Showing posts with label Berriozar. Show all posts
Showing posts with label Berriozar. Show all posts

2026-03-13

M1ekoLak - Minutu Bateko Eleak

Hondarreko eleak



Aurtengo Korrikaren kari osatu dugu euskarazko testu bilduma xume hau, Minutu bateko eleak, izenekoa, eta baita jendaurrean aurkeztu ere. Ordubete eman dugu irakurtzen, ordubeteko eleak, ordubeteko aleak. Duela hemeretzi urte, 2007an, hasi zen Minutu bateko eleak egiten, orduko Zorroka Euskara Taldearen ekimenez. Urteak joan eta urteak etorri, bertze euskaldun gazteago batzuek hartu dute, gure pozerako, lekukoa. Haria, beraz, ez da eten. Euskarak batzen gaitu beste behin, zeren euskara ez da dugun objektu bizigabe bat, garena baizik. Korrika-ren aurtengo edizioan, 24. edizioaren leloak dioena berresten dugu guk: Euskara gara!  

Gaur irakurri dudan ene poema

Amaitzeko, nahitaez laburzki bada ere, azken hitzak, azken eleak eskertzeko aldez edo moldez parte hartu duzuen guztiei, bereziki testu guztiak biltzen eta atontzen aritu den Manexi eta Mikeli;  mila esker eta bat gehiago Patricia, Iñigo eta Corleone taldekideei; Maialeni afixa egiteagatik, eta baita Zulo Alai elkarteari ere. Eta, nola ez, hurbildu zareten guztioi ere bai, milatan esker! 


Euskarazko testu bilduma xume hau Minutu bateko eleak, eta minutu bateko ele eta elementuak, minutu bateko eleak eta aleak, minutu bateko ahaleginak, jadanik eginak. 


Zulo Alai Elkartea


Gora AEK

Gora Korrika!

Gora Berriozar eta gora Euskal Herria euskalduna!

2025-12-25

Olentzero Berriozarren, bertsotan

 




Berriozarko Ilargi plazan, bart
Olentzero nauzue
mendi(a)n ikazkina
beltz-beltza dut txapela
beltz-beltza zikina
berri gorriak eta
mingaina arina
izan dezazu(t)ela
egun atsegina.


Ene ondoan dugu
bai, Mari Domingi
ni bezain inportante
ulertu hori ongi!
Matxistarik badago
ez etorri niri,
matxistentzat ikatza
dakart nik opari


Negua heldu dela
lehorra eta hotz
urte zaharra jada
gelditu zaigu motz
Agur betiko beraz
bi mila hogeita bortz
urte berri hobea
izanen delakotz 


Euskaraz entzuteak
ematen dit poza
gorputza ez daiteke
hezur hutsez osa
Berriozar gorputza
euskara bihotza
euskararik gabeko
Berriozar motza.



Aro berri on!

2025-12-03

Ttakun eta herren, euskaraz, arren.




Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, txalaparta soinua Berriozar osoan zabaldu zen atzo.  Berriozarko Udalaren eta beste hainbat eragileren ekimenez, Iñaki Villanueva eskultore berriozartarraren Txalaparta obraren inaugurazio-ekitaldia egin genuen atzo eguerdian Euskal Herria plazan. 


Eskararen aldeko dei eta oihartzun bateratua irudikatzen du eskulturak, gure herria eta gure komunitatea batzen dituen elementu komuna izanik. Txalapartari baten eskuak dira, euskararen alde pizteko dei eginez. Iñaki Villanuevaren eskultura musika eskolan ezarriko da modu finkoan eta ondoan, plaka hau: 





Hartara, kulturaren eta artearen arloak uztartuta agertzen dira euskararen aldeko artelan honetan, Berriozarko Musika Eskolara sartzean ikusgarri egunero egonen dena, Euskararen Eguna egunero deneko erakusgarri.





