Abenduaren 13a Iruñeko Alde Zaharrean. Asteburua zen, eta ezohiko
eguraldi goxoak epeltzen zuen gauerdi pasatu berria. Poteatzen
ibiltzeko giro aproposa, eta bitartean, Iberdrolaren egoitzatik
gertu, gizon batek eskuartean zeraman lehergailuak eztanda egin zuen
behar baino lehen: une horretan bertan hil zen 34 urteko gizasemea,
Iruñearen bihotzean, Orreaga etorbidean bertan, Germán Rodríguez
zortzi urte lehenago polizia batek hil zuen lekutik hurbil.
Alde Zaharrera albiste tragikoa heldu bezain laster, San Ignazio
kaletik hurbildu nintzen Orreaga etorbiderantz. Polizia nazionalak,
marroiz jantzitako polizia nazional haiek ikustean, pozik zeudela
ematen zuen. Gau horretan berriz ere inoiz usaindu ez dudan kiratsa
nabaritu nuen, oraindik gogoan gorderik dudana. Marroiz jantzitako
polizia batek joateko agindu zidan, baina orduan heldu zen emakume
hura, Sarasate pasealekuan bizi den familia ezagun bateko kidea
berau: emakumea bertaratu, poliziarekin hitz egin, eta pozez algaraka
hasi zen oihuka, gorpuzkin barreiaturik eta gorpua artean bero zela.
Esan zituenak ez ditut gogoratu nahi, baina iltzatuta gelditu
zitzaidan gogoan sentitu nuen emakume harenganako nazka, gorrototik
harago doan higuina. Polizia nazionalaren irriak emakumearen oihuekin
batera hedatu ziren airera.
Laster ikasi nuen hildakoak Juan Carlos Gallardo
zuela izena eta Berriozarren bizi zela. Gau hori oso luzea
izan zen. Lau lagun atxilotu zituzten; horietako bat,
Berriozarko lagun bat, torturatu eta gero handik egun batzuetara aske
utzi zuten Gallardoren pisukidea.
Juan Carlos Gallardok Iraultza
taldeko kide bat zen, erakunde armatu
iraultzaile bateko kidea eta, aldi berean, EMK-ko kidea. Iraultzaren
ekintza armatuak lehergailu bidezkoak izan ziren, batez ere langile
gatazkekin zerikusia zuten eraikinak eta Estatuaren eraikinak
erasotuz, eta baita interes inperialisten aurka. Bizia gizarte
kapitalista eraldatzearen alde eman duten guztiek ez al dute merezi
gogoratzea, 25 urte igarota ere? Isiltasun batzuk izugarri
adierazgarriak dira.
Juan Carlos Gallardok eman zuen bizia oraindik pairatzen ari garen
gizarte kapitalista irauli nahian: hori horrela, ez al du lekurik
gure Herriaren historia idazteko orduan? Ahanztura selektiboak ez du
laguntzen historia osatzen eta ahanzturaren zaku beltzetik atera
behar dugu kapitalismoaren kontrako borrokan bizia eman zuten guztien
errelatua, errelatu historikoa hainbestetan aipatzen den garai
honetan. Gatazkaren biktima guzti-guztiak bilduko dituen eta denon
artean jaso behar duen Euskal Memoria osatzeke dago. Ala Gallardoren
heriotzaz barre egin zuten miserable horiek kontatzen digutena
sinetsiko dugu?
No comments:
Post a Comment