Showing posts with label euskalmemoria. Show all posts
Showing posts with label euskalmemoria. Show all posts

2026-09-01

Isaac Puente Ameztoy, aintza eta ohore

 Isaac Puente Ameztoy 1896ko ekainaren 3an sortu zen, Las Carretasen, Abanto-Zierbanan (Bizkaia)
1907an Orduñako Jesuiten kolegioan hasi zen Batxillergoa egiten; azken bi ikasturteak Gasteizen egin zituen, familia Arabara joana baitzen 1911n. Izan ere, Gasteizen botikari lan egitera joan zen aita, San Frantzisko Aldapa -Cuesta de San Francisco 2- kaleko botikan, gero, anaia ere bertan aritu zelarik farmazilari. 1913an batxiller titulua eskuratu zuen. Urte batzuk igarota, Isaac Puentek berak onartu zuen ez zegoela safisfos Josuren Lagundiaren ikastegian jaso zuen heziketarekin...

Mediku izan zen 1918ko urritik, eta 1919ko urtarriletik Maeztun lortu zuen sendagile plaza. 1919ko maiatzean Luisa García de Adoin Sedanorekin ezkondu zen, Bilbon; Isaac, 23 urteko gizona zen orduan. 

Arabako Maeztu herrian aritu zen sendagile. Hainbat eta hainbat artikulutan sinatzeko tenorean honakoa jartzen zuen bere burua definitzeko asmoz: “landa eremuko mediku bat”. Haren ustez, medikuntza soziala izan behar zen eta honako hau zioen: “Norbera baino mediku hoberik ez dago”. Isaac Puente. El médico anarquista. (Francisco Fernández de Mendiola, Txalaparta, 2007,) liburuan aipatzen denez, “gizon garaia zen, beltzarana, serioa, ondratua eta zentzuduna”.

“Ikusten bazuen eriaren egoerak eskatzen zuela, gaixoaren etxean pasatzen zuen gaua ikusteko nola zihoakion gaixoari. Kobratzeko tenorean, ikusten bazuen miseria gorrian bizi zela, ez zion kobratzen; are ogerleko batzuk ere uzten zituen burkoaren azpian gaixoaren familiak botikak eros zitzan.” Ezkuzabal eta bihotz handiko gizona, beraz.

Meri alabari kasu egitera, Isaac Puente “lehenik karlista izan zen, baina baziren langile batzuk aritzen zirenak Ferrocarril Vasco-Navarroaren lanetan, Lizarra eta Gasteizen arteko trenbidean, eta horiek  CNT-koak ziren: horiek konbentzitu zuten aita eta anarkisten aldera pasa zen.”.

Diotenez, 1934an Isaac Puentek sustatua, picnic nudista bat ospatu zen Gasteizko katedral berriaren aitzinean, artean urbanizatu gabeko orubea zelarik; ondoan, baina, aberatsen neskatikoendako Ursulinas-en kolegio bat zegoen; hura zen hura mojen asaldarura! Neskatilen irri lotsatia eta inguruko langileen  irri konplizeak! Gasteizko anarkistei beha aurre-aurrean gizonezko zein emakumezko biluzik zituztelarik.

Antza, Isaac Puente ez zen oso hizlari iaioa, eta hitzaldi bat eman behar zuenean, orri txiki batzuk baliatzen zituen; idatziz, ordea, literatur estilo zuzena zuen eta irakurle ororentzako egokia. CNT sindikatuko kide izanik, Isaac Puente Anarko-komunismoaren eredu izan zen eta bere idazkien ekarpena ez da asko ikertuta izan. Nolanahi, Buenaventura Durruti buruzagiak konfiantza handia zuen harengan, eta Comite Nacional Revoluciónario delakoan  buru jarriela, horren adierazgarrri. Engaiamenduaren ondorioz atxilotua izan zen 1934ko maiatzean Isaac Puente torturatua eta auzipetua izan zen.

1936ko altxamendu frankistaren ondorioz, Maeztun zela, atxilotu, espetxeratu eta Gasteizko gartzelara eraman zuten uztailaren amaieran. Espetxean zela, Milan Astrai-egon zen tarte batez bai Maeztun baita Gasteizen ere. Kasualitatea ala kausalitatea? Irailaren 1ean, Pancorbo-ko mendi-arroilan fusilatu zuten Isaac Puente, baita Maeztuko bertze udal batzarkideak ere; udal batzar osoa erail zituzten orduko faxistek. Non ote dauden zehazki ehortzirik, batzuen ustez eta bertsioak bertsio, ez da kontu segurua. Kontu ziurra dena da epaiketarik gabe, gauez eta azpikeriaz erail zituztela, eta hiltzaileen zigorgabetasun lotsagarriak bere horretan dirauela. Espanian justizia, hanka-motz eta besa-motz.

Gerla garaian, Isaac Puente batalloia eratu zen Bilbon. CNTren hirugarren batalloia izan zen eta bertan Arabatik ihes egindako anitzek parte hartu zuten. Batalloi horren buruzagi Manuel de la Mata komandantea izan zen lehenik, Enrique Araujo gero, eta Antonio Teresa azkenekoz. Euzkadi faxistek azpiratu zutelarik, Isaac Puente batalloiak borrokan jarraitu zuen Kantabrian eta Asturiasen, baita gero Katalunian ere.

Espainiako Errepublikak azken hatsa eman aitzin, 1939an, Madilgo Udalak Isaac Puenteren omenez kale bati haren izena ematea deliberatu zen, eta Santa Engracia kaleari izena aldatzeko erabakia hartu bazen ere, ezin izan zen gauzatu; egun Isaac Puente zenaren izena daraman kalerik ez du Madrilek, eta, bistan da, Ayusok ez du eginen, Jakin ere ez baitu jakinen nor zen Isaac Puente eta ez du jakin nahi ere. 

Ez gaitezen izan Ayusoren parte eta gogora dezagun Isaac Puente, Maeztuko mediku anarkista. Gaur  hilkintzaren laurogeita hamar urte bete direlarik, ahanztura borrokatu behar dugu, memoria ere borroka delako. Ezin dugu Isaac Puente Ameztoi ahaztu, ezta bera bezalako bertze anitz. Espainia aldera autoz Pancorbo igarotzen duzun hurrengoan, irakurle, gogoratu Isaac Puente Ameztoi medikua. Aintza eta ohore!

Isaac Puenteren bizitzaren hainbat data esanguratsu

  • 1921-1922 Alfredo Donnay eta Daniel Orille, Gasteizko CNTko bi kide, ezagutu zituen
  • 1927 Colegio Oficial de Médicos de Árabako juntako kide
  • 1930 Colegio Oficial de Médicos delakoak Isaac Puente lehendakari-orde izendatu zuen eta baita Arabako Aldundian ordezkari ere. Tarte batez diputatu izan zen Arabako Foru Aldundian, laster dimisioa eman zuen arren.
  • 1932ko apirilaren 16an lehen atxiloketa; maiatzaren 2an, gose grebari ekin zion. 10an, aske
  • 1933ko maiatzaren 8-9an, bigarren atxiloketa, CNT-ren greba orokorrerako deialdiaren ondorioz
  • 1933ko uztailaren 20an, hirugarren atxiloketa, zurrumurru baten kari
  • 1933ko abenduan, laugarrenez atxilotua, Zaragozan
  • 1936ko uztailaren 29an, azken atxiloketa; Gasteizko espetxera eramanda
  • 1936ko abuztuaren 24an, Millan Astrainen egonaldi laburra Gasteizen eta Maeztun
  • 1936ko irailaren 1ean, Isaac Puente eraila

Nota bene: artikulu honen Iturri nagusia: Isaac Puente. El médico anarquista. Fernández de Mendiola, Francisco Txalaparta, 2007, (erdaraz)



2021-11-18

On Santosen itzalaren luzea

 

Obanosen irakasle ibili nintzen urteetan, iragan den mendeko azken hamarkadan, On Santos Begiristain apaiz-pistoleroa bizirik zegoen artean. Ohean gaixorik, ezin bizi eta ezin hil, iloba zahar baten zaintzapean eman zituen azken egun eta gau luzeak; beste mundua badenik sinetsita, zain izanen zituenaren beldur, antza, agonia luzatu zen luzatu, haren osasun egoera txarraren oihartzunak eskolara ere heldu zirelarik.

