Showing posts with label Education. Show all posts
Showing posts with label Education. Show all posts

2024-10-03

Euzkitzeren esana, gure lana


Aspalditik Zarautzen bizi den azpeitiarrak idatzia eta sare sozialetan irakurria:

“Iristen zaizkigun gauza bitxiak bere horretan zabaltzea da errazena.

Erdaretan heltzen zaizkigunak euskarara itzultzeko ahalegintxoa egin behar genukeela iruditzen zait”. 


Akort eta ados. Honatx gaurko nire ekarpena, Jean Piaget suitzarraren esaldi bat :




2016-02-25

Bertso xume bat Kalitateari

Kalitatea arduraduna
euskaraz ari da, ustez
ez ergatibo, ez ebakera
eta "nor-nork" bat ere ez
kalitatezko kalitatea
izateko izan beharrez
oinarrizkoa izan beharko
euskaraz txukun eginez

2014-11-18

"Hiru miru" album ilustratuaz bi hitz


Zer idatzi eta nola idatzi. Idazleak hartu beharreko erabaki bikoitza. Nik baneukan zer idatzi, baina erabakirik zailena izan zer nola idatzi erabakitzea. Arrunta izan daitekeen istorio honek, zuzen idatzita izateaz gain, doinu berezi bat behar zuen. Izan ere, agerikoa da ipuin orok zuzen idatzia behar duela, zuzentasun gramatikala conditio sine qua num dela testu bat testua izan dadin, gramatikalki correct izan behar duela; baina testu literario batek, gainera, prosodia ere eduki behar du, eta ez naiz soilik poesiaz ari, baizik eta prosaz, narratibaz.

Prosaren barneko erritmoa garrantzitsua da oso, prosaz idatzitakoak ere baduelako nolabaiteko melodia, nolabaiteko soinua. Izan ere, euskaraz kontatzearen eta kantatzearen arteko diferentzia letar batean datza, letra bakar batean baino ez: gure hizkuntzan kontatzea eta kantatzea elkarren eskutik datoz. Narrazioak idazten ditugunean ere erritmoa, prosodia atsegingarria, ezinbestekoa da, narrazioa narrasa izan ez dadin.

Hiru miru izeneko ipuina idatzi dut hori guztia kontuan hartuta, eta Maite Ramosen irudi ederrez aberastua argitaratu berri da, denonartean argitaletxearen eskutik.












2012-09-29

Dagoenean, Phaeton; ez dagoenean, hor konpon

Berriozarren eskola-autobusen murrizketa justifikatzeko Hezkuntza Departamentuak kalkuluak egin omen ditu. Bitxia da, zeren calculus hitza, latinez, “harria” da; kontatzeko, kalkulatzeko baliatzen ziren harritxoak dira calculi. Hizkuntzak lotura harrigarriak izaten ditu, zeren harrikada ederra dutela erakusten dute Gobernukoek: Abiadura Handiko Trenarentzat dirua bai, baina Berriozarko umeak eskolara joan daitezen, ez.

UPNkoek kalkuluak egin dituzte, eta badakite neurri hauekin eskola publikoa kaltetzen dela pribatu konfesional elitistaren mesedetan; finean zabaltzen duten mezua hau da: pribatura umeak eramatea ez da hain garesti ateratzen; publikora eramanez gero, autobusa ere ordaindu beharko dutelako gurasoek...

Bizkitartean, Volkswagen Phaeton auto dotore banatan joan ohi dira UPNko agintariak... Dagoenean, Phaeton; ez dagoenean, hor konpon. Phaeton, Barcinaren eta Iribasen irrien arrazoia.

Urliak egiten du galde ea zenbat xahutu duten; berendiak, ea zenbat poltsikoratu duten; baina sandiak egiten du galderarik zuzenena: noiz arte? Orain bizi dugun garaia “Ustelen urteak” izenpean agertuko da historia liburuetan. Norberaren esku ere bada ustelen urteak laster bukatzea. Etsipenik ez; kalkuluak hor daude.


2012-02-18

Sanduzelai eskolak 25 urte: "Euskaraz blai"

Sanduzelai Eskola Publikoak 25 urte bete ditu aurten. Mila kilo zorion!  Xabier Lete handiaren habanera doinuarekin egindako bertsoa:

Hasteko agurra, lagunok
ongi etorri, aurrena
egindako lan guztia
ez da hutsaren hurrena
lan eta lan arituta
bide emankor ta zuzena
Egindako ahalegina
denbora, gogo ta dena
Linguae vasconum zabalduz
gure auzoan barrena
gure hizkuntza ez dadin
ibil munduan herrena
Eskertzen dizuet biziki
zuen lana ta kemena
hogeita bost urte betez
Sanduzelai doa aurrera


Eta hartu gogoan: Euskaraz blai, gora Sanduzelai!

2011-10-27

Barcinari, opari goxoa

Okzitaniako Tolosan gertatu da gaur arratsaldean. Abiadura Handiko Trenaren aurkako Mugitu izeneko taldekideek ekintza ikusgarria egin dute. Nafarroako Parlamentuan, BILDUkoek izan ezik, berehala arbuiatu dute "erasoa".  Bitxia da ikustea klase politikoa zeinen azkar ateratzen den erantzuten jendeari azaltzeko zer pentsatu behar duen horrelakoetan.

