2009-10-28

Albert Einstein-ekin eleketan

Lagun batek eskatuta, Albert Einstein-en aipu bat euskaratzeko lana hartu nuen. Alabaina, itzultzailea baino itzaltzailea naizenez, beste lagun batengana jo nuen, eta gero, beste batengana.

Aipuak euskaratzeko esperantzarik gabeko zeregina izaten da, nekez lortzen baita jatorrizkoaren biribiltasuna. Egun batzuk eta buelta bestetzuk eman behar izan dizkiogu jatorrizkoari:
Nada beneficiará tanto la salud humana e incrementará las posibilidades de supervivencia de la vida sobre la Tierra, como la evolución hacia una dieta vegetariana.


Zorionez, nire lagunen prestutasunari esker, emaitza polita lortu delakoan nago:
Ezerk ere ez dio lagunduko gizon-emakumeen osasunari, ez handituko Lurrean biziak aurrera egiteko aukerak, dieta begetariano baten aldeko eboluzioak bezainbeste.


Azkenik, Albert Einstein-i berari ihardetsi eta gustuko duela erran dit: bisajea ikustea bertzerik ez dago.



Halarik ere, inork nahi badu bertze bertsiorik eman, blog honetan iruzkinak egiteko aukera dago...

2009-10-21

Ipuin labur bat Euskalerria Irratian

Henry Blake-en silueta beltza ez zen antzematen kale kantoi ilunaren ilunean. Ezkerreko eskua beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan, 9 milimetroko Browning-en gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Blacke-k bazuen, gainera, negu gorriaz gainera, bestelako motiboak dardarka egoteko: Ekialdeko Berlingo kale kantoi hits horretan hitzordua zuen, baina kontaktuak kale eginez gero, sare guztia arriskuan egon, eta errusiarren atzaparretan eror zitekeen.

Lasaitu beharra zuen eta eskuin eskuan piztu berria zuen zigarretaz oroitu zen. Bazekien tabakoa txarra zela, batzuek zioten modu asaldagarrian, tabakoak hil egiten zuela…Baina lasaitu beharra zuen. Eskua jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen kale kantoi ilunaren beltzean, suaren antzera kea irentsi ahala, pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere behar-beharrezkoa zuela; sorterriko oihartzuna ekartzen zion gogora, agian Langley-n egondako denbora luzean tabako gorriaren zapore horretara ohitu zelako; agian, Agentziaren eskoletan ikasitakoa gogora ekartzen ziolako…

Baina Henry Blacke-k ez zuen gehiago gogoratzerik izan. Suaren antzera piztu zen kalearen beste aldetik zetorren hori ez zen zigarreta baten punta gorria. 9 milimetroko bala batek kopetan sartu eta gomuten zakua leherrarazi zion.

Danbadaren oihartzuna joanda, alboko kale kantoi ilunetik beroki beltzeko gizon bat atera zen, Tupolev pistola eskuan, artean bero. Espioi errusiar horrek Henry Blacke hila zela ikusi zuen: Henry Blacke-en kopetako zuloari odol gorriari zerion eta ahoari, ke beltza. “Tabakoak zinez hil egiten du” pentsatu zuen, errusiarrek berezko duten sarkasmoarekin.

2009-10-18

Jendetza izugarria



Eta Donostiatik bueltan, Zuastiko ordainlekuan, Goardia Zibilaren kontrol izugarri bat: demograzia (sic) batean bizi garela gogorarazteko, edo.

Izanez ere, kontrol guneko goardia zibilei, iluntzeko ordu horietan, berdin zaie Aralarkoak, EAkoak, EAJkoak, Batasunakoak, ELAkoak, LABekoak edo Lokarrikoak zareten.

Izanez ere, fusila eskuetan hartuta, aurpegia estalita eta balen kontrako txalekoaren atzetik begira duzuen goardia zibilaren begietan, hauxe bazik ez zarete: "una puta vasca" eta "un puto vasco", hurrenez hurren.

Izanez ere, autotik jaisteko agindu, eta mendiari begira jartzeko agindu dizuen goardia zibilari ez joan koplekin eta nabardurekin, umore fina ez baita benemerito-en ezaugarri behienena.

