2014-12-15

Haiku bat Ariztokin



Ariztokian
orbel gaineko tantak
 ta ezkur batto

2014-12-07

Uruguaiko presidentearen meritu bakarra

 José Pepe Mujica, txapeldun!

"Nire meritu bakarra pixka bat euskalduna izatea da, setatia, burugogorra, egoskorra, tematia, eta horregatik eutsi nion. Baina ez naiz apartekoa... Izan ere, gartzelan emandako urteak eman nintuen... harrapatu nindutelako; abiadura faltagatik"  




2014-11-30

Mende laurden bateko grafitiak


Gazte eta berde nintzelarik artean gurasoen etxean bizi nintzen, ohean nengoen gau batean etxeko telefonoa hoska hasi zen. Ama nire gelara etorri zen dei hori niretzat zela esateko. Erdi-lotan nengoen ordurako, eta, gainera, amak gogo txarrez zera bota zidan erdeinuz: “Uno de esos amigos tuyos, que te pongas...” Ederki daukat iltzatua gogoan logelatik pasabidearen erdirainoko ibilbidea baina, memoriaren kapritxoak zer diren, ez dut uste inolako igurikipen beltzik edo asmo ilunik zebilkidanik buruan. Haatik, ederki daukat iltzatua gogoan gelatik pasabidearen erdian zegoen telefonorainoko ibilaldi laburra, oraindik ere begiak itxita egin nezakeena, hogeita bost urte iragan diren arren. Eta ederki daukat iltzatua gogoan amaren etxeko telefono txuri hura, Góndola modelokoa, zenbakiak markatzeko disko biragarria barrualdean ezkutatzen zuena... sekulako modernidadea garai horretan, alegia. Aurikular txuria hartu, eta belarrira eramanda galdetu nuen: “Bai?” Ederki daukat iltzatua gogoan lagun horrek esandakoak sortu zidan zirrara, bizkarrezur osoa zeharkatu zidana. “Josu Muguruza hil dute Madrilen, eta Iñaki Esnaola zaurituta dago. Ba al duzu egoitzaren giltza?” Buruan zorabio moduko bat nabaritu nuen lehenbizi, eta zer esan ez nekiela gelditu nintzen gero. Mekanikoki erantzun nion ezetz, nik ez neukala giltza. Egia zen, ni oinarrizko militantea bat baizik ez nintzen eta... Aunitzetan galdetu izan diot neure buruari zergatik pentsatuko zuen lagunak nik egoitzaren giltza izan nezakeenik... Lagunak “Bale, lasai” esanda eskegi zuen, eta ni dardarka itzuli nintzen nire logelara urratsez urrats. Orduan “¡Ya está bien! ¡Qué horas son estas de llamar a una casa!” hasi zitzaidan aita bere ohetik purrustaka, ni izuaren eskutik logelara itzultzen ari nintzen bitartean. Aitaren hitzekin nahasturik, Josu Muguruzaren irudiak eta erreferentziak trumilka zetozkidan burura, eta amorrazioaren harra hasi zitzaidan esnatzen “Déjalo, Teófilo, déjalo” nire amaren ahotsarekin batera. Ohera sartuta eta argia itzali gabe egon nintzen, eta 5 urte lehenagoko oroipen batzuk etorri zitzaizkidan burura, GALekoek ”Galgoak txakurrak dira”, zioen grafitiak” 5 urte lehenago Santi Brouard hil zutenean Iruñeko Kale Berriko egoitzara joan bainintzen arratsalde hartan, eta niretzat eredu eta buruzagi ziren kide batzuen nagarrak betiko sartu zitzaizkidan gogoan... Eta 5 urte iraganda, Josu Muguruza ere hil dutela! Baina Madrilgo Kongresuan parte hartu behar zuten biharamunean! “Ostia! Azaroak 20. Frankoren heriotzaren urteurrena... eta Primo de Riverarena! Data honetan izanda, Estatuak faxistei egoitziko zien ekintza eta eskuak garbituko”; oso garbi izan nuen irudipen hori hasieratik beretik... Baina zergatik Josu Muguruza? Hor zeuden, besteak beste, Txillardegi fundatzailea, eta Bergarako Elkoro, eta Toreroa Irígoras); baina Josu Muruguza hil zuten! Hori oso arraroa zen, Josu Muguruza ez baitzen han ezaguna. Egin-en horren zorrotz idazten duena Josu Muguruza zela jakin banekien nik, Iratzar, Zohardia atala zen egun batetik bestera linea politikoa markatzen zuena; banekien, halaber, ASKtik zetorrela, preso egonda zela... eta, egia esan, ez askoz gehiago... Behin ikusia neukan mintegi batean, baina ez nuen berarekin hitzik egin... HBko kideen aurkako eskutitz-bonben garaia zen, eta gerra zikina pil-pilean zegoen. Aste batzuk lehenago, Goardia Zibilak Manu eta Txilibita etakideak tiroz hil zituen mugan, eta Madril Komandoak Auzitegi Nazionaleko fiskala zartatu zuen... Berunezko garaiak. Arjel-eko negoziazioen porrotaren ordaina. Gau horretan ez nintzen etxetik atera. Azaroak 20 izanik, ez zen oso zuhurra, Iruñeko zona nazionalean bizi nintzela kontuan hartuz, eta, zertan uka, beldurrak nengoen. Izan ere, Kale Berriko egoitza itxita bazegoen, nora joan ordu horietan? Hobe zentzuz jokatu eta indarrak bildu biharamunerako. Baina gau horretan denbora luzea eman ohean begiak bildu ezinik; ez zegoen Internetik, ez mugikorrik, ez whatsappik... Orduak eman nituen une hartan neuzkan datu urriei hamaika buelta emanez, eta laster izuari beste sentipen bat hasi zitzaion lekua hartzen: amorrazioa. Noizbait lokartu nintzen, eta irudi danteskoz betetako gaua iraganda, trenpu txarrean esnatu nintzenean, beldurraren ordezko bat topatu nuen nire ohean: amorrazioaren harra zen, amesgaiztoz betetako gau luze horretan zehar gizendua, eta goiz horretako harrak amorrazio gorria zuen izena. Amorrazio gorri hori bidelagun izan nuen Josu Muguruza hil eta ondorengo egunetan. Harrazkero, gazte izaten jarraitu nuen, baina ez horren berde; gorriagoa bilakatu bainintzen. “Gerra zikina, Estatuaren ezina”, zioen beste grafiti batek. Hori guztia euskal memoria ere badelako.



