2010-03-19

Pablo maitea

Lehengo egunekoa ez zen nolanahiko kontzertua izan Iruñeko Gayarre antzokian. Pablo Milanés-ek, betiko Pablito-k, Iruñera etorri, abesti sorta hunkigarri bat eskaini, entzule ia-ia guztiak bereganatu, eta Txoriak txori kantarekin bahitu zigun bihotza.

Aitortuko dut Kubako abeslariaren betiko kanta horietako batekin baino gehiagorekin -Yolandarekin, adibidez- malkoren bat isuri nuela; zer nahi duzue, bada, ni horrelakoa naiz, eta bizitzaren garratzak askotan negarra eragin didanez, nik nahi dudanean negar egiteko eskubidea aldarrikatzen dut, baita plazerez eta gozamenez ere.

Gure Pablok ederki daki uztartzen betiko kantak eta horren ezagun ez diren kanta berriak. Gainera, tekladuekin eta biolinarekin lagundu ziotenen lana zoragarria izan zen.

Baina apoteosia bukaera-bukaeran izan zen: "Beste bat, beste bat" eta bis bat egitera atera zen: txalo zaparrada ederra. Berriz atera behar izan zen "Gora Kuba"-ka aritzen zirenei ordaina ematera. Beste txalo zaparrada eder bat eta Pablorekin batera kantatzeko aukera berriz izatea apoteosikoa izan zen: bukaeraren bukaeran Pablitok harritu gintuen Txoriak txori kantarekin. A ze txalo zaparrada! Ene, Pablo! Nola ezagutzen gaituzun!

Gaueko unerik hunkigarriena Txoria txori kantaren unea izan zen... Baina hori bezain aipagarriena, haatik, UPNko agintari zenbaiten jarrera antzokiko euren palko nagusian. Gayarre antzokiko entzule asko eta asko atzera begira ibili zen palko nagusian zeuden autoritateei begira, besteak beste, Nafarroako Gobernuko Miranda kontseilaria, Sergio Sayas UPNko parlamentaria... Horiek eta enparauek ez zuten "beste bat" eskatu, ez “gora Kuba” oihukatu: batzuek itxurak egiteari eutsi zioten, baina beste batzuek, berriz, ez zekiten zer egin: listua irentsi ala eskuzarta hotzak jo? Autoritatearen eta beste guztion arteko arrakala sakona nabarmen gelditu zen.

Autoritateek, besteok ez bezala, ez zuten segur aski sarrera ordainduko; gonbidatuak izanen ziren noski. Baina bada beste zerbai bereizten gaituena: sentimendua. Autoritateen eta entzuleen arteko dibortzio-erreskerkia bihurtu ziren JoxAnton Artze poetaren hitzak, Mikel Laboari esker ezagunagoa bihurtu zen Txoria txori olerkia. Autoritateek, aldiz, ez zuten beste guztiokin batera Txoria txori kantatu. Hunkituta eta liluratura atera ginen gehienok Gayarre antzokitik lehengo egunean. UPNko Mirandak, Sayasek eta enparauek sekula gozatuko ez duten zerbait eraman genuen Gayarretik gau gogoangarri batean: Pablo-ren xarma.

Ezkerrona adierazteko, Pablo Milanések besoak zabaldu zituen, oso berea duen keinua eginda. Pabloren besoak azken txoriaren hegoak begitandu zitzaizkidan. "Hegoak ebaki banizkio", ez zen Pablo Milanés izango.

Gau gogoangarri baten ondotik, eskerrik asko, Pablo maitea.

2010-03-06

Berriozarko bitxiak

Hagitz izaera bitxiko lagun anitzen bizitokia dugu Berriozar. Horietarik bat, besteak beste, ibiltari erraria.


Matematika irakaslea berau, zinez aparta, inteligentzia kohefiziente izugarri handi baten jabe, denik eta formula matematikorik korapilatsuena ebazteko gaitasun ikaragarria omen zeukan gure ibiltari errariak, harik eta zorigaiztoko egun batean buruak krak egin zion arte. Ondorioz, lanari utzi behar izan zion eta tratamenduan hasi. Erretreta eman zioten 67 urte bete gabe -irakurle zoliak har beza ironia-.


Harrezkero, gure gizonak gau eta egun ibiltzen eta ibiltzen ematen du Berriozarko kaleetan barna, tai gabe, zigarreta bat ezpainetan lagun bakarra duela. Insomniok jotako gau batean, zu leihotik begira jarriz gero, goizaldeko ordu txikitan, berandu baino lehen ikusiko duzu pasieran gure ibiltari erraria ilargiaren begiradapean, zigarretarari zupada luuuuzeak ematen dizkiolarik, egunak noiz argituko zain... ibiltzen jarraitzeko, eguzkipean -edo euripean, edo elupean-


Jatorra da oso gure ibiltari erraria, adeitsua eta amultsua: zuk agurtuz gero, agurra ematen dizu bueltan, beste zenbaitek ez bezala... Eta, gainera, ez da lagun bitxienetako bat...


Berriozarko beste lagun bitxi bat

2010-03-04

Berriozarko Irakurle Kluba

Atzo bildu ginen Berriozarko liburutegian John Boyne irlandarraren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburuaz.

Honela defini liteke irakurle klubaren ohiko tertulia: "Liburu jakin baten inguruan mintzatzeko eta elkarrekin denbora emateko". Nago atzokoan liburuaz baino gehiago beste hainbat kontutaz mintzatu ginela...
Nolanahi den ere, Berriozarko literatur solasaldia ez da literatur aditu edota eruditu talde baten bilgunea. Ateak zabal-zabalik ditu eta jende gehiago izatea aberasgarria litzateke lagun gehaigo biltzea. Gogoratu, beraz, parte hartzeko aski dela Berriozarko liburutegian izena ematearekin.
Atzo atera ginen liburutegitik Arimen maisua liburuaren ale bana besapean. Irène Némirovsky-ren liburu hortaz mintzatzeko hitzordua finkatua dugu jadanik: apirilaren 14an, asteazkena, arratsaldeko 7etan. Aste Santuko oporrak igaro eta gero, beraz, liburu hori izanen dugu mintzagai. Ordurako liburua irakurri eta agertu nahi baduzu, ongi etorria izanen zara. Animo!




Azaltzen ez dena ez da argazkian ateratzen;
argazkian dauden guztiak dira,
baina ez dira irakurle klubean dauden guztiak.