skip to main |
skip to sidebar
Poesia gaur ere mailu bat da
Gabriel
Aresti poetaren 'Harrizko herri hau' liburuaren jatorrizko
eskuizkribua itzuli diote familiari Arantzazuko frantziskotarrek. Eta
Aresti aipatzen den orotan gertatzen zaizun gisan, gogora datorkizu
hamairu urteko ikasle batek emandako erantzun xelebrea, Tafallako
Ikastolan irakasle zinela: ikasle horrek Gabriel Aresti poetari
azterketa batean izena aldatu eta “Garesti” idatzi zuen, puntua
ahaztuta.
Xelebrekeria
gorabehera, Arestiren liburu bat hartzera zoaz: ez da Harrizko
Herri Hau, Harri eta Herri baizik.
Nolanahi, liburu hori gutxi-gorabehera erditik
zabalduta, ausaz, bigarren partearen T letra duen olerkia irakurri
duzu: Argia / ezta / ikusten. Eta paradoxaren harago joanda,
gaur egungo egoerara zakartza olerki txiki ederrak, eta Nafarroa
Garaian -oraindik- presidente den Barcina ze ustela den batzuek ez
dutela argi ikusi -edo ez dutela ikusi nahi-. Olerki honek –eta
onek– badu –eta badute– gaurkotasunik.
Orrialdea
pasata, U letra duen okerkiak diosku: Hobe / egia biribil bat /
ezen ez mila gezur / ongi koadratu. Eta honek ere berriz lotzen
zaitu gaurkotasunari, eta Barcina andreari poema hau ozenki aurpegira
botatzeko gogoa dakarzu, bere azal gogorrean hitzezko beste tarta
gozo-gozo bailitzan. Eta ohartzen zara ze indarra duten olerkari honen
–eta onen– hitzek.
Hori
du on literatura onak: denbora aurrera joan ahala ere, indar
bizi-bizia dakarkiola irakurleari, eta gaur goizean idatzita balitz
bezala sentiarazten. Orrialdeari jarraiki, U-ren segidan V poema
ezaguna dakusagu: Esanen
dute / hau / poesia eztela, baina nik / esanen diet / poesia mailu
bat / dela.
“Poesia
mailu bat da, kontzientziak astintzeko tresna bat” zioen
poeta bilbotarrak, eta mailuka ari zaigu oraindik ere -eta oraindik
orain- Harrizko Herri Hau, 40 urtez Arantzazun ongi zainduta eduki
ostean, gure Herria, gure Harrizko Herri Hau, hemen izan, izaten eta
izanen dela aldarrikatuz, Barcinaren aurpegi gogorra baino gogorragoa
izaki. Barcinaren murrizketak geldiarazteko, herriaren harria,
ukabila, harri-orri-har umeen jolasean bezala, gauza jakina baita
guraizeek mozten dutela papera, baina ukabilak, harriak, menderatzen
dituela guraizeak.
Baiki,
Arestiren poesiak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka eta,
gainera, batere garesti ez: Gabriel Arestik berak diosku: Nire
poesia oso merkea da / herriaren ahotik / hartu nuen debalde, / eta
debalde ematen diot / herriaren belarriari.
No comments:
Post a Comment