Historia
garaileek idazten dutela ikasi dugu. Hurbileko adibide bat
ematearren, Ernest Hemingway Nobel saridunaren “historia”
ofiziala, sanferminen atarikoan gauden honetan berriz sartuko
-salduko- digutena. La Perla hotelekoek marketing
amu gisa baliatzen dituzte idazlearen izena, ospea, itzala eta
irudia, baina Hemingway ez zen egoten Hemingwayren
gelan. Izan
ere, Ernest Hemingway
bakarrik behin egon zen La Perla hotelean: 1923ko uztailaren 6an,
Hemingway eta Hadley emaztea Gaztelu plazara heldu ziren su-politen
orduan, eta aldez aurretik gela bat La Perlan erreserbatuta zutenez,
bertara joan ziren; baina gela gustatu ez, eta handik joan egin
ziren. Hemingway-k ez zuen, beraz, sekula lo egin La Perla hotelaren
Hemingway-gelan.
Izan
ere, Hemingway Iruñera etortzen zenean, beste hotel batera, Quintana
hotelera, joaten zen. Quintana hoteleko jabea, Juanito Quintana,
errepublikazalea zen, eta legezko errepublikaren aurka militar
espainolak matxinatu zirenean, hotela kendu zioten garaileek: gaur
egun Txoko dagoen
eraikinaren gainean zegoen Quintana hotela. Nolanahi, gerora ere
Juanito Quintana eta Hemingway lagun-minak izan ziren, batere gorria
ez zen Jose María Iribarren-en Hemingway
y los Sanfermines
liburuan zehatz azaltzen den gisan.
Ez
da egia, beraz, Ernest Hemingway-ren ostaturik maiteena La Perla
zenik, hotel horren webgunean agertzen den gisara, Quintana hotelera
joaten baitzen Iruñera etortzen zenean; izan ere Fiesta-The
sun also rises liburuan agertzen den Montoya pertsonaia Juanito
Quintanaren alter egoa da.
Baina
Historia -letra larriz- garaileek idazten dutenez, Hemingwayren
ospea familia falangista batek lapurtu zuen, Moreno familiak, La
Perla hoteleko jabeak. La Perla hotelaren historia mito-historia
da, perla faltsu bat bezain faltsua.