Alta, niri guztiz deitoragarria eta arbuiagarria iruditzen zait Yolanda Barcina andereak oraindik itzuli ez izana gainsaritan patrikaratutako 140.000 euro horiek.


Orobat, guztiz deitoragarria eta arbuiagarria gaur eguerdian foruzainek eta polizia espainolek oldartzea ikasle gazteen aurka: aspaldiko partez, pilotakadak eta beldurra nagusi Iruñeko Alde Zaharrean... Eta 16 urteko gazte bat atxilotua. Baina poliziena ez omen da "biolentzia". 

Baina telebistan Patxi Lopezek ez al du esaten biolentziaren garaia bukatu dela?



2011-06-21

Karramarroaz

Ikasturtea amaitzear eta irakaskuntzaren munduan ibiltzen garenok jakin nahi genuke nor izanen den Hezkuntza kontseilaria.

Kontseilariak badatoz eta kontseilariak badoaz. Batzuek beste batzuek baino eragin handiagoa izan dute. Oroitzen al zara Markotegi eta Arellanoren garaiez? Ziur baietz. Baina, nor oroitzen da orain Jesús Laguna kontseilariaz? Eta Luis Campoy kontseilari tuterarraz? Gero, Perez Nievas etorri zen, baina dimisioa eman zioten duela bi urte, UPN-k eginiko jokaldi politikoaren ondorioz CDNren izarra betiko itzaltzearren. Orduan Miguel Sanzek esan zion Alberto Catalani Hezkuntza kontseilaritza ere hartzeko. Azken bi urteotan Alberto Catalan esanekoa izan da Hezkuntza kontseilaria, UPNzen zuzendaritzako kidea izateaz gain eta Gobernuaren eleduna ere izateaz gain.

Hauteskundeak eta gero, argi zegoen Catalanek ez zuela jarraituko kontseilari. Haren ordez nor, baina? Antza, Nafarroako Unibertsitate Publikoan erretore izandako Pérez Prados jauna izanen omen da kontseilari berria, Barcinak horretarako erakarri zuen-eta UPNren zerrendetara. Irakaskuntzan urte batzuk daramatzagunok badakigu kontseilari berri bakoitzak egitasmo berriak ekartzen dituela; berri zaharrak, akaso.

“Goitik” etortzen zaizkigun hitz handiko eta xede handiagoko egitasmo horien mendean bizi gara irakasleok. Bat-batean etortzen diren ekaitz horiek kezkaturik eta durduzaturik uzten gaituzte, trumoi ozen eta oinaztargi azkarrak itsuturik. Hezkuntza politikaz arduratzen diren horiek, batzuek ume bat eskolan inoiz ikusi ez duten horiek, den-dena egiteko agindu eta epe estuak ezartzen dizkigute: Santo Domingo aldapatik agindu, eta lubakietako irakasleek aginduak bete ditzatela, eta, ahal bada, atzoko. Nornahi izan delarik ere, kontseilari guztiek nahi izan dute euren arrastoa utzi hezkuntza munduan, euren inpronta.

Orain euskaltzale izateagatik nabarmentzen ez den Perez Prados izan daiteke kontseilari berria, UPN eta PSNren koalizio gobernuari esker –uler bedi ironia-; Yolandaren eta Robertoren arteko feeling-ari esker.
Niri Roberto Jimenezek gogora ekartzen dit Alemaniako sozialdemokraziaren burua zen August Bebel. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren ibilaldi herratikoa zen, eta Alemaniako eskuinaren txaloak hartzera ohituta zegoen August Bebel. Orduan parlamentari ezkertiar batek galdetu omen zion: “Zertan ari zara, Bebel? Burgesiak txalotzen badizu…” Seinale txarra!

Ez gaitezen harritu, beraz, karramarroa deitzen diotenean Roberto Jimenezi. Zergatik deitzen diote Pitillasekoari karramarroa? Politika kontuetan beti atzeraka, atzeraka, atzeraka ibiltzen delako, karramarroaren gisara.

Profita dezagun oporraldia atseden hartzeko eta indarrak biltzeko, lagunok, irailean beharko ditugu eta.


2010-06-22

Nabigatzaileentzako gaztigua

Euskarazko ereduak, D ereduak, 25 urte bete ditu aurten Berriozarren. Hogeita bost urte hauetan lortu dena ez da gutxi, baina A, G eta D ereduak dituen ikastetxe bat, -zortziehun ikasle baino gehiago, laurogei irakaslez osaturiko klaustro bat- ez da erraz gobernatzen den itsasontzia.


Duela hiru urte jada, Mendialdea Guraso Elkarteak eskaera ofizial bat egin zion Nafarroako Gobernuari D ereduko ikastetxe berri bat eraiki zezan eta hizkuntz ereduaren arabera bi zentro antola zitzan: bi zentro, beraz, ez gaur dagoen ikastetxe partekatu gobernagaitza. Ez ziguten erantzun, eta Haur Hezkuntza, eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat eraiki beharrean, institutu berri bat egin zuten, aurten mustu dena. Nolanahi den ere, gurasoen nahia argia eta garbia da aspaldi-aspalditik.


