2015-12-15

Kalashnilova basamortuan

Ez naiz oroimen eskasekoa, baina eskuetan su-arma bat eduki izanaz ez naiz oroitzen. Eta su-arma bat kontu makala ez denez, ez dut uste ahantzi zaidanik. Su-arma bat eskuetan hartzeko aukera duela bi urte izan nuen, Saharara egindako bidaian, errefuxiatuen kanpamenduetatik urrunduta, dunak ikustera joan ginen batean. Eskolta lanetan aritzen ziren polisarioetako batengana hurbildu nintzen eta berarekin argazki bat ateratzeko baimena eskatu nion. AK 47 bat, kalashnikov bat, bazuen eskuartean Fronte Polisiarioko kideak, eta baietz, argazkia berarekin ateratzeko arazorik ez zegoela. Zertan ukatu, tentatuta ibili nintzen kalashnikova hartzen eskatzeko, ez tiro egiteko, jakina, baizik eskuetan izateagatik fusil mitiko hori; baina jostailua ez denez, eta ez nion eskatu: ez nuen konpromiso batean jarri nahi izan. Argazkia eginda, dunetan barna urrundu zen polisarioa, gu hobeki zaintzeko agindu zioten lekuraino. 

 
Euskalerrira itzuli eta handik egun gutxira albistea eman zuten, Mikhail Kalashnikov, izen bereko fusil horren sortzailea hil zela Errusian, 96 urte zituela. “Fusil batekin ezin da lurra irauli, ezin dira lurrean ildoak egin ereiteko; baina fusilik gabe, lurra ere ezin da defenditu”. Hori esana utzi omen zuen fusil mitiko horren asmatzaileak.

Aurten ez naiz Saharan egon. Emaztea eta alaba bai, handik etorri berriak dira, errefuxiatuen kanpamentuetatik. Segurtasun neurriak zorrotzagoak izan dira aurtengo bidaian, segur aski etzi, Fronte Polisarioak Dajlan hasiko duen kongresu erabakigarriaren karietara. Laster 40 urte basamortuan errefuxiaturik daraman Saharako Herriaren norabidea zehaztuko da. Kalashnikovaren bidea utzi zuten sahararrek 91n, su-etena aldarrikatu zutenetik erreferendum bat egiteko baldintzapean; haatik, erreferendum hori ez inoiz gauzatu, eta Marokok Mendebaldeko Sahara zapaltzen jarraitzen du. Espainiak ere erantzukizun handia dauka, eta datorren igandeko bozen ondorioz sortuko den Gobernuak ezin du jarraitu ezikusiarena egiten. Izan ere, sahararren pazientzia agortzear dela, Nazioarteko Komunitateak egiten duena baino zerbait gehiago egin beharko luke sahararrak euren lurraldera itzul daitezen 40 urteko erbestealdiari amaiera emanda, berriz ere kalashnikovaren bidea hartu behar ez dezaten.

2015-12-03

Amorantearen argazkia

Honekin ematen ditut gauaren oren luzeak. Itxuraz ez da oso erakargarria, baina zin dagit ase ezina dela, eta azken tanta xurgatu arte ez didala bakerik ematen, batez ere gaueroko lehen hustuketan.

Gauero-gauero nauka harrapatuta, ia-ia bederatzi oren luzez, eta bost aldiz esnatzen nau; hilabete elkarrekin daramagun arren, ez dut lortzen bere erritmora egokitzen, estu-estu loturik nauka eta.

Diotenez, zientifikoki frogatuta omen dago, egoera berrietara egokitzeko 21 egun behar omen du gizakiak... Bada, nik muga hori gaindituta ere, ez naiz laketu, eta gainera, ez dakit nahi dudan...

Amerikarra da berez, eta Baxter du bere grazia, nik Bazterretxe deitzea nahiago dudan arren, etxeko bazter batean egoten baita gau eta egun; izena ere, jarri diot, Betty, beti-beti hor nire zain egoten baita.

Umorez saiatzen naiz hartzen gauero-gauero dialisi-makinari lotuta egon behar hau, eta amorantea deitzen diot, batere maite ez dudan arren, eta amore eman nahi ez dudalako... Hauxe duzue, biluz-biluzik, nire amorantearen argazkia...



2015-11-24

Arturo Campionen omenezko oroitgarria

Gaur dela hogeita hamar urte, Ezkaba mendiaren magaleko Antsoain herrian, bertako euskaltzaleek Arturo Campion handiaren omenezko plaka bat jarri zuten. Duela hogeita hamar urteko Antsoaienk ez du zerikusi handirik gaurkoarekin, baina plakak hor dirau, inor gutxi ohartzen den arren ondotik pasatzearakoan... Erdaldunei zuzendutako mezuak ez du, haatik, indarrik galdu:

Nafartar guztiok jakin dezagun gure arbasoak euskaraz aritzen zirela; eta euskara ez den bertze hizkuntza baliatzean, harrotu ordez, ohar gaitezen morrontzaren burnia bezalako zerbait daramagula gure bizkarrean.


Udazken egun hotz honetan, den-dena ikusten da Ezkabako Talaia honetatik,

2015-10-30

Bertsoak Suberri ostatuan

Su Berrin bada gonbidatu bat
ostiral hon(e)tan berezi 
Iturramatik joanda ta gero 
Iparraldean da bizi;
Iparraldetik datorkiguna,
aritzeko gaur kantari,
txalo bero bat jo diezaiogun
eta zinez ongi etorri.


Ostatu xume polit honetan
aritu zaigu kantatzen
gure gogoak eta bihotzak 
kantuen bidez bizkortzen
bertso txiki hau bukatu eta
hasiko naiz zerbitzatzen;
mila esker etortzeagatik
ta saiatu errepikatzen.

2015-09-10

Bertso xume bat ikasturtea hasteko

Ikasturtearen hasieran, irakaskidei egin bertso xumea: animoak emateko bertze modu bat 

Irailak 10, lehen eguna

Zer nolako apurua!

Baina lehenago egina dugu

Ta beraz, lasai burua

ikasturte hau baietz gainditu

hori bada segurua

ongi hasi, ta hobe bukatu

Ez al da hori helburua?




2015-09-02

Eliza handi bat, Euskal Herria plazan

Orain dela hamar urte, horixe zen Eliza Katolikoaren egitasmo nagusia Berriozarren, udaletxearen ondoko plazan eliza berri bat eraikitzea. Juxtu-juxtu orain dela hamar urte, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak, Fernando Sebastianek, aldarrikatzen zuen orube hori ezinbestekoa zela eliza bat eraikitzeko, eta guztiz beharrezkotzat jotzen zuen, Berriozarren dauden beste hiru elizak nahiko ez zirelakoan... Eliza prest zegoen emateko San Kristobal elizaren esparrua ordainetan; trukean Eliza Katolikoa ez zen aterako galtzaile, ez horixe!

Garai horretan Benito Rios genuen alkate, eta PSNz gain, UPNk eta CDNk sostengatzen zuten udal gobernua; egitasmoaren kontra, gizabanako anitz, talde asko eta askotarikoak, eta garai hartako beste alderdi politiko guztiak: Berriozar Baietz, IU, Aralar eta Batzarre. Baina indar handiena orube publikoaren defentsan osatu zen plataformak egin zuen, eta kale agerraldia bat baino gehiago egin genuen, baita manifestaldi bat ere jaietan, ehunka lagun bildu zituena, 2005eko irailaren 5eko egunkariak dioenari kasu egitera. Jadanik Berriozarren bizi ez den lagun bat, Iñigo Orella, Kristauen Oinarrizko Komunitateetako kide eta plataformako eleduna argi mintzo zen salatzeko orduan egitasmoa “Berriozarko auzokide gehienen interesen kontra” zihoala, “Eliza Katolikoak hemengo bizilagun asko eta asmo ez baitu ordezkatzen ”. 

 Iñigo Orella, mikroa eskuan duela

Urte horretako jaietarako pegatina bat atera zen, Herriaren orubea, herriarentzat zioena, behean duzun hori, non putre batzuk herriaren orubearen gainetik aritzen ziren hegan, “OPUS” hitza airean osatzen zutelarik... Zorionez, erantzun zabala izan zen, egitasmoa gelditu eta, azkenik, bertan behera utzi zuen Fernando Sebastian artzapezpikuak.

Hamar urte igarota, Berriozarko hiru elizek hutsik jarraitzen dute, hileta-elizkizun edota jaunartze egunetan izan ezik. Eliza Katolikoaren eta Berriozarko bizilagun gehienen arteko amildegia gero eta handiagoa da. Izan ere, garai batean gutariko edonork, jakin, ederki zekien nor zegoen apaiz eta nor parroko Berriozarko parrokian... Eta gaur egun?

Gaur egun Euskal Herrian plazan dauden eserlekuak, zuhaitzak, berdegunea, pasealekua, aparkalekua ikusten duzun hurrengoan, ez ahantzi han eliza bat egon zitekeena, gurutzeak, kanpaiak, serorak, apaizak eta beste hostia batzuk, gure herriaren erdi-erdian. Nork esaten zuen borrokak ez zuela merezi? Ez ditzagun borroka horiek ahantzi!

2015-08-22

Selfie-aren aitzindaria

Gaur albiste-agentziek adierazi dutenez, ballet dantzari da hil egin da selfie bat egiteagatik. Guiorgui Mshvenieradze dantzaria, Georgiako Ballet Nazionalekoa, ito egin da urtegi batera erorita, selfie bat egiten ari zelarik. 26 urteko gizonezko gaztea “oso indartsua zen, baina erortzean konortea galdu zuen”, lekuko batek esandakoari kasu egitera. Nina Ananiashvili dantzari ospetsuak zuzentzen duen Georgiako Ballet Nazionaleko izar honen istripua “tragedia handia bat izan da; gizon ona zen eta dantzari hobea”.

Oso jende gutxik daki lehen selfie Berriozarko lagun batek egin zuela. Lehen selfie 1985 urtearen inguruan egin zuen Kaleberri tabernako Andresek. Kodak VR 35 kamera zahar ederra baliatu zuen, irudiko hori bera. 



 
Mundu digitalean batzuk ahaztuta duten eta bestetzuk ezagutu ez duzuen karretea jarri behar zen, eta baziren 12, 24 eta are 36 argazkiko karreteak. Anitz urtez argazkiak zuri-beltzean atera genituen, eta gero —hura zen hura, teknikaren lilura!— koloretan ere bai! Etxean ez bazenuen zure laborategi txikia propio antolatzen, karreteak errebelatzera eraman behar izaten zenituen... Orduan, batzuetan, ustekabeak hartzen zenituen: argazki guztiak ez ziren atera; edo argi izpiren bat sartuta argazki zenbait hondaturik ziren; edo 36 atera beharrean, 37 argazki zenituen! Haiek garaiak, haiek!

Andresen Kodak VR 35 zaharrak ez zuen tenporizadorerik, eta Andresek bere buruari argazki bat atera nahian, kamera apal batean jarri, erratza baten makila hartu, eta makilarekin botoi beltza sakatzean lortu zuen hemen duzuen irudia, lehen selfie, artean izen horrekin ezaguna ez zen arren. Argazkiaren ertzean ikusten den erratzaren makila urdinak salatzen du; gaur egun pedanteek selfie stick deritze.


 
Egileak berak aitortzen du ez zuela lehenengoan erdietsi, lehenbizikoan, makilarekin argazki kamera pittin bat ukituta argazkia mugitu zitzaiolako, eta Andres baino Andresen gelako apalategia atera baitzen... Argi dago, selfie egiteak beti izan ditu-eta, bere-berezko arriskuak... Baina orain, Guiorgui Mshvenieradze dantzariaren heriotza dela bide, selfie egitearena kirol arriskutsuen zerrendan sartu beharko dugu.

Nork esango zigun guri: Kaleberri tabernako Andres, selfie egitearen aitzindari! Baduzue aitzakia bat asteazkenean hasiko diren Berriozarko jaietara etortzeko.

2015-08-14

Akrostiko bat

Duela 7 urte nire olerki batzuk, dozena bat edo, Muxugorri izeneko bilduma batean agertu ziren, blog honetan bertan jaso zenari kasu egitea. Denboraren joanak begiaren memoriak higatzen dituen arren, bilduma horretako olerki batez oroitu naiz. Akrostiko bat zen, senide hil berri zela-eta idatzia.

Orain, duela hiru egun, gure ama hil zaigu, eta haren hutsunearekin bizitzen ikasi beharko dut. Bitartean, duela zazpi urte idatzitako hura berreskuratu dut: aliterazio anitz eta kultismo gehiegitxo duen arren, oraindik orain indar berezia hartu du. Oraindik amaren heriotzaren inguruko zurrunbiloan, hauxe da gorputzak eskatzen didana.



Ustekabean urrezko urteak urdintzean ulertu duzu
Bizitza by-pass bihurri bat baizik ez dela
Istant batean ia-ia ihesi iragan dena.


Sen ona duzu bidelagun bakarra
Urteek emandako eskarmentua, aholkulari
Nostalgiaren nebulosa nahasian ez galtzeko
Tenpus tiranoaren trena ez baita sekula gelditzen.


Sasi guzien gainetik eta
odei guztien azpitik
Memento oro balia, magikoa bailitzan
Ausaz, azken-azkena bailitzan.


Sasoian saia segitzen soilik senari
Ez egundo etsi, eta edonola eutsi
Maite duzunari, memento mori malapartatuan
Azken arnasa ahitu artean.







2015-08-08

Hiru miru ipuina eta prosa prosodikoa


Atzo, Larralden, Andoni Iturriotz, Auxtin Zamora, Maite Ramos, Mixel Mendiburu eta Ainara Maiarekin

Atzo Senperen izan ginen, Larralden, eta haikuez mintzatzeaz gain, Hiru Miru ipuinaz ere zerbait komentatzeko aukera izan nuen. Komentatzeko, baina, kontu gehiago banuenez, hona hemen atzokoaren osagarria, 

Zer idatzi eta nola idatzi. Idazleak hartu beharreko erabaki bikoitza. Nik baneukan zer idatzi, baina erabakirik zailena izan zer nola idatzi erabakitzea. Arrunta izan daitekeen istorio honek zuzen idatzita izateaz gain, doinu berezi bat behar zuen.

Agerikoa da ipuin orok zuzen idatzia behar duela, zuzentasun gramatikala conditio sine qua num dela testu bat testua izan dadin, gramatikalki correct izan behar duela; baina testu literario batek, gainera, prosodia ere eduki behar du, eta ez naiz soilik poesiaz ari, baizik eta prosaz, narratibaz.
Prosaren barneko erritmoa garrantzitsua da oso, prosaz idatzitakoak ere baduelako nolabaiteko melodia, nolabaiteko soinua. Izan ere, euskaraz kontatzearen eta kantatzearen arteko diferentzia letra batean datza, letra bakar batean baino ez: gure hizkuntzan kontatzea eta kantatzea elkarren eskutik datoz. Narrazioak idazten ditugunean ere erritmoa, prosodia atsegingarria, ezinbestekoa da, narrazioa narrasa izan ez dadin.

Nik prosa prosodikoa deitzen dudan horretan, idazlearen bihotzaren taupaden antzera, pultsua egon behar da, agian pultsazioak nabarmen nabaritu gabe ere, baina dudan sentsazioa da pultsurik gabeko testua testu hila dela, gramatikalki zuzena agian, baina ez literarioa, komunikatiboki eskas gelditzen dela.

Idazlearen pultsu horren arabera ikus daiteke testu artikulatua, ideien hurrenkeraz, sintaxiaz, esaldiaren barneko ordenarekin batera pultsua behar da. Transmititu nahi den giroa, sentsazioa, bata ala bestea izan, ez da soilik lortuko lexikoari esker edota koloreei —adjektiboei— esker, baizik eta batez ere, tonuari esker, pultsuari esker, eta horretarako ezinbesteko tresna dugu puntuazioa; ez bakarrik, baina batez ere, puntuazioari esker.
Hiru Miru ipuina hartuta, —eta ipuin hori argitaratzean zerbait aurreratu nuen blog honetan bertan— orrialdez orrialde eta beldurrik gabe, baliatutako puntuazio zeinuen erradiografia egiten baduzu, begi-bistan izanen duzu ipuinaren barneko artikulazioa, hezurdura guztia, orrialdez orrialde ipuinaren erritmoa, musika edo prosodia ezartzen duena. Horretan datza gakoa, eta ez soilik izenburua bi hitz hoskidez egina delako, ez soilik aliterazioetan... 

Lexikoari dagokionez, sinonimo batzuk ez erabiltzea erabaki dut; hausnartutako erabakia izan da. Sinonimoak aberastasun iturri izanik ere, batzuetan norberaren burua goresteko aitzakiatan erabili ohi dira, agian EGA titulua ateratzeko garaian sinonimoak ikasarazten zizkigutelako... Gero ikusi genuen sinonimoak ez direla existitzen, erabat esanahi eta erabilpen bera duten oso sinonimo gutxi daudela... Hitz bikoitzak badarama bere bizkar-zorroa, eta bizkar-zorro horretan oso karga ezberdina eramaten dituzten —ustez— sinonimotzat hartzen diren hitzek.

Ipuin batean ezin da hitz bat arinkeriaz ordezkatu, zeren bi hitzek esanahi bera izanagatik —eta hori askotxo esatea da —hitz batek ez du bestearen luzera bera, edo ez du bestearen soinu bera; izan ere, hitz bat ordezkatuz gero, erritmoa ere, prosodia ere, aldatu egiten duzu.
Ipuin hau idazterakoan prosa prosodikoa baliatzean —goian idatzitako dermioa berriz baliatzearren— balio erantsia eman nahi izan diot ipuinari. Irakurleak erranen du lortu dudanentz.

Ainara Maia, Odon Noblia eta Auxtin Zamorarekin

2015-07-24

Baratze bat nahi deizut egin

- Pier Paul Berzaizen bertsioa askoz hobea duk.

Ados naiz Iparraldeko lagun zaharrarekin. Mikel Urdangarinena ez dago gaizki, baina ez da jatorrizkoa bezain xarmagarria – eta “jatorrizkoa” ahoska bedi zuzen, erran nahi baita Euskaltzaindiaren aholkuari jarraiki, batez ere lagun baxenabartarren belarriak ez mintzeko-

Ados naiz Donapaleuko lagunarekin, Mikel Urdangarinen zalea naizen arren, bizkaitarraren disko guztiak —batez ere zuzenekoa— biziki maite ditudan arren. Hala ere, Pier Paul Berzaizen ahots zoragarria gailentzen zaio Mikelenari, kantu horretan bederen.

— Baratzean CD gehiago jarri beharko duk xoriak-eta uxatzeko.

Gure lehengusina Maribelek, Eguzkitzan bizi denak —hor bai, Estellerrian— plastikozko poltsak jartzen omen ditu makilei atxikirik. Horrela, nahikoa, omen.

Nik diskoak nahiago. Diskoak birak ematen ditu eta eguzki-islekin txoriak ez dira etortzen; omen.

CD disko zaharrak jarriak ditut baratzean, tomate-landareen makila batetik beste batera sokatxo bat lotu, eta erdian CD zaharrak kulunka, eguzki-galdatan. CD zahar horietarik batean ikusten da artistaren izena: Mikel Urdangarin. Eskerrak segurtasun kopia egin nuela eta Mikelen ahots zirraragarria ez den galduko.

Azula disko hori gure seme Unaik eman zidan duela pare bat urte opari nire urtebetetzearen kari, espero ez nuen eta biziki eskertu nuen oparia. Maleruski, behin eta berriz entzunez arazoak ematen hasi zen; segurtasun kopia egin eta jatorrizkoa hemen dago orain, txoriak uxatzeko tresnatzat, txorimaloarena eginez.

Mikel Urgangarinen Baratze bat nahi deizut egin bertsioarena horren harira atera du Iparraldeko gure lagunak. Tomateei, lekei, tipulei, letxugei eta patata-landareei baino, arreta handiagoa ari zaie jartzen zintzilik dauden CD zahar hondatuei.

— Hara, Ruper Ordorikaren disko bat! Hik biziki maite duk, ez?

Baiki, Durango iazko azokan Ruperekin berarekin egindako argazkia, horren adierazgarri. Eta duela bi urte Zizur Nagusiko entzunaretoan eman kontzertuaren ondorengo argazkia, ere bai.

— Hi, baina hau ere jatorrizkoa duk: Memoriaren mapa

Ruperren diskografia guzti-guztia badudala aitortzen dut, disko zaharrak era bai, Hautsi da anphora mitikoa barne, Atxagaren Etiopia poema-liburutik ateratako olerki hunkigarriak oinarritzat hartuta egina.

— Hik nola nahi duk xoriak uxatu hain musika ona jarrita?

Barre egin dugu, gogotik egin ere. Baratzetik haratago, mendiaren berdeak, nagusi inguruan. Haritzak, eta pagoak, eta makalak, eta izeiak... bakoitzak badu bere berdea, denak ezberdin. Baratzearen berde ezberdinak ere, begien aurrean, eta haiekin bat eginik, Mikel Urdangarinen eta Ruper Ordorikaren kantu ederrak.

Norberaren baratzea bezalakorik ez dago.


2015-07-12

Hartu euskararen tre(s)na

Sanferminenetako asteburuaren atarian, Bartzelonatik Iruñeraino etortzen den trena jendez lepo zetorren. Turisten eta bidaiarien artean, hemengo bi lagun euskaldun, etxera bueltan. Expreso de Levante delako tren zaharraren konpartimentuak ez dira oso handiak, eta oporretatik bueltan zetozen lagun euskaldunak estu eta larri gelditu ziren txinatar itxurako gazte andana bat sartu zelarik berez birentzat txikia den konpartimentura. Zenbat ziren? Sei, zazpi, dozena bat? Txinatar itxurako gehienek zapi gorria zeramaten lepoan, eta algaraka ari ziren, helmuga zuten Iruñeak eskainiko zien jaiaren atariko, kalaka ulertezinean, eta gero eta ozenago oihukatuz. Giro beroak, gainera, ez zuen batere laguntzen, eta txinatar itxurakoen irri-karkailak eta estutasuna, jasangaitzak.
Konpartimentu txikiaren ertzetik, etsipenaren adierazgarri, lagun euskaldun batek zera esan zion besteari: “Txinatar hauetaz nazkatuta nago”. Ordura arte isilik egondako txinatar itxurako batek, zapi gorria ez zeraman bakarrak, hauxe esan zion poliki-poliki: “Ez dira txinatarrak, korearrak baizik. Ni japoniarra naiz, eta euskara ikasi dut Tokioko unibertsitatean”
Sanferminenetako asteburuaren atarian, aurtengo uztailaren 10ean, Bartzelonatik Iruñerainoko bidea oso-oso luzea egin zitzaion hemengo lagun euskaldun horri; Zaragoza parean gertatu zitzaion hori, eta trena poliki-poliki mugitu zen Castejoneraino, eta gero Tafallaraino, harik eta Iruñera, azkenik, heldu zen arte. Niri gertatu izan balitzait, Tuteran jaitsiko nintzatekeen.

2015-07-04

Udako haiku bat






Oporraldia hasita, uda sargoritsu honetako lehen haikua; eta ez dadila azken izan. Izan ere, haiku hau ez da berria, iazko udan sortua baizik.

Nolanahi, orain ekarri nahi dut lerrootara HELAren Hojas en la Acera haiku-aldizkariaren ekaineko zenbakian argitaratu berri dutelako, gaztelaniara itzulia eta guzti.

Haikuen gaineko jakin-minik baduzu, ez galdu aldizkari hori. 

2015-06-24

Periko Solabarria joan zaigu

Bizitza osoa borrokan tinko
gogoa, indarra ta adore
buru, besoa eta ukabila
bihotza gorri kolore
HBn Periko guretzako
eredu eta pilare
Hil arte ez zuen sekula ere
Perikok eman amore
Berriozartik Barakaldora
diotsut agur ta ohore.


 Izar gorri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean

2015-06-13

Ezkabako Talaiatik, Berriogrado

Azken hauteskunde hauetan, Berriozarren 1.630 bozka lortuta EH Bildu lehen indarra da udaletxean, eta bigarren indarrari, PSNri, bozka kopurua bikoizten dio, PSN-k bakarrik 725 ditu eta.
Abertzale edo ezkertiar diren indarren zinegotzi kopurua eta portzentaiak, hurrenez hurren: EH Bilduk (6) % 37,95; Ezkerrak (2) % 14,6 Geroa Baik (1) %10,9
Nabarmentzekoa da EH Bilduk lortu duela botoen %37,95a, hau da: hamar boto-emaileetatik ia-ia lauk eman diote botoa udalerako, abertzaleok zortzi urtez kudeatzen aritu eta gero, eta Nafarroako Gobernuan UPNk udalei diru-murrizketa handiak eginda ere. Gainera, handicap bat geneukan, orain arteko gure zerrendaburu enblematikoa, Xabi Lasa, aurkezten ez zelarik. Hori horrela izanik ere, inoizko emaitzarik onenak lortu ditugu abertzaleok Beriozarren, UPNren zangotrabak gorabehera, eta Nafarroako Gobernuak udalak ito dituen arren. Abertzaleontzat, pozik eta harro egoteko moduko emaitzak.
Baina udalerako bozketan ez ezik Nafarroako Parlamenturako bozetan ere lehen indarra gara, udalerako baino boto gutxiago atera dugun arren (1.010); 200 boto ateratzen diogu bigarren indarrari, Podemos Ahal dugu-ri alegia.
EH Bilduk izandako boto diferentziari erreparatuta, faktore zenbait hartu behar dira kontuan, (hurrenkerak ez du adierazten ezinbestez garrantzi-maila)

1) Uxue Barkosen efektua, presidente in pectore gisa aurkeztua komunikabide zenbaitetan

2) Podemos-ek hartuak: Laura Perez-en efektua

3) Parlamentuaren beraren urruntasuna gure boto-emaile askoren begietan

4) Tafallako haizea, Adolforen efektua, ez da honaino heldu.

Nolanahi, aldaketaren aldeko indarrek, udal bozetan, 2.776 boto lortu ditugu, eta erregimenaren aldekoek, 1480. Parlamenturako bozetan ere, aldaketaren aldeko indarrek 2.072 boto erdietsi ditugu eta erregimenaren aldekoek, 1.288.
Udalari begira berriz jarririk, Berriozarren inoiz baino bozka abertzale gehiago lortu dugu, eta inoiz baino zinegotzi abertzale gehiago dugu (6 + 1), eta zinegotzi gehiago dago abertzale besteak baino, erdia baino gehiago. Izan ere, Euskal Herritarron garaian 5 zinegotzi abertzale izan ziren Berriozarren... baina gaur egun, 6. Beraz, Berriozar sekula baino abertzaleagoa da.
Beste albiste on bat da emakume zinegotzi kopurua ere inoiz baino handiagoa dela, 6: berdintasunaren alde gaudenontzat, pozgarria.

Beste alderdiei dagokienez, PSNk ez du portzentaian igortzen (%16a 2011ko udal hauteskundeetan), baina 600 botoetatik 725era igotzen da, eta bigarren indarra da. Bi zinegotziek errepikatzen dute; aurpegi berririk ez.

UPNk 590 botoetatik 676ra igota ere, zinegotzi kopuru bera (2) lortzen du, eta portzentaian %16tik %15era jaisten den arren; UPNren iguripenak, izan ere, askoz ere hobeak ziren, eta jarrera oldarkorra eta harrokeriaz betea izan du: hateskunde-goizean bertan UPNko zerrendaburuak udaltzain bati iragarri zion bera izanen zela alkate, guztiz ziurtzat jotzen zuen eta. UPNren egoitza berria Artekalen, kanpaina mediatiko itzela... UPNk egindako inbertsioa, baina, garesti atera zaio, ez baitu atarramentu handirik erdietsi kontuan hartuz ze inbertsioa egin duen. Bestalde, duela lau urte CDNk lortu zituen 90 boto horiek, aise ondoriozta daiteke, UPNra joan dira. UPNko hautagaiak ez du jakin galtzen; Atarrabian, adibidez, UPNko hautagaiak EH Bilduko hautagaiari zorionak eman dizkion arren, ez du hemengoak berdin jokatu.
IU-Ezkerrak lortutako emaitzak onak izan dira: zinegotzi kopurua bikoiztuta (1etik 2ra) eta hirugarren indarra bihurtuta 627 botoei esker (%14,6), Espainiako leku anitzetan ez bezala, agian hemen zeukan profil bereziari esker (Batzarre), eta lau urte hauetan jorratu duten esparruan (elikagaien bankua, gizarte zerbitzuak...) ereindakoak botoak eman dizkiolako. Parlamenturako, baina, askoz boto gutxiago lortu ditu, segur aski Podemos-ek hartuak

PPk 79 boto lortuta, udal panoramatik desagertzen da, eta duela lau urte 254 zituen: Espainian ez gaudelako beste seinale bat. Berriozarren guztiz ezezaguna den Zaragozako hautagai bat hemen jartzeak ez die mesederik egin; lehenagotik zegoenak ozenki adierazi du berari berriz zerrendaburu izaten utzi izan baliote PPk lortuko zukeela zinegotzi bat... Lau urteotan egindakoa ikusita, nekez sinets daitekeen aipua.

Horiek horrela, EH Bilduk beste indar politikoekin egin bilera sorta egin eta gero, udalbatza osatu da, eta gaurgero 7 boto abertzaleekin EH Bilduko Raul Maiza alkate dugu Berriozarren... Edo, baten batek dioen bezala, Berriogradon.

Raul Maiza, alkate berria

2015-06-10

Ekokardiografiak

Senide bat ospitalean izan dut hainbat egun, nahi baino gehiago, eta proba batzuk egin behar izan dizkiote, besteak beste, ekokardiograma bat. Ekokardiografiak egiteko gelara lagundu nuen goiz batean, eta erizain amultsu batek egongelan itxaroteko agindu zidanean, eserleku batean eseri nintzen. Han nengoela kolpe itzela hartu nuen garondoan, ohatila gurpildun baten aurrealdeak emanda. Antza, nire atzean, igogailutik atera eta ohatila gurpildunak abiadura hartu zuen, eta erizain-laguntzaileak ez omen zuen neurtu ongi. Kontua da nik buruan kolpean jaso eta lurrera erori nintzela, konortea galdu gabe baina, eta lurrera heldu orduko inguruan zeuden beste guztiak etorri zitzaizkidala gainera. Kolpea ez zen makala izan, eta ni lurrean etzanda gora begira gelditu nintzen, ziztu bizian hurbiltzen ziren aurpegi asaldatuen aurrean. Han zeuden erizainak, erizain laguntzaileak, senideak eta baita ohatilan zetzan gaixoa, niri begira eta ea ongi nengoen galdezka. Orduan ikusi nuen, aurpegi ezezagun horien guztien artean, ustez ezaguna zitzaidan aurpegi bat.

Lurrean ote nago
kolpe bat hartuta
jendea inguruan
burua minduta
bertsolari bat dut nik
orain ikusita
ez dakit ez ote naiz
guztiz txoratuta

Ez nauzu bertsolari, baina bertso hori etorri zitzaidan burura, agian kolpearen ondorioz, agian ezaguna zitzaidan aurpegi bakarra eskolarteko bertsolari txapelketan ibilitako bat ekarri zidalako burura. Eserlekuan eseri nintzen atzera, eta ezer gertatu ez balitz bezala gelditu nintzen; ongi nengoela esanda, erizainak, erizain-laguntzaileak eta zain zeuden beste guztiak urrundu ziren. Burua pixka bat minduta gelditu nintzen, eta kezka bat jiraka-biraka barruan, ustez ezaguna zitzaidan hori agertu bezain azkar desagertu baitzen. 

Orain, senidea, zorionez, jadanik ez dago ospitalean, eta ni... aitzakia bat bilatzen ari naiz ekokardiografiak egiten dituzten gelara hurbiltzeko.


2015-05-28

Nik ugaztunak ikusten ditut -Jesús Lizano in memoriam-

Gaurko Berria-n irakurri dut ohar ezin laburrago batean biziki miresten dudan poeta bat, Jesús Lizano, hil berri dela. Ez da lehenbiziko aldia blog honetan bertan haren poema bat jartzen dudana, euskaraz emana. Eta gaur ere ez da egun txarra haren beste poema bat euskaraz —eta euskarari— emateko, oso egokia hauteskunde ondorengo giro honetan boterea galtzear duten diputatu eta politikari hantuste batzuei zer diren gogorarazteko: ugaztunak baino ez.

Ugaztunak

Nik ugaztunak ikusten ditut
oso izen arraroak dituzten ugaztunak
Ahaztu zaie ugaztun direla
Eta sinetsi dute zera direla, apezpiku, iturgin,
esne-saltzaile, diputatu. Diputatu?
Nik ugaztunak ikusten ditut.
Polizia, mediku, atezain,
irakasle, jostun, kantautore.
Kantautore?
Nik ugaztunak ikusten ditut.

Alkate, zerbitzari, bulegari, aparejadore
Aparejadore!
Ugaztun batek nola sinetsi dezake aparejadore denik
Kide, bai horixe! Kide direla  sinetsi dute
Komite Zentraleko kide, Medikuen Elkargoko kide…
akademiako kide, errege, koronel.
Nik ugaztunak ikusten ditut

Aktoresa, puta, neskame, idazkari,
zuzendari, lesbiana, haurtzain…
Egiatan, nik ugaztunak ikusten ditut.
Inork ez du ugaztunik ikusten
inork ez du gogoratzen, antza, ugaztuna dela .
Ni ote naiz azken ugaztuna?
Demokrata, komunista, xakelari,
kazetari, soldadu, nekazari.
Nik ugaztunak ikusten ditut.
Markesa, exekutibo, bazkide,
italiar, ingeles, katalan.
Katalan?
Nik ugaztunak ikusten ditut
Kristau, musulman, kopto,
ikuskari, teknikari, beneditar,
enpresari, kutxazain, kosmonauta…
Nik ugaztunak ikusten ditut.

2015-05-20

Esparza Espartzetan

Esparza hautagaiari entzuten diodanean, Espartzetaz oroitzen naiz. Espartzeta Ezkaba mendian dago, Berriozarko auzo zaharretik oso hurbil. Baina Esparzak ez du bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko interesik.

 Jakin beharko luke 1938ko maiatzean Ezkabako presondegitik ihesi joandako lau preso Artikan atzeman zituztela. Artikatik Berriozarko eskolara eraman zituzten, gaur egun Lantxotegi den eraikinera. Bazuten Iruñeko epaitegi batera eramaterik; bazuten gotorlekura eramaterik atzera; baina ez, Berriozarko eskolan izan zituzten gatibu. Eskolako maisuaren emazteari, Mikaelari, atxilotuei afari on-ona presta ziezaiela agindu zioten, eta denbora luzez preso egondako horiek aspaldi ez bezalako afaria ukan omen zuten. Afaldu eta gero, Jose María Salobre apaizarekin bekatuak aitortzeko aukera eman zieten, eta batzuek hala egin omen zuten; beste batzuek, alta, ez. Orduan eskolatik atera eta mendirako bidetik goiti eraman zituzten guardia zibilek, Espartzeta izeneko lekuraino. Handik gutxira tiroak entzun ziren herrian. Harrezkero, isiltasuna nagusi. Handik gutxira, hiltzaileak baizik ez ziren Berriozarrera itzuli.

 Hau guztiau kontatu zuena ume-moko bat baino ez zen orduan, baina ederki dauka den-dena gogoan: izan ere, aita izan zuen hiltzaileen aginduz hilobia egin behar izan zuten gizonetako bat. Isiltasunak urteak eta urteak iraun du, isiltasun konplizea batetik, izuak eragindako isiltasun behartua bestetik. Eraildako lau gizon horien izen-abizenak ere ez dakizkigu, eta euren gorpuak hor egon dira urteak eta urteak, arteen artean, laurak elkarrekin, Espartzetan, hiltzaileek abandonatu zituzten leku berean.

Duela aste gutxi batzuk —bazen garaia— lau lagun horien gorpuzkinak erauzi zituzten Aranzadi elkarteko teknikariek Pako Etxeberria forentsea buru zutela: gorpuen buru-hezurrek bala-zulo bana zuten agerian, igande goiz eguzkitsu horretan Espartzetan egon ginenok ikusi genituen. Ez nauzue aditu, eta ikerketak egindakoan, forentsek ebatziko dute; baina agerikoa da ez zutela ohiko fusilamendu bat egin, eta bertatik bertara buruan tiroa emanda erail zituztela.

 Duela hilabete batzuk bertan ezarritako oroitarria gurutze esbastikaz tindatu eta erdi puskatu zuten Nafarroan oso ezagunak diren ezezagun batzuek; etzi ezarriko da berriz, Ahaztuak elkarteak eta Berriozarko Udalak antolatutako ekitaldi batean, arratsaldeko 6etan, hantxe, Espartzetan. Eta Memoriaren Ibilbidea izanen denaren panela ere ezarriko da.


Esparza hautagaiari entzuten diodan bakoitzean Espartzetaz oroitzen naiz, ederki dakidan arren ez duela bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko inolako interesik. Esparza hautagaia ez da inoiz Espartzetan egon, eta ez dut uste etzi hurbilduko denik.


2015-05-16

Jareren Asteburua —Making Of—

Atzo ostirala zen, eta ostiralero bezala kale agerraldi xumea egin genuen Berriozarren, presoak gogoan. Beste ostiral bat. Eta beste ostiraletan bezala, beste euskaldun asko errepideetara ateratzen ari ziren bisitak egiteko; nire lagun bat, adibidez, Zarautzetik Alacant-erako bidea ari zen hartzen gu dispertsioa salatzen ari ginen une berean. Baina atzo, egun berezia zen, maiatzaren 15ean dispertsio politikak 26 urte bete dituelako: Done Isidro egunez, duela 26 urte hasi ziren preso politikoak sakabanatzen.

Dispertsioa salatzeko eta presoen eskubideen aldeko ekimenak biderkatzen dira; horra hor Lasterbidean, euskal errepresaliatuen eskubideen aldeko nazio lasterketa ekainaren 7an Berriozarren ospatuko dena. Baina batzuk ez gara korrikalariak, eta irudiekin —eta hitzekin— jolasten gara, eta guk ere egin nahi genuen gure ekarpen txikia. Izan ere, hauteskunde garaian egonik ere, gu ezin gara ahantzi presoen egoera larriaz ezta astebururo bisitak egitera joaten diren senideen egoeraz ere. Horregatik atzo Jareren asteburua izeneko laburmetraia estreinakoz eskaini zen Berriozarko Kulturgunean

Dispertsioa presoek ez ezik senideek ere pairatzen dute, eta senideen bidaia luzeak grabatu dira behin baino gehiagotan. Guk zerbait ezberdina egin nahi izan dugu. Ez dugu egin nahi izan jadanik egina zegoen zerbait. Senideen bidaia luzeak kontatzen dituzten bideoak eginak daude; luzeak, eta laburrak; guk beste zerbait kontatu nahi izan dugu, neskato baten asteburu arrunta: Jareren asteburua. Izena aukeratzeko arrazoi nagusi bat izan dugu: Jare izenak askatasuna esan nahi du.

Egitasmoa duela hilabete batzuk hasi zen, eta jadanik ez da egitasmoa, egiteko asmoa gauzatu delako. Proiektu honetan ibili garenok ez gara ez senide, ez ahaide; ez gara astebururo joan behar; baina zerbait egin nahi genuen euren alde. Nik idatzi nuen Jareren Asteburua, eta Maiatz aldizkariaren apirileko zenbakian argitaratua dago, eta hori izan da nire ekarpen xumea. Askoz ere meritu handiagoa dute besteek: irudigileak, esatariak, teknikariek, gidoilariak eta, nola ez, zuzendariak. Harrokeriarik gabe, baina harrotasun puntu batez aitortuko dut elkartasun proiektu honetan parte hartu dugun guztiok berriozartarrak garela

Egitasmo xumea zen eta gaur egun egitasmo izatetik produktu izatera pasa da; asmatu dugun edo ez, zuek esan beharko. Ongi eginak kontuan hartu, gaizki eginak barkatu.





Ardien kulpak, bildotsak ordaindu, dio esaera zahar eta krudel batek; dispertsio politika bezain zahar eta krudela.