 

Eskola txikian nirekin batera beste bi maistra zeuden, horietarik bat Azagrakoa, eta On Santosen balentziak nik baino hobeki ezagutuko zituen, segur aski. Eskola unitarioa zen, eta Obanosko ume guztiak hiru gelatan zeuden banatuta: “Txikiak” (Haur Hezkuntzakoak), “Ertainak” (lehenengotik hirugarren maila bitarte) eta “Handiak” (laugarrenetik seigarren maila bitartekoak). Gainera, astean bi egunetan etortzen zen On Pedro Crespo apaiza, Erlijio (katolikoaren) eskolak ematera... baina hori beste kontu bat da.

 

Nolanahi, On Santos Begiristain, itzal handiko apaiza, ezin duin bizi ezin lasai hil, ez omen zen ordurako ohetik jaikitzen ahal, baina haren itzal luzeak pisu handia zuen artean herrian. Laudorioak eta losintxak nagusi On Santosen izena aipatzeko tenorean: Erroman ikasia zela, Teologian doktorea zela, Obanosko misterioa zela, Virgen de las Nieves baselizaren sustatzaile zela edo Xabierraldia zela eta.

 

Azkenean, On Santos hil egin zen eta handik gutxira San Juan Bataiatzailearen elizaren ondoko frontoian, (gaur egun zaharberritua) tindaketa bat agertu zen: “Santos Begiristain hiltzaile!”, herrian hautsak dexente harrotu zituena, ekintza horren oihartzunak ere eskolara heldu zirelarik, eta euskaraz egina egoteagatik susmo txar guztiak euskara irakasle honengana bideratzeko balio izan zuena. Entzuteko modukoak izan ziren batzuk, espantuka, horien ustez On Santosen izena ona zikintzeko egindako ekintza guztiz kondenagarri horren kontura, burugabe baten edo lotsagabe baten ekintza zela, agian aldi berean burugabe eta lotsagabe baten lana, dudarik ez, Obanosko misterioaren antolatzaile nagusiaren izena eta izana laidotzeko egindako barrabaskeria, gauez eta azpikeriaz egina gainera! Izan ere, santu izateko nahiko meriturik egin ez bazuen ere, dohatsu izateko, gutxi falta zaio, batzuen ustez bederen.

 

Baina On Santosen aldeko gorazarreak ez zuen zerikusirik antzerkiarekiko zaletasunarekin, ezkutatu nahi zutenarekin baizik. Izan ere, Obanosen hamasei lagun hil zituzten, eta Errepublikaren kontrako haren sermoiek piztu zituzten gerora erabilitako su-armak eta Azagran egindako hilkintzak; hor ibili zen On Santos, esku batean gurutzea, bestean pistola. Egia mingarria ez ikusteko erabiltzen ziren losintxak eta laudorioak, gaizkilea ongile bihurtuta., On Santosek berak idatzita jaso zuen bezala bere Libro de Actos Civiles delakoan: Han muerto, al peso de la justicia, en los primeros días del Movimiento Nacional Salvador de España mis feligreses: (...) Hotzikara batek hartu nau zerrendaren luzea ikustean Izan ere, Azagran hirurogeita hamaika lagun hil zituzten izen-zerrenda, On Santosen eskutik... eta ez da esateko modu bat.

 

On Santos Begiristainen itzal luzea, bere sotana bezain beltza, hor zegoen, eta haren itzal beltza zuritzeko erretolika gogaikarria apalduz joan bada ere. On Santos Begiristainen itzalaren luzea, oraindik itzali ez dena. Eskerrak gure memoriak ez duen preskribatzen.



2018-03-14

Inpunitatearen aurkako irudiak: Bloody Sunday



Elkarrekin Esnatzeko Ordua nobelaren hasieran, Kirmen Uribek Thomas Mann Nobel saridunaren aipu bat ekartzen digu gogora: “Benetako gertaera bat idazteko premiazko da hura jazo zenetik urte batzuk igarota izatea; edo, bestela garai historiko berri batean sartuta egon behar duela gizarteak”.


Inpunitatearen aurkako irudiak izeneko zikloa prestatu du Sanferminak 78 gogoan elkarteak. Hiru filmez osatutako ziklo honetan, atzo ikusi genuen Irlandari buruzko Bloody Sunday. Paul Greengrassen-en film hau, 2002koa da, Bloody Sunday edo Igande Odoltsuko gertaerak izan eta handik hogeita hamar urtera egina. Eta ikusi genuen filma duela hamasei urte egina da; beraz, duela berrogeita hamabost urte pasatu dira igande odoltsu horretatik eta Irlanda beste garai historiko batean sartuta dago.

Filmean ikusi genuen 1972ko urtarrilaren 30ean Derryn gertatutakoa. Igandea zen, eta arratsalde hartan eskubide zibilen aldeko manifestaldi baketsuaren aurka oldartu ziren soldadu britainiarrak: 14 hildako eta beste horrenbeste zauritu eragin zituzten. Horietako bat, Tony Dohertyren aita, Paddy Doherty; Tony Doherty, atzo etortzekoa zen lagun irlandarra, azkenik ezin izan zen etorri.

Inpunitatearen aurkako irudiak zikloari hasiera eman zitzaion atzom, eta datorren asteartean, 20an, Mexikoko Tlatelolco, Las claves de la masacre, —Sarraskiaren gakoak— eta hilaren 27an Kataluniako La Revolta Permanent —Matxinada iraunkorra—. Atzo Iruñean eskainiko den emanaldi bakarrean Bloody Sunday ikusi genuen. Bloody Sunday: Igande Odoltsua, Igande Madarikatua. Bloody Sunday-z geroztik, Irlandan ezer ez zer berdina izan. Eta atzoko filma ikusi eta gero, U2 taldearen Bloody Sunday kanta mitikoa ere ez dugu berdin adituko. 





2014-11-30

Mende laurden bateko grafitiak


Gazte eta berde nintzelarik artean gurasoen etxean bizi nintzen, ohean nengoen gau batean etxeko telefonoa hoska hasi zen. Ama nire gelara etorri zen dei hori niretzat zela esateko. Erdi-lotan nengoen ordurako, eta, gainera, amak gogo txarrez zera bota zidan erdeinuz: “Uno de esos amigos tuyos, que te pongas...” Ederki daukat iltzatua gogoan logelatik pasabidearen erdirainoko ibilbidea baina, —memoriaren kapritxoak zer diren—, ez dut uste inolako igurikipen beltzik edo asmo ilunik zebilkidanik buruan. Haatik, ederki daukat iltzatua gogoan gelatik pasabidearen erdian zegoen telefonorainoko ibilaldi laburra, oraindik ere begiak itxita egin nezakeena, hogeita bost urte iragan diren arren. Eta ederki daukat iltzatua gogoan amaren etxeko telefono txuri hura, Góndola modelokoa, zenbakiak markatzeko disko biragarria barrualdean ezkutatzen zuena... sekulako modernidadea garai horretan, alegia. Aurikular txuria hartu, eta belarrira eramanda galdetu nuen: “Bai?” Ederki daukat iltzatua gogoan lagun horrek esandakoak sortu zidan zirrara, bizkarrezur osoa zeharkatu zidana. “Josu Muguruza hil dute Madrilen, eta Iñaki Esnaola zaurituta dago. Ba al duzu egoitzaren giltza?” Buruan zorabio moduko bat nabaritu nuen lehenbizi, eta zer esan ez nekiela gelditu nintzen gero. Mekanikoki erantzun nion ezetz, nik ez neukala giltza. Egia zen, ni oinarrizko militantea bat baizik ez nintzen eta... Aunitzetan galdetu izan diot neure buruari zergatik pentsatuko zuen lagunak nik egoitzaren giltza izan nezakeenik... Lagunak “Bale, lasai” esanda eskegi zuen, eta ni dardarka itzuli nintzen nire logelara urratsez urrats. Orduan “¡Ya está bien! ¡Qué horas son estas de llamar a una casa!” hasi zitzaidan aita bere ohetik purrustaka, ni izuaren eskutik logelara itzultzen ari nintzen bitartean. Aitaren hitzekin nahasturik, Josu Muguruzaren irudiak eta erreferentziak trumilka zetozkidan burura, eta amorrazioaren harra hasi zitzaidan esnatzen “Déjalo, Teófilo, déjalo” nire amaren ahotsarekin batera. Ohera sartuta eta argia itzali gabe egon nintzen, eta 5 urte lehenagoko oroipen batzuk etorri zitzaizkidan burura, GALekoek —”Galgoak txakurrak dira”, zioen grafitiak”— 5 urte lehenago Santi Brouard hil zutenean Iruñeko Kale Berriko egoitzara joan bainintzen arratsalde hartan, eta niretzat eredu eta buruzagi ziren kide batzuen nagarrak betiko sartu zitzaizkidan gogoan... Eta 5 urte iraganda, Josu Muguruza ere hil dutela! Baina Madrilgo Kongresuan parte hartu behar zuten biharamunean! “Ostia! Azaroak 20. Frankoren heriotzaren urteurrena... eta Primo de Riverarena! Data honetan izanda, Estatuak faxistei egoitziko zien ekintza eta eskuak garbituko”; oso garbi izan nuen irudipen hori hasieratik beretik... Baina zergatik Josu Muguruza? Hor zeuden, besteak beste, Txillardegi fundatzailea, eta Bergarako Elkoro, eta Toreroa —Irígoras—); baina Josu Muruguza hil zuten! Hori oso arraroa zen, Josu Muguruza ez baitzen han ezaguna. Egin-en horren zorrotz idazten duena Josu Muguruza zela jakin banekien nik, Iratzar, Zohardia atala zen egun batetik bestera linea politikoa markatzen zuena; banekien, halaber, ASKtik zetorrela, preso egonda zela... eta, egia esan, ez askoz gehiago... Behin ikusia neukan mintegi batean, baina ez nuen berarekin hitzik egin... HBko kideen aurkako eskutitz-bonben garaia zen, eta gerra zikina pil-pilean zegoen. Aste batzuk lehenago, Goardia Zibilak Manu eta Txilibita etakideak tiroz hil zituen mugan, eta Madril Komandoak Auzitegi Nazionaleko fiskala zartatu zuen... Berunezko garaiak. Arjel-eko negoziazioen porrotaren ordaina. Gau horretan ez nintzen etxetik atera. Azaroak 20 izanik, ez zen oso zuhurra, Iruñeko zona nazionalean bizi nintzela kontuan hartuz, eta, zertan uka, beldurrak nengoen. Izan ere, Kale Berriko egoitza itxita bazegoen, nora joan ordu horietan? Hobe zentzuz jokatu eta indarrak bildu biharamunerako. Baina gau horretan denbora luzea eman ohean begiak bildu ezinik; ez zegoen Internetik, ez mugikorrik, ez whatsappik... Orduak eman nituen une hartan neuzkan datu urriei hamaika buelta emanez, eta laster izuari beste sentipen bat hasi zitzaion lekua hartzen: amorrazioa. Noizbait lokartu nintzen, eta irudi danteskoz betetako gaua iraganda, trenpu txarrean esnatu nintzenean, beldurraren ordezko bat topatu nuen nire ohean: amorrazioaren harra zen, amesgaiztoz betetako gau luze horretan zehar gizendua, eta goiz horretako harrak amorrazio gorria zuen izena. Amorrazio gorri hori bidelagun izan nuen Josu Muguruza hil eta ondorengo egunetan. Harrazkero, gazte izaten jarraitu nuen, baina ez horren berde; gorriagoa bilakatu bainintzen. “Gerra zikina, Estatuaren ezina”, zioen beste grafiti batek. Hori guztia euskal memoria ere badelako.