Ikasturte honetan bi zentro sortzeko gaia planteatu zen ikastetxean eta irakasle gehienak, bozketa batean, bi zentro sortzearen alde agertu ziren: D ereduko irakasle gehien-gehienak ez ezik A eta G ereduan irakasle dauden batzuk ere hala agertu ziren bozketa libre eta demokratiko batean. Irakasleen jarrera horrek akuilatutik, D ereduko gurasoak martxan jarri ginen berriro D ereduko zentro baten aldeko aldarrikapena berpizturik.


Hamaika bilera eta elkarrizketa, kale agerraldiak Berriozarren eta Hezkuntza Departamentuaren atarian. Martxoan jakinarazi zitzaion gurasoen nahia eta jarrera ikuskari den Pilar Jauregi andreari. Gero, beste bilera eskaera formala egin zitzaion ikuskari nagusiari eta bilera gertatu baina hiru ordu lehenago bertan behera utzi zuen ikuskari nagusi Esparza jaunak. Oraindik ez omen du astirik izan gurasoak hartzeko.


Atzo ere manifestazio jendetsua egin dugu Berriozarren eta bertan parte hartu dugu guraso askok eta baita irakasle askok ere. Finean, denoi komeni zaiguna da, UPNko, PSOEko eta Ezker Batuko zinegotziak kontrakoa bozkatu arren udalean.


Eta orain, zer egin? Hasieran aipatu dudan itsasontziaren konparaziori jarraiki, honako hau da, ene uste apalean, gakoa: gurasook arraunlariak izan gara bidaia honetan, baina lemazain eta kapitain on bat behar dira ozeanoan barna nabigatzeko. Alferrikakoa da bitakora koaderno zoragarri bat prestatzea, inor ez badago prest luma bitakoran idazteko eta itsasontzia gobernatzeko ardura bere gain hartzeko.


Arraunlariok ezin gara aginte-ganberara igo. Portuko agintariekin biltzeko esperantza ez dugu galdu, baina portuko ikuskatzaileek ederki dakite zer nahi dugun, baina Mendialdea izeneko itsasontzia ez dute utziko ateratzen portutik aginte talde bat gabe, kapitaina eta lemazainik gabe, Mendialdea izeneko itsasontzia hondoratuko litzatekeelako.


Kapitain-pilotu bat behar dugu, Mendialdea izeneko itsasontzia libre nabigatuko bada. Eta D ereduko eskifaiako kidea izan behar da, bestela arraunlariok erabat zapuztuta geldituko ginateke eta, agian, inork hartu nahi ez duen itsasontzitik jaitsiko lirateke batzuk.


Eskifaiako kideok: abagune ezin hobea da lemari heltzeko eta D ereduko itsasontzia libre nabigatzen has dadin. Ardurak hartzeko garaia da, zeren ardurarik eta erantzukizunik hartu ezean, portuko agintaritzak izendatuko du kapitain kanpotar bat, eta gero komeriak. Arraunlariok zain gauzkazue arraunari ekiteko.

2009-09-02

Klaustrofobia

Hitzlandian, hitzen munduan alegia, hitzik engainagarririk bada, klaustrofobia hitza da.

Klaustrofobia irakasleontzat ez da "espazio txiki batean egoteko neurriz gaindiko beldurra izatea" (Sarasola); klaustrofobia klaustroetan etengabeko luzamenduetan eta alferrikako eztabaidatan galtzeko beldurra da: horixe bai dela klaustrofobia. Eta ziur naiz zuetako batzuk egunotan ari zaretela klaustrofobia pairatzen. Klaustroetan, badakizu... zenbat buru, hainbat aburu... Edo nahiago izatera, zenbat buru, hainbat artaburu. Esaera hau erabil daiteke klaustro batean txorrada pilo bat entzun eta irentsi behar izan dituzunean... Horrelakoetan, hausnartu gabe botatzen diren iritziek, aburuek, ez dute ez buru, ez hankarik; horregatik batzuei artaburu deitzea zilegi liteke, amodio guztiarekin deituta ere.


Esera zaharraren beste aldaera bat jefeekin erabil daiteke: zenbat buru, hainbat burutazio. Badakizu, jeferen batek ideia zoragarri bat izan du dauka... baina jefearen jefeak beste bat, eta jefearen jefearen jefeak beste bat... Horrelakoetan, bakoitzak agindu ezberdin bat emanen dizu, ustez bateragarriak, baina zinez kontrajarriak, eta zuk eginahalak egin arren, gaizki eginen duzu...

Nolanahi den ere, ez dezagun umorea gal! Eutsi!

2009-04-16

Erdara-merdara


Ezkabako Talaiatik ederki ikusten da seinale hau. Gipuzkoako etorbidean egina da, Berriozarreko orube ezagun batean. Orube horretan institutu berria egin behar dute. VDR enpresa handiak kartel handia jarri du, erdaraz hutsez baina.

Espero dezagun hau ez izatea institutu berri horretan gure hizkuntzak jasoko duen trataeraren iragarpena.

