Duela
hilabete, Benedikto XVIgarrenak dimisioa eman aitzin, albiste batek
eman zidan atentzioa:
Sinéad O'Connor abeslariak adierazi du Eliza Katolikoak eskumikatu
duela, eta eskatzen dio Vatikanoari ziurtagiri bat. Hona hemen haren
hitzok:
"Antza
denez, eskumikatu naute, baina hori adierazten duen bakarra
L'Osservatore
Romano da,
Eliza katolikoaren egunkaria, inork irakurtzen ez duena.
Baina nik nahi dut bilobei erakusteko moduko zerbait. Txioren bat edo
beste bidali diot Benedikto aita santuari, baina ez dit oraindik deus
erantzun."
Handik
gutxira, Ratzinger aita santuak karguari eta kargari ezin ziola
eutsi, eta utziko zuela iragarri zuen, baina ez dut uste abeslari
dublindarraren eskaerak zerikusi izanen zuenik. Alta, zerikusi izan
omen du Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak, artaldea
zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak ez baitira izan
ez bat, ez bi, eta salaketa soka luzeak ez du etenik.
Adin
berekoak gara Sinéad
O'Connor eta biok, eta gazte-gaztetatik miretsi dut kantatzeko haren
ahots zoragarria. Baliteke irakurleak gogoan izatea Juan
Pablo II. aita santuaren argazki bat urratu zuenekoa, EE
BBetako Saturday
Night Live telesaioan,
zuzen-zuzenean
egin ere. Gogoan dut garai hartan sortu zen iskanbilaren haritik neuk
ere izan nuela gogorik aita santuaren argazki bat mila puskatan
hausteko; ez nuen egin, baina.
Eliza
Katolikoaren barruan izan diren umeen aurkako sexu-abusuak direla
eta, Sinéad
O'Connor
dublindarrak horrela deskribatu du Vatikanoa: “deabruen habia".
Ratzingerrek
ez zion agiria eman, baina Bergoglio argentinarra horren “irekia”,
“herrikoia”, eta “umila” baldin bada, aita santu berriak
eskumikatze-ziurtagiri hori eman beharko lioke dublindarrari eta
eskatzen duen edonori. Katoliko sentitzen ez garen anitz gara Eliza
Katolikoaren zerrendetan, eta uste baina zailagoa da ezabatzea. Izan
ere, zailagoa da Eliza Katolikoan baja ematea telefonia-konpainian
batean baino. Zerbait egin beharko da L'Osservatore
Romano egunkarian
agertzeko; iradokizunak onartzen dira. Zenbat argazki urratu behar
dugu eskumika gaitzaten?