Showing posts with label dialisi. Show all posts
Showing posts with label dialisi. Show all posts

2023-10-03

Dialisi pazienteak eta garraioa: bigarren mailako herritarrak ote?

Ezin dugu gehiago jasan. Hamar urte baino gehiago anbulantzien garraio-zerbitzua hobetzeko eskatzen daramagun arren, garraio-zerbitzu hori eskasa da oraino. Eskasa enpresa pribatu bati egindako esleipenaren kasuan, eta enpresa-publikoaren kasuan eskasa ere; ez kasu batean, ez bestean, dialisiari lotuta bizi garen pazienteen garraio-zerbitzua ez da onargarria.


Dialisi pazienteak bizitzari lotzen gatzaizkion tratamendua ospitale hauetako batean jasotzen dugu: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, Tuterako Sofia Erregina ospitalean ala CUN delakoan.  Bertara joan behar izaten dugu, pazientearen arabera beti ere, astean hirutan edo lautan, eta dialisi-saiora ekartzen gaituzte anbulantziaz; tratamendua jaso eta gero, etxera eramaten gaituzte. Urteak daramatzagu garraio arazoak jasaten: arreta eskasa, itxaronaldi luzeak, atzerapenak, matxurak, ibilbide luzeak, ordutegi txarrak… enpresa publikoaren sorrerarekin soluziorik izan ez dutenak. 

Pazienteen beharren arabera izan beharko litzateke anbulantzien ibilbidea; zerbitzuaren antolaketa egokia behar dugu. Pazienteen beharren arabera egiteak esan nahi du kontuan hartzea, kasurako, hemostasia luzea behar duen paziente batek ez lukeela ordubete beranduagoko  anbulantzia  hartu beharko; pazienteen araberako zerbitzua eskaintzeak esan nahi du lau ordu t’erdi inguru irauten duen tratamendu bat jasotzen duen paziente batek ez lukeela zortzi ordu osotara eman beharko etxetik at; pazienteen araberako zerbitzua eskaintzeak esan nahi du dialisi-saioaren osteko itxaronaldi luze horiek ez jasatea dialisitik  atera berri den pertsona abaildu batek; pazienteen araberako zerbitzua emateak esan nahi du ez ematea hamaika buelta Nafarroa osoan zehar nor bere etxera eramateko.

Bestalde, anbulantzia batzuetara sartzeko estribu edo ointokiekin, arazoak: aldian aldiko kontuak argudiatzen dute, hautsa bertan biltzen baita euriarekin lohia sortuz eta estribua ateratzea eragotziz. Gure ustez aldian behineko kontua balitz, txofer batzuk ez zuketen plastikozko tabureterik erosiko pazienteak igo daitezen anbulantzietara: hori gertatu da 74, 77, 79, 87, 88, 96, 124, 139… zenbakidun anbulantzietan. Beste anbulantzia zenbaitetan, gainera, arazoak galgekin, segurtasun uhalekin, ateen zirrikituekin… are, ate zenbaitetan zuloak eta guzti daude.

Urtearen hasieran ALCEReko ordezkariek bilera egin zuten anbulantzietako langileen ordezkariekin, baina gure irudipena da kezka handiago dutela langileen egoeraz pazienteen egoeraz baino. Eta gauzak bere horretan oraino. 

Izan ere, berriki lau anbulantzia matxuratu eta garabiek eraman behar izan dituzte egun bakar batean. Beste kasu batean, paziente batek, ordubete itxaroten eman eta gero, honako eskaera hau jasotzen du: ura emateko, anbulantziaren motorea berotzen ari zela eta; pazientzia handiko pazientea, horratik!  

Liburu anitzetan aipatzen den modura, “osasun zerbitzuaren erdigunean pazientea dago” eta erabakiak partekatuak izan behar dira; baina, tamalez, gure iritzia jasotzeko ez da pazienteekin kontatzen, ez ibilgailuen akatsen berri izateko, ez  zerbitzua hobetzeko ekarpenak biltzeko —Jarraipen batzorde baten bidez, adibidez—, ezta erreklamazio orriak ere jasotzeko —erreklamazio orriekin ere, arazoak—: zain jarraitzen dugu, gure arazoez galdezka Osasun Departamentuak noiz deituko zain; bigarren mailako herritarrak ote gara?