Geroak erranen!

2009-02-25

Ikakaslearen fitxa

Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, EIBZn, bost urte daramat lanean. Bestela pentsa daitekeen arren, eskolak ematen asko ikasten dut nik. Gutxien espero duzun unean dator ustekabea: aurreko urteetan talde guztiekin funtzionatu duen ariketa gelara eraman eta... ez da (sic) funtzionatzen; ongi prestatu duzun arren, goitik behera arakatu duzun arren... ez da funtzionatzen... ikasleek gutxien espero duzun lekutik ateratzen dute untxi zuria -voila!- txisteratik.

Gogoan al duzu ariketa paradigmatiko hura? Hamaika zirriborro, hamaika proba eta hamaika froga egitekotan ere... ikasleei banatutakoan batek esaten dizu brastakoan: “hemen jartzen du ikakaslearen fitxa, eta ikaslearen fitxa da”. Ikakasle... Kaka putza! Zenbat aldiz ikusi duzu ariketa hori fotokopiatu aitzin? Zuzentzaile ortografikoa pasatu zenuen-eta! Baina hor dago, orriaren goiko aldean, Word-Artez -baina ez artez- egina: IKAKASLE; letra larriz, gainera. Ikakasle...Kaka; kaka putza!

Izan ere, EIBZn lan egiteak apaltasun handia eskatzen du. Gure saioetan teorian argiak eta garbiak diren dokumentuek etengabeko eztabaida sutsuen abiapuntu bihurtzen dira gutxien espero duzun saioan... eta horrelakoetan umiltasuna lagungarria da, zerbait ikasiko bada.

Badakit emaile askorentzat galderak deserosoak direla, baina nire saioetan beti galderak egiteko aukera ematen diet ikasleei: galderak, batetik, pizgarriak dira eta, bestetik, niri giltza batzuk ematen dizkidate... Galdera nolakoa den, halako ondorioak aterako ditut nik galdera egin didanaz, ulertu duenaz, ulertu ez duenaz, taldearekiko bere rolaz... joko psikologiko politak ikusi ditut EIBZko 5. gela horretan.

Bost urte hauetan denetariko ikasleak izan ditut. Ez dut lehenago esan, baina gure ikasleak irakasleak dira, arauzko irakaskuntzan aritzen diren irakasleak, lan baimenarekin euskara hobetzeko ikastaroan daudenak; ikasle bereziak, beraz. Nahi izatera, ikus Freskatze ikastaroaren gaineko xehetasunak- Ikasle bereziak diot, zeren irakasle rola etxean uzteko eskatzen diegu, urteak eta urteak rol horretan -eta bakarrik horretan- ibili diren horiei. Eskatzen diegu, halaber, ustezko ziurtasunak kolokan jarri behar dituztela: “ziur al zaude ziur h-rik gabe dela” Eta Urliaren arrapostua: “Bada, nik ikusi dut h-rekin: zihur”. Eta arrazoi du: nonbait, noizbait, ziur naiz ikusi duela zihur (sic) idatzia:

Eta ikasteko, entzun eta aditu behar da, baina, tamalez, urteotan ikusi dut batzuek bakarrik entzuten dutela berresteko pentsatzen zutena; ez dute behar bezainbeste aprobetxatzen, ez dute hausnartzen, ez dute ezer berririk onartzen... Horiek ez dute ikasten, ez baitute berrikuntzarik onartzen; blokeatzen da jakin mina eta, ondorioz, blokeatzen da ikaspena.

Ikasteko lehen baldintza ikasteko gogoa izatea da. Baina onartu behar da zaila dela, irakasleei eskatzen diogulako protagonismo galtzeko, aginteari uzteko tarte batez.

Ikastaroa arrakastatsua izanen da baldin eta ikasle aritu diren irakasleak agindu zaizkion testu onak egiten badaki, ez bakarrik horri buruz zerbait badaki, ez bakarrik horri buruzko teoria baldin badaki, baizik eta benetan agindutako testuak, oharrak direla, eskutitzak direla, txostenak direla, eskabideak direla... zuzen, txukun, egoki eta eraginkortasunez egiten badaki. Eta ikastaroko lanak ikusita, gehienek ikastaroa ederki profitatu dutela ageri-agerikoa da.

Freskatze ikastaroko nire arloa hizkuntzaren ikuspegi diskurtsibo testuala lantzea da, testugintza alegia. Egunotan ikasle-irakasleekin ez dut saiorik eta horrek aukera eman dit testugintzari buruzko testu hau idazteko. Blogean geldi dadila, egunotan buruan jiraka dabilkidanaren erakusgarri.

2009-02-13

Kamishibai

Gaur zortzi Kamishibai ikastaro bat eman behar dut Donostian, Galtzagorri Elkarteak antolatua. Urteak daramatzat Kamishibai kontuekin eta, harrigarria zaidan arren, orain arte ez dut deus ere argitaratu blog honetan Kamishibaiaren inguruan. Kamishibaia ipuinak kontatzeko Japoniako teknika bat da. Nik lan egiten dudan tokian, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, hiru urtez jarrian eman ditut horrelako ikastaroak ; EIBZren webgunean horren gaineko informazioa duzue. Gainera, irakasleak trebatzeko prestakuntza planean kamishibai ikastaro berrituak aurreikusita daude hurrengo urteari begira.