Mende laurden bat iraganda, Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzten data berean Espainiako —eta hemengo— komunikabideek Albako Dukesa goraipatuz talaka gogaikarria ematen dute panegiriko barregarrien bidez. Ilegalizazio-urteen basamortu luzea gurutzaturik, Santi Brouardek eta Josu Muguruzak pozik ikusiko lukete Ezker Abertzale indarberituak emandako jauzia, esperantzaz betetako garai honetan gehiengo berriak erdiesteko bidean gaudelarik; Josu Muguruzari ez zioten utzi senatari akreditazioa eskuratzen, eta 25 urte iraganda ezker abertzaleko kideok ez dugu soilik parte hartzen instituzioetan, instituzio horiek eskuratzeko eta gobernatzeko borrokatzen gara, instituzio horiek iraultzeko, Santi Brouardenak, Josu Muguruzarenak, eta gure helburu estrategikoak diren Independentzia eta Sozialismoa lortzeko bidean, indarrak biltzeko fasean gaudela badakigularik. Eroriz eta eroriz ikasi dugu oinez ibiltzen, eta urratsez urrats aitzina goaz, engoitik hasiak gara bidea egiten irabazi arte. Eta horregatik “Gure omenaldirik onenea, garaipena” egiten du aldarri grafiti zahar batek, gaur egun oraindik ere, Iruñeko kale kantoi batean.

2014-11-18

"Hiru miru" album ilustratuaz bi hitz


Zer idatzi eta nola idatzi. Idazleak hartu beharreko erabaki bikoitza. Nik baneukan zer idatzi, baina erabakirik zailena izan zer nola idatzi erabakitzea. Arrunta izan daitekeen istorio honek, zuzen idatzita izateaz gain, doinu berezi bat behar zuen. Izan ere, agerikoa da ipuin orok zuzen idatzia behar duela, zuzentasun gramatikala conditio sine qua num dela testu bat testua izan dadin, gramatikalki correct izan behar duela; baina testu literario batek, gainera, prosodia ere eduki behar du, eta ez naiz soilik poesiaz ari, baizik eta prosaz, narratibaz.

Prosaren barneko erritmoa garrantzitsua da oso, prosaz idatzitakoak ere baduelako nolabaiteko melodia, nolabaiteko soinua. Izan ere, euskaraz kontatzearen eta kantatzearen arteko diferentzia letar batean datza, letra bakar batean baino ez: gure hizkuntzan kontatzea eta kantatzea elkarren eskutik datoz. Narrazioak idazten ditugunean ere erritmoa, prosodia atsegingarria, ezinbestekoa da, narrazioa narrasa izan ez dadin.

Hiru miru izeneko ipuina idatzi dut hori guztia kontuan hartuta, eta Maite Ramosen irudi ederrez aberastua argitaratu berri da, denonartean argitaletxearen eskutik.












2014-11-02

Guy Fawkes-en Eguna

Remember, remenber the fifth of November. Gunpowder, treason and plot” dio ingelesezko lelo ezagun batek: “Gogoratu, gogoratu azaroaren 5a. Bolbora, traizioa eta azpikeria”. Etzidamu, azaroaren 5a, Guy Fawkes-en Eguna da, eta Ingalaterran familiek ospatzen dute, gau horretan su-artifizialei begira daudelarik barbakoa bat eginda.
Guy Fawkes 1605. urteko Bolboraren Konspirazioaren antolatzailea izateagatik ezaguna da. Westmister jauregiaren azpian hamaika kupel bolbora pilatu zuen erregea hiltzeko asmoz. Ingalaterrako errege eta enparauak bolboraz zartatzeko ahaleginak, maleruski, porrot egin zuen, eta Fawkes preso hartu, galdekatu eta torturatu egin zuten. Hori gutxi balitz bezala, urkatu egin zuten , ingelesen “sense of humor” edo umore zentzu bereziaren adierazgarri.
Mendeak iraganda, Guy Fawkes-en maskara oso ezaguna bihurtu da “V for Vendetta” filmari eta Internet-eko Anonymous taldeari esker. Nik Guy Fawkes-en esaldi gogoangarri bat ekarri nahi dut txoko honetara: “Herria ez da agintarien beldur izan behar; aitzitik, agintariak Herriaren beldur izan behar dira”.
Zergatik etorri ote zaizkit burura Carmen Alba, Yolanda Barcina, Mariano Rajoy edo François Holande?


2014-10-12

Bota ez nituenak

Asteburu honetan lagun baten ezkontzan izan gara Kortezubin, Santimamine leizezulo mitikoaren ondoan. Ospakizunetan oso giro polita sortu zen, eta niri bertsotan hasteko gogoa etorrita, kopla pare bat egin nien ezkonberriei, mikrofonoaren aurrean botatzen ausartu ez nintzen arren. Lagun ezkonberriei bai kantatu nizkiela, baina argi dago ez dela ber gauza...