ALCEReko presidente Manuel Arellanorekin, 
besteak beste, Radio Pamplona irratian  

 



2023-09-13

Dialisirako joan-etorrian, komeriak

Bigarren giltzurrun-transplantea egin zidatenez geroztik, ez naiz joaten Ospitalera dialisia egitera. Nolanahi, badira oraindik nire lagun batzuk, bertara joan behar izaten dutenak astean hirutan edo lautan, lau ordu edo lau ordu eta erdi makinari lotuta egotera. Hori horrela, astean dialisi-saiora ekartzen dituzte anbulantziaz eta, tratamendua jasota, etxera eramaten dituzte atzera. Sinplea dirudien arren, ez da dirudien bezain erraza. Izan ere, errealitatea bestelakoa da oso. 


Adibide bat: Maria anderea Iruñetik 30 kilometrora bizi da, eta, beraz, etxean goizeko 6,30etan jasotzen du anbulantziak. Eguneko ospitalerako bidean,  bertze 4 herritatik pasatzen dira, beste lagun batzuk jasotzeko. 7,30etan iristen dira ospitalera, dialisi-saioaren ateriko, garaiz prestatzeko. Maria anderearen kasuan 4 orduko dialisia izaten du astelehen, asteazken eta ostiraletan. Dialisi-saioa, teorian, 8,30etan hasten denez, dialisi-saioa normaltasunez igarotzen bada, 12,45ean anbulantzia zain izaten du etxera eramateko. Anbulantziak etxerako bidea atzera eginda 14,00etan uzten du teorikoki. 


Zein da errealitatea? Demagun  5 orduko dialisi-saioa duen paziente batek 8,30etan hasi behar duela eta goizeko 6,30etan etxera joaten direla jasotzera. Badakizue zer dakarren horrek? Anbulantzia noiz iritsiko zain  ordubete egon dela, eta beste ordubete zain tratamendua hasteko —2 orduko itxaronaldia—, eta, beraz, tratamendua atzerapenarekin amaituko dela; horrek eragin onik ez du izaten paziente kroniko honen bizitzan, ezta artatzen diren beste pazienteengan ezta erizainengan ere. Ez al litzateke errazagoa izanen jarduera-protokolo bat izatea? 


Demagun gurpil-aulki baten erabiltzaile zarela. Demagun anbulantzia-zerbitzutik esaten dizutela hobe dela aulki arrunt bat erostea anbulantzian sartu eta ainguratzeko. Zer egin? Ez al litzateke errazagoa izanen era guztietako aulkietarako egokitutako anbulantziak jartzea? 


Demagun  zaharra zarela eta 4 orduko dialisi-saioa amaituta ordubete itxaron behar izaten duzula, astean hirutan, eta, azkenean, taxi bat hartu behar izaten duzu. Zer iruditzen zaizu? Ez al litzateke errazagoa antolaketa ona izatea? Irudikatu etxera lasai asko itzultzen ari zaretelarik, zure anbulantziak dei bat jasotzen duela eta ospitalera beste paziente baten bila itzuli behar dela. Zapuztuta. Eta, gainera, anbulantziatik jaisteko esango baliote, beste anbulantzia batek etxera eramateko? Ez al litzateke errazagoa izanen txukun antolaturiko ibilbide bat izatea? Gaixo kroniko hauei zor zaien begirunea behar-beharrezkoa da.


Benetako kasuak dira, dialisi paziente kroniko batzuei gertatutakoak sarri. Izan ere, eta horra testu honen  gakoa, gaixo kroniko horiek sarritan pairatzen dituzte atzerapenak antolamendu-gabezia dela kausa; zalantza izpirik gabe,  zerbitzuak badu zer hobeturik. 


Nafarroako ALCER elkartean urteak daramatza eskatzen anbulantzien edo premiazkoa ez den osasun-garraio programatuaren jarraipen-batzordean parte hartzeko,  bai iritzia emateko, baita ere zerbitzu eraginkorragoa izan dadin, bai lizitazio-pleguetan, baita giltzurrun-gaixotasuna duten pertsonentzat berebiziko garrantzia duen zerbitzu horren funtzionamendua kontrolatzeko eta ebaluatzeko ere. Denok ordaintzen dugun zerbitzu publikoa izanik, inplikatutako guztiei eskatzen diegu zorrotz jokatzeko eta eraginkortasunez kudea dezaten; tamalez, bistan da, paziente eta erabiltzaile batzuei ari zaigu erakusten asko dagoela hobetzeko, eta Gobernu berriak ekin beharko lioke horri. Izan ere,  hobe berandu inoiz ez baino.