Kamishibaia ikastaroak emateaz gain, jende aurren kontatzen Ezkabaren magalean hasi nintzen, Berriozarren; gero Ezkabatik Euskal Herriko hainbat lekutara joan naiz: Zizur, Zalduondo, Gasteiz, Tutera, Arrasate, Oñati... Azken saioa, pasa den asteazkenean, Abadiñon eman nuen; eta, zinez, gustura izan ginen denok! Oro har, oso gustagarriak dira kamishibaiak, umeentzat ez ezik, helduentzat ere.

Antza, jende kopuru politak eman du izena Donostiako ikastaroan eta, honezkero, izena emateko epea bukatu da. Mezu hau ez da, beraz, inor animatzeko apunta dadin. Nolanahi den ere, Ezkaba mendiaren inguruan bizi zaretenok jakin ezazue UEUk antolatuko duela Iruñean kamishibaiari buruzko udako ikastaro bat, uztaileko hirugarren astean. Izan ere, iaz, Eibarko Markeskoan beste ikastaro bat eman nuen eta, antza, gustura gelditu zirenez, aurten Iruñean berriz egiteko proposamena egin didate.

Beraz, Donostiako ikastaroaren berri berandu izan duena ez dadila kezka, zeren izanen du, izanen duenez, aukera gehiagorik. Jakin-minak jotako irakurleak jo dezala Iraganaren Bidea izeneko nire blogera: irakurgai batzuk izateaz landara, bideo batzuk ere ikusgai daude. Ez dut hemen errepikatuko berriro jadanik argitaratua dagoena.


2008-11-02

Berbaldiaz (eta III) edota "Gora eleaniztasuna!"

Pare bat post bat jarri dut blog honetan Daniel Cassany-en ikastaroan ikasitako hainbat konturekin. Berbaldiaren -diskurtsoaren- azterketa kritikoaren beharrizana azpimarratzen du irakasle katalanak. Rere les linies - Tras las líneas liburuan, gai baten aldez aurretiko ezagutza beharrezkoa izanik interpretazio kritikoa egiteko, idazkiak esaten ez duen hori ere asmatuko badugu.

Beste hainbat kontu interesgarri dakarkigu liburu horrek, zer pentsaturik ematen duen liburua baita; gaur, atzokoaren haritik hirugarren post hau ari naiz idazten Cassany-en liburuaren haritik.

Gero eta arruntagoa da hizkuntza anitzetan irakurtzea eta idaztea. [...] Munduko gizarte gehien-gehienak eleanitzak dira. Gero eta arruntagoa da hizkuntza ezberdinetan irakurtzea; hizkuntza batean jasotzen duzu mail bat, eta beste batean ari zara kontsulta bat egiten web batean, baina beste batean ari zara idazten ordenagailuan une horretan bertan.

Baina etxeko hizkuntzaz ez da atzerritar hizkuntza batean bezala irakurtzen; ohar dadila irakurlea ez dudala ama-hizkuntza idatzi, etxeko hizkuntza baizik, azken urteotan hizkuntzalariek gero eta gehiago darabilten dermioa erabilita. Nire kasuan, adibidez, etxeko hizkuntza ez da nire ama-hizkuntza -ezta nire aita-hizkuntza ere, bidenabar esanda-; gurasoak erdaldunak ditut nik, erdaldun peto-petoak, izan ere.

Eleaniztasunaren karietarat, blog hau bera horren adibidea da. Blog bat zein hizkuntzatan idatzi behar den, hasieratik hartu ohi den erabakia da. Euskaraz egitea neure erabakia izan zen, beste hizkuntza bat aukera nezakeen arren. Erabaki hori ez zen ausaz hartutakoa, ez zen kasualitate hutsa izan. Lingua Navarrorum delakoak behar duen tornuia geuk eraiki ezean inork ez digu eginen XXI. mendean...

Cassanyk azaltzen duenez, Ama hizkuntza irakurtzean prozedura jakin batzuk baliatzen ditugu eta, horri esker, gure lan-memoria berehala erabiltzen dugu inferentziak egiteko eta esanahia eraikitzeko. Atzerritar hizkuntza batean, aldiz, sintaxia eta lexiko guztia ez dira horren ezagunak, eta gure memoriaren zati bat horretarako baliatzen dugu; horregatik, atzerritar hizkuntza batean gehiago kostatzen zaigu inferentziak egitea, adibidez.

Blog honetan bertan aurki daitezke, atzera begiratuta, italierazko esaldi batzuk; tartekatu ditut japonieraz, katalanez, gaztelaniaz, eta frantsesezko hitzen bat; latinezko esaera zenbait; ingelesezko esaldi bat -poema batean tartekatuak- eta, orobat, alemanezko testutxo bat aukeratu nuen Firefox-en ekimen bat iragartzeko. Post hauetan egindako estekek ere hainbat hizkuntzatan idatzitako gune anitzera eramanen zaituzte... Horrelakoa da Internet, horrelakoa da mundua, eleanitza, Nafarroa Garaian askok uste duen arren espainola dela "hizkuntza natural bakarra", jaiotzen den ororen berezko hizkuntza.

