2011-12-30

2012: zabaldu urtea euskarari


Ni euskaraz idazten ari naiz. Zu euskaraz irakurtzen ari zara. Hura euskara ikasten ari da... baina euskaltegian izena emateko epea igarota, bere kasa ikasteko metodo bat ekarri dio Olentzerok: Arian du izena metodoak eta Elkar-en eskutik atera da. Metodo honek ikasleentzako liburua, lan koadernoa eta CDa dauzka, eta laster merkaturatuko dituzte falta diren beste material osagarriak: bertsio digitala eta irakurgaiak.

Arian metodoaren emaitzak ikusteko irrikan nago, eta ez dakit Arian honek gaindituko duen euskara ikasteko Bakarka metodo mitikoa. Nolanahi, ene ustez, metodo hauek guztiak euskara ikasteko osagarri baizik ezin daitezke izan. Nork bere kasa hizkuntza bat ikasteko, ezinbestekoa da sekulako engaiamendua izatea, oso serio hartzea, eta egunero-egunero tarte bat gordetzea ikasteko.

Euskaltegira joateko denborarik ez duten horiek, Arian metodoa erosita, benetan arituko dira ari eta ari, arian ari ikasten egunero-egunero? Batzuk bai, agian, baina nago batek baino gehiagok ez duela laugarren ataletik aitzina eginen, ez baita aski lehen edo bigarren atalak ikastearekin: sekulako konpromisoa eskatzen dute metodo hauek guztiak. Neronek alemana ikasteko ahaleginak egin nituen horrelako metodo batekin... eta gaur egun hitz batzuk baino ez dakizkit alemanez, hasieran aurreikusten nuen mailatik oso-oso urruti.

Gainera, oraingoz, Arian metodoaren lehen maila baino ez dute, A1 mailari dagokiona, euskara ikasten hutsetik hasi nahi dutenentzat alegia; urtero beste maila bat kaleratzeko asmoa dute, hurrenez hurren, A2, B1, B2, eta C1 mailari —EGAren baliokideari— dagokiona.

Ez nuke inor zapuztu nahi: lerrook irakurtzen ari den inork Arian metodoa eros badu, animo! Euskaldunon eginbeharra da euskara ikasten ari denari laguntzea eta animoak ematea. Hortaz Arian ari... euskara ikasi?  

2012...  Zabaldu urtea euskarari!

No comments: