Ezkabako talaia honetatik ozen eta polliki entzun ziren atzo arratsaldean bertsoak, Berriozarko Euskal Herria plazan botatakoak, besteak beste jarraian agertzen direnak, atzoko saio ederraren lagin bat: Julio Soto semearen paperean, eta Amets Arzallus aitarenean, Iruñean mustu berri den Lander Garroren Bi urte lau hilabete eta egun bat-en haritik eta saio osoan —nola ez— agertu zen konorobirusaren haritik.
Orain aldi bateko
garai gogorretan
soldaduska egitea
zenuten zorretan
ez zihoana ez zen
joaten oporretan
intsumisio hitza
zegoen hor bertan
zuk ere parte
hartu al zenuen horretan?
Hara, dena
galdetu didazu hitz bate(a)n
gaur arte ausartu
ez nererik esaten
intsumisoen haria
denbora da eten
garbi erantzungo
dizut, ez lehor, ez zeken
ni ere filma
hortan atera nintekeen
Beraz ez zen gezurra eta ez zen kondaira
lehenengoz entzun
dizut orduko mintzaira
trukean zen kartzela
eta eztabaida
gaurko begietatik
entenditzen zaila
zergatik ez
zenuen parte hartu nahi ba?
Ba sakelan ez dit jo mobilak txirula
eta gonbidapenik
ez baitzait xuxurla
joan zen insumisoen
ardatz eta brujula
bukatu ziren
hango agindu eta burla
baina hori ez da
soilik lehengo pelikula
Izan nahi zenutenez pertsona askeak
zer izan zuen ba txarrik
borroka janzteak
adibidez Covid-ak
dakartzan nahasteak
gaurko arau eta
norma eta lege trasteak
otzanegi ez al
gara egungo gazteak?
Apaltasun pixka bat behar da bizitzan
kaleak ere bere
ordena balitzan
baina Guardia Zibila
maiz sarri peskizan
zeuk erabaki
ezazu, seme, zure gisan
baina tarteka
pixka bat intsumiso izan
Traba sortzen didate hainbat arnasestuk
maskarilla eta
bere bi sokatxo estuk
ta erantziko banu,
bi polizi-eskuk
atxilotu ezkero
ta lau begi-estuk
ulertuko duzula
zalantzarik ez dut
Botereak legea
aurkezten du ahaltsu
nahiz eta izan
mila argumentu faltsu
anarkisten kontsigna
maite dut nik aizu
autoritatea beti
ukatu ezazu
baina hori bai
egin zure aitari kasu.