Honaino, beraz, Tras las líneas liburuaren irakurketaren haritik idatzitako hirugarren -eta azken- post hau. Jakin minak jotako irakurleak iturrira jo eta irakur dezala, beti ere ikuspuntu kritiko batetik, zeren egileak hiru gezur sartu zituen liburuan zehar, nahita sartu ere, joc edo joko modura, eta haren weborrian baino ezin daitezke soluzioak aurkitu...

2008-11-01

Berbaldiaz (II)

Daniel Casany irakasle katalana gustuko dudala ez dago ezkutatzerik; nire lankideek jadanik barre egiten dute nire lepotik Cassany -ahoska dadila kasañ- hizpidera ekartzen dudanean... Tira! Zertan ukatu! Nik miresten dut irakasle hori, eta bere liburuak argitaratu ahala irensten ditut. Duela hilabete luze bat blog honetan bertan post bat argitaratu nuen eta gaur, larunbata denez eta astia dudanez, -asteburutako idazle nauzu ni- horren haritik beste bat idaztera noa.

Rere las líneas-Tras las líneas liburuan atal interesgarri bat dago: Diskurtsoaren Arterketa Kritikoa. Hona, laburtuta eta euskaratuta, atal horren mamia.

Diskurtsoa (berbaldia) ez da inoiz neutroa, ez da errealitatearen isla objektiboa. Berbaldiaren sortzailea leku eta une zehatz batzuetan sortu duenez, subjektu horrek daukan errealitatearen isla baino ezin da izan; baina errealitatearen ikuspegia erabat lotua dago intentzioei, jarrerei, usteei eta, horregatik, berbaldiak islatuko ditu menpekotasun harremanak, bidegabekeriak eta zapalkuntzak. Hori horrela bada, hori guztia kontuan hartu beharko da ulermen kritikoa egingo bada.

Interpretazio kritikoa egiteko, beraz, gaiaren aldez aurretiko ezagutza eduki behar da; idatziak esaten ez duen guztia asmatu behar da.
Liburuan aurrera egin ahala, beste hainbat pasarte interesgarri irakur daitezke. Ene ustez, Cassany-k duen dohain miresgarrienetako bat hauxe da; besteok ere pentsatzen duguna argi, garbi, egoki eta biribil azaltzeko dohaina; behin baino gehiagotan gertatu zait pasarte jakin bat irakurritakoan, zera pentsatzea: ze arrazoia duen tipo honek, egia biribil-biribila da. Adibidez, jarraian doan pasartea, esandakoaren erakusgarri.

[...] prosa izebergaren punta baino ez da; itzulpen batekin izotz puska bat baino ez dugu ikusten, ur azalean dagoena, baina izebergaren zati txikiena baino ez dena.

Berdin-berdin gertatzen da blog honekin berarekin. Izan ere, ehungarren post ari naiz idazten uneotan, eta talaiari hau ez da objektiboa -ezin naiteke izan- , eta ehun testu llabur hauek, izebergaren puntak baino ez dira. Irakurlearentzat talaiariaren beraren isla bat izateaz gain, talaiariari berari atsegin handia eman dio blog xume honek, eta idazten jarraitzeko asmoa berretsi baino ez dut egin nahi.

Alabaina, sarri askotan, zalantzatan egoten naiz inork ikusten dituen izotz pusketa hauek Interneteko ozeano zabalean. "Nobody cares about my blog!" aldarrikapen etsigarria ez dut hemen zabalduko ezen, guztiarekin ere, ehun bezalako kopuru biribilak gonbit egiten du atzera begiratzera eta egindako ibilbidean argitaratu ditudan "harrikadak" hor daude, zuen iruzkinen zain, diskurtsoaren azterketa kritikoa osatzeko zain...

2008-09-24

Berbaldiaz, Daniel Cassany-ekin

Duela urte gutxi batzuk nekez irudika genezakeen nola aldatuko zen irakurtzeko ohitura. Begien aurrean pantailan lerratzen diren hitzak ari zara prozesatzen; blog batek azkar editatzeko eta Interneten argitaratzeko aukera ematen digu, duela urte gutxi batzuk imajinaezina. Baiki, orain dugu aukera duela ordu gutxi batzuk gertatutako zerbait pantailaratzeko. Horren adibidea duzu post hau. Daniel Cassany irakasle katalanaren bi eguneko ikastaro gogoangarri bat hartu berri dut: Irakurriaren ulermenaren ikuspegi kritikoa.
Atzo bertan bukatutako ikastaroaren oihartzun zenbait ekarri nahi dizuet blog honetara, eta inork interesik badu, jo dezala Cassany-en Rere les línies - Tras las líneas liburura; izan ere, ikastarotik ez ezik, liburu horretatik ere edan dut testu hau osatzeko.