2015-05-10

Udaberriko haiku bat


Uharten, Ultzama;
elorri txuriaren
usain goxoa


2015-05-08

Tori asto-hortz hau eta eman jirafa-hortz bat

Glaila izeneko neskato sahararrak Berriozarko gure etxean ematen ditu udako hilabete beroak. Duela bi urteko abenduan gu joan gatzaizkion bisitan errefuxiatu bizi den kanpamentuetara, Aaiun izenekora. Berriozarko gure etxean ahaztutako esnezko hortz bat eraman genion. Aurreko udan erori zitzaion, eta gorderik egon zen egurrezko kutxa txiki batean eman genion. Orduan, istorio polit bat kontatu ziguten, tearen inguruan sortzen diren istorio horietako bat.
Glailaren aitak kontatu zigunez, umeari erortzen zaionean esnezko hortz bat, eguzkiari eskaini egiten zaio Saharan, hauxe esaten den bitartean: “Tori asto-hortz hau eta eman jirafa hortz bat”. Antza, jirafaren hortza astoarena baino askoz ere gogorragoa omen da, eta ume sahararrak gogorrak izan behar dute hamadan bizi direlako, basamortuaren basamortuan, udan 50 graduko bero kiskalgarria pairatzen, Marokok lapurtutako dien Mendebaldeko Saharara noizbait itzultzeko itxaropena galdu gabe.
Egin berri ditugun eskabideak eginda, uda honetan ere Glaila izeneko neskatiko sahararra gurera etorriko da, basamortutik gure artera, baina badira oraindik ere ume saharar gehiago etortzen ahal direnak familia gehiago animatzen badira, animatzen bazarete. Udan ume saharar bat ekartzeko aukera oraindik dukezu, atzo Katakrak-en Sahararrek Nafarroan duten ordezkariak eta ANAS elkarteko presidenteak eman zuten hitzaldian azaldu bezala.




Inork interesik badu, jarraian bideo bat ikus dezake, Berriozarko lagun batzuen esperientzia biltzen duena. Bideo horren bukaeran agertzen diren telefono eta posta elektronikoan ume bat ekartzeko informazio osoa emanen dizuete.



“Tori asto-hortz hau eta eman jirafa hortz bat” kontatu zigun Balalek, Glailaren aitak... Balal bezalako hamasei gizon sahararrek Fronte Polisario sortu zuten, Zuerat-en, Mauritaniako basamortuan: etzi, maiatzaren 10ean, berrogeita bi urte beteko dira
Duela gutxi hil den Eduardo Galeano uruguaiarrari irakurri nion: Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen.

2015-05-03

Haikunversacionesek bost urte bete ditu

Haiku poemen inguruan behin baino gehiagotan idatzi izan dut blog honetan bertan, eta haiku etiketa duten dozena bat post, horren adierazgarri. Nik haikuei buruz dakidantxoaren zati handi bat zor diet haikunversaciones taldea osatzen duten lagunei. Haikunversaciones haikuak —nagusiki gaztelaniaz—  jorratzen duen talde bat da, oraintsu bost urte bete dituena. Iruñeko Yamaguchi liburutegiaren abaroan hilean behin biltzen den talde irekia duzu, eta aspaldion nahi baino gutxiago agertu naizen arren, oraindik sentitzen naiz —onartzen nauten neurrian bederen— kide eta lagun.

Bostgarren urteurrenaren kari bideo eder bat egin da, eta hor agertzen diren bideoen artean nire haiku xume bat irakur daiteke; zein den, erraz da asmatzen...




Zorionak, haikunversaciones, asko ikasi dut zuengandik eta ikasten jarraitu nahi dut... eta urte askotarako! 


2015-04-22

Ez zara bakarra


Neuronen arteko krak
eta izen zehatz bat,
leku-izen bat,
data jakin bat
zergatik ez dakorkizu burura
gehien behar duzularik?

Izen zehatz hau,
leku-izen ezagun hori,
data esanguratsu hura
gogoratu nahian
—eta ezinean—
zabiltzalarik,
krak hori
barru-barruan
sentitu duzun pertsona bakarra
ez zarela jakiteak
ez dizu laguntzen.

Gutxien bilatzen duzularik
Oskar, lantegiko atezainaren izena,
Valltorta, labarreko arte-lekua Castellò-n,
eta azaroaren 14a, aita hil zitzaizun eguna,
agertuko zaizkizu
atea jo gabe ere.

Izan ere,
ederra da iluntasuna
ederra ere, argitasuna




2015-03-12

Infernuak



Aita Santuak egin infernuaren inguruko adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Infernuak, baina, askotarikoak eta anitzak dira, denak ala denak lurrean egonik ere.

Kanariar Irletako hondartza batera 23 etorkin beltz heldu ziren iragan den udan patera batean, Eguraldi ederra eta egun argitan izanik, etorkinak heldu ziren hondartza hori turistaz beteta zegoen. 23 etorkin horiek hondartzan bertan egon ziren turisten begiradapean, ez bat ez bi, bost orduz baizik. Eguzkiaren galdatan, inork ez zituen etorkin beltzak hartu, inork ez zituen artatu, inork ez zituen bost ordu luze horietan babestu. Zergatik? Turistak beldur omen ziren beltzek ebola gaitza ez ote zieten kutsatuko. Arrazoiak arrazoi ala aitzakiak aitzakia, kontua da Europarekin amets egiten zuten etorkin horiek hondartza horretan infernua ezagutu zutela.

Infernua, beraz, ez da berdina guztiontzat. Eduardo Galeanok kontatzen duenez, 960. urtearen inguruan, misiolari kristauek Eskandinavia konkistatu, eta bikingoei honako mehatxu hau egin zieten: ohitura paganoei eutsiz gero, infernura joango ziren eta han sutan egonen ziren betiko. Bikingoek albiste ontzat hartu zuten: bikingoak hotzez dardarka bizi ziren, ez beldurrez dardarka.

Boca do Infierno, Infernuko Ahoa izeneko tokia, Cascais-en dago, Lisboatik gertu; ez naiz hasiko turista batek aterako lituzkeen argazkiak erakusten, baina Cascais-en duela gutxi izan naizenez, han ikusitakoa ekarri nahi dut hona: han infernua oinezkoentzat da, beheko afixari kasu egitera...




2015-02-08

Beste haiku bat ele biz



Showing the beauty

at the peak of cold winter

the fountain, peaceful





Negu gorrian

iturria, bakean,

eder-ederra.



Berriozarko  Zorrokaren argazkia, gaur goizean hartua

2015-02-05

Otsailari eleketan

Landareak eta animaliak mintzo ziren garaian. Elurra mara-mara ari zuen otsail batean, artzain batek Otsail hilari hitz egin zion:

- Ai, Otsail, elurra ari du etengabe, eta hotzak nire ardi batzuk akabatuko ditu segur aski...
Artalde osoa uzten badidazu, bildots bat emanen dizut ordainetan, Otsail.

Harrez gero elurra bota zuen, gutxiago baina, eta hotzak ez zuen ardi bakar bat ere akabatu, artzainak eskatu bezala. Artalde osorik zegoen, eta otsaila bukatzeko egun bakarra falta zelarik...

- Ai, Otsail, bihar martxoa izanik, ez duzu bildotsik eramanen!
Otsailaren azken gau horretan elurra mara-mara aritu zuen, zanpa-zanpa... eta hotzak artalde osoa akabatu zuen. Otsailak, azkenik, artalde osoa eraman zuen, Amalurrari ezin baitzaio iruzurrik egin.

Eta hala izan bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta ager dadila Berriozarko Eguzki plazan.arko Eguzki plazan.

2015-02-01

Haiku bat ele biz



Lasai ta isil
igande goiz honetan
ta elurretan


 


Calm and so quiet
It's sitll Sunday morning
and it's snowing.


2015-01-25

Poemak Minde-rentzat

Euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten abokatuen eta eragileen aurkako azken polizia operaziooaren ondorioz hiru lagun daude oraindik kartzelan. Ez ditut bidegabeki espetxeratutako lagun horiek ezagutzen, eta horietako bati buruzko erreferentzia bakarra dut: El Filtro liburua, orain dela sei urte Jon Mindegiagak idatzia.

Urte horretan bertan Uruguain egoteko aukera izan nuen, eta liburuan aipatzen diren protagonistetako batzuk eta lekuak, El Filtro izeneko ospitalea bera, bertatik bertara ezagutu nituen.



Bitxia izan zen gerora Jon Mindegiaren liburua irakurtzea, 90. hamarkadaren hasieran gertatua, PSOEren garaian, euskal errefuxiatuen eta Uruguaiko herriaren aurkako errepresioaren kronika bizia, ahanzturaren kontrakoa.

Urte anitz igaro badira ere, edonork izan dezake gertatutakoaren berri Jon Mindegiaren liburuari esker. Urte honen hasieran Guardia Zibilen erakustaldi errepresiboarekin batera burura etorri zait Idea Vilariño poeta uruguaiarraren Zergatik poema:

Zergatik
oraindik
berriz ere
itzuli den min zahar hori
bihotza zartatzen didana
bitan erdibitzen nauena
saminez betetzen nauena.
Zergatik
gaur
oraino.


Ez da oso ezaguna emakume honen poesia hemen, baina Juana de Ibarbourou-rekin batera  Idea Vilariño XX. mendeko Uruguaiko poetarik handienetakoa dugu, eta olerki horrek ederki islatzen du askok sentitu duguna ikustean goardia zibil armatuak euskal herritarrak berriz ere eramaten, urte hasierako beste sarekada mediatiko honetan.

Bilboko kaleetara, eta Donostiakoetara, eta Iruñekoetara, eta gure herrietakora atera eta aterako gara presoen eskubideen alde, dispertsioaren aurka, eta giza eskubideen aldeko gure atxikimendua bizkortzeko une heldu da. Izan ere, Idea Vilariñoren beste poema batek hauxe diosku:

Norbera bizi da
hildakoekin
hor daudenekin
sufriten dutenekin bizi da
eta lumatuekin
eta presoekin
bizi da.


Bele asko oraindik hegan, presoekiko elkartasunaren zigortzaile, konponbideari oztopo eta traba; guk elkartasuna eta hitza dugu arma, eta horregatik Ibarrako hormetan norbaitek utzi du idatzia ahanzturaren kontra: “Minde, Herria zurekin”.

2015-01-06

Bekatariok ere, Bilbora

Hileta elizkizuna hasi aitzin ekarria zuten preso politikoa, eta aldaretik hurbileneko eserlekuan eserita zegoen, albo banatan kalez jantzitako bi ertzain zituela. Elizaren inguruan beste ertzain batzuk ere bazeudela konturatuta, nik elizara sartzea erabaki nuen, nahiago bainuen apaizaren erretolika entzun erretzaileekin kanpoaldean ertzainez inguratuta gelditu baino.
Sartu orduko ikusi nuen, lagunaren eta aldarearen artean, hilkutxa. Gorpua bertan zela eginen zen elizkizuna, eta gero, lurperatzea; lehendik iragarria zegoen hilerrira senide hurbilenak baizik ez zirela pasatuko. Hor eserita, lehen ilaran, azken hogeita bi urteetan besarkatu ezin izan nuen lagun presoa zegoen, antza, aita hil berriaren hilkutxan begiak finkaturik, ez baizuen ezker-eskuin edo atzerantz begiratzen; ertzainek bai, noizbehinka zeharkako begiradak botatzen zituzten.
Esperantza omen da azkena galtzen, eta meza aurrera joan ahala, lagun presoa hasi zen burua jiratzen eta ingurukoak agurtzen; ni, berriz, oso atzean nengoen berak ikus nintzan. Irribarrea eta begirada trukatzea, hori besterik ez nuen nahi, baina meza aurrera zihoan, eta gero eta denbora gutxiago gelditzen zen bukatzeko; lagun presoak ehun eta hirurogei gradu jiratu beharko zukeen burua ni ikusteko, eta mezaren azken atalean sartzera gindoazen: jaunartzea.
Argi zegoen zirt edo zart egin behar nuela eta erabaki bat hartu nuen. Besteekin batera jaunartzea egitera hurbildu nintzen, eta iladari jarraiki, apaizarengana joan egin nintzen, apaizaren eskutik hostia sagaratua hartu, ahoratu, atzerako bidea hartu eta lagun presoa zegoen lekutik pasatzean, hurbildu nintzaion eta bi musu eman nizkion.
Istant bat baino ez zen izan, bizitza osoan biok gogoratuko duguna, eta harrezkero anitzetan berpiztu zaidana ene oroimenean eta gerora, bisitei esker, jakin izan ditudan zehaztasunei esker osatu dudana. Besteak beste, eskuak eskuburdinekin lotuta omen zeuzkala, baina txaketa batekin estalita zituenez, ez nintzen ni une hartan ohartu. Ederki gogoratzen dut lagunaren begiak nireetan finkatu zirela, eta gorritasunaren erdian haren begi-ninien txinparta atzeman nuela; usu, lagunaren masail-berotasuna eta malkoen arrastoen hezetasuna berpizten zaizkit gogoan
Ez dut, haatik, ertzainen begirada oroimenean; han ez zegoen nire lehentasuna, eta ez nien kasurik eman, ertzain baten begiak nire garondoan finkaturik izan zituela eserlekurantz itzultzen ari nintzelarik, gerora beste lagun batzuek esandakoaren arabera.
Antza, berehala beste lagun askok nire gisara egin zuten, eta lagun anitz eta anitz joan ziren egun hartan jaunartzea egitera eta, bidenabar, lagun presoa agurtzera, apaizaren harridurako eta preso politikoaren pozerako.
Beranduegi konturatu nintzen jaunartzea egin gabe hogeita hamar urte baino gehiago neramala, eta, gainera, aitorpena egin gabe hostia hartzea bekatua zela irakatsi zidatela. Eta oraindik irri egin dut neure baitarako pentsatzen dudalarik zer ez dugun egin, egiten eta eginen presoen alde: baita bekatu txikiak ere.
Larunbat honetan, adibidez, Bilbora joanen naiz, beste bekatari anitzekin batera.