Showing posts with label bertsolaritza. Show all posts
Showing posts with label bertsolaritza. Show all posts

2025-09-18

Olerkariak eta bertsolariak, uztarri berean

Hatsa Elkartearen hitzorduak beti izaten dira interesgarriak, eta iragan den larunbatekoak ere bete zuen aurreikuspena. Izan ere, hilaren 13an hitzordua bertsozale-poetikoa izan genuen Euskal Herriaren ia-ia erdigune geografikoa den Larraunen. Lehenik, Lekunberrin, non ibilaldi poetikoa egin genuen Larraun ibaiari jarraiki; ibilaldi arina bai, baina ez arinkeriaz egina, mintzagai anitz eta askotarikoak agertu baitziren, gero bertso korala egiteko tenorean baliatu genituenak. 




Ur jauzian ez ginen  sartu, estriptisa ez genuen egin, baina “estriptitza” hitza sortu zen eta horren haritik egin nuen ene ekarpena bertso kolektiboan, zortziko txikian. Prozedura berezia izan zen, zeren nork bere bertso-lerroa egiten du, bat eta bakarra, baina ez daki bertzeek zer idatzi(ko) duten.


Hauxe da Lekunberrin 
giroa duguna
Lekunberrin loreak
landurik garuna
berdetasuna indar
zortezko eguna
estriptitza (sic) eginda
dugun maitasuna.



Gero, Mugiroko Ostatuan bazkari legea egin eta bertsolariak bertso ederrez bete zuten ostatuaren inguru ederra: bertsoz, olerkiz, zirtoz, irriz eta bertze. Bertsotan aritu ziren, Iparraldetik etorritako Jean-Louis Harignordoki Laka baxenafarrarekin batera, Rikardo Gonzalez De Durana eta Serapio Lopez arabarrak, eta Asier Otamendi gipuzkoarra. Piper-potoa zela eta ez zela, potoa zela eta ez zela, “Bide okerretik beti zuzen” dabiltzala erran zuen batek, baina, okerrak oker, okerrik ezean ez dago aurrera egiterik. Izan ere, ez dago bertsolaririk inoiz potorik egiten ez duenik. Halaber, ez dago olerkaririk palinpsestoa inoiz baliatu ez duenik, bertze norbaiten olerki baten gainean olerki bat berridatzi ez duenik, alegia...  Nolanahi, bertze bertso koral zenbait egin genuen goian aipatutako prozedura bereziari jarraiki, bakoitzak bertso-lerro bakarra eginda, jakin gaberik bertzeek zer botako zuten; emaitza, jarraian doakizuna:


Gaur poesiak eta bertsoak
batu gaituzte Mugiron
bazkaritako etorri gara
xerra-urdailak dagizuen on
lagun bikainak dauzkagu eta
emakume eta gizon
kezkatu gabe umore onez
gaur gaitezen uros egon
literaturaz blaitu eta pozik
zeren ez gaude edonon


Bazkaldondo luze eta emankorra izan genuen bertaratu ginenok, bertsolari zein poeta, bertsolari poesiazale zein poeta bertsozale... Errepikatzeko modukoa!    



2025-08-07

Getarian, bederatzi puntuko bertsoa



Getariako jaietan giroa itzela

"Giroa" ostatuan beti egoten dela

parranda egin ta gero

"Itxas gain" hotela

 bestela, beti duzu

plazako batela

Ez izan tentela

ez izan ergela

hor duzu bestela

lagun marinela

piratak beti dauka prest karabela.


"Itsas gain" hotela







Batela


Karabela




2025-04-07

Andoni Iturrioz jaunari, esker onez

argazkia: Urtzi Urkizu
Arg.: Andrea Bella

Apirilaren lehen igandez eta  usadioari jarraiki. Hatsaren Poesia Eguna ospatu dugu Larraldean, Amotze-Senperen dagoen Andoni Iturriotz-en baserri ederrean. Bertan aurkeztu dugu aurtengo liburua, eta bozkarioz erraten ahal dugu XXVII. edizio honetako liburuan olerkari parrasta batek parte hartu duela, 128 egilek guztira, bertze urteetan baino gehiago. Aurkezpen saiora agertutako olerkariak ere, anitzak eta askotarikoak izan gara. Izan ere, Larraldea urte luze hauetan lagun poeta zaharrak berriz elkartzeko eta lagun poeta berriak ezagutzeko parada izan da


Arg.: Urtzi Urkizu

Argazkian ikus dezakezunez, olerkariok bat egin dugu euskararen zapalkuntzari aurre egiteko Baionan deitutako manifestazioarekin, mugaren bi aldetako olerkarion engaiamenduaren adierazgarri.