Ze zaila den irakurtzea. Alabaina, askoren ustez, ze erraza den! Eta irakurketa nola aldatu den azken urteotan...! Eta nola aldatuko den!
Askoren ustez, irakurtzea grafia ahoz erreproduzitzea baino ez da; Erdi Aroko ikuspegia da hori, eta ulermena bigarren maila batean gelditzen da. Ikuspegi modernoagoen arabera irakurtzea irakurritakoa ulertzea da eta, horregatik, ulertu gabe ahoz testu bat erreproduzitzen dutenei analfabeto funtzional deritze.
Baina gaur egun, ikuspegi soziokultural batetik begiratuta, aldarrikatzen duguna hauxe da: irakurketa eta idazketa giza-produktuak dira, gizarteak berak zehaztutako produktuak.
Izan ere, irakurketa bera modu ezberdinez ulertu da historian zehar; hartara, leku bakoitzean eta garai bakoitzean, bai irakurketak, bai idazketak, tokian tokiko eta lekuan lekuko ezaugarriak hartu dituzte.
Azken urteotan, beraz, garrantzi handia ari da hartzen literaltasun kritikoa. Ingelesezko literacy hitzetik dator literaltasun hori. Ze garrantzitsua den -eta izanen den- konturatzea kontu hauetaz guztiaz! Egia da irakurtzea irakurritakoa ulertzea dela... baina horrek ez du esan nahi irakurtzen duzun guztia sinetsi behar duzunik! Ezinbestekoa da ikuspegi kritikoa izatea, batez ere, gero eta gehiago on line irakurtzen dugun garaiotan... Testuak, atzo Cassanyk esaten zuen modura, gailu kulturalak dira.
Irakurtzean hiru maila bereizi behar dira:
  • zer dagoen idatzita lerroetan,
  • zer dagoen lerroen artean, eta
  • zer dagoen lerroen atzean.
Lerroetan idatzita dagoena ulertzea hitz guztien esanahia ulertzea da. Baina guk badakigu agertzen dena bezain garrantzitsua izaten dela ezkutuan dagoena, esaten ez den hori, lerroan artean dagoena.
Badakigu lerroen artean irakurtzen eta hitzetatik haratago joan behar dugula; argi eta garbi agertzen ez den arren, lerroan artean irakurriz geure ondorioak atera ditzakegu, esaten ez den zerbait ondorioztatu dezakegu; iradokitzen dena, ironiaz esaten dena...
Baina agian ez dakigu beste maila bat dagoela ezkutuan, hirugarren maila bat, lerroen atzean ezkutuan dagoena; egile(ar)en ideologia, ze ikuspuntua darabilen testu horretan, nor den benetan egilea, ze argudioak erabiltzen dituen -eta zeintzuk ezkutatzen dituen-, ze intentzioarekin egin duen hori... Lerroen atzean ezkutatzen dena ikusteko ezinbestez irakurle kritikoak izan behar dugu.
Esan gabe doa, hiru ulermen maila horien arteko mugak lausoak dira, eta, anitzetan, zaila suerta dakiguke hori maila horiek... baina ez du axola; garrantzitsauena da konturatzea, egon, badagoela lerroen atzean ikuspuntu gordea, sarritan garrantzi handikoa izaten dena.

Zeren, ez dezagun geure burua engaina, hizkuntza ez da objektiboa; ezin da izan objektiboa. Hizkuntza, izatez, abstraktua da. Geure buruan baino ez dago hizkuntza, eta liburu batean hizkuntza jakin baten gramatika dugu, edota hiztegi batean hizkuntza baten lexikoa... Baina errealitatean berbaldiak daude. Eta berbaldiak betui kokatuta ematen dira, garai eta toki jakinetan, eta ez era abstraktu batean. Bernbaldiak ez daude denboratik at, edo egoera jakin batetik at; egilea, beti, hiztun komunitate jakin batean ekoizten ditu berbaldiak. Egilea, beraz, ez da izaki abstraktua, eta bizi da hiztun komunitate jakin batean, non, besteak beste, irakurri eta idatzi egiten d; eta komunitate horretan mundua ulertzeko ikuspegi bat dago, munduaren ikuspegi jakin bat, munduko beste hizkuntz komunitateetan ez dutena... Hortaz eta beraz, berbaldiak ezin dira neutroak izan; ezinezkoa da objektibitatea, berbaldi neutrorik edo objektiborik ez da.

Berbaldia neutroa ez denez, ezin da izan errealitatearen isla objektiboa; eta errealitatearen ikuspegia erabat lotuta dago intentzioei, jarrerei, usteei... Hori guztia -eta gehiago- kontuan hartu beharko dugu irakurle kritiko izanen bagara.

Hori eta askoz gehiago eskaini digu ikastaroan irakasle katalanak. Irakurle zintzoak susmatuko zuenez, - Diskurtsoaren azterketa kritikoa da Daniel Cassanyk Pompeu Fraba Unibertsitatean irakasten duena; ezin bestelakoa izan!

Literaltasun kritikoaz urteak daramatzate lanean Australian, Tasmaniako Gobernuaren webgunean ikus daitekeenez.

Estatu Batuetan ere, ari dira lanean: Adibidez, Sri-Lankan sortutako Canagarajah irakaslea.

