Wilkie Collins-en
The Moonstone klasikoa
euskaratu du duela gutxi Antton Olanok. Literatura Unibertsala bildumaren 139. liburua da. Liburua baino, liburukotea; izan ere, 748 orrialde ditu
Ilargi-harriak. Eta esaten badizuet luzea bezain ona dela, burutik jota nagoela pentsa lezake baten batek... Ilargiak jota nago, ilargi-harriak jota, zehatz idazteko... Egiatan, ene uste apalean, literaturaren harribitxia.
Gazte eta berde nintzela, institutuan, Toño Muro izeneko irakasle batek irakurtzeko agindu zigun:
La piedra lunar irakurri nuen gustura, erdaraz, artean erdaldun peto-petoa nintzen-eta... Kontua da
La piedra lunar delakoak haluzinatuta utzi ninduela: Gabriel Betteredge zaharraren hizkuntz erregistroak txunditu ninduen; Clack andereñoaren kristautasun esperpentikoarekin barrez lehertu nintzen; Ezra Jennings opiozaleak harritu ninduen, are gehiago ikasi nuenean Wilkie Collins egilearen
alter egoa zela... Gazte garai berde horretatik liburu gutxik markatu naute
Ilargi-harriak bezainbeste.
Horregatik udazkenean liburu-denda batean euskaraz ikusi nuenean, sartu eta erosi egin nuen. Orduan ez nuen astirik irakurtzeko, eta oporretan irakurri nuen. 748 orrialde, lagunok; eta ez naiz aspertu.
Berrikusitako argitalpenaren hitzaurrean Wilkie Collinsek ohar bat erantsi zuen:
"[...] Bi oinazealdien bitartean, minaren noizbehinkako barealdietan, ohetik bertatik diktatu nuen irakurleen artean gero harrera beroena izan omen duen
Ilargi-harriaren zatia:
Clack andereñoaren kontakizuna. Horretarako egin behar izan nuen sakrifizio fisikoaz ez dut jardungo. Nik zeregin (ezin saihestuzko) horretan aritzeak nire buruari eman zion lasaitasun zorionekoa baino ez dut gogoan orain. Artea, zeina nire bizitzaren harrotasun eta plazera izan baitzen betidanik, haren saririk nagusiena eta garrantzitsuena bihurtua zen, orain inoiz baino gehiago. (15. or.)"
Wilkie Collins-ek erreuma-atakeak jasan behar izan zituen... eta opioa izan zuen aringarri; ederki ezagutzen zuen droga hori, nobela honetan horrenbeste garrantzia duen droga.
Nobelaren planteamendua bitxia da: "[...] Begien bistako egia horretatik abiatua,
Ilargi-harriaren istorioa denon artean txandaka idaztea da gure asmoa, norberaren esperientzia iristen den punturaino, ez gehiago."
Nobela honetan duzu Sherlock Holmes pertsonaiaren aitzindaria: Cuff sarjentua. Lehenagokoa da Wilkie Collinsen pertsonaia; antza, Sir Arthur Conan Doyle-k Collins-en nobelatik hartu zuen detektibe argiaren prototipoa... Blog honetan Sherlock Holmes biziki maite dudala
erakutsi dut, baina -nori berea da gizalegea- Wilkie Collins-i zor diogu detektibe arketipiko horren aitatasuna.
Bai, horrenbeste zor zaio Wilkie Collins-en maisu-lan honi, eta espero dut oraingo liburu honi esker euskal jendeak preziatzea
Ilargi-harria harribitxia.
Eta beste harribitxi bat: itzultzailearen lana. Euskarara dotore itzuli du itzultzaileak, gozada bat izan da liburu hau irakurtzea. Zorionak leitzar horri!
Kezka bat baizik ez dut liburu honen inguruan:
Ikusi 186. orrian:
"Gela uztera nindoala, etxekoandreari sarjentuaren mezua eramateko, hara non entzuten dudan Franklin jauna galdera bat egiten sarjentuari, eta hantxe gelditu nintzen ni, ateko atalasean, sarjentuaren erantzunari adi."
Eta hurrengo pasartea:
"Gelatik irtetera nindoala, etxekoandreari sarjentuaren mezua eramateko, hara non entzuten dudan Franklin jauna galdera bat egiten sarjentuari, eta ateko atalasean bertan gelditu nintzen bat-batean, sarjentuaren erantzunari adi."
Antza, itzultzaileak bi proba egin zituen paragrafo bat itzultzeko... bat ezabatu ez, eta horrela joan zen, bi pasarteekin. Itxura batean, zuzentzailea ez da sobera fin ibili... Liburukotea dela, oso potoloa dela? Horrek ez du kontua zuritzen, zeren ez da akats bakarra izan; ikusi 293. orrian "Nik inoiz pentsa nezakeen baino" esaldia errepikatuta dago. Berriz ere, aurrekoaren antzera gertatu delakoan nago.
Zer nahi duzu nik esatea? Ni ez naiz zuzentzailea, eta ez dut zalantzan jartzen inoren gaitasuna... Ni ez nintzateke gauza izanen liburukote hori zuzentzeko... baina pena eman dit, horrelako harribitxi batean, dir-dir egin lezakeen liburu batean, horrelako akatsak topatzeak... Zeren aurreko bi horiek ez dira bakarrak: "Eta azkenean , hor hasten gara, mihiseak margoz hondatzen, etxea goitik behera kirasteraino..." (99. orrian) Berriro ere errepikatutako zati eder bat... Akats horiek ez dute kirasten, ez dute itzaltzen ilargi-harriaren distira... baina pixka bat iluntzen dute harri-bitxia.
Inoiz bigarren argitalpen bat eginen balitz, zuzendu beharko lituzketen zatiak dira ezen, nolanahi ere,
Ilargi-harria, harribitxi bat da, zinez.
Ea inor
animatzen den euskaratzen Wilkie Collins-en
The Woman in White.