2023-06-07

Emaileen Egunaren kari

 

Ekainaren 7an Emailearen Eguna ospatzen da. Aukera hau baliatu dut emaileei eta emaileen senideei  eskerrik beroena adierazteko, transplante bat izan dugunon izenean; ene kasuan, giltzurrun transplantea.


Izan ere, transplanteez hitz egiten dugunean, ezer baino lehen, baitezpadakoa da eskerrona adieraztea bai emaileei eta baita haien senideei ere dohaintzaren eskuzabaltasunagatik, zeharo altruistak direlarik. 


Pelloren egia bada ere,  emailerik gabe ez dago transplanterik, bistan da, ezta dohaintzen elkartasun desinteresaturik gabe ere.


Orobat, eskerrik asko zirujau, erizain eta sendagileei ere eman beahr zaizkie, baita, Osasunbideko langile guztiei ere, gutxitan txalotuak, lanean ez beti aitortuak eta gehiegitan ezezagunak eta ezikusiak.


Bada epitafio gisa erabili ohi den testu labur bat bat, eta emaile izan beharraz kontzientzia hartzeko lelo gisa baliatzen ahal dena:


Bizi emankor dena

ez da hiltzen ahal;

maitasunez libreki emana

ez daiteke ezerezean gal.


2016-11-20

Amorante abandonatua

Iragan den astean giltzurrun-transplantea egin zidaten. 4 oreneko ebakuntza arrakastatsua izan zen eta, klinikan astebete emanda, Berriozarko gure etxera ekarri nau emazteak. Etxean amorantea nuen zain, dialisi-makina, itzalita eta pizteko beharrik gabe; giltzurrun berria bizkor omen dabil, eta, beraz, agur dialisiari, agur betiko —hala espero but nik bederen— gaueroko dialisiari.

Gaur lo egin dut dialisi makinaren ondoan, baina ez diot kasurik eman; argitxoak piztu gabe, ilun zegoen, isil. Gauaren sakonean pixa egiteko gogoak esnatu egin nau, eta orduan ohartu naiz gaurgero ez nagoela amoranteari lotuta, ez dudala plastikozko bonbillan maskuria hustu beharrik. Ohetik altxatu nahian, ebakuntza egin berria dudala gogorarazi dit min akutu batek. Nekez, baina zutik jartzea erdietsi dut eta gelaren iluntasunean, dialisi-makinaren argitxorik gabeko lehen gau honetako iluntasunean, haztamuka abiatu naiz komunera. Komuneko zuloan txiza egitean, poz handia hartu dut. Ebakuntzaren ondorioak oraindik nabarmenak izanik ere, ohera pozik eta uros itzuli naiz. Emaztearen arnasaldiak baizik ez dira aditzen. 

Gelaren txoko batean, dialisi-makina isilik eta itzalirik datza, amorante abandonatu baten girasa: “Gureak egin din, agur betiko, Betty Baxter”.  

2016-07-16

Hendaiako gauak

Dialisi-makinaren argi motelek, gauaren erdian, nabarmen. Oraindik ordu batzuk falta dira drainatze sei zikloak bukatzeko, eta txiza egiteko beharra dut, behar handia izan ere. Bazter batean dudan Baxter etxeko makinari lotua egonik, ezin komunera joan eta plastikozko pixontziarekin moldatu behar. Haztaka bilatzeari ekin diot, eskuin besoa luzatuz, baina hutsa ukitzean larritu egin naiz. Ez nuen ahantziko, bada, bart pixontzia ekartzea nire ohe ondora! Larritzen hasi naiz, harik eta hatz mamiekin plastikozko bonbilla ukitu dudan arte. Ohikoa ez den tokian zegoen gaur pixontzia, eta ohikoa ez den gela batean, egunerokoa ez den ohe batean natzala gogoratu dut bat-batean. Bai, Hendaian naizela gogoratu dut, lagun baten etxean, hondartzatik ez urrun. Erronka bat izan da oporretara etortzea dialisi-makina eta guzti, baina erronka gainditu egin dudala uste dut, arazoak arazo, eta Baxter etxekoen hutsegitea gorabehera glukosa poltsak ekartzeko tenorean. Nolanahi, dialisi-makinak, nire amorante setati halakoak, ez dit kale egin; armairu baten barruan kokatu dut dialisi-makina, eta glukosa-poltsak pertxa banatan zintzitikatuz moldatu egin naiz egunotan.