2025-02-21

Txolinen abestia


Txolin gerrillaria


Txolin gerrillaria dugu Berriozarko inauterietako protagonista nagusia, eta Ezkabaren magalean berriz ere ibiliko da laster, urtero bezala, Artikatik Berriozarrerako bidean; aurten, gaur zortzi, hilaren azken egunaren iluntzean. Inauteri-festa, dantza, bozkario eta kanta... Txolin gerrillaria nor eta zer izan zen, blog honetan bertan aurki dezake irakurle jakin-goseak. Halaber, bada oraino Txolinen kanta ez dakienik, Berriozarren bizi bada ere... Hori horrela, kanta zoragarri hau hemen duzu... Astebete, buruz ikas dezazun 


Txolinen kanta

Negu gorrian gaudela, 

heldu zaigu inautea

kaixatik atera behar

zure mozorroa


Aitzaki ona dugu, ba!

giro onean omenduz

Txolin gerrilaria

gizon ausartia


Dantza zazu Txolin, gerrilaria

dantza Txolin, arin, 

parrandari ez egin uko

uzkur zazu Txolin, frantses minutuko

zertarako duzu hainbeste trabuko (birritan)


Artikako alkatea

gizon sutsu txit prestua 

frantsesen kontrarioa

jo ta ke burrukan


Euskaldun zintzoa bera

arma biren jabea

trabukoa eta euskara

gerri eta mihian


Dantza zazu Txolin, gerrilaria

dantza Txolin, arin, 

parrandari ez egin uko

uzkur zazu Txolin, frantses minutuko

zertarako duzu hainbeste trabuko (birritan)


Alkatearentzat euskara

txoriak airea bezala

zer eginen zenuke zuk

airerik gabean


Orduan egin zuena

denok dugu buruan

zer eginen Txolinek

gaur egungo honetan


Dantza zazu Txolin, gerrilaria

dantza Txolin, arin, 

parrandari ez egin uko

uzkur zazu Txolin, frantses minutuko

zertarako duzu hainbeste trabuko (birritan)




Garaian garaikoa 

Iragan den mendearen laurogeigarren hamarkadan sortutako kanta da, Berriozarko Euskaltegiaren inguruan, eta artean Euskaltzaindiaren hainbat kontu lexiko eta beste finkatu gabe zeuden (kaixa*, kaxa; aitzaki*, aitzakia; zazu*, ezazu; burrukan*, borrokan; gerrilaria* gerrillaria, ihauteria* hitz bera, Iparraldean erabiltzen dena...), Baina nago hobe dela jatorrizkoari eustea, dagoen-dagoenean utzita, finean, kantatzeko eta abesteko izanik, ahozkoan guztiz ohikoak diren hutsegiteak direlako, bere garaiko abestia izaki.   

Garaian garaikoa dela, bistan da; erreparatu garai horretako pegatinari: itzuli-mingururik gabeko mezua, freskoa, bizia, zuzentasun politiko arrastorik ere ez duena... eta horregatik, hain zuzen ere, oso ona eta guztiz arrakastatsua, eta  kontestu historiko eta politikorik gabe guztiz ulertzen ez dena. Bidenabar, inork gogoratzen al du zer zer E.K.B,?

1989ko inauterietako eranskailua

 

2020-05-12

Basoko izakiei buruzko elezaharra

Aspaldi handian,
animaliak eta landareak
mintzo ziren garaian
basoko izakiak bizi ziren
gure mendietan.
Amalur, Basajaun eta Aker
gurean ziren nagusi
Ilargiarekin eta Eguzkiarekin batera

Amalurraren alde banatan
Ilargia eta Eguzkia begirale zirelarik
pagoak eta haritzak
astigarrak eta izeiak
makalak eta zurzuriak
zabaldu egin ziren
aise zabaldu ere.

Basajaunaren oniritziarekin
animaliak eta piztiak ere
barreiatu egin ziren
aske barreiatu ere
azeriak eta urtxintxak
otsoak eta arranoak
muxarrak eta erbinudeak.  

Aker, berriz, lur azpiko leize
eta kobazuloetan bizi zirenen
zaintzailea zen,
eta begira zituen
satorrak eta sugeak
sagu-zaharrak eta zizareak
gizon eta emakumeak.
Baiki, leize-zuloetan
gizakiak bizi ziren
emakumeak eta gizonak
zenbat eta bizkorragoak
hainbat eta trebeagoak
are gehiago mintzoaren jabe egin zirelarik
zenbat eta abilagoak
gero eta ausartagoak
are ageriago suaren jabe egin zirelarik    

Akerraren adarrak
okertu egin ziren
gizakiak zuhaitzak bereizten hasi
eta fruituak ematen zituzten arbolak
landatzen hasi zirenean
eta are gehiago okertu ziren
gizakiak piztiak bezatzen hasi
eta animaliak abere bihurtu zituenean.

