2022-12-12

Hitzen hasperenak olerki liburuaren haritik

 



Durangoko Azokaren Ahotsenean eta Hitzen hasperenak olerki liburuaren kari, literatur solasaldia izan dut Sabin Oregirekin. Izan ere, Pandemiak ezarritako itxialdiaren alde positibo bat, positiborik bada, denbora gelditu egin zela izan zen, egunerokotasunaren etenaldi horrek sormenari leiho bat zabaldu ziolarik. Sormena zerbait berri egiteko, olerki  berriak idazteko eta jasota geldi daitezen denbora geldirik zelarik. Agian ez legoke gaizki egitea ikerlan bat, jakiteko ze-nolako ekoizpen oparoa eman den euskal liburu eta disko-gintzan pandemiaren ondorioz eta ondoren; horra hor, unibertsitateko ikasle bihoztoi batentzako proposamena.

 

Baitezpadako itxialdian taxututako olerkiak dira Hitzen hasperenak bildutakoak, haatik bizi-biziak, bizitza bezalako testu anitzak eta askotarikoak. Eta bizitzan bertan bezala, badira hasperenak sortzen dituzten egoerak eta bizipenak, eta horixek ditut liburu honetan bildu. Irakurleak, beraz, olerki hauetan arrosak eta arantzak aurkituko ditu, itxuraz arrosa gehiago arantza baino, baina bata eta bestea lotuta doaz uztarri berean, ez baitago arantzarik gabeko arrosarik, arantzak eta arrosak txanpon beraren bi aurpegiak direlarik.

 

Bizipenak aurkituko ditu, beraz, irakurle begi-zoliak, eta poemen osagarri, Maite Ramos Fernandezek egindako irudi bereziak, akuarela eta tintaz egindako irudi bereziak.

 

Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharretaren proposamen bati jarraiki egindako irudiak dira eta, batzuk lehendik idatzitako olerkiei begira eginak dira; beste irudi batzuk, aldiz, ez zetozen bat  eta, hori horrela, poemak a posteriori idatzi behar izan ziren irudiaren haritik; erronka polita olerkariarentzat...

 

Hitzen hasperenak edo hitzen suspirioak; izan ere, poesiak horretarako balio du, alegia, hitzak hartu, harilkatu, jolastu eta bertzenaz esaten ezin direnak adierazi.