Glukosa poltsak zintzilikatzeko soluzio bat

Hori guztia gogoratu dut azkar, lipar batez, gero pixontzia hartu eta maskuria hustutzeari ekin diot. Agian bart ez nukeen azkeneko tragoska hori edan behar, baina egarri nintzen eta Bretainiako sagardo hori biziki maite dut, eta zaila da Hegoalden lortzen... Bretainiako sagardo gozoa da nire bizio bakarra Hendaiara etortzen naizenetan... Botila bat eramanen dut bueltan, hemendik hilabete batzuetara hartu eta Hendaiako egunak gogoratzeko, Bretainiako sagardoa bezain gozoak.

2016-05-19

Dialisi-makinaren argitxoak

Dialisi-makinaren argitxoek logelako iluntasuna urratzen dute. Drainatzeak min eman eta esnatu egin nau. Hainbat hilabetetan, dialisi-makinaren zarata txikiek lagundu naute lorik gabeko gau luzeetan, makinaren zaratei eta drainatze-zikloei ohitura hartu arte. Amorantearen argazkia izeneko testuan aipatu nuen jada: iazko urritik dialisia egiten dut gauero-gauero bederatzi orduz, ohean nagoen bitartean, eta maiatzean gaudelarik, neurria hartu diodala esan dezaket.

 Gaur, baina, drainatze mingarriak esnatu egin nau. Gauaren ilunean dialisi-makinaren pantailla txikian 6tik 3. drainatzean dela dio: dreinatzeak ez ninduen esnatu beharko, baina esnatu egin nau azken xurgaketak. Baxter etxeko makinaren zaratak ederki ezagutzen ditut jada; begiratu gabe ere badakit bukatu duenean xurgatzen eta glukosa berriz nire gorputzera sartzen hasten denean.

 Gaur mina ez da oso handia izan, nahikoa, baina, loaldia hausteko; sei drainatze egiten dituenez gauero, oraindik gauaren erdian gaudela esan nahi du; eskubiko eskua luzatu eta hatzen puntekin iratzargailua hartu nahi izan dut; bada garaia orratz argiztatuak dituen beste iratzargailu bat erosteko, etxean duguna ez baita iluntasunean ikusten, eta gauez botoi bati sakatu behar zaio zein ordutan bizi garen jakiteko. Gauaren sakonean, baina, hatzak ez dira nahi bezain trebeak eta hatz-puntekin ukituta iratzargailua bota egin dut lurrera. Erdi esna erdi lo nagoen honetan maldizioka hastear egon naiz, baina ondoan datzan emazteak ez du hori merezi; emaztea ere ohituratu egin da dialisi-makinaren gora-beherei eta orain alarmak ere ez ditu beti aditzen; drainatze-makinaren alarma zaratatsua gutxitan hasten da joka, eta jadanik hain ongi ezagutzen ditudanez zantzuak, batzuetan alarma jo baino lehen kapaza naiz aurre hartzeko arazoari eta alarmaren zarata gogaikarria saihesteko emaztea ez esnatzeko. Zeinen zoriontsu egiten nauen emaztearen arnasaldi erritmikoak.

Erdi esna-erdi lo nagoen honetan dialisi-makinaren zarata txikiak eta emaztearen arnasaldien kulunkan gelditu naiz... lo.

2015-12-03

Amorantearen argazkia

Honekin ematen ditut gauaren oren luzeak. Itxuraz ez da oso erakargarria, baina zin dagit ase ezina dela, eta azken tanta xurgatu arte ez didala bakerik ematen, batez ere gaueroko lehen hustuketan.

Gauero-gauero nauka harrapatuta, ia-ia bederatzi oren luzez, eta bost aldiz esnatzen nau; hilabete elkarrekin daramagun arren, ez dut lortzen bere erritmora egokitzen, estu-estu loturik nauka eta.

Diotenez, zientifikoki frogatuta omen dago, egoera berrietara egokitzeko 21 egun behar omen du gizakiak... Bada, nik muga hori gaindituta ere, ez naiz laketu, eta gainera, ez dakit nahi dudan...

Amerikarra da berez, eta Baxter du bere grazia, nik Bazterretxe deitzea nahiago dudan arren, etxeko bazter batean egoten baita gau eta egun; izena ere, jarri diot, Betty, beti-beti hor nire zain egoten baita.

Umorez saiatzen naiz hartzen gauero-gauero dialisi-makinari lotuta egon behar hau, eta amorantea deitzen diot, batere maite ez dudan arren, eta amore eman nahi ez dudalako... Hauxe duzue, biluz-biluzik, nire amorantearen argazkia...