Hurbilago, Europan, ezinbesteko erreferentzia da Lancaster Unibertsitateko Baliabide Zentroa

Astirik eta gogorik baduzu, baduzu nondik abiatu, beti ere ikuspegi kritiko batez...

Argazkian ikus daitekeenez, Daniel Cassanyekin berarekin afaltzeko parada izan nuen Aspaldiku-ko beste kide batzuekin batera.
Oso ongi ikusten ez zaion arren, ezkerretik hasita bigarrena duzu Daniel Cassany. Afarian berbaldi kokatuak eta eraginkorrak gozatzeko aukera izan genuen; besteak beste, txiste apartak eta errepikaezinak... Eta irakurle zorrotzak bereiz ditzala hitzen arteko ñabardurak, sinonimoak ez baitira!

Eta amaitzeko, excursus bat. Eskuinetik hasita lehena, Pello laguna dugu, latinzalea amorratua berau. Berarentzat, maitekiro, atsotitz hau: Vinum et musica laetificant cor; et super utraque dilectio sapientiae.

Eta galde ez diezadan zer esan nahi duen horrek, hona hemen geure hizkuntzaz: Ardoak eta musikak alaitzen dute, baina bi gauza hauen gainetik jakinduriarekiko maitasuna dago.

2008-09-20

Max Hamman-ekin



Asteburu honetan Max Hamann-en ikastaro bat hartu dut. Dokeos Learning Management System-aren gaineko ikastaroa izan da, eta hagitz interesgarria izan da.

Bukaeran iritzia emateko eskatu digu eta horretan ari naiz. Niri gustatu zait, arina egin zait eta ez naiz aspertu... aste osoaren zama handia gainean daramadan arren. Abiadura anitzeko ikasketariak izan gara eta hori nabaria izan da. Garrantzitsuena izan da baliabide piloa erakutsi digula, eta gure kasa ibili beharko dugu, dexente ibili ere, ikusitako guztia ikasteko.
  • GNU lizentzia duen kode irekiko softwarea: Sourceforge.
  • Liburu digitalak sortzeko tresna: MyCrapbook 4.0
  • Power Point zaharrak berrerabiltzeko on line: Xagraren adibidea.
  • Webquestak sortzeko, euskaraz.
  • Audioak lantzeko ezinbesteko tresna, audacity.
  • Plataforma bat hizkuntzak ikasteko, buusu, nire alemana lardaskatzeko.
  • Eta Extremadurakoen bitxia: atenex -en barnean dagoen "constructor" delakoa.

Lau katu eta bost txito, ikastaroa bukatu eta kitto.

2007-05-05

Berriozarko Haur Eskola krisi larrian


Ezkabaren magalean, besteak beste, Berriozar dago. Bertako Haur Eskolaren inguruko zalaparta handia sortu da gure herrian azken asteotan.
Gurasoak oso kezkatuta daude, apirilaren 24ko osoko bilkuran, udal gobernua osatzen duten PSOEk, UPNk eta CDNk bat-batean erabaki dute ez berritzea kontratua Haur Eskola kudetzen duen enpresari. Horren ondorioz, langileei kontratua ez zaie berrituko eta kale gorrian geldituko dira.

Eta zergatik egin dute hori?

Ez dute inolako arrazoirik eman. Zergatik? Hargatik! Horixe da gurasoak gehien atsekabetzen dituena. Alkatearen jarrera udal bilkuran oso harroputza izan zen. Izan ere, oro har, guraso gehien-gehienok pozik daude Haur Eskolaren funtzionamendurekin eta, orain langile guztiak kalera botatzea inolako arrazoirik eman gabe ez da zilegia; nolanahi den ere, Udal Goernu taldearen prozedura desegokia izan da Areago kontuan hartuz hurrengo ikasturterako umeen aurrematrikulazioa egina dagoela; Berriozarko Udalaren webgunean iragartzen den bezala, epea agortuta dago.

Hain zuzen, horregatik daude horren kezkatuta, zeren gurasoek jadanik eginak dituzte aurrematrikulazioak, epe guztiak agortuta daude eta eskuak lotuta utzi dituzte.

Baina Haur Eskola egonen da irekita irailaren 1ean?

Horixe jakin nahiko luketa eta irailaren 1ean irekita egonen den, zeren ez diete ezer ziurtatu hurrengo ikasturteko funtzionamenduaz. Zerbitzu publikoa da, eta orain sortu den katramila hau sortu beharrean, errazena zen beste urte batez berritzea kontratua Haur Eskola kudetazen duen enpresari.

Gainera, UPNkoek ingelesa sartu nahi omen dute, inork eskatu ez duena sartu nahi dute... argi dago euskarari kalte egiteko eta euskararen kontra jotzeko darabiltela ideia hori. Sinadurak ere bildu dituzte bidagabekeria hori salatzeko, baita kalera atera ere.

Ezkabaren talaiatik ikusi genuen ostegunean, Berriozarko Eguzki Plazan eginiko kale agerraldia.

Gurasoek eskatzen dutena hauxe da: Haur Eskola kudetzen duen enpresari berritzea beste urte batez, eta irakasleek berdin-berdin jarraitzea.