Haizeak eraman ez ditzan, hona hemen atzoko koplak

Ezkondu zaigula Juankar
Estherrek hartu du senar
euren nahia bete da eta
asko maite dute alkar

Iruñean ta Bermion
Altsasun eta Washington
Esther ta Juankar ezkondu dira
milaka kilo zorion!

 The happy few poets


2014-09-27

Oroimenarekin askatasunerantz

Behin zonbi baten gisa zebilen gazte bat kale erdian erori zen ziplo, eta besapean zuen kartera beltzetik ateratako paperek eta agiriek argi erakutsi zuten zarpail jantzitako gizon hori legez kanpoko erakunde bateko kidea zela. Konortea galduta, ez zuen ageriko zauririk, baina laster agertu zen anbulantzia, baita polizia ere. Ospitalera eramanda, sendagileek ikusi zuten ez zeukala zauririk, eta konortea galdua zuela egun batzuk jan gabe zeramatzalako.

Ekintzailea esnatutakoan, eskuburdinak jantzita eta ohetilaren heldulekuari lotuta, “erori” dela ohartu zen, “erori” zentzu etimologikoan eta baita zentzu metaforikoan ere. Kezka bakarra zuen: agiriak eta kartera beltza. Baina laster ikusi zuen ate ondoan polizia bat, eta ulertu zuen ordurako polizien eskuetan behar dutela; garrantzi gutxiko kontu zaharrak, baina toxikatzeko bazka eta bere kidetza agerian uzten zutenak. Agiriekin batera, gainera, diru kopuru polit bat zeraman.

Galdeketa batean poliziak galdetu zion ekintzaileri

- Ezinezkoa da ematea horrenbeste egun jan gabe, gizona. Zergatik egin zenuen hori?
- Ez neukan dirurik.
- Baina zure kartera beltzean dirutza aurkitu dute-eta!
- Diru hori ez da nirea, Erakundearena baizik.

Zonbi baten gisa ibiltzen zen, baina politikari ustel askok baino duintasun handiagoa zuen gazte hark. 

Oroimenarekin, askatasunerantz.





2014-09-24

Infernuko loreak



Atzo bi neska japoniarrekin izan nintzen Yamagutxiko liburutegian. Gainera, horietako batek haikuak idazten ditu, eta ezin haiekin mintzatzeko aukera galdu —not in Japanese, not in Basque, not in Spanish, but in English—.


 
Atzo udazkenaren lehen eguna zen, eta Japonian festa moduko zerbait egiten omen da udaroaren bukaera eta larrazkenaren hasiera den egun horretan. Sasoi honetan hain zuzen loratzen omen da  lycoris radiata edo Infernuko lorea. Japonierazko hitza, lagun japoniarren azalpenari kasu egitera higan hitzak, bi esanahi omen ditu: bata, beste mundua; bestea, ekinozioaren lorea, soilik garai honetakoa baita.


Atzo Interneten lore horren irudi zoragarriak ikusita, haiku txiki hau etorri zitzaidan:

Berde-gorriskak
infernuko loreak;
gaur, udazkena
 
Atzo idatzia, udazkenaren lehen egunean.


2014-08-17

Ariben "aurkitutako" haikua


Ez, ez dira harritxoak, lore ttipiak baizik... Ariben "aurkitutako" haikua



Zubitik hurbil
loretxoak uretan
ura xuxurla


Bide batez,  martxoan Nafar Ateneoan martxan jarri genuen haiku atelierraren inguruko saio berezi bat eginen dugu irailaren 22an, astelehena, 19:30ean, Ateneoaren egoitzan, udan zehar  idatzitako haikuak ikusteko eta elkarrengandik ikastek. 

Interesa dakiokeen orok jakin dezala ongietorria izanen dela. 

2014-07-04

Barcinaren argazki-beharra


Oraindik Nafarroako gobernuburu den Barcina andereak harrera egin berri die ume sahararrrei sanferminen atarian. Ume sahararrek bi hilabete ematen dute gure etxeetan, Oporraldia Bakean programa arrakastatsuari esker, eta bertan zaindu, artatu, babestu, elikatu, sendatu eta, batez ere, maitatu egiten ditugu. Eta egia da ume horiek askoz gehiago ematen digutela ordainetan: neurri gabeko maitasuna, begirunea eta, batez ere, herri txiki baina duin baten berri; neska-mutiko horiek Saharako enbaxadorerik onenak dira.

Barcina andreari, bere irudia hobetzeko premian eta beste irudi arrakastatsurik ezean, agenda ad hoc prestatu omen diote, eta ume sahararrak baliatu ditu argazki bat lortzeko. Izan ere, ez zen beharrezkoa, Nafarroako Parlamentuak jadanik harrera ofiziala egin dielako aste honetan; antza, Barcinari berdin izan zaio Nafarroaren ordezkarien gainetik pasatzea argazki itxuroso bat lortzeko. Iruñeko alkate Enrique Mayak berak zinegotziekin batera hartu ditu ume sahararrak aste berean, eta ez bakarrik, kameren aurrean esklusiban ateratzeko, Alli kontseilari fidelarekin batera.