Haatik, oso litekeena da argazki hori ez errepikatzea, aurtengo hau izan baita, segur aski, Hatsaren Poesian parte hartzen dugunon azken bilkura Larraldean. Bada tenorea, beraz, Andoni Iturriotzi eskertzeko, bihotz-bihotzez eskertu ere, urte hauetan guztietan zehar Larraldearen egoitza eta babesa eskaintzeagatik. 

Horregatik aurtengo bilkuran errezitatu nuen poema ez da aurtengo edizioan argitaratuetako bat,  iazko liburuan agertutako soneto bat baizik, Andoni Iturrioz jaunari, esker onez, izenburu duena:  

Amotze-Senpere auzoan dugu Larralde,
Argazkia: Sabin Oregi
kultur babesleku eta poeten habia
Andoni Iturriotz eskuzabalak utzia
Soneto xume hau egina dut haren alde.

Zuri esker, jauna, dugu biltzeko tokia
muga-gainetik elkartuz Ipar-Hegoalde 
erakusketa-areto, biltoki, sukalde
mugaz gaindiko euskal kulturaren zubia.

Urtero hartzen dugu olerkariok Hatsa 
urterik urte hogeita sei urtez egina  
ibilbide luze, jori eta aberatsa.
 
Iturriotz jaunaren laguntza gabe, ezina
Hatsaren arrakasta harengan ere datza
Eskualdun prestu, emankor eta atsegina.


                                

  Argazkia: Sabin Oregi



Bertzalde, apairua egin genuen eta biziki gustura aritu ginen hitz eta pitz, honetaz eta hartaz, eta kantua irrintzi eta bertsoak ere entzun ziren Larraldean. Atzo ikasi nuen, zuberotar batzuek ardoaren graduaz galdetzeko, zera galdetzen omen dutela: "Zenbat zaldi du ardo horrek?" Harrigarria enetako, erran gabe doa, eta ez dakit ardoaren zaldien edo sagardrogaren (sic) txinparten eraginez, baina denbora luzez bertsotan aritu gabe ere, Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariari ihardespen xumea egiten ausartu nintzen, eta idatzi egin dut nonbait jasota geldi dadin.



Bertsotan hasiz gero
dena da hastea
ez da ezinbesteko
gazte izatea
Larraldean badugu
giro ezin hobea
honeraino helduta
hobe da moztea. 



Horra hor, bertsolarri (sic)  honen ausarkeria, bertsolarri bai, larri-larri ibili bainintzen hori osatzeko... eta bai, honeraino helduta hobe da moztea.

                                 



  




2023-05-27

Gerraren aurkako beste bertso bat

Gerarren aurkako Hitzak izeneko ekimenean, iaz, bertso hau botatzea otu zitzaidan, Ukraniako gerla hasi berria zelarik. Hori horrela, eta urtebete iraganda, atzo beste bertso hau etorri zitzaidan burura: 


Ukraniako gatazka hemen gogoratzen

Europaren geroa ez doa argitzen

Gezurrak ta hezurrak

dituzte pilatzen

munizioak saltzen

obusak botatzen

Yanki begiratzen

poltsikoak betetzen

asmatu nuen baina

ez nau lasaitzen. (bis)



Eta harira badatorrenez, aspaldi handian Iruñean egindako pegatina bat berreskuratu egin dut, harri-bitxi bat, Golkoko Lehen Gerlaren garaikoa, iragan den mendeko azken hamarkadaren hasierakoa, beraz; Herri Batasunak egina da eta, urteak joan  urteak jin, tamalez garkotasunik ez duela galdu erranen nuke nik...  




2022-05-27

Gerraren aurkako bertso bat

Ukrainari begira hasi naiz hausnartzen

Europaren geroa ari da iluntzen                                             

Gertatzen ari dena zail da ezagutzen

gertatzen ari dena digute ezkutatzen.

