2010-07-29

Erlojuaren orratzak gelditu egin zirenekoa


Martires de Ocaña kalea, Ocaña herrian, Toledo, Espainia. Goiz-goizetik Ocaña II espetxearen atarian Dabid Cebrian euskal preso politikoa noiz aterako zain egon gara. Luze itxaron behar izan dugu; izan ere, porra bat ere egin dugu, itxaronaldiaren eta beroaren aringarri, ea zein ordutan zehatz-mehatz askatuko zuten asmatu nahian. Nik ez dut porra irabazi, uste baino beranduago askatu baitute: 12ak hogei gutxitan. Baina atera denean, bihotza azkartu zaigu zain geunden guztioi. Ocañako espetxeko atarian besarkada bero bana jaso du lagun askatu berriak: Irrintzi isila. Une hunkigarria. goardia zibilen begiradapean, baina. Autoetara sartu eta Euskal Herrirako bidea hartu dugu. Han gelditu dira goardia zibilak, eguzkipean.

Autoz gentozelarik, kilometro batzuk egin eta gero, begirada bat eman diot eskumuturreko nire erlojuari. Orratzek 12ak hogei gutxietan geldituak ziren, ez aurrera ez atzera. Erlojuari konpetxo batzuk emanda, berriz hasi da segundoen orratza mugitzen... Antza, erlojuaren orratzek laguna espetxetik atera zeneko une hunkigarri hori betiko gorde nahi zuten nire gomuten zakuan.

Etxera heltzerakoan bertan zeuden Benemaritaren beste kide asko, Berriozarko Eguzki Plaza zeharo hartuta. Berriz ere goardia zibilen begiradapean. Alferrik, baina. Beste leku batean jaso du preso ohiak -gaudanik preso ohiak- ongietorria. Beste une hunkigarri bat, gure gomuten zakuan ederki gordeko duguna. Ongi etorri, Dabid. Eta erlojuaren orratzak aurrera doaz.

2010-07-27

Kataluniako umorea

Aurten ere Herrialde Katalanetan eman dugu oporraldiaren puska eder bat. Han "La roja" delakoaren garaipen ozen astuna jasan behar izan genuen, bertatik bertara jasan ere.

Hurrengo famili bazkari aspergarrian agian bideo hau jarriko dut, katalanen umore bereziaren adierazgarri.

2010-07-06

Barrikadek kaleak itxi, baina bideak zabaldu egiten dituzte


Aspaldi handian, artean gazte, berde eta gorri nintzelarik, Euskadiko Gaztedi Gorriaren gogaidea nintzen, EMKren gazteriarena. Aitor dezadan Iruñeko Bigarren Zabalgunean bizi nintzenez, zona nacional-ean alegia, eta trapuketari baten semea izanik, erakargarriagoa zitzaidala bandera gorria-gorria, gorri-hori-gorria baino, baina baita erakargarriagoa txuri-gorri-berdea baino.


Aspaldi handi hartan, artean gazte eta Iraultza taldea indarrean zebilen eta ausaz egokitu zitzaidan, Orreaga etorbidean, Iruñearen erdi-erdian, alderdiaren beso armatuko kide Carlos Gallardo-ren gorpua ikustea, zeraman lehergailuak zartatua, Iberdrolaren bulego baten kontrako ekintza bat burutzera zihoala.


Aspaldi, artean gazte eta ikasle nintzela, Euskadiko Gaztedi Gorria taldea Kemen bihurtu zen eta bere aldizkariaren azpitituluak, oker ez banaiz, harro agertzen zuen honako lelo hau: Barrikadek kaleak itxi, baina bideak zabaldu egiten dituzte.


Urteak joan urteak etorri, Nafarroan EMK-k eta LKI-k bat egin zuten Batzarre sortzeko: badakizu, “Desde el escaño también de hace daño” eta nola edo hala eutsi behar zitzaion parlamentuko aulkiari, nahiz eta hauteskundeen zirkuan gero eta zailagoa izan aulkiei eustea.

