Showing posts with label monarkia. Show all posts
Showing posts with label monarkia. Show all posts

2013-09-08

Madrilgo errege jauregian

 Gazte ziren, euskaldun ziren, eta lagun preso bat bisitatzetik bueltan zetozela, Madrilen gelditzea erabaki zuten bisita turistiko bat egiteko. Madrilgo errege jauregira joatea otu zitzaien, beste preso baten senideei entzuna baitzioten merezi zuela. Erraza egin zitzaien aurkitzea eta jauregiaren kanpo aldean barkillero bat topatu zuten, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa zirudiena. Ironia guztiarekin, gazte euskaldun horietariko bat saltzailearengana hurbildu eta barkilleroari, errege jauregiari begira, galdetu zion ea han bizi ziren errege-erregina.
Paper-festa-n Anjel Lertxundi-k adierazi zuen: “Ironia eta iraina oso hitz hurbilekoak dira. Eta esanahiaren aldetik, ironia askotan iraingarria baita, biak sinonimotzat hartzen dira sarri”. Barkilleroak ez zuen ironia harrapatu, iraintzat hartu baitzuen galdera, eta sinkope bat sufritu behar zuela zirudien arren, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa haragiztatuak arnasa hartu, erdeinuzko aurpegia jarri, eta purrustaka esan zion ea nola zen posible espainol batek ez jakitea Zarzuela jauregian bizi direla errege-erregina.
Izan ere, barkillo-saltzaileak ez zekien aurrean zituen gazteak ez direla sentitzen espainol, Espainiari eta Espainiako errege-erreginari eskertzeko deus ere ez dutela gazte euskaldunek. Gazte euskaldun horien laguna utzi berria zuten Toledo eta Madrilen arteko mugan dagoen espetxe batean, sei urteko kartzela-zigorraldia betetzen Espainia monarkiko honek legez kanpo utzitako erakunde bateko kidea izateagatik. Bi mila egun baino gehiago Aranjuez-en. Espetxe hori Juan Carlos erregek berak inauguratu zuen, sarreran bisitariei ongietorria emateko plakak aldarrikatzen duenaren arabera. Baina hori nola azaldu Tony Leblanc-en eta Jose Luis López Vázquez-en nahasketa den barkillero bati? Batzuetan, elkarrizketa bateko solaskideen arteko amildegia Urbasako leize-zulo guztiak baino sakonagoa da.
Egun horretan gazte euskaldunek ez zuten errege jauregia bisitatu nahi izan, bertan dagoen armarri berezi bat ikusteko aukera galdu zuten: Juan Carlos-en armarria zutoihal handi bat, bertan Falange-ren ikurra duena, uztarri eta geziak hondo urdinean. 


Hori ez zuten ikusi, eta barkillorik ere ez zuten erosi nahi izan.

Espainia horrelakoa da: uda honetan, Moraleja de Enmedio herrian, Madrilen, Falange-ren Cara al sol ereserkia jarri dute, udal plazako bozgorailuetatik dena emanda, balkoian armarri frankista airean. Ikusi, ikusi! Hori da hori marka, marca España!
Ez gaitezen harritu, beraz, ez badiote Espainiari olinpiadak antolatzea esleitu. 

2012-12-01

Gaur dela 500 urte

Munduan ez dago herririk bere konkista ospatzen duenik. Hemen, ospatu baino gogora ekarri dut duela bost mende Espainiak Nafarroa Garaia, odol eta gar, azpiratu zuela. Orduko hartan bortxakeria eta odol isurtzea izugarriak izan ziren; batzuek libre adhesión izendatu arren, gaur inork gutxik sinesten du Jaime Ignacio del Burgoren bertsio kamutsa, besteak beste, urte osoan zehar Nafarroa Bizirik ekimenak egindako lanari esker.

