2026-09-01

Isaac Puente Ameztoy, aintza eta ohore

 Isaac Puente Ameztoy 1896ko ekainaren 3an sortu zen, Las Carretasen, Abanto-Zierbanan (Bizkaia)
1907an Orduñako Jesuiten kolegioan hasi zen Batxillergoa egiten; azken bi ikasturteak Gasteizen egin zituen, familia Arabara joana baitzen 1911n. Izan ere, Gasteizen botikari lan egitera joan zen aita, San Frantzisko Aldapa -Cuesta de San Francisco 2- kaleko botikan, gero, anaia ere bertan aritu zelarik farmazilari. 1913an batxiller titulua eskuratu zuen. Urte batzuk igarota, Isaac Puentek berak onartu zuen ez zegoela safisfos Josuren Lagundiaren ikastegian jaso zuen heziketarekin...

Mediku izan zen 1918ko urritik, eta 1919ko urtarriletik Maeztun lortu zuen sendagile plaza. 1919ko maiatzean Luisa García de Adoin Sedanorekin ezkondu zen, Bilbon; Isaac, 23 urteko gizona zen orduan. 

Arabako Maeztu herrian aritu zen sendagile. Hainbat eta hainbat artikulutan sinatzeko tenorean honakoa jartzen zuen bere burua definitzeko asmoz: “landa eremuko mediku bat”. Haren ustez, medikuntza soziala izan behar zen eta honako hau zioen: “Norbera baino mediku hoberik ez dago”. Isaac Puente. El médico anarquista. (Francisco Fernández de Mendiola, Txalaparta, 2007,) liburuan aipatzen denez, “gizon garaia zen, beltzarana, serioa, ondratua eta zentzuduna”.

“Ikusten bazuen eriaren egoerak eskatzen zuela, gaixoaren etxean pasatzen zuen gaua ikusteko nola zihoakion gaixoari. Kobratzeko tenorean, ikusten bazuen miseria gorrian bizi zela, ez zion kobratzen; are ogerleko batzuk ere uzten zituen burkoaren azpian gaixoaren familiak botikak eros zitzan.” Ezkuzabal eta bihotz handiko gizona, beraz.

Meri alabari kasu egitera, Isaac Puente “lehenik karlista izan zen, baina baziren langile batzuk aritzen zirenak Ferrocarril Vasco-Navarroaren lanetan, Lizarra eta Gasteizen arteko trenbidean, eta horiek  CNT-koak ziren: horiek konbentzitu zuten aita eta anarkisten aldera pasa zen.”.

Diotenez, 1934an Isaac Puentek sustatua, picnic nudista bat ospatu zen Gasteizko katedral berriaren aitzinean, artean urbanizatu gabeko orubea zelarik; ondoan, baina, aberatsen neskatikoendako Ursulinas-en kolegio bat zegoen; hura zen hura mojen asaldarura! Neskatilen irri lotsatia eta inguruko langileen  irri konplizeak! Gasteizko anarkistei beha aurre-aurrean gizonezko zein emakumezko biluzik zituztelarik.

Antza, Isaac Puente ez zen oso hizlari iaioa, eta hitzaldi bat eman behar zuenean, orri txiki batzuk baliatzen zituen; idatziz, ordea, literatur estilo zuzena zuen eta irakurle ororentzako egokia. CNT sindikatuko kide izanik, Isaac Puente Anarko-komunismoaren eredu izan zen eta bere idazkien ekarpena ez da asko ikertuta izan. Nolanahi, Buenaventura Durruti buruzagiak konfiantza handia zuen harengan, eta Comite Nacional Revoluciónario delakoan  buru jarriela, horren adierazgarrri. Engaiamenduaren ondorioz atxilotua izan zen 1934ko maiatzean Isaac Puente torturatua eta auzipetua izan zen.

1936ko altxamendu frankistaren ondorioz, Maeztun zela, atxilotu, espetxeratu eta Gasteizko gartzelara eraman zuten uztailaren amaieran. Espetxean zela, Milan Astrai-egon zen tarte batez bai Maeztun baita Gasteizen ere. Kasualitatea ala kausalitatea? Irailaren 1ean, Pancorbo-ko mendi-arroilan fusilatu zuten Isaac Puente, baita Maeztuko bertze udal batzarkideak ere; udal batzar osoa erail zituzten orduko faxistek. Non ote dauden zehazki ehortzirik, batzuen ustez eta bertsioak bertsio, ez da kontu segurua. Kontu ziurra dena da epaiketarik gabe, gauez eta azpikeriaz erail zituztela, eta hiltzaileen zigorgabetasun lotsagarriak bere horretan dirauela. Espanian justizia, hanka-motz eta besa-motz.

Gerla garaian, Isaac Puente batalloia eratu zen Bilbon. CNTren hirugarren batalloia izan zen eta bertan Arabatik ihes egindako anitzek parte hartu zuten. Batalloi horren buruzagi Manuel de la Mata komandantea izan zen lehenik, Enrique Araujo gero, eta Antonio Teresa azkenekoz. Euzkadi faxistek azpiratu zutelarik, Isaac Puente batalloiak borrokan jarraitu zuen Kantabrian eta Asturiasen, baita gero Katalunian ere.

Espainiako Errepublikak azken hatsa eman aitzin, 1939an, Madilgo Udalak Isaac Puenteren omenez kale bati haren izena ematea deliberatu zen, eta Santa Engracia kaleari izena aldatzeko erabakia hartu bazen ere, ezin izan zen gauzatu; egun Isaac Puente zenaren izena daraman kalerik ez du Madrilek, eta, bistan da, Ayusok ez du eginen, Jakin ere ez baitu jakinen nor zen Isaac Puente eta ez du jakin nahi ere. 

Ez gaitezen izan Ayusoren parte eta gogora dezagun Isaac Puente, Maeztuko mediku anarkista. Gaur  hilkintzaren laurogeita hamar urte bete direlarik, ahanztura borrokatu behar dugu, memoria ere borroka delako. Ezin dugu Isaac Puente Ameztoi ahaztu, ezta bera bezalako bertze anitz. Espainia aldera autoz Pancorbo igarotzen duzun hurrengoan, irakurle, gogoratu Isaac Puente Ameztoi medikua. Aintza eta ohore!

Isaac Puenteren bizitzaren hainbat data esanguratsu

  • 1921-1922 Alfredo Donnay eta Daniel Orille, Gasteizko CNTko bi kide, ezagutu zituen
  • 1927 Colegio Oficial de Médicos de Árabako juntako kide
  • 1930 Colegio Oficial de Médicos delakoak Isaac Puente lehendakari-orde izendatu zuen eta baita Arabako Aldundian ordezkari ere. Tarte batez diputatu izan zen Arabako Foru Aldundian, laster dimisioa eman zuen arren.
  • 1932ko apirilaren 16an lehen atxiloketa; maiatzaren 2an, gose grebari ekin zion. 10an, aske
  • 1933ko maiatzaren 8-9an, bigarren atxiloketa, CNT-ren greba orokorrerako deialdiaren ondorioz
  • 1933ko uztailaren 20an, hirugarren atxiloketa, zurrumurru baten kari
  • 1933ko abenduan, laugarrenez atxilotua, Zaragozan
  • 1936ko uztailaren 29an, azken atxiloketa; Gasteizko espetxera eramanda
  • 1936ko abuztuaren 24an, Millan Astrainen egonaldi laburra Gasteizen eta Maeztun
  • 1936ko irailaren 1ean, Isaac Puente eraila

Nota bene: artikulu honen Iturri nagusia: Isaac Puente. El médico anarquista. Fernández de Mendiola, Francisco Txalaparta, 2007, (erdaraz)



2026-08-28

Jaietan ere, tarte bat Palestinaren alde

 

Jaietan ibilita ere, tarte bat hartu behar dugu Palestinaren alde agertzeko. Udan zibilen aurkako erasoak biderkatu dira Palestinan. Ez diot nik, Nazio Batuen Erakundeko hamaika adituk salatu dute.


