2022-03-26

Ozenki idatzitako olerkia, minutu bateko eleak

 

Bizipenek penetan ez bizitzeko

idazkuntzari ematen diote bide.

Ozenki idatzitako olerki honek

bideratuko ahal ditu zuregana

idaztearen poza eta atsegina,

sortuko ahal ditu zugan ere

gozamen eta plazer sentimenduak.

Sentimenduek bizipenak

bizkortzen eta berpizten dituzte

blaitzen eta suspertzen zaituzte.

Ahotsa jasoz idatzitako olerkiak ez ezik

ahotsa apalduz irakurritako batzuk ere

iristen dira biziberritzera,

benetako bizitzaren penetan

parentesi poetikoak sortuz.

Bizipenek penetan ez bizitzeko

idazkuntzari ematen diote bide.


Patxi Pitillas lagunaren argazkia


Minutu 1eko Eleak KORRIKAren baitan antolaturiko ekimen literario xumea da, eta blog honetan bertan horren berri eman dut jadanik. 

Aurtengoan, iaz hil zitzaigun Jokin Irigoien lagunari omenaldi hunkigarria egin zaio eta liburuxkan testu anitz Jokin dute gai nagusia; ezin bestela izan! 




 



2022-03-23

Sahara ez dago salgai, Pedro Sánchez

 




Harriduraz irakurri dugu Espainiako Gobernuaren eta Marokokoaren arteko agiria, non, antza denez, Espainiak Sahararentzat lehenesten duen Marokoren proposamen zahar bat, autonomia plan bat, hori benetako soluzio bat balitz bezala.

Pedro Sanchez Maroko okupatzailearen alde lerratu egin da, Espainiak duen erantzukizun historiko, juridiko eta politikoari muzin eginda. Izan ere, Espainiak badu oraindik erantzukizun hori. Orain arte, Saharako herritarrak egonarriaren eta kemenaren eredu izan dira urte hauetan guztietan.

Sahara ez dago salgai eta ez dago bakarrik. Sahararen aldeko talde eta elkarteek fermuki eskatzen diogu Espainiako Gobernuari, gobernuari berari sostengua adierazi dioten talde orori eta baita oposizioko taldeei ere ahaleginak biderka ditzatela Espainiako Gobernuak hartu berri duen jarrera irmoki gaitzetsi eta nazioarteko eskubideen alde egin dezaten. Izan ere, jarrera berriak hautsi egiten du Sahararen auzia dela-eta azken 46 urteotan egon den kontsentsu handia. Benetako soluzio politiko justua nazioarteko eskubideen gauzatzetik etorriko da, autodeterminazio erreferendum baten bidez.

Espainiako Gobernuak beti aurrez aurre izanen gaitu autodeterminazio eskubidearen eta Sahararen independentziaren alde borrokatuz arrazoia gure alde dagoela jakiteak ematen digun indarrekin.

Saharan ere, Autodeterminazioa eta Independentzia!