Denbora kontua baino ez zen izan,
abere anitz zituztenak aberastu
eta aberats bihurtu zirela
leize-zuloetatik atereaz eta
Lur osoan barreiatu egin zirela
basoari tokia kenduz,
eta animaliak ehizatuz,
neurrian hasieran
neurrigabe gaur egun.

Ilargia eta Eguzkia,
handiegiak izanik eta
gizakiengandik urrunegi egonik
zeru goienetan aritzen dira
txandaka, lasai asko,
gauez bata
egunez bestea,
Amalurraren lagun
nekaezin eta erneak,
bata zein bestea
noiztenka kukutu egiten diren arren,
gizakiek horri eklipse deritzelarik

Amalur, Basajaun eta Aker 
gizakiaren hedatzeaz geroztik
gorderik bizi dira gurean
ezkutaturik mendi altuetan
eta gorderik baso sarrietan;
horregatik behe-lainoak,
eta langarrak hartutako mendietan
noizbehinka ikusten ahal dira,
azken buruan beraiek izan baitziren
nagusi aspaldi handian
eta nagusi dira oraindik ere
baso trinko gordeetan.

Horren guztiaren adierazgarri eta adierazle
hiru enbor berezi daude,
noizbait zuhaitz izan zirenak
orain Amalur, Basajaun eta Aker
itxura hartuta irauten dutenak
non eta Basoan,
Basoa pasealekuan
non eta Eguzki plazaren eta
Ilargi plazaren artean,
Berriozarren, Iruñea ondoan,
Euskaldunon Hiriburuzagitik hurbil.






Eta hala zan ala ez bazan, sar dadila kalabazan
eta atera dadila, Euskal Herria plazan



2020-01-18

Ez Berriozarren, ez inon; apustu etxerik ez!




Hasteko, eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur mobilizatu zareten herrikideei, manifestazioari atxikimendua adierazi duzuen kolektibo eta eragileei, eta nola ez, azken asteotan apustuen aurkako aldarria zabaltzen lagundu diguzuen guztiei! Gaur 300 lagun bildu gara eta, zorionak!

Duela zenbait hilabete iritsi zitzaigun beste apustu etxe baten irekieraren berria. Honek herrian izan dezakeen eraginaz kezkaturik, plataforma osatu eta herri gisa antolatzeari ekin genion. Lokal hauek gurea bezalako herri langileetan ari dira zabaltzen, gure txirotzea eta menpekotasun aukerak areagotuz. Izan ere, ludopatia azken urteotan izugarri ari da areagotzen, nagusiki gazteen artean. Honek familiak, lagunarteak eta bizitzak hondatzen dituela argi ikus daiteke, iragarkiek kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere.

Gaurko mobilizazioan argi ikusi da Berriozarrek ezetz esaten diola joko mota honi. Gaurko egunean dei egin nahi diegu Berriozartar guztiei honen aurka antolatzera, plataformara batzera, antolatuko diren kanpainetan parte hartzera eta apustu etxeen kontrako aldarria lau haizetara zabaltzera.

Lan handia dugu aurretik, aurrerantzean hitzaldiak, kontzentrazioak, eta ekimen anitzak antolatuko ditugu, apustuen kontrako kontzientziazio lana eginez eta espazio hauen aurka borrokatuz.

Amaitzeko, dei egiten diogu berriozartar orori datorren otsailaren 8an Iruñean eginen den mobilizazioan parte hartu dezan. Ez Berriozarren, ez inon; apustu etxerik ez!

2016-01-22

Nor da nor?

Badut lagun bat izugarri urduritzen nauena. Gai baten inguruan nire jarrera adierazi eta lagun horri bere iritzia galdetuta, inoiz ez du garbi adierazten ados dagoen ala ez, gaia edozein dela ere.
Normalean eskuekin keinu anbiguo bat egiten du, niri interpretagaitