Omar Uld Musaren historia saharar anitzen historia ere bada, zeren nomada izanik, mendebalderantz abiatu behar izan ziren bizirik jarraitzeko, eta Beruagatik Itsaso Zurirako bide luzean zehar, gauez, urruneko ahotsen xuxurla izan zuen gidari. Itsas Zuriko hirian elkartu ziren, alde batetik, artzain nomadak, itsasoa ikustean harriturik; beste aldetik, arrantzaleak ere harrituta, zeren ez dituzte haima beltzak eta dromedarioak ezagutzen. Haimen kanpamentuak Itsas Zuriko hiriari begira ezarri eta handik aurrera bi herriren arteko topaketa bat sortzen da, bizitza bera ulertzeko bi ikuskeren topaketa.
Baina Marokoren okupazioak ihes egitera behartuta, Mahfud eta Fatimetu aitona-amonak hartu behar izan zuten aterbe berea ez den lurraldean, Arjeliaren mendebaldean, goi-lautada harritsuan, hamadan, beste milaka sahararren gisara. Haatik, Ali Salemen lerroei ez darie porrotik, nahiz eta Beruagako kanpamentu errauts bihurtu, sahararren patu tragikoaren adierazgarri. Poeta zaharrak lerro bakoitzean gogoratzen dituen alfonbrak, esterak, katiluak, teontziak eta jaimak Beruagako hondarretan kiskalita gelditu ziren Marokoko hegazkinen suaren azpian. Nolanahi, putzu zuriak ere bertan dirau, Omar Uld Musatarren beste belaunaldi berri baten zain.
Omar Uld Musa zaharraren ondorengo gehienak, errefuxiatu izatera kondenatuta, oraino bizi dira hamadan. Batzuk, Salma eta Ahmedu kasurako, Itsaso Zuriko hirian gelditu ziren, lurralde okupatuan. Beste saharar gutxi batzuk, Sidi kasurako, tontor elurtu eta pagoz beteriko mendien lurraldeetan Naiara bikotekidearekin.
Ali Salem Iselmuren eleberri labur honetako orrialdeei darien oinazea eta heriotza Saharako Herrirena da; usu, saharrarak herabe agertzen dira euren miseriak eta norberaren kontu latzak kontatzeko; beti bada gehiago sufritu duen beste familiarik, pairamen bortitzagoa jasan duen beste lagunik. Deserriak eta ihesaldiek bideratzen dituzte dute nobela honetako pertsonaien urratsak.
Amor en la Villa del Mar Blanco —Maitasuna Itsas Zuriko hirian— lau atalez osatutako eleberri bat da, eta bertan bizitzak samina, suntsipena eta heriotza gainditzen ditu, zeren eta Beruagako kanpamentua bizirik dago: Sidi eta Naiararen oroimenean bizi ere, Itsaso Zuriko hirira itzultzeko eta hainbat belaunaldiren bitartez familia baten historia berreskuratzeko ahaleginetan bizi ere.
Maitasuna Itsaso Zuriko hirian, herrimin,
goibeltasun eta itxaropenez beteriko nobela laburra.