atzerrira joaten naizenean, turistak ibiltzen ez dituzten kafetegiak maite ditut. Saiatzen naiz saihesten turistatzat har nazaten. Milano-ko erdigunean zaila da turistentzat ez den kafetegi bat aurkitzen, baina lortu dut. Kafea hartzeko orduan, italiarrak nora, gu hara. Normalean macchiato hartzen dudan arren, oraingoan espresso bat hartuko dut. Ez dut kafe txar bat ere hartu bidaia osoan.


Atzerrian, herri bakoitzaren berezko hatsa arnastea dut gustukoen eta ahalegintzen naiz bertako usadioak ikasten, tokian tokiko jana eta lekuan lekuko edana profitatzen. Nago bederatzi eguneko oporraldi labur honetan gainetik baino ez dudala dastatu Italia.

2011-01-05

Izotz ondoko eguzki, Veneto-n gaindi.

Gaua Venezian emanda, Veneto-ko hiriburutik Verona-rako bidea hartu dugu. Strada-ren, autopistaren alde banatan mahastiak eta mahastiak ihintzaz zipriztinduak. Tenperaturarik gabeko goiza: 0 grado kanpoaldean, buseko termometroak salatzen duenari kasu egitera. Venezia-tik Verona-rako bide oso-osoa sakelako telefonoz hizketan eman du buseko gidariak. Ordubete, aise, hitz eta pitz. Italian ez omen dago debekatuta sakelako telefonoz aritzea gidatzen duzularik. Buseko gidari italiarren inguruko mito guztiak egiazkoak direla berresteko aukera paregabea. Buseko lehiotik begira ari naizelarik, eguzkiaren izpi batzuek argitzen dute inguru izoztua: Izotz ondoko eguzki. Ezinezkoa gogoratzea Xabier Lete-ren poema osoa gidariaren kalaka gogaikarria dela bide... Hasierako bertsoaz aparte, ez dut besterik gogoan: Izotz ondoko eguzki.

Veronan, busetik jaisterakoan, gidariak galdetu digu:

- Spagnoli?
- Ez, basqui.
- A, basqui, separatisti!

Jatorra, gidaria.

Veronan, bero onik ez, hotz handia baizik. Piazza Brà-runtz abiatu gara oinez eta orduan etorri zait burura Xabier Lete zenaren beste bertsoak.

Izotz-ondoko eguzki,
neguaren farre:
olerkariak noizbait
hiri gorazarre.