Gerrak dira pizten

herriak hondatzen

odola isurtzen

herritarrak hiltzen

Inperialistak, berriz, diruz asetzen.




2022-05-01

Maiatzaren Lehena Iruñean: bertso bat

 Gaur Iruñeko kaleetako

indar hau mantendu dadin

elkartuz gero, lortzeko ezer,

ez da izaten zailegi

Duintasuna eskatzen dugu

hori ez al da zilegi

antsietatea ez dadin izan

lan munduko katebegi.

Batu, elkartu eta antolatu

ez belauniko eseri

lortutakorik ez dezagun gal

eta irabazten segi.


Alaia Martin 
Iruñeko Gaztelu plazako kioskotik




2020-09-05

Bi urte, lau hilabete eta egun bat filmari bertsoak

Ezkabako talaia honetatik ozen eta polliki entzun ziren atzo arratsaldean bertsoak, Berriozarko Euskal Herria plazan botatakoak, besteak beste jarraian agertzen direnak, atzoko saio ederraren lagin bat:  Julio Soto semearen paperean, eta Amets Arzallus aitarenean, Iruñean mustu berri den Lander Garroren Bi urte lau hilabete eta egun bat-en haritik eta saio osoan —nola ez— agertu zen konorobirusaren haritik. 


Orain aldi bateko garai gogorretan

soldaduska egitea zenuten zorretan

ez zihoana ez zen joaten oporretan

intsumisio hitza zegoen hor bertan

zuk ere parte hartu al zenuen horretan?


Hara, dena galdetu didazu hitz bate(a)n

gaur arte ausartu ez nererik esaten

intsumisoen haria denbora da eten

garbi erantzungo dizut, ez lehor, ez zeken

ni ere filma hortan atera nintekeen


Beraz ez zen gezurra eta ez zen kondaira

lehenengoz entzun dizut orduko mintzaira

trukean zen kartzela eta eztabaida

gaurko begietatik entenditzen zaila

zergatik ez zenuen parte hartu nahi ba?

 

Ba sakelan ez dit jo mobilak txirula

eta gonbidapenik ez baitzait xuxurla

joan zen insumisoen ardatz eta brujula

bukatu ziren hango agindu eta burla

baina hori ez da soilik lehengo pelikula

 

Izan nahi zenutenez pertsona askeak

zer izan zuen ba txarrik borroka janzteak

adibidez Covid-ak dakartzan nahasteak

gaurko arau eta norma eta lege trasteak

otzanegi ez al gara egungo gazteak?

 

Apaltasun pixka bat behar da bizitzan

kaleak ere bere ordena balitzan

baina Guardia Zibila maiz sarri peskizan

zeuk erabaki ezazu, seme, zure gisan

baina tarteka pixka bat intsumiso izan

 

Traba sortzen didate hainbat arnasestuk

maskarilla eta bere bi sokatxo estuk

ta erantziko banu, bi polizi-eskuk

atxilotu ezkero ta lau begi-estuk

ulertuko duzula zalantzarik ez dut


Botereak legea aurkezten du ahaltsu

nahiz eta izan mila argumentu faltsu

anarkisten kontsigna maite dut nik aizu

autoritatea beti ukatu ezazu

baina hori bai egin zure aitari kasu.

 


Atzoko saioan Amets Arzallus eta Julio Soto ez ezik, Sarai Robles eta Miren Amuriza ere aritu ziren kantari. Aspaldiko partez bertsorik entzun gabe ginen Ezkabaren magalean! 

2019-10-10

Mugaz gaindiko injustizia

Aste bereko egun batean, Xixtor Haranburu preso senpertarrarena, eta bertze egun batean, Altsasuko gazteena; muga gainetik, Euskal Herriaren aurka ari dira Frantzia eta Espainia, mugaz gaindiko injustiziaren bidez.

Zorionez, erantzuna ez da sare sozialetara mugatu... eta ez dadila sekula horietara muga! Iruñeko Kale agerraldia manifestazio bilakatuta, jende anitz bildu gara Iruñeko udal plazan gaur iluntzean.



Espainiako legea
Frantziakoa bezala
Euskalerrian dugu
arau koloniala
legala bai, haientzat
guretzat letala
aldarrika dezagun
entzun dezatela
ez dugula etsiko
nafarrak garela.
  

2019-06-25

Erretreta hartua baina ez erretiratua

Ezkabako talaiatik Antsoaingo Ezkaba eskola publikoa ederki dakusat. Bertan ingeles irakasle lehenbizi eta zuzendari gero ibilita, agur errateko unea heldu da. Erretreta hartzeak lan-bizitzari adio erratea dakar, baina ez bizitzari; bizitzaren bertze tarte bat baizik ez da aitzinean dakusadana. Ezkabako lankideekin Fernando Gorriz orientatzailearen jubilazioa ere ospatu genuen, eta argazki pare bat dakarkizuet, horren oroitgarri, baita bide luze eta bihurria eman duen bertso birziklatu bat ere...





Hasteko agurra, lankide,
eskerrik asko, aurrena
egindako lan guztia
ez da hutsaren hurrena
lan eta lan arituta
bide emankor ta zuzena.
Egindako ahalegina
denbora, gogo ta dena,
Linguae Vasconum zabalduz
gure herrian barrena,
gure hizkuntza ez dadin
ibil munduan herrena.
Eskertzen dizuet biziki
zuen lana ta kemena
merezitako erretreta
gozatu eta segi aurrera.






2016-07-01

Lesakatik bueltan, bertsotan

Aitatasun karneta
omen dauka Xabik
Ezkaban bera ez bada
ez dago girorik
ta gaurko bazkarian
ezin hutsik egin
Lesakan ez du behintzat
gaur galdu punturik


Kurtsoa bukatzea
ez da, ez, makala
hori ospatutzeko
bazkari mundiala
Lesakan hartu dugu hiruna koktela
Josuneren herrian
erregek bezala


Josuneren herrian
Terreros falta zen
bertso bat osatzeko
nahikoa lan, hemen
ongi bukatu dugu
hori da nabarmen
orain aprobetxatu
atsedena hartzen

Interinoentzako
bertsoak doazi
lehen proba gaindituta
zorion garrasi
orain ez etsi eta
segi eta segi
oposaketan plaza
baietz irabazi

2016-02-25

Bertso xume bat Kalitateari

Kalitatea arduraduna
euskaraz ari da, ustez
ez ergatibo, ez ebakera
eta "nor-nork" bat ere ez
kalitatezko kalitatea
izateko izan beharrez
oinarrizkoa izan beharko
euskaraz txukun eginez

2016-02-19

Aurrematrikulazioa Ezkaban


Antsoaingo Ezkaba eskolan gaur bukatu da aurrematrikulazio-epea; bertso bat horren harira, D eredua aukeratu duten gurasoei egina


Hirurogeita lau ume daude
Ezkaban apuntatuta
hiru urtekoen hiru gela ta
poza handia hartuta
bete-betean asmatu duzu
D eredua aukeratuta
egun batean seme-alabek
eskertuko dizute-ta





2015-10-30

Bertsoak Suberri ostatuan

Su Berrin bada gonbidatu bat
ostiral hon(e)tan berezi 
Iturramatik joanda ta gero 
Iparraldean da bizi;
Iparraldetik datorkiguna,
aritzeko gaur kantari,
txalo bero bat jo diezaiogun
eta zinez ongi etorri.


Ostatu xume polit honetan
aritu zaigu kantatzen
gure gogoak eta bihotzak 
kantuen bidez bizkortzen
bertso txiki hau bukatu eta
hasiko naiz zerbitzatzen;
mila esker etortzeagatik
ta saiatu errepikatzen.

2015-09-10

Bertso xume bat ikasturtea hasteko

Ikasturtearen hasieran, irakaskidei egin bertso xumea: animoak emateko bertze modu bat 

Irailak 10, lehen eguna

Zer nolako apurua!

Baina lehenago egina dugu

Ta beraz, lasai burua

ikasturte hau baietz gainditu

hori bada segurua

ongi hasi, ta hobe bukatu

Ez al da hori helburua?




2015-06-24

Periko Solabarria joan zaigu

Bizitza osoa borrokan tinko
gogoa, indarra ta adore
buru, besoa eta ukabila
bihotza gorri kolore
HBn Periko guretzako
eredu eta pilare
Hil arte ez zuen sekula ere
Perikok eman amore
Berriozartik Barakaldora
diotsut agur ta ohore.