Ume sahararrak hartzen ditugun guraso askok ez dugu parte hartu Barcinaren harrera horretan. Nafarroako Gobernuko prentsa-oharrak zioen “veintena”, baina argazkiari erreparatuta, dozenatik hurbilago dago ume kopurua hogeitik baino. Nolanahi, ekitaldi horretan parte ez hartzeko arrazoiak agerian uztea beharrezkoa iruditzen zaigu. Izatez, Sahararrek pairatzen duten egoera latza ez du urakan, ez lurrikada, ez itsasikara, ez lehorte batek sortu. Espainiako Erresumaren erantzukizun moral, potitiko eta juridikoa agerikoa da gertaera historikoen argitan. Izen-abizenak dituzten politikari jakin batzuek sortutako injustiziazko kinka batean bizi baitira ume sahararrak hamar hilabetez urtean. Eta injuztizia hori arintzeko guztiz txalogarria da Oporraldia Bakean izeneko programa, baina badakigu, jakin, Saharak justizia eta askatasuna behar dituela erdietsi, urterik urte luzatzen ari den egoera larria konponduko bada.

Horregatik ez da zilegia erabiltzea ume saharar horiek haren helburu pertsonal eta propagandistikoetarako. Urtetik urtera diru-laguntzak urritzen dituen bitartean, ez da bidezkoa ume sahararrak hartzea sasi-gurasokeriaz betetako ekitaldi anpurus batean, biharamunean “argazki on bat lortzea” beste xederik izan ez duen ekitaldi batean. Barcinaren agintaldia agorturik dagoen honetan, presidente andereak prentsan adeitsu eta irribarretsu agertu nahi du, eta horretarako erabiltzen ditu ume sahararrak; guraso asko ez gaude prest Barcinaren konpartsa osatzeko.

Antza, Espainiak Nafarroan duen ordezkari Alba andereak ere ume sahararrekin argazkia egin nahi du; ordezkaritza hori bera ume sahararrak ekartzeko trabak eta izapideak, erraztu ordez, urtetik urtera biderkatzen dituelarik... Bada, ez kontatu gurekin beste argazki horretarako.

Sahararrek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen den gisa berean, hemen ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko Gure Esku ekimenaren giza kale erraldoi arrakastatsua egin zen, Durango eta Iruñea lotu zituena. Horren haritik Barcina presidenteari otu zitzaion esatea herritarren ekimen hori ez zela espontaneoa izan eta ume txikiak erabili zirela. Zozoak beleari...

Barcinak, hitzez hitz, adierazi du “su deseo de que se alcance cuanto antes una solución definitiva que garantice un futuro mejor del pueblo saharaui” Baina, praktikan, zer egin, egiten eta eginen du goi agintari honek Saharararen alde, argazkian agertzeaz gain? Presidente batek badu zereginik Mendebaldeko Sahararako Konponketa-Plana sustatzen, Saharako herriak hainbeste urtez pairatutako sufrimendua bukatuko bada, erreferendum argi, garbi eta demokratiko bat behingoz egin dadin, Saharako Herriak bere geroa erabakitzeko duen eskubidea bermatuko duena.

Harro gaude ume sahararrekin, pozik gaude geure etxeetan hartzeaz, baina gustatuko litzaiguke ume hauek geure etxeetan hartu behar ez izatea, egunen batean Oporraldia Bakean programa beharrezkoa ez izatea alegia; horrek esan nahiko luke sahararrak euren lurrera, Mendebaldeko Saharara, itzuli ahal izan direla, Argeliako basamortu gorrienean, hamadan, dauden Tinduf-eko errefuxiatu kanpamentuak betiko utzita. “Oporraldia Mendebaldeko Sahara librean” bidaia antolatuko genuke gustura, eta gu joanen ginateke bisitan hara sahararrek prestatzen duten tea nana-rekin, mendafinarekin, berriz dastatzera, Sahara askean...

2014-06-21

Ezkabako ikasleei agurra


Urterik urte pausorik pauso
neska-mutilak batera
Ezkabako zuen ibilbideak
orain dauka bukaera.
Kabia uztera doazelarik
txorikumeen antzera
zoazte hegalak zabalduta
aske hegan egitera

2014-06-12

40 errugabetuei bertsoa

Gazteak hasi ziren
Herria askatzen
errepresio gordina
ordainean jasotzen.
Epaiketa ebatzia
libre ateratzen
Mila kilo zorion
dizuet eskaintzen.

2014-06-04

Gure esku dago; ni ere banoa

Azken garaiotan egin den gizarte ekimenaren garrantzitsuenetariko izanik, ezinbesteko hitzordua da niretzat ekainaren 8ko giza katea. Giza katea izanik ere, kateak ateak irekiko ditu, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidaren ateak.  Hortaz eta beraz, paradoxikoa bada ere, euskal jendeak kateak baliatuko ditu loturik gauzkaten beste kate horiek hausteko. Ni ere banoa. 118. kilometroan izanen naiz... eta zu(ek)?

2014-05-21

Odola gorria ez delarik

Dublin, Pearse karrikako Widow Scallan’s ostatua, gaueko hamaikak laurden gutxi. Inguruan, Irlandako Poliziaren Adar Bereziaren auto kamuflatu bat, Special Branch gorrotagarriaren markarik gabeko auto bat, aparkaturik. Autotik inor ez zen jaitsi, baina beste batzuk gerturatu ziren, Ulster Volunteer Force talde unionistaren kideak; horietako batek eskuko boltsa bat darama, barruan lehergailu bat duena.
Pearse karrikan, zaintza lanetan, Martin Doco Doherty irlandarra, 36 urteko dublindarra. “No witness” idatzi zuen gerora polizia batek txostenean, “lekukorik ez” alegia, baina geraterak nola joan ziren jakinik, erraza da asmatzea Martin Doherty-k, susmo txarra hartuta, aurre egin ziela eta talde unionistako kideek tiro eman ziotela bihotzean, baita lurrean zetzalarik ere. Gero, beste bala andana bat bota zuten ostatuaren atearen kontra, eta atearen beste aldean zegoen beste irlandar batek, Paddy Burke-k, tiro bat jaso eta zaurituta gelditu zen. Nolanahi, erasotzaileek ezin izan zuten ekintza burutu, ezin izan zuten lehergailua nahi zuten lekuan, eta ihesari eman behar izan zioten.
Irlandako Poliziak, Garda delakoak, ez zuen atxiloketarik egin. Bertaratu zenerako, hiltzaileak aspaldi joanak ziren. Polizien aldetik, zirtoak, sarkasmoak eta irri txikiak.
Handik gutxira, Irlandako poliziaburu Brian O’Higgins-ek hauxe adierazi zuen: “Atentatu hori aurreikusi bezala atera izan balitz, sarraskia izanen zen, une horretan ostatua jendez gainezka zegoen-eta”
Martin Doherty zenaren gorpua Dublin-go Glasnevin hilerrian datza. Gaur errepublikazale anitz eta anitz bilduta egonen dira han, gaur betetzen baitira hogei urte Martin Doco Doherty hil zutela.

Ipar Irlandako Polizak, PSNI delakoak, lan handia hartu zuen hil honen hasieran Gerry Adams buruzagi errepublikarra galdekatzen eta atxilotzen, Europako Hauteskundeen zurrunbilo mediatikoan Sinn Fein-eko burua kakaztu nahian, duela berrogei urte gertatutako beste hilketa baten inguruan... Antza, Martin Doco Doherty-ren odola ez omen zen gorria.
Martin Doco Doherty   

2014-05-17

Zerekin egiten dute amets ordulariek?

Hatsaren Eguna Berriozarren, urterik urte egiten den emanaldi poetikoa, indartzen ari da. Hatsa-ren V. Eguna egin berri dugu iragan ortzegunean, Berriozarko Kulturgunean. Aurten, Auxtin Zamorak atondutako ikusentzunezkoa  izan dugu berrikuntza nagusia, eta hasierako  urduritasun-uneak aginditurik, oso saio ederra eta  biribila suertatu zen. Urtero parte hartzen dugunontzat beti berdin baina beti ezberdin suertatzen den biltzar poetiko ttipi hau ari da, ari denez, finkatzen. Urtero, gainera, The Happy Few talde hori baten bat gehiago lotzen zaio; biziki eskertzekoa da Gipuzkoatik eta Lapurditik hurbildu ziren olerkarien prestutasun eta sostengua.

Hona hemen emanaldi horretako lagin ttipi bat, Zerekin egiten dute amets ordulariek? 

Ibilitako arrastoari bide bera darraiolarik.
Segundoari segundo, minutuari minutu
Iragana errepikatzera kondenatua izaki
ildotik zipitzik ere aldendu gaberik.
Ordubete bukatu orduko
orduari ekiteko orduan.
Zerekin egiten dute amets, orduan, ordulariek?




Zutik: Josetxo Azkona, Berriozarko auzapez Xabi Lasa, Josemari Sestorain, Carmen Valois, Maite Ramos, Auxtin Zamora, Mikel Ortigosa, Panpi Mailharin, Jose Mari Zendoia
Belauniko: Pello Uharte Orotz, Josu Jimenez Maia, Juankar Lopez-Mugartza eta Mikel Taberna Irazoki

2014-04-30

Paper zaharren artean aztarrika

Paper zaharren artean aztarrika duela hamar urteko bilera baten akta bat aurkitu dut. Hezkuntza administrazioan egiten nuen lan garai hartan, eta bilera horretan, zerbitzuburu batez gain, atalburu bat, bi bulegoburu eta bi teknikari ginen. Garrantzi handiko bilera horren akta —nola ez— teknikarietako bati jasotzea egokitu zitzaion: niri, alegia.

2004an ginen, eta Egitasmo europarrak izenburupeko bileraren aktaren aztergaiak munta handikoak ziren: Irakasleen trebakuntzaz, Informazio eta Komunikazio Teknologiak, Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza long life learning eta, batez ere, Anders Hingel-ek, Europar Batasuneko Hezkuntza komisarioak emandako txosten mamitsu baten berri: Txostenaren izenburua, ezin argigarriagoa: Europar Batasunaren helburuak 2010ari begira.

Hona hemen duela hamar urte ezarritako helburu estrategikoa (zilegi bekit hitz estrategiko hori baliatzea, bestela, nagusia esanda ematen du ez dela hain estrategikoa)

"Europako Hezkuntza sistemen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea."
Helburu estrategiko hori xehatzeko orduan, hiru nagusi aipatzen ziren

  • Irakasleak eta irakasleen trebakuntza hobetzea
  • Informazio eta Komunikazio Teknologiak eskura jartzea
  • Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa eta porfolioa. Azken honetaz, ezartzen zen helburu gisa Europako ikasle guztiek nork bere portfolioa 2010erako helburu zela.


2014an gaude, eta xede arranditsu horiek, jakina, ez dira erdietsi. Areago, Europako Hizkuntzen Porfolioaz inor gutxi oroitzen da. Porfolioa zertan zetzan, zertarako zen eta nola erabili ikasteko ikastaro horien guztien karpetak etxean dauzkat pilaturik. Kasu gehien-gehienetan, tamalez, portfolioa ur errea da.

Zenbat lan ordu, zenbat ahalegin, zenbat paper ez genuen erre inora eraman ez gaituen tren hori bultzatzen?

