Ni euskaraz idazten ari naiz. Zu
euskaraz irakurtzen ari zara. Hura euskara ikasten ari da... baina
euskaltegian izena emateko epea igarota, bere kasa ikasteko metodo
bat ekarri dio Olentzerok: Arian du izena metodoak eta
Elkar-en eskutik atera da. Metodo honek ikasleentzako liburua, lan
koadernoa eta CDa dauzka, eta laster merkaturatuko dituzte falta
diren beste material osagarriak: bertsio digitala eta irakurgaiak.
Arian
metodoaren emaitzak ikusteko irrikan nago, eta ez dakit Arian
honek gaindituko duen euskara ikasteko Bakarka metodo
mitikoa. Nolanahi, ene ustez, metodo hauek guztiak euskara ikasteko
osagarri baizik ezin daitezke izan. Nork bere kasa hizkuntza bat
ikasteko, ezinbestekoa da sekulako engaiamendua izatea, oso serio
hartzea, eta egunero-egunero tarte bat gordetzea ikasteko.
Euskaltegira joateko denborarik ez
duten horiek, Arian metodoa erosita, benetan arituko dira ari
eta ari, arian ari ikasten egunero-egunero? Batzuk bai, agian, baina
nago batek baino gehiagok ez duela laugarren ataletik aitzina eginen,
ez baita aski lehen edo bigarren atalak ikastearekin: sekulako
konpromisoa eskatzen dute metodo hauek guztiak. Neronek alemana
ikasteko ahaleginak egin nituen horrelako metodo batekin... eta gaur
egun hitz batzuk baino ez dakizkit alemanez, hasieran aurreikusten
nuen mailatik oso-oso urruti.
Gainera, oraingoz, Arian metodoaren
lehen maila baino ez dute, A1 mailari dagokiona, euskara ikasten
hutsetik hasi nahi dutenentzat alegia; urtero beste maila bat
kaleratzeko asmoa dute, hurrenez hurren, A2, B1, B2, eta C1 mailari
—EGAren baliokideari— dagokiona.
Ez nuke inor zapuztu nahi: lerrook
irakurtzen ari den inork Arian metodoa eros badu, animo!
Euskaldunon eginbeharra da euskara ikasten ari denari laguntzea eta
animoak ematea. Hortaz Arian ari... euskara ikasi?
2012... Zabaldu urtea euskarari!