2008-07-30

Ja soc aquí

Ja soc aquí, hemen naiz berriro, Kataluniatik bueltan... Zeren nora joaten gara euskaldunok oporretara? Eta nora etortzen dira kataluniarrak oporretara? Galdera erretorikoak dira, erantzunik behar ez dutenak, alegia.

Tarragonan egon garen bitartean, Diari de Tarragona irakurtzeko parada izan dut. Bertan, pasa den astean, -divendres, 25 de juliol de 2008- albiste hau irakurri nuen:



Espero izatekoa da, beraz, 33:02an itzalia zela...

Fins aviat!

2008-07-17

Gozatu oporraldia

Ezkabako talaiaria oporretara joanen da eta, tarte llabur batez bederen, ez da post berririk argitaratuko blog debozionezko honetan.
Abiatu aitzin, autoa erregaiez hornitzera joanda hartu dudan sustoa ez da nolanahikoa izan; horregatixe, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutelakoan, marrazki honetan duzue ikusgai hitzekin adieraztea luze joko lukeena.



Halarik ere, gozatu oporraldia.

2008-07-05

Radarrak


Ezkabako Talaia honetatik oso ongi ikusten da Iruñea, Euskal Herriko hiriburu eta bihotza. Sanferminetara datorren gidaria ibil dadila zazpi belarrirekin, begia zoli eta burua hotz. Zapi gorria ekartzea bezain garrantzitsua, gogoan gordetzea non ezarri dituzten radar berriak. 5 kutxa ezarri dituzte Iruñeko bost errepide nagusitan, eta oraingoz horietako hirutan -ezin daiteke jakin zeintzuetan, jakina- radar bana, 50 kilometro orduko abiaduran baina azkarrago ibiliz gero sanferminetan, jai duzu! Radar berriak, isunak partitzeko jarriak. Hemen ikus dizakezu.
Inozo batek baizik ezin du bere burua engaina: segurtasuna eta hitz polit horien guztien atzean, dirua biltzeko gosea gordetzen da. Krisia dela-eta, dirua behar dute; gure dirua.

2008-07-01

UEUn kamishibai



Ikasturteari amaiera emateko, ikastaro bat Eibarren, UEUren eskutik. Kamishibai ikastaroa da, bi egunekoa, eta indarrez urri eta lo-zorrez urre nabilen arren, ezin ezetzik esan. Izanen dut, izanen dudanez, lo-zorrak kitatzeko aukerarik...
UEUren blogean ere bixkor-bixkor ibili dira horren berri emateko. Guztiarekin ere, informazio osagarria, baita gaurko saioaren nondik-norakoa laburbilduta ere, EIBZren web orrian duzu ikusgai.
Horrelako ikastaroetan ohikoa izaten da Power Point erabiltzea... eta nik, prestatua neukan arren, ez baliatzea deliberatu dut. Eta ez naiz damutu. Arina egin zait, -ezen ez arinkeraz- bost ordu eman dugun arren. Hemen dago gaur azkenik erabili ez dudana:

Bihar goizen-goizean, berriz Eibarreraino... Urrunsko dago Ezkabako talaiatik, baina gaur bezain gustura itzultzen banaiz, pozik eta kontent. Lo-zorrak kitatzeko betarik hartuko dut noizbait...