Donald Trampen onarpenarekin, armada sionistak 160 bat lagun hil ditu Gazan, ustezko su-etena gorabehera: israeldarrek beraiek agindutako eremuetan errefuxiatu zeudenak gupida gabe erail dituzte, haur, gazte zein zahar. Gainera, ospitaleen eta aterpetxeen alartzean zeudenak ere izan dira armada sionistaren jo-muga. Ez diot nik, Nazio Batuen Erakundearen beraren langileen heriotza sarraskiaren froga da.


Nazio Batuen Erakundeak agindutako elikadura-laguntza oraindik ez da aise sartzen ahal Gazan; gainera, merkataritza-kanalen bidez sartutako produktuak ultra prozesatuak dira, eta ez dira sobera egokiak, ez nutrizioaren aldetik ezta ikuspuntu kulturalaren aldetik ere. Ez diot nik, baizik eta Nazio Batuen Erakundeak.


Honi guztiari, kolono sionistek sortutako izua gehitu behar zaio eta, ez gaitezen engaina, zeren eta kolonoen ekintza ankerrak “Israelgo okupazio indarren babesarekin eta parte-hartze zuzenarekin batera doa". Hori ere ez diot nik, Nazio Batuen Erakundeak baizik.


Haatik, diot nik, basakeria normaltzat hartzea nahi dute; bada jaiak ospatzen ari garen Berriozar herrian, tarte bat hartu dugu esateko, irmoki esan ere, ez dutela lortuko basakeriara ohitu gaitezen; aitzitik, gehiegikeriak, triskantzak eta genozidioa salatzen jarraituko dugu, herri palestinarraren eskubideen alde aldarrika jarraituko dugu eta gobernuei Israelekiko harreman oro eten ditzatela exijitzen jarraituko dugu.


Ben Gvir ministro israeldarrak iragarri berri du palestinarrak “urkatzeko instalazio” bat eraikitzen hasi direla. Instalazio horren “behaketa-gelak” isrrealdarrek palestinarren erailketa zuzenean ikusi ahal izango dute. Sionisten basakeriaren adierazgarri argia.


Horren aurka agertu behar gara, ankerkeria hori salatu eta gure esku dagoen guztia egin. Baten batek erranen dizu, jaien erdian, orain eta hemen ahotsa altxatzeak ez duela balio ezertarako. Ezer ez egiteak ez du balio ezertarako, hori bai gauza ziurra dela! Inperialismo ultrakapitalistaren garaian, adorea, indarra eta kemena! Ezinbestekoa da Palestinaren alde agertzen jarraitzea, genozidioak ez baitu etenik.

 


 

Yayoi Kusama

Mercè Ibarz-ek dioenez No pienses, mira —Ez pentsatu, begiratu— liburutxoan, begiratzea margotzea da eta alderantziz ere, margotzea begiratzea. Nolabait errateko, errealitateari era berezi batez behatzea eta errealitate hori molde propioan interpretatzea. Nor bere zoroak bizi duela egia handia da, eta badirulike euskal esamolde horrek ederki biltzen duela Yayoi Kusama artistaren bizitza.  

Yayoi Kusama-ren heriotza agorril honetan heldu da; agortu da sormen-iturri oparo bat.  Ia mende batez bizi izan da, bizitzaldi luze eta naroa, baina ez erraza, hamar urterekin diagnostikatu baitzioten Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboa (NOK). Haatik, Yayoi Kusamak ezinegonaren eta antsietatearen ondorioz atzematen zuen errealitate berezi hori margoen bidez islatzeari ekin zion eta artelan bihurtzen asmatu. Aise erraten da, baina oso neska buru-argia behar zuen hori erdietseko.  