 Izar gorri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean

2015-06-10

Ekokardiografiak

Senide bat ospitalean izan dut hainbat egun, nahi baino gehiago, eta proba batzuk egin behar izan dizkiote, besteak beste, ekokardiograma bat. Ekokardiografiak egiteko gelara lagundu nuen goiz batean, eta erizain amultsu batek egongelan itxaroteko agindu zidanean, eserleku batean eseri nintzen. Han nengoela kolpe itzela hartu nuen garondoan, ohatila gurpildun baten aurrealdeak emanda. Antza, nire atzean, igogailutik atera eta ohatila gurpildunak abiadura hartu zuen, eta erizain-laguntzaileak ez omen zuen neurtu ongi. Kontua da nik buruan kolpean jaso eta lurrera erori nintzela, konortea galdu gabe baina, eta lurrera heldu orduko inguruan zeuden beste guztiak etorri zitzaizkidala gainera. Kolpea ez zen makala izan, eta ni lurrean etzanda gora begira gelditu nintzen, ziztu bizian hurbiltzen ziren aurpegi asaldatuen aurrean. Han zeuden erizainak, erizain laguntzaileak, senideak eta baita ohatilan zetzan gaixoa, niri begira eta ea ongi nengoen galdezka. Orduan ikusi nuen, aurpegi ezezagun horien guztien artean, ustez ezaguna zitzaidan aurpegi bat.

Lurrean ote nago
kolpe bat hartuta
jendea inguruan
burua minduta
bertsolari bat dut nik
orain ikusita
ez dakit ez ote naiz
guztiz txoratuta

Ez nauzu bertsolari, baina bertso hori etorri zitzaidan burura, agian kolpearen ondorioz, agian ezaguna zitzaidan aurpegi bakarra eskolarteko bertsolari txapelketan ibilitako bat ekarri zidalako burura. Eserlekuan eseri nintzen atzera, eta ezer gertatu ez balitz bezala gelditu nintzen; ongi nengoela esanda, erizainak, erizain-laguntzaileak eta zain zeuden beste guztiak urrundu ziren. Burua pixka bat minduta gelditu nintzen, eta kezka bat jiraka-biraka barruan, ustez ezaguna zitzaidan hori agertu bezain azkar desagertu baitzen. 

Orain, senidea, zorionez, jadanik ez dago ospitalean, eta ni... aitzakia bat bilatzen ari naiz ekokardiografiak egiten dituzten gelara hurbiltzeko.


2014-10-12

Bota ez nituenak

Asteburu honetan lagun baten ezkontzan izan gara Kortezubin, Santimamine leizezulo mitikoaren ondoan. Ospakizunetan oso giro polita sortu zen, eta niri bertsotan hasteko gogoa etorrita, kopla pare bat egin nien ezkonberriei, mikrofonoaren aurrean botatzen ausartu ez nintzen arren. Lagun ezkonberriei bai kantatu nizkiela, baina argi dago ez dela ber gauza...

Haizeak eraman ez ditzan, hona hemen atzoko koplak

Ezkondu zaigula Juankar
Estherrek hartu du senar
euren nahia bete da eta
asko maite dute alkar

Iruñean ta Bermion
Altsasun eta Washington
Esther ta Juankar ezkondu dira
milaka kilo zorion!

 The happy few poets


2014-06-21

Ezkabako ikasleei agurra


Urterik urte pausorik pauso
neska-mutilak batera
Ezkabako zuen ibilbideak
orain dauka bukaera.
Kabia uztera doazelarik
txorikumeen antzera
zoazte hegalak zabalduta
aske hegan egitera

2014-06-12

40 errugabetuei bertsoa

Gazteak hasi ziren
Herria askatzen
errepresio gordina
ordainean jasotzen.
Epaiketa ebatzia
libre ateratzen
Mila kilo zorion
dizuet eskaintzen.

2013-09-05

Ikasturte berria, bertso berria

Ikasturte berrian Ezkaba eskolan harrera egiteko bertso txikia, ikasle berri eta zaharrei eskainia.



Irailak bosta heldu da-eta
gaur dugu egun handia
oporraldia bukatu dela
hasi da kurtso berria.
Ongi pasatu ta asko ikasi
dugu xede nagusia
jaso ezazue gure agurra
ta gure ongietorria.