Azken hauteskunde hauetan, Berriozarren 1.630 bozka
lortuta EH Bildu lehen indarra da udaletxean, eta bigarren indarrari,
PSNri, bozka kopurua bikoizten dio, PSN-k bakarrik 725 ditu eta.
Abertzale edo ezkertiar
diren indarren zinegotzi kopurua eta portzentaiak, hurrenez hurren:
EH Bilduk (6) % 37,95; Ezkerrak (2) % 14,6 Geroa Baik (1) %10,9
Nabarmentzekoa da EH Bilduk
lortu duela botoen %37,95a, hau da: hamar boto-emaileetatik ia-ia
lauk eman diote botoa udalerako, abertzaleok zortzi urtez kudeatzen aritu eta gero, eta Nafarroako Gobernuan UPNk udalei diru-murrizketa
handiak eginda ere. Gainera, handicap bat geneukan, orain arteko gure
zerrendaburu enblematikoa, Xabi Lasa, aurkezten ez zelarik. Hori
horrela izanik ere, inoizko emaitzarik onenak lortu ditugu
abertzaleok Beriozarren, UPNren zangotrabak gorabehera, eta Nafarroako
Gobernuak udalak ito dituen arren. Abertzaleontzat, pozik eta harro
egoteko moduko emaitzak.
Baina udalerako bozketan ez
ezik Nafarroako Parlamenturako bozetan ere lehen indarra gara,
udalerako baino boto gutxiago atera dugun arren (1.010); 200
boto ateratzen diogu bigarren indarrari, Podemos Ahal dugu-ri alegia.
EH Bilduk izandako boto
diferentziari erreparatuta, faktore zenbait hartu behar dira kontuan,
(hurrenkerak ez du adierazten ezinbestez garrantzi-maila)
1) Uxue Barkosen efektua,
presidente in pectore gisa aurkeztua komunikabide zenbaitetan
2) Podemos-ek hartuak: Laura
Perez-en efektua
3) Parlamentuaren beraren
urruntasuna gure boto-emaile askoren begietan
4) Tafallako haizea, Adolforen
efektua, ez da honaino heldu.
Nolanahi, aldaketaren aldeko
indarrek, udal bozetan, 2.776 boto lortu ditugu, eta erregimenaren
aldekoek, 1480. Parlamenturako bozetan ere, aldaketaren aldeko
indarrek 2.072 boto erdietsi ditugu eta erregimenaren aldekoek,
1.288.
Udalari begira berriz jarririk, Berriozarren inoiz
baino bozka abertzale gehiago lortu dugu, eta inoiz baino zinegotzi
abertzale gehiago dugu (6 + 1), eta zinegotzi gehiago dago abertzale
besteak baino, erdia baino gehiago. Izan ere, Euskal Herritarron
garaian 5 zinegotzi abertzale izan ziren Berriozarren... baina gaur
egun, 6. Beraz, Berriozar sekula baino abertzaleagoa da.
Beste albiste on bat da
emakume zinegotzi kopurua ere inoiz baino handiagoa dela, 6:
berdintasunaren alde gaudenontzat, pozgarria.
Beste
alderdiei dagokienez, PSNk ez du portzentaian igortzen (%16a 2011ko
udal hauteskundeetan), baina 600 botoetatik 725era igotzen da, eta
bigarren indarra da. Bi zinegotziek errepikatzen dute; aurpegi
berririk ez.
UPNk
590 botoetatik 676ra igota ere, zinegotzi kopuru bera (2) lortzen
du, eta portzentaian %16tik %15era jaisten den arren; UPNren
iguripenak, izan ere, askoz ere hobeak ziren, eta jarrera oldarkorra
eta harrokeriaz betea izan du: hateskunde-goizean bertan UPNko
zerrendaburuak udaltzain bati iragarri zion bera izanen zela alkate,
guztiz ziurtzat jotzen zuen eta. UPNren egoitza berria Artekalen, kanpaina mediatiko
itzela... UPNk egindako inbertsioa, baina, garesti atera zaio, ez
baitu atarramentu handirik erdietsi kontuan hartuz ze inbertsioa egin
duen. Bestalde, duela lau urte CDNk lortu zituen 90 boto horiek, aise
ondoriozta daiteke, UPNra joan dira. UPNko hautagaiak ez du jakin
galtzen; Atarrabian, adibidez, UPNko hautagaiak EH Bilduko hautagaiari
zorionak eman dizkion arren, ez du hemengoak berdin jokatu.
IU-Ezkerrak lortutako
emaitzak onak izan dira: zinegotzi kopurua bikoiztuta (1etik 2ra)
eta hirugarren indarra bihurtuta 627 botoei esker (%14,6), Espainiako
leku anitzetan ez bezala, agian hemen zeukan profil bereziari esker
(Batzarre), eta lau urte hauetan jorratu duten esparruan (elikagaien
bankua, gizarte zerbitzuak...) ereindakoak botoak eman dizkiolako.
Parlamenturako, baina, askoz boto gutxiago lortu ditu, segur aski
Podemos-ek hartuak
PPk
79 boto lortuta, udal panoramatik desagertzen da, eta duela lau urte
254 zituen: Espainian ez gaudelako beste
seinale bat.
Berriozarren guztiz
ezezaguna den Zaragozako hautagai bat hemen jartzeak ez die mesederik
egin; lehenagotik zegoenak ozenki adierazi du berari berriz
zerrendaburu izaten utzi izan baliote PPk lortuko zukeela zinegotzi
bat... Lau urteotan egindakoa ikusita, nekez sinets daitekeen aipua.
Horiek
horrela, EH Bilduk beste indar politikoekin egin bilera sorta egin eta gero, udalbatza osatu da, eta gaurgero
7 boto abertzaleekin
EH Bilduko Raul Maiza alkate dugu Berriozarren...
Edo, baten batek dioen bezala, Berriogradon.
Raul Maiza, alkate berria