Duela hiru urte Yayoi Kusama japoniarraren margolan erakusketa ederra zuzen-zuzenean ikusteko aukera izan genuen Bilbon, eta zinez txundituta atera nintzen Guggenheim museotik. Orain, Yayoi Kusama zenaren irudiak ordenadorearen pantaillan ikusten ari naizelarik, susmatzen dut ez naizela atzematen ari Bilbon sentitu nuena, inondik ere ez. Izan ere, margolari baten irudi bati, jatorrizko margolan bati, ez zaio begiratzen ahal berdin zuzen-zuzenean ala pantailla batean, irudi digitalen formatu egokia eta kalitatea handia izanik ere. Ez, ez da berdin sentitzen dudana, Guggenheim  museoarena  ederra izanagatik.
  
Yayoi Kusamak galdu du bizia, baina ez bizitza, eta horrela adierazten du artelanen bidez, ondare oparoa opari emanda.

 


 

2026-07-30

Mila egun baino gehiago sionistek genozidioa hasi zutenetik Gazan


 Hiru kontu

  1.      Israelgo Armadak 73.000 lagun baino gehiago hil ditu; horietarik  20.000 adin txikikoak. Su-etenaz geroztik, Gazako Osasun Ministerioak dioenez, 100

  2.     Israelek okupatu zuen Gazaren erdia eta Lerro Hori bat ezarri eta adostu zen arren, ez du errespetatu. Egun, Israelgo Armadak Gararen %60 du bortxaz hartua.   

  3.     Gazako palestinarrek jarraitzen dituzte erasoak pairatzen eta lekuz aldatzen soldadu israeldarren erasoen ondorioz. Gainera, uda minean, urez eta janariz urri, egoera ezin hobera joan.


Hori horrela, bertze hiru kontu:

Lehenik, gure elkartasun handiena palestinarrei adieraztea eta Armada sionistaren ankerkeria eta basakeria salatzea, hala niola gobernuei eskatzea harreman oro eteteko gobernu sionistarekin 

Bigarrenik, ezin da onartu, ezin normaltzat jo,  behin eta berriz telebista bidez ikusten den Palestinarren giza eskubideen urraketa, Israelek gauzatua AEBen kolaborazioarekin eta Europar Batasunaren isiltasun konplizearekin.

Hirugarrenik, Palestinaren alde jarraitzea ez da soilik bihotzak agintzen diguna, ez da soilik kontu morala; buruak ere erraten digu mundu osoan zabaltzen ari den agintekeria eta eskuindarren olatuari aurre egin behar zaiola, zeren eta Palestina borroka handiago baten lubaki bat da, galdu ezin daitekeena edota berreskuratu behar dena.

Mila egun baino gehiago sionistek genozidioa hasi zutenetik Gazan, eta irmoki jarraitzen dugu aldarrika, uda minean ere, Berriozarko Osasun Etxearen atarian, hileroko azken ostegunean ohikoa den bezala.

 

Gora Palestina askatuta! 

 

2026-06-22

Soneto satanikoak

 

Emaiguzu gaur egun honetako ogia, egiten genuen otoitz gazte eta katoliko ginelarik, aspaldi handian. Aita santuaren bisitaren kontura eguneroko ogia ez, baina eguneroko matraka bai eman digutela. Sekulako amarru propagandistiko eta mediatikoa estaltzeko Eliza Katolikoaren alde ilunak, politika atzerakoien bultzatzaile izatea, pederastia kasuak, inmatrikulazio lotsagabeak…



Erakunde multinazional horretan badira, alta, itzalak, itzal anitz eta askotarikoak, eta horiei erreparatuta, bururatu zitzaidan idatzizko erantzun bat ematea, baina ez ohiko testu bat, baizik eta soneto zeneko ahapaldiaren bidezko erantzun jantzia. Eliza katolikoaren kideek egindako bilaukeria eta gehiegikeria zenbait, kasu ezagunak, hogeita hamaika sonetotan ditut jaso Soneto Satanikoak izeneko liburuttoan, Zerokotan bilduma baten baitan argitaratu direnak.




Xedea, artefaktu poetiko jaso horretan gera daitezen jasota Eliza Katolikoaren inguruko egia horiek, Aita Santuak mikrofonoaren aurrean sekula azalduko ez dituenak. Eta bekaturik baldin badago soneto horietan, zer esango diogu bada: barkatu gure zorrak guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero.