Eduardo Galeano behin baino gehiagotan izan dut hizpide blog honetan bertan. Gaur Saharari buruzko hitzaldi bat izan dugu Berriozarren eta idazle uruguaiarraren testu bat baliatu dut sarrera gisa, Hodeien seme-alabak.
Marokok 1987an Mendebaldeko Sahararen basamortua iparraldetik hegoaldera erdibitzen duen harresia bukatu zuen egiten.Harresi hori munduko harresirik luzeena da; soilik Txinako Harresi handia da luzeagoa. Saharako harresian, milaka soldadu marokoar, sahararrak aberri usurpatuaren alde batetik bestera iragan ez daitezen.Behin baino gehiagotan Nazio Batuen Erakundeak sahararren autodeterminazio eskubidea berretsi du, baita bozketa egiteko aukera aitortu ere; baina Marokok ukatu du, eta jarraitzen du ukatzen. Ukazio hori, berez, Marokoren aitorpen bat da: bozka emateko eskubidea ukaturik, Marokok aitortzen du herri oso bat lapurtu duela.
Sahararrak zain daude; 40 urte daramate zain. Etengabeko herrimin eta etengabeko larritasun zigorra jasotzera kondenatuak.Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen.
Arratsalde 7etan Zulo Alai elkartean ehun lagun inguru bildu gara abenduaren hasieran Saharan egondako berriorzartar batzuen esperintzia ezagutzeko eta hango irudiak ikusteko. Bestalde, irudien osagarri, hitzaldi txiki bat eman du du Jose Ochoa lagunak eta azpimarratu du Saharako egoera gero eta okerragoa dela; kanpamentuetara heltzen den giza-laguntzari esker hilaren 8ra arte izaten dute jateko, hori baino ez. Sahararrek behar dute inoiz baino gehiago gure sostengua, gure laguntza, gure lana... Egoera politikoa blokeatuta egonagatik, horrek ez du esan nahi gu besoak antxumaturik gelditu behar garenik, alderantziz baizik.
Ume sahararrak udan ekartzen jarraitu behar dugu, krisia gorabehera; Oporraldia Bakean programari esker, Saharako heriotza-tasa %70 jaitsi da... ez da kontu makala!