2013-07-28

Dietan jarrai

Goreneko fiskalak akuilaturik, Madrilgo epaile batek ez du delitu-zantzurik ikusi nahi izan Yolanda Barcina ikertzeko CAN auzian. Dietan jarrai dezatela, beraz, jarrai dezatela poltsikoratzen 89 euro minutuko lagun arteko bileretan, Miguel Sanzek egin duen gisara. Asma dezatela beste txiringito bat, nik emanen diet izen bat: NASIPA-PC, alegia Navarra Siempre P'Alante - Petit Comité, eta bertan egon daitezela betikoak Yolanda Bárcenas (sic) buru dutelarik, eta oturuntzaren apurrak biltzeko, PSNkoak, gatibu izaten jarraitzeko.
Dietan jarrai; gero asmatuko dute legezko babes bat, Nafarroako Aurrezki Kutxaren Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean egin zuten gisara. 2010eko abuztuaren 31tik 2011ko ekainera arte jasotako dieten oinarri juridiko zalantzazkoa da, eta eroskeria delitua egon daiteke, batzorde hori 10 hilabetez aritu baitzen Kutxaren beraren barne araudietan azaldu arte.
Epaileek ebatziko dute, baina argi dago kontu iluna, itsusia eta barkaezina dela, soldataz gaindiko dirutza horiek jasotzea amorala baita krisi garaian; besteoi gerrikoa estutzeko eskatzen zitzaigularik, haiek gerrikoa laxatzen ari ziren dirutza sartzeko. Ez dakit legezko bihurtuko duten, baina ez da zilegi.
Eta egunotan, Barzinismoaren paradigma: Bárcenas auziaren harira PPkoei kontu hartzea, Yolandak berak karguari eusten dion bitartean, zeren aforatua ez balitz inputatuta egonen baitzen aspaldi, besteak dauden gisara.
Dietak norberaren pisua arintzeko, argaltzeko, edo, gutxienez, ez gizentzeko zirelakoan geunden, baina Nafarroa Garaian, aitzitik, dietak gizentzeko baliatu dituzte gobernukoek, poltsikoak betetzeko.
Bestelako dietak, izan, badira: top-model batzuek, modelo batzuek, aparteko dietak egiten dituzte pisua galtzeko: kleenex-ak janez elikatzen direla salatu du Kristie Clemens-ek, Vogue Australia aldizkariko zuzendaria ohiak. Paperezko mukizapien zelulosa bustia hesteetan zabaltzean, gose-sentsazioa desagertzen omen da eta horrela elikatzen (edo) dira top-model batzuk.
Politikari ustelek, kameren eta mikrofonoen aurrean ez daudelarik, geure lepotik barre egiten dute eta kameren aurrean gure aurpegira gezurrak botatzen dizkigute. Paper-festa libururan Anjel Lertxundik idatzita eman zigun: Diskurtso politikoa erabiltzen dute berez kode penalekoak ziren krimenak zuritzeko. Nik proposatzen dut ustelkeriaren eta eroskeriaren top-model hauek botatzen dituzten gezurrak paperean jaso, busti eta irensteko dieta jarrai dezatela, ea asetzen diren. 
Nire koinatu batek argaltzeko bi dieta egiten ditu: berak dioenez, dieta bakar batekin gosea pasatzen du-eta! Horregatik koinatuari ere esaten diot, ez ironia gutxirekin: dietan jarrai!

A ze gaizki pasatzen duten gure agintari maiteok!

2013-07-05

Poesia gaur ere mailu bat da



Gabriel Aresti poetaren 'Harrizko herri hau' liburuaren jatorrizko eskuizkribua itzuli diote familiari Arantzazuko frantziskotarrek. Eta Aresti aipatzen den orotan gertatzen zaizun gisan, gogora datorkizu hamairu urteko ikasle batek emandako erantzun xelebrea, Tafallako Ikastolan irakasle zinela: ikasle horrek Gabriel Aresti poetari azterketa batean izena aldatu eta “Garesti” idatzi zuen, puntua ahaztuta.

Xelebrekeria gorabehera, Arestiren liburu bat hartzera zoaz: ez da Harrizko Herri Hau, Harri eta Herri baizik. Nolanahi, liburu hori gutxi-gorabehera erditik zabalduta, ausaz, bigarren partearen T letra duen olerkia irakurri duzu: Argia / ezta / ikusten. Eta paradoxaren harago joanda, gaur egungo egoerara zakartza olerki txiki ederrak, eta Nafarroa Garaian -oraindik- presidente den Barcina ze ustela den batzuek ez dutela argi ikusi -edo ez dutela ikusi nahi-. Olerki honek –eta onek– badu –eta badute– gaurkotasunik.

Orrialdea pasata, U letra duen okerkiak diosku: Hobe / egia biribil bat / ezen ez mila gezur / ongi koadratu. Eta honek ere berriz lotzen zaitu gaurkotasunari, eta Barcina andreari poema hau ozenki aurpegira botatzeko gogoa dakarzu, bere azal gogorrean hitzezko beste tarta gozo-gozo bailitzan. Eta ohartzen zara ze indarra duten olerkari honen –eta onen– hitzek.

Hori du on literatura onak: denbora aurrera joan ahala ere, indar bizi-bizia dakarkiola irakurleari, eta gaur goizean idatzita balitz bezala sentiarazten. Orrialdeari jarraiki, U-ren segidan V poema ezaguna dakusagu: Esanen dute / hau / poesia eztela, baina nik / esanen diet / poesia mailu bat / dela.

Poesia mailu bat da, kontzientziak astintzeko tresna bat” zioen poeta bilbotarrak, eta mailuka ari zaigu oraindik ere -eta oraindik orain- Harrizko Herri Hau, 40 urtez Arantzazun ongi zainduta eduki ostean, gure Herria, gure Harrizko Herri Hau, hemen izan, izaten eta izanen dela aldarrikatuz, Barcinaren aurpegi gogorra baino gogorragoa izaki. Barcinaren murrizketak geldiarazteko, herriaren harria, ukabila, harri-orri-har umeen jolasean bezala, gauza jakina baita guraizeek mozten dutela papera, baina ukabilak, harriak, menderatzen dituela guraizeak. 

 

 Baiki, Arestiren poesiak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka eta, gainera, batere garesti ez: Gabriel Arestik berak diosku: Nire poesia oso merkea da / herriaren ahotik / hartu nuen debalde, / eta debalde ematen diot / herriaren belarriari.