Urteak joan urteak etorri, sortu zen Euskal Herritarrok... eta orduan bai, a ze boto pila, nahiz eta gustura ez egon bidaideekin... Ezker Abertzaleko nire lagun batek esaten du: “Tontoak izan ginen batzarrekoekin: ostikoa eman behar genien”.

Urteak joan urtek etorri, eta Alderdien Legea profitatuz, NABAIren aukera izan zen... orduan ere, a ze boto pila, nahiz eta senperrenak izan bidaideekin. NABAIko nire lagun batek esaten du: “Batzarreko hauek ze gutxi diren eta ze matraka ematen duten.”

Urteak joan urteak etorri, orain, NABAIko beste bazkideen haserrerako, Batzarrek lan ildo eta eztabaida taktikoen berri prentsaren bidez ematen du lantzean behin, normalean Diario de Noticias-en, baina Nafarroako Ezker Batuarekin zerrenda batzuk ari dira antolatzen Erriberan aspalditxotik.

Eta testuinguru honetan, Ioseba Ezeolaza eta Txema Mauleón, Batzarreko buru gazteak, kafetxo bana hartzen Greba Orokor Egunean Iruñearen erdian. Ez dakigu dieta kontzeptuan sartuko zuten gastu hori. Nolanahi delarik ere, gomuten nire zakutik jalgi zen aspaldiko lelo hura: Barrikadek kaleak itxi, baina bideak zabaldu egiten dituzte. Batzarreko lagun asko STEE-EILAS sindikatukoak dira, nik dakidala, eta, besteak beste, STEE-EILASk ere deitzen zuen Greba Orokorra. Bestalde, irakurri nuen komunikatu baten arabera, ESK-CUIS-ek ere deitu zuen grebara eta ez ahaztu Batzarreko beste lagun batzuk ESK-koak direla. Badakit ESK-CUISetik joan berri diren batzuek osatu dutela Nafarroan Solidari. Ederki hasi dira, bada, Solidari-ko horiek: ez dakit zer pentsatuko duten horietaz duela bi astera arte euren kide izan diren ESK-ko lagunek. CGTko lagunak eta baita PCPEkoak ere izan ziren manifestazioetan. Ezkerreko ikuspegi anitzak eta askotarikoak, baina manifestazio berean. Hori poza!

Halere, beste liskar zenbaitengatik ospe hartuta eta Iruñea zer txikia den jakinda, bi posibilitate: lehen aukera, kasualitate hutsa izatea Batzarreko buruzagi gazte horiek taberna horretan egotea piketearen zain eta, beraz, buruzagi horiek inozoak dira; baina horren inozoak izan litezke? Ala, bigarren aukera: nahita egin dute, bilatu zutena aurkitu dute biktimarena egiteko eta berriro agertu ahal izateko prentsan, Grebaren biharamunean agertu ziren bezala?


Nik ez dut uste kasualitate hutsa izan zenik. Batzarrekoen xedea? Zin-zinetan gizartean ez duten pisua eta erreferentzia bereganatu nahia, agertu behar baita prentsan nola edo hala, lantzean behin, gaizto-gaiztoengandik bereizita eta ez bakarrik NABAIren barruan dituzten liskarren kontura eta Nafarroako Gobernuko parlamentuan ez egotegatik abortuaren inguruko bozketan. Desde el escaño también se hace daño, baina horretarako parlamentuko bozketara agertu behar. Ala... bozketa garrantzitsu horietan ez egote horiek ere ez dira kasualitate hutsa? Ala den-dena zegoen lehenagotik PSNrekin hitzartuta zegoeneko zurrumurrua egiazkoa ote?


Hauek guztiak galdera erretorikoak dira, inondik ere bilatzen ez dutenak protagonista horien erantzunik: prentsan irakurri ditugu dagoeneko. Ezen zinez harrigarria da, horren gutxi izanik, ze gaitasuna duten agertzeko prentsa jakin batean. Duela gutxi Juan Kruz Lakasta kazetariaren zutabetxo baten kontura agertu ziren bezala. Nago, sanferminotan ere -aldez edo moldez- aterako direla edozein aitzakiaren kontura berriz ere biktimarena egiteko.


Idatziz, Batzarreko buruzagi gazte horiek adierazi dute UGTren eta CC OOen iraileko deialdian orduan bai eginen dutela greba adierazita: uste izatekoa da Batzarreren jarrera ofiziala izan dela, baina ez dut uste NABAI osatzen duten guztiek kontu bera erabaki dutenik. Badirudi NABAItik egotziak izatea ari direla bilatzen... Ez ahaztu ESK-CUIS sindikatuan gertatu berri den zatiketa, non batzuk CC OO eta UGTra hurbiltzearen alde ari ziren eta azkenik Solidari sortu duten...


Urteak joan, urteak etorri eta denborak ematen duen perspektibarekin, hemendik urte batzuetara, zaila al da irudikatzea Batzarreko batzuk PSOEren Casa Común de la Izquierda delakoan?


Endekatze prozesu orok badu arazo hori: nehoiz ez da jakiten noraino hel daitekeen atzeranzko garapena. Lenin-ek esaten zuen lagun bat komunista den ala ez jakiteko, eskuei begiratu behar zaiola, egiten duenari alegia, eta ez esaten duenari. Eta ez ahaztu sozialdemokrazia izan da lan erreforma basati honen kudeatzailea. Barrikadek kaleak itxi, baina bideak zabaldu egiten dituzte.

2010-07-05

Kafearen zapore garratza

Lehengo egunean Garmendin izan gara, Garbiñe Arrieta zenaren baserrian. Garbiñeren errautsak, Uruguatik ekarriak, ondo-ondoak genituen, kutxa itxi batean. Kafea eskaini digute haren ahizpek, amultsuki: “Arrietarrak oso kafezaleak gara” adierazi du Garbiñeren ahizpetako batek, Amasako euskara gozoan. Garbiñeren iloba batek kafea ekarri eta zerbitzatu digu. Kafe hutsa gehienok, baten batek kafe-esnea. "Azukrerik?" "Bai, bat." Kafea ausarki bota didate, basokada eder bat kafe beltza. Kafearen lehen zurrupadarekin atsekabean elkarrekin izatea zeinen ona den sentitu dut, eta familiakoa ez naizen arren, ez naiz arrotz sentitu.. Kafearen zapore gogorrak nire aho-sapaian urteak sentitu gabe neraman zaporea berpiztu du, nire haurtzaroko garai lauso batera eraman nauen zaporea. Kafea bukatu eta Amasako elizara joan gara, xirimiria lagun, uztailaren hasierako arratsalde honetan. Garbiñeri agur esan diogu ahoa ireki gabe. Hitzen ordez malko garratzak mintzo dira.

Iluntzean, etxerako bidean, autoan izan ditugu mintzagai: Urlia agertu dela, Sendia ere agertu dela, baina Berendia ez dela agertu... Mintzagai izan dugu hileta elizkizuna, Garbiñerekin azkenekoz izan ginenean, Xalbadorren bertsoak aritu baikinen kantuan eta Billabonako soinu-jotzaileak melodia hori bera jotzean gogora ekarri digulako Garbiñerekin bazkaldu genuen egun hura. Eta, orobat, kafea izan dugu mintzagai. “Beltza zen, zaporetsua, txikoria zuelako; baina ongi prestatuta, neurri-neurrian...” argitu zidan lagunak. Eta neure buruari galdetzen diot non eta noiz izanen dut horrelako kafe zoragarri bat dastatzeko aukera berriz ere, jakinda ere, segur aski, berriz ere Garbiñe Arrieta zenarekin oroituko naizela.