Gaur egun berezia izan dugu Berriozarren. Ezkabaren magalean dagoen Berriozar herrian, gaur dela bostehun urte, Nafarroako errege Enrique IIIk hartu zuen ostatu, segur aski Juan Ezpeletako jaun leialaren jauregian, gaur egun oraindik auzo zaharrean dagoen jauregian. Nafar tropek mugaz bestaldeko bidea hartu aitzin egon zen Berriozarren; horren froga, idazki bat, 1512ko abenduaren 1ean sinatua "Berrio"-n.  Gertaera horiek guztiak gogora ekartzeko hitzaldi bat egin berri da aste honetan bertan Berriozarko kulturgunean.

Hitzaldian parte hartu zuten, Patxi Pitillas lagunaren argazkietan dakusazunez, Javier Ilundainek eta Carmelo Urrak. Garai historiko horretan kokatzeko mintzo zen Javier Ilundain; Berriobeitin sortua, komertziala lanbidez baina jadanik erretreta hartuta, euskaraz eta erdaraz arituz zen.

Bestalde, Carmelo Urra, Barindanokoa baina aspaldi Berriozarren bizi dena; Mendialdea eskolako maisua eta Berriozarren historiaren sustraiei begiratzera emana, artxibategietan hainbat eta hainbat ordu pasatu dituena, jubilatu aitzin eta baita jubilatu ondoren ere.

Carmelo Urra eta Javier Ilundainekin

Hitzaldia bizia eta entretenigarria izan zen, kontu guztiz jakingarriak ederki azaldu baitziren.  Besteak beste, Berriozarrekin estuki lotuta dagoen Juan Ezpeletako baroiaren soslaia eta baita Donamaria kapitainarena ere. Bitxia da: espainolen aldeko Donamaria mertzenarioak badu kale bat Berriozarren, Donamaria kalea hain zuzen, neroni bizi nintzen kalea; Juan Ezpeletako jaun nafarrak ez al luke merezi plaza bat?

Bukatzeko, Eliza Katolikoak nola jokatu zuen Gaztelako Fernandoren alde eta Nafarroaren kontra azpimarratu da: Fernandok “arma espiritualak” eskatu zizkion Juan II. Aita Santuari eta honek bulda ospetsua eman zuen, non aldarrikatzen zen eskumikatuko zituztela Nafarroako erregearen aldekoak gaztelarren konkistari aurre eginez gero...



Berrogeita hamar lagun baino gehiago bildu ginen Berriozarko Kulturgunean




2012-10-07

Euskaraz eta Quito

Berriozarko familia bat Ekuadorren egon berri da. Hara joan da senar berriozartarra emaztearekin eta bi seme-alabekin, emaztea han jaioa delako eta hamaika urte zeramalako sorterria bisitatu gabe; hamaika urte, hamar gehi bat, hango familia eta lagunak ikusi gabe: hamaika urte, urte anitz, zin-zinez.

Presidentea Rafael Correa da, eta aberatsek ez dute batere maite; herri xeheak, ordea, biziki maite eta estimatzen du jendearen alde egiten ari dena, oro har.

Ekuadortar batek galdetu zion lagun berriozartarrari ea hemen demokrazia dagoen, eta hemengoak kontatu zion zer dagoen: parlamentu bat,  jendeak bozkatzen du... eta errege bat dagoela Espainian. Ekuadortarrak esan zion berriozartarrari: “Errege bat? Eta bozkatu al duzue errege hori? Ez? Orduan demokrazia hori ez da hemengoa bezain demokratikoa” 

Ekuadortarrak, arrazoi,  eta kitto. Eta Ekuadorreko hiriburua, Quito. Han, urrutian, lagun berriozartarrak asko entzun eta ikasi du, eta hangoek ere entzun eta ikasi dituzte euskarazko hitz gutxi batzuk: izan ere Ekuadorrera bisitan itzuli den emazteak euskara ikasteko ahalegina egin du hemen, eta seme-alabei, ahal duela, euskaraz hitz egiten die.

Ai, hemengo batzuek eginen balute Ekuadorren sortutako neska horrek egindakoaren erdia!  Kanta bat dago euskaraz, Berriozarko aurtengo festetean egondako Gozategi taldearena... “Ekuadorren dago Quito...” Fini eta kitto?