Goitik” etortzen zaizkigun hitz handiko eta xede handiagoko egitasmo horien mende bizi gara irakasleok; bat-batean etortzen diren ekaitz horiek kezkatu eta durduzaturik uzten gaituzte, trumoi ozen eta oinaztargi azkarrak itsuturik. Hezkuntza politikaz arduratzen diren horiek, batzuek ume bat eskolan inoiz ikusi ez duten horiek den-dena irakasleok egiteko agintzen digute, eta epeak ezartzen dizkigute. Gero, agian, politikari horiek joaten dira eta beste batzuk datoz, eta denek nahi dute euren inpronta utzi.

Oroitzen al zara Markotegi eta Arellanoren garaiez? Ziur baietz. Baina, nor oroitzen da orain Jesús Laguna kontseilari zenaz? Eta Luis Campoy kontseilari tuterarraz? Gero, Perez Nievas etorri zen, baina dimisioa eman zioten duela urte gutxi, CDNren izarra betiko itzaltzearren, UPN-k eginiko jokaldi politikoaren ondorioz. Orduan Miguel Sanzek esan zion Alberto Catalani Hezkuntza kontseilaritza ere hartzeko. Azken bi urteotan Alberto Catalan esanekoa izan da hezkuntza kontseilaria, UPNren zuzendaritzako kidea izateaz gain eta Gobernuaren eleduna ere izanik. Eta oraingoa, Iribas, “LOMCE a la navarra” aplikatu nahi duena, murrizketaren maisua...


Ez, Iribasek ez du dimisoa emango, denok aldez edo moldez eskatuta ere, ez da bere kasa joanen; urtebete barru eginen diren hauteskundeetan Iribas eta enparauak botatzekoa aukera dugu, eta orduan beste kontseilari-ohien zerrendan izen bat baino ez da izanen... Baina horretarako, irakaskuntzan ibiltzen garenok urtebete jasan beharrean, Iribasi aurre egin behar diogu bene-benetan bere azken urtea izan dadin kontseilari. A! Eta besoak gurutzaturik gelditzen bagara, ez etorri gero koplekin!

2014-04-10

Udaberriko oporraldiaren atarian

Udaberriko oporraldiaren aterian gaude. Udaberriko oporraldia ez da udakoa bezain luzea, baina biziki eskertzen da. Udaberriko oporraldia, bai; ez Aste Santukoa. Umeei udaberriko oporraldian gaudela esan beharko genieke, izen erlijiosoa duen “Aste Santua” bazter utzirik. Ez ginateke lehenak izanen. Adibidez, ozeanoz bestaldean, Uruguain, “Turismoaren Astea” deritzo oporraldi honi.
Eliza katolikoak, oraindik orain eta oraindik ere, botere handia duen instituzio bat da, hamarkadaz hamarkada eta urtez urte boterea higatuz joan zaion arren. Haren eragina handia da oso gaurko gure gizartean, nahiz eta fededunen kopurua murriztuz joan, nahiz eta sinesdunek beraiek ez bete Elizaren beraren agindu moralak, nahiz eta elizak ia-ia beti hutsik egon.
Eliza Katolikoak fededunenegan eragina izatea normala da, norberak aukeratzen baitu bere taldea edo bere elkartea... eta norberak ordaintzen du. Arazoa da denon zergekin elikatzen dela Eliza Katolikoa, eta ez soilik fededunen diruarekin, denon diruarekin baizik, ateo izan, agnostiko izan, musulmandar izan ala budista izan.

Eta burura datorkit esaldi biribil bat, Lourdes Goicoechearen auziaren kontura aditu nuena: “Ogasuna denok gara, Opus Dei izan ezik”

2014-03-23

Paddy McGuigan gogoan

Iñaki Azkunaren eta Adolfo Suarezen panegirikoez nazka-nazka eginda, iragan den astean hil zen Paddy McGuigan ekarri nahi dut lerrootara. Belfasten sortua, musikari hau Irlandako abesti abertzale ospetsu zenbaiten egilea dugu. Aspaldi handian egon nintzen ni Irlandan, eta han ikasi nuen Paddy McGuigan-en The Boys of the Old Brigade kanta, oraindik ere aditzen dudalarik hunkitzen nauen kanta zaharra...




Ai, aita, zergatik zaude horren triste
Aberri Egunaren goiz eder honetan
Irlandar guztiok gure sorterriaz
pozik eta harro gaudelarik?
Oi, seme, oroitzapen tristeak datozkit gogora,
aspaldi handiko egunak,
orduan, zu bezalako mutiko bat nintzela,
IRAn sartu nintzelarik.


Non dira nirekin aritu ziren burkideak
Historia idatzi genuenean?
Ai, ene, nola gogoratzen ditudan
Brigada zaharreko mutilak!

Muinoetatik eta etxaldeetatik armak hartzeko deiari
denek ala denek erantzun zioten
haranetatik gizon gazte ausartak etorri ziren
Irlandaren deiari jarraiki
Urte anitz iragan arren, erronkari heldu genion,
Brigada zaharrak eta baita nik ere
eta batzuk nire ondoan hil ziren
Irlanda aske izan zedin

(Leloa)

Horregatik da, ene seme
egiten dudala hasperen Aberri Egun goiz honetan
Gogoan ditudalako ene burkide guztiak
antzinako egun horietan galduak
Gogoratzen naiz haranetan borrokatu ziren kideekin
fusilak eta granadak eskuetan hartuta
Zeruan beude
Brigada Zaharreko burkideak

2014-03-18

Elkar agertuko da

Hilaren 22an euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko, manifestazioa Iruñean. Yolanda Barcenas eta Robertico karramarroa ez dira joanen, kontu ziurra da. Aitzitik, urlia, berendia eta sendia Antoniutti parkean egonen dira; holakoa, harakoa eta bestelakoa ere bai; honakoa, harakoa eta haratagokoa ere izanen dira han bost eta erditan.

Euskalduna naiz eta haserre nago, baita harro ere. Ez dut erasoen zerrenda luzea errepikatu behar, baina mutu nahi gaituzte, muturtuta eta zapuztuta, bistan da; horregatik Nafarroa Garaiko euskal komunitateak erantzun bateratua, irmoa eta bizia eman beharra du. Euskaltzaindiaren arauen arabera “ehundaka” ez gara bilduko, baina bai ehunka edo ehunaka, areago, nik erranen nuke “zientoka” edota milaka bilduko garela, erantzun tinkoa eman behar baita: beharra, eragile on.


Paul Auster idazle amerikarraren Brooklyngo erokeriak liburuaren zati bat parafraseatuz, ona da titulua arranditsua izatea, irakurlea esnatu eta kasu egin dezan eragiten baitu horrek”. Bada, honaino heldu bazara, irakurle, mila kilo zorion, goiko izenburu deigarri horren azpian gordetzen dena agerian uzteko tenorea heldu baita. “Elkar ikusiko dugu” esan zuen irakasle batek euskaltegi batean eta, kontatu didatenez, A1 mailako ikasle batek galdetu zion ea nor zen “elkar” hori... Larunbateko manifestaziora “elkar” hori bera ere agertuko da. Eta zu ez, irakurle?

Ezkaba eskola publikoan ere, euskararen alde!

2014-03-15

Haiku tailerra martxan




Laket zait "tailer" hitza, hitz horrek eskulana dakarkidalako gogora, ezagutza teoriko hotzetatik urrun eta ezagutza praktiko beroetatik hurbilago sentitzen dudalako. Hartara, haiku tailer honetan haikuak sortzen, egiten eta berregiten, konpartitzen edota hobetzen saiatuko gara.

Nafar Ateneoaren abaroan, hilero bilduko gara talde txikian, eta astelehenean, hilaren 17an, 7,30etan dugu hitzordua Iruñean, Ateneoaren egoitzan.(Barañain etorbidea 10, 1. solairua)

Zu ere, gonbidatuta.

2014-03-06

Harria eta olibondoak

Harria eta olibondoak Bingen Amadoz lagunaren azken —oraingoz— liburua dugu. Kazetari eta idazle nafartarrak Palestinara brigadista egindako bidaietan bizitutakoak eta ikusitakok jasotzen ditu hogeita hamar testu laburrez, lekukotasun zirraragarriz: "Kontatzeko ahalmena neukanez, isilik gelditzea ez zitzaidan zilegia iruditu."

Atzo Iruñeko Auzolan liburu-dendan liburu horren aurkezpen ederra egin zuen Bingenek, Sodepaz elkarteko Xabier Aguirregabiria lagun zuelarik.


Xabier Aguirregabiria eta Bingen Amadoz

Harria eta olibondoak liburua ele biz dago, euskaraz eta gaztelaniaz, eta informazio gehiago Sodepaz-en weborrian duzu.

2014-02-26

otsailaren 26tik 27rako gauean

Gaurko egunez, duela 38 urte, otsailaren 26tik 27rako gauean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zen Mendebaldeko Saharan, Bir Lahlu-n, zehatz izateko. Land rover baten faroen eta kazetarien kameren argipean aldarrikapen hau egin zen:

"Alah-ren laguntzaz eta haren izenean, (...) Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Herria independentzia, lurraldearen osotasuna eta baliabide naturalak defenditzeko prest dagoela agertu nahi dugu. Eta bakearen alde borrokan diren beste herriekin batera borrokatuko da, eta, halaber, kolonialismoaren aurka borrokan ari diren askapen mugimendu oro sostengatzen dugu."

Iragan den larunbatean, Iruñeko Gaztelu plazan, lagun anitz bildu ginen hori guztia gogoratzeko, eta baita sahararren giza eskubideak defenditzeko eta Sahararako autodeterminazio erreferenduma eskatzeko ere. Gora Sahara askea!


2014-02-25

Mutu nahi gaituzte

Iragan den larunbatean esparru anitz eta askotariko euskaldunak elkartu ginen eta deia egin nahi diogu euskal komunitateari hilabete bat barru Iruñeko kaleetara ateratzeko. Nafarroako Gobernuak politika zehatz bat dauka euskal komunitatea itotzeko,  erasoz eraso gogaitzeko; hori dela eta, larunbatean bildu ginenok deialdia hau antolatu dugu euskaldun eta euskaltzale orok aukera izan dezagun esateko “hemen gaudela, bizirik, euskaraz bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu.”

Aurkezpenean,  hedabideetan  ikusi ahal izan den bezala, argazki sinboliko bat egin genuen, "mutu" "desagerrarazi" nahi gaituztela irudikatzeko. Nafarroa osoko auzo, herri, eskualde, lantokia eta abarretan halako argazkiak egiteko gonbitea ere egin nahi dugu. 



Larunbatean  zabaldu genuen atxikimendu  zerrenda guztiz irekia da, eta dagoeneko jende gehiagok bat egin du.  Hartara, zuk ere aukera izan dezazun ekimen honi babesa emateko, euskaldunok.m22@gmail.com helbidera mezu bat bidal dezakezu..Aldez aurretik, eskerrik asko zure prestutasunagatik!


Ez ahantzi: manifestaldia, martxoaren 22an, arratsaldeko 5:30ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuta.



 

2014-01-23

Ur kristalak Atarrabian

Iruñerrian erakusketa berezi-berezi bat dugu: Ur kristalak. Erakusketa honetan teknika-nahasketa baliatu du Maite Ramos artistak, akuarela eta tinta erabili baititu. Irudi hauetan ez dago paisaiarik, ez Japoniako haiga-rik, ur-kristalen abstrakzioak baizik, surrealismoarekin muga-mugan daudenak, emaitza txundigarria lortuta. 

Hogeita bi irudiz osatutako erakusketa hau ikusgai dago Atarrabiako piltategian. Mundu osoko ur-laginak aitzakiatzat hartuta garatu du irudi bilduma handi hau, eta margoen izenek beraiek salatzen dute ur-kristal bakoitzaren jatorria. Smara, Iturristia, Fukushima, Jordan, Irati, Zorroka...

Maite Ramos Fernández Iruñean jaio zen, 1967an. Irakaslea lanbidez, egun Sanduzelai ikastetxe publikoko zuzendaria da.

Atarrabiako erakusketa hau baino lehen beste hainbat erakusketa egin du Iruñeko Orizuru galerian, Baiona-ko Euskal Museoan, Senpereko Larralden, baita hainbat kultur etxetan ere: Berriozar, Auritz, Uharte...





Erakusketez gainera, hiru poesia liburu ilustratu ditu Maite Ramosek: Exilio en las Algas, Gerezi Garaiko Haikuak, eta Orbel Azpiko Haikuak.  

2014-01-03

Reagan kanpora


Ronald Reagan presidente estatubatuarra bisitan 1985ean, OTANen inguruko erreferendumaren atarian —oroitzen PSEren leloaz? OTAN; de entrada no—. Baina noan harira.

Euskal Herrian, bisitaren aurkako adierazpen, agerraldi, manifestazio, pintada eta pankarta anitz kaleetan. Parkarta horietako batean, Reagan-en karikaturaren osagarri, Reagan kanpora leloa. Garesen, errepidearen ondoko hesi batean pankarta jartzen ari delarik, Goardia Zibilaren jeep bat agertu, zibilak jaitsi eta pankartari begira gelditu dira. Guardia zibil bat, agenda txiki bat eskuan, pankartako testua kopiatzen hasi da; une batean, baina, zalantza nagusitu zaio benemeritoari, eta besteari ozenki galdetu dio:

- Oye, pero antes de p y b ¿no se escribe siempre m?

 -
Tu calla y copia bestearen erantzuna
 

Behingoagatik, ortografiaz asko zekien goardia zibil bat egokitu zitzaigun. Pena, hizkuntza oso bat zuen faltan: geure hizkuntza.

2014-01-02

Bost soldadu


Argazkiak bost urte baino ez ditu, eta ezkerrekoa Francisco Pérez González da, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua. Amerikarrek Kirgizistan-en duten Manas hegazkin-basean aterea da argazkia, eta hor agertzen da gure artzapezpikua genozida horiei bostekoa ematen.

Nafarroan ez dago eskuina boterean, ultraeskuina ultrakontserbadorea baizik,, eta Barcinaren Tea Party dugu boterean azken hamarkadatan. Horregatik beste inon ikusten ez direnak agerikoak dira hemen, artzapezpiku militar bat beste militar batzuen laguntzarekin, guardia zibilekin, Antsoaingo klinika baten aurrean escrache fatxa bat egiten, diana markatzen gauezko soldaduek jakin dezaten non jo.

Oinarri nabarreroari eta nazional katolizismoari pozik uzteagatik joan da Francisco Pérez González apezpikua, Nafarroa osoan legezko abortuak egiten diren klinika bakarraren atariraino. Ez da Francisco aita santuaren aginduak betetzen ari, botere faktikoenak baizik. Eta, bidenabar, inork ez dezala hitz egin CAN auziaz, desagertu diren 1000 milioiez nehork ez dezala galde... Barcinaren annus horribilis estaltzeko botere faktikoek nahi dute mintzagaia eta erritmoak ezartzea, gelditzen zaien denbora politikoa markatzea eta baldintzatzea.

Berdin zaie nafar gizartean eragin dezakeen arrakala, berdin zaie zer sakona egiten ari den eliza katoliko ofizialaren eta nafar gizartearen arteko amildegia... Boterea galduko duten beldur dira, amorratuta daude, eta zakur amorratuaren gisa, zaunka eta hoska egiten dute, eta General de Brigada den artzapezpikuak badaki aginduak betetzen eta ematen.

Antsoainen egindako agerraldia esperpentikoa izan da, benetan desesperazioaren adierazle, orain arte, bere aurrekari Fernando Sebastian ez bezala, Francisco Pérez isilpeko lanetan aritu baita bost urtez nafar herritarren ondasunak “inmatrikulatzen” alegia, eufemismoak eufemismo, beretzat hartzen, ad maioren ecclesiae gloria. Izan ere, Olentzerok ez dio kasualitatez ikatza ekarri apezpikuari berriz ere. Susmatzen dut, susmo baizik ez da, artzapezpikua gusturago dagoela azpilanetan kale gorrian errosarioak errezatzen baino, pulpituan laketuago publikoan baino.

Afganistanera bonbardaketak egitera joaten diren hegazkin-basean egindako argazki salagarria, jadanik ez dago Interneten: http://www.catholicmil.org/images/gallery/display/10271_hq.jpg.jpg . Hor sakatuz gero, “FILE NOT FOUND” agertuko zaizu, norbait arduratu baita argazki hori kentzeaz...

Francisco Pérez González, milaka lagun hil eta hiltzen dituen inperialismoaren morroi, errosarioa eskuetan bizitzaren alde dagoela dioen hipokrita izugarri bat, Iraken, Afganistanen eta mundu osoan haren lagun amerikarrek hiltzen dituzten ume horiek guztiek ez baitituzte oraindik jaio ez den umeki batek bezainbeste eskubide.