Argazkiak bost urte baino ez ditu, eta ezkerrekoa
Francisco Pérez González da, Iruñeko eta Tuterako
artzapezpikua. Amerikarrek Kirgizistan-en duten Manas hegazkin-basean
aterea da argazkia, eta hor agertzen da gure artzapezpikua genozida horiei
bostekoa ematen.
Nafarroan ez dago eskuina boterean, ultraeskuina ultrakontserbadorea
baizik,, eta Barcinaren Tea Party dugu boterean azken
hamarkadatan. Horregatik beste inon ikusten ez direnak agerikoak dira
hemen, artzapezpiku militar bat beste militar batzuen laguntzarekin,
guardia zibilekin, Antsoaingo klinika baten aurrean escrache fatxa
bat egiten, diana markatzen gauezko soldaduek jakin dezaten non jo.
Oinarri nabarreroari eta nazional katolizismoari pozik uzteagatik
joan da Francisco Pérez González apezpikua, Nafarroa osoan legezko
abortuak egiten diren klinika bakarraren atariraino. Ez da Francisco
aita santuaren aginduak betetzen ari, botere faktikoenak baizik. Eta,
bidenabar, inork ez dezala hitz egin CAN auziaz, desagertu diren 1000
milioiez nehork ez dezala galde... Barcinaren annus horribilis
estaltzeko botere faktikoek nahi dute mintzagaia eta erritmoak
ezartzea, gelditzen zaien denbora politikoa markatzea eta
baldintzatzea.
Berdin zaie nafar gizartean eragin dezakeen arrakala, berdin zaie zer
sakona egiten ari den eliza katoliko ofizialaren eta nafar
gizartearen arteko amildegia... Boterea galduko duten beldur dira,
amorratuta daude, eta zakur amorratuaren gisa, zaunka eta hoska
egiten dute, eta General de Brigada den artzapezpikuak badaki
aginduak betetzen eta ematen.
Antsoainen egindako agerraldia
esperpentikoa izan da, benetan desesperazioaren adierazle, orain
arte, bere aurrekari Fernando Sebastian ez bezala, Francisco Pérez
isilpeko lanetan aritu baita bost urtez nafar herritarren ondasunak
“inmatrikulatzen” alegia, eufemismoak eufemismo, beretzat
hartzen, ad maioren
ecclesiae gloria. Izan
ere, Olentzerok ez dio kasualitatez ikatza ekarri apezpikuari berriz
ere. Susmatzen dut, susmo baizik ez da, artzapezpikua gusturago
dagoela azpilanetan kale gorrian errosarioak errezatzen baino,
pulpituan laketuago publikoan baino.
Afganistanera bonbardaketak egitera joaten diren hegazkin-basean
egindako argazki salagarria, jadanik ez dago Interneten: http://www.catholicmil.org/images/gallery/display/10271_hq.jpg.jpg
. Hor sakatuz gero, “FILE NOT FOUND” agertuko zaizu,
norbait arduratu baita argazki hori kentzeaz...
Francisco Pérez González, milaka lagun hil eta hiltzen dituen
inperialismoaren morroi, errosarioa eskuetan bizitzaren alde dagoela
dioen hipokrita izugarri bat, Iraken, Afganistanen eta mundu osoan
haren lagun amerikarrek hiltzen dituzten ume horiek guztiek ez
baitituzte oraindik jaio ez den umeki batek bezainbeste eskubide.
No comments:
Post a Comment