1180ko
abenduaren 31n, bidaiari misteriotsu bat heldu zen Pisara. Europako
Erdialdetik omen zetorren eta norabide jakinik gabe ibiltzen zen hiri
batetik bestera. Baina Pisan, bere bide ilunari berriro ere lotu
aitzin, bidaiari misteriotsu hark Donatello izeneko gazte bati kosk
egin zion lepoan. Hurrengo egunean, eta 24 ordu igaro eta gero —ohiko
inkubatze-aldia—, Donatello banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 2an,
nahasmen banpirikoaren 24 ordu jakinen buruan, Donatellok berak bere
lagun Filippo-ri kosk egin zion, eta, hartara, hurrengo egunean
Filippo ere banpiro bihurtu zen. Urtarrilaren 3an Donatellok bere
bigarren biktimari kosk egin zion, Lucreziari, eta urtarrilaren 4an,
Filippo lagunarekin atera zen ehiza egitera; ordurako nahasmen
guztiak gaindituta, kosk egin zioten, hurrenez hurren, Sandrori eta
Giuliettari...
Urte batzuk pasatu eta gero, eta behin
banpìro-izurritea itzalita —erruki gaitezen irakurleaz eta isilk
ditzagun xehetasun zantarrak—, zenbakietara emana bizi zen gazte
batek gertaera horiek laburbildu zituen: 1181ko urtarrilaren 1ean,
Pisan banpiro bat zegoen, Donatello. Urtarrilaren 2an artean banpiro
bakar bat zegoen, ordurako banpirogai bat ere bazegoen arren,
ernaldian, Filippo. Urtarrilaren 3an bi banpiro zegoen, eta beste bat
gehiago, banpiro izateko bidean, Lucrezia. Urtarrilaren 4an hiru
banpiro zegoen, eta beste bi gehiago, ernaldian. Urtarrilaren 5ean
bost banpiro zeuden, eta hiru gehiago, bidean. Leonardori, hala
deitzen baitzen Pisako matamatikari gazte hori, banpiroen kopuru
segida bitxia egin zitzaion: 1, 1, 2, 3, 5, 8…: nahasmen
banpirikoaren 24 ordu horiek gabe, zenbaki segida bigarren mailako
progresio geometriko bat izango zen (lehen egunean, banpiro
bat; bigarren egunean, bi; hirugarrenean, lau..,) eta martxa
horretan, aste pare baten buruan edo, ez zen Pisa osoan gizaki arrunt
bat ere geratuko. Baina segidaren zenbaki bakoitza aurreko bien
batuketa izanik, hazkundea askoz ere geldoagoa izan zen.
Batzuek uste dute Pisako
Leonardok, Fibonacci izenez ezagunak alegia, sekuentzia famatu hori
asmatu zuela untxien ugalketa erritmoari beha, baina benetan
bestelakoa izan zen, eta lerrootan kontatzen ari naizena egiazko
historia da. Edo, italiarrek esaten duten gisan, se non è vero è
ben trovato. Ederki asmatua, bai, ikuspuntu didaktikotik bederen,
zeren aspaldiko urteetan matematika eskoletan untxien ordez banpiroak
baliatzen nituelarik, ikasleek askoz arreta handiago eskaintzen
zidaten, eta, beraz, zenbaki segida liluragarri horren mamia eta
deribazio kontaezin guztiak askoz hobeki ulertzen baitzituzten
Ikasi beharrekoa:
matematika irakastea, lehen-lehenik, hizkuntzalaritza kontua da
—kontu oro den bezala—, baina metalinguistika kontua ere bada,
hau da, kontu literarioa. Ia-ia guztia bezala.
Post scriptum: gustatu bazaizue ipuina, meritua ez da nirea,
Carlo Frabettirena baizik. Zinez,
se non è vero è
ben trovato.