Mende laurden bat iraganda, Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzten data berean Espainiako —eta hemengo— komunikabideek Albako Dukesa goraipatuz talaka gogaikarria ematen dute panegiriko barregarrien bidez. Ilegalizazio-urteen basamortu luzea gurutzaturik, Santi Brouardek eta Josu Muguruzak pozik ikusiko lukete Ezker Abertzale indarberituak emandako jauzia, esperantzaz betetako garai honetan gehiengo berriak erdiesteko bidean gaudelarik; Josu Muguruzari ez zioten utzi senatari akreditazioa eskuratzen, eta 25 urte iraganda ezker abertzaleko kideok ez dugu soilik parte hartzen instituzioetan, instituzio horiek eskuratzeko eta gobernatzeko borrokatzen gara, instituzio horiek iraultzeko, Santi Brouardenak, Josu Muguruzarenak, eta gure helburu estrategikoak diren Independentzia eta Sozialismoa lortzeko bidean, indarrak biltzeko fasean gaudela badakigularik. Eroriz eta eroriz ikasi dugu oinez ibiltzen, eta urratsez urrats aitzina goaz, engoitik hasiak gara bidea egiten irabazi arte. Eta horregatik “Gure omenaldirik onenea, garaipena” egiten du aldarri grafiti zahar batek, gaur egun oraindik ere, Iruñeko kale kantoi batean.