Joan zaitezte
etxera, lagunok, egin ihes Alde Zaharretik polizia nazionalak
kargatzen hasi dira-eta. Joan zaitezte aldapa behera, Txantrearantz,
ea libratzen zareten pilotakada bat edo borrakada bat jasotzetik.
Peloteroak debekatuta daude Europan, baina LogroƱotik bezperan
etorritako polizia espainolentzat hau ez da Europa, hemen barra libre
dute, hau zapaldu beharreko lurraldea da, hau Euskal Herria da
poliziaren begietan. Joan zaitezke bizkor, zeren gazteak zarete, eta,
bestela, peloteroen jo-mugan izanen zarete. Joan zaitezte auzora,
panorama beltza jartzen ari da, are beltzago polizia nazional andana
batek —kasko beltz, bokatxa beltz, borra beltz, jantzi beltz,
bihotza beltz— “Alto” oihukatzen dizuenean.
Geldi zaitezte
eta ez hasi korrika. Geldi zaitezte eta agindutako “Contra la
pared!” bete, gogoz kontra bada ere. Greba Orokor egunean,
geldi-geldi... Geldi zaitezte; besoak eta hankak zabaldu, eta katxeoa
jasan. Geldi zaitezte eta ez egin pentsatzen ari zaretena... ala bai?
Eta dauzkazun 17
urteek ematen dizkizute —agiri espainolaren ordez— Euskal Herriko
Agiria erakusteko indarrak. Eta polizia nazionalek ez dutela umore
zentzurik beste behin frogatzen duzu, agiria amorruz lurrera bota
duelako “Esto es una mierda!” esaten duelarik. Eta beste
lagun batek dauzkan 17 urteek emandako indarrekin poliziari
Osasuna-ren kartera erakusten dio. Eta polizia nazionalak ez direla
Osasuna-zaleak frogatzen duzue, karteratxoa ere amorruz lurrera bota
duelako poliziak “Esto es otra mierda!” esaten duelarik.
Azkenik, utzi
dizuete joaten, polizia espainolak Alde Zaharrerantz itzuli behar
direlako, petoteroen danbadak erakarrita edo. Orduan lagun horietako
batzuek osatzen duzuen musika-taldearen izena zeinen egokia den
ohartzen zarete: Skapada, a ze eskapada!
No comments:
Post a Comment