Ai, euskaldun guztiek goardia zibilek bezain garbi edukiko balute, beste kuku batek joko liguke!

2009-10-10

Zorionak, Zulo Alai


Berriozarko Zulo Alai elkartearen 25. urtemugaren harira lagun batek egindako bertso ederra:

Hogei eta bost urte hauetan
Berriozartartasunez blai
Ibili gara txintxo lanean
Eta parrandan ere bai.
Hemen gurekin gaur ez daudenak
Ez ditugu ahaztu nahi
Topa dezagun haiek gogoan:
Zorionak, Zulo Alai




Baiki, zorionak, Zulo Alai!

2009-10-01

Gerraren aurkako hitzak, 2009

Azken urteotan egin den gisara, Gerraren aurkako hitzak bildu ziren atzo Barañainen. Atzoko saioan, batik bat poetak izan ziren bertaratu zirenak. Nik, aldiz, testu bat prosan prestatua nuen, behean irakur daitekeena, hain zuzen.







Hispano-Suiza beltz dotorea herriko plazara sartu eta txapel-gorri bat azkar jaitsi zen. Txapel gorriaren azpian Eusebio Esparza gordetzen zen. Eusebio Esparzak gure aita berehala ezagutu zuen: “Hara, Teofilo!”. Txapel gorria erantzi zuen esku batekin eta beste eskua aitari eman zion: “Ze moduz, aspaldiko, Teofilo!”

Gure aitak bostekoa eman zion lagun zaharrari: gizondua eta gizendua ikusi zuen Eusebio. Aurpegia eta begirada bestelakoa zuela ematen zuen. Aitak azaldu zion beste bi anaia frontean izategatik libratu eta herrian zela atzera. Kamioia eta Hispano-Suiza beltz dotorearen kontura galdetu zion, ea zertan zenbiltzaten erreketeak han, auto eta kamio batekin.

“San Cristobal gotorlekutik putakume andana batek ihes egin zuen, atzo. Zaindari bati pikotxa batekin burua zartatu eta ihes egin zuten. Zorionez, gutariko bat Aitzoiango kasernaraino joan zen lasterka eta ihesaldiaren berri eman zuen; hori atzo gertatu zen, igandean. Gu boluntario bila ari gara, ea osatzen dugun talde polit bat gorri separatista horiek ehizatzeko. Bidenabar esanda, zuk ederki ibiltzen zenuen mauserra, ez? Zatoz gurekin, Teofilo. Horretarako etorri gara-eta, boluntarioak biltzera.” Eta txapel gorria jantzi zuen, agintaria zein zen nabarmentzeko.

Txapel gorriaren azpian irribarre zuri batez gelditu zitzaion beha aitari, baiezkoa noiz adituko zain. Aitak gizendua, gizondua eta doilortua ikusi zuen lagun zaharra. Irribarre zuriaren atzean bihotz belztua ikusi omen zion aitak, eta ezetz esan zion, eta beste bati esateko: beraiek jadanik behin joanak zirela boluntario, bi urte lehenago, elkarrekin joan ere; ea ez zen oroitzen...

Eusebio Esparzak sudurra zimurtu, txapel gorria atondu, eta beste irribarre zuri batez erantzun zion gure aitari. Gero, batengana eta bestearengana jo zuen: “Gorri hiltzaile horiek harrapatzea untxiak ehizatzea bezain erraza izanen da” aldarrika. Baten bat igo zen, txaloka eta bibaka kamioira.

Txapel-gorria Hispano-Suizara sartu aitzin, aitak galdetu zion ea noiztik zen erreketea, eta Eusebiok esan omen zion: “Ni beti izan naiz karlista, Lacar Tertziokoa” eta, atekada bat emanda, auto beltzaren beltzean gorde zen; txapela gorria baino ez zen ikusten urruntzen ari zelarik.

Urteak joan, urteak etorri, gure aitak inoiz ez zuen lortu gogoratzea Eusebioren karlismoarekiko atxikimendu suhar hori gerra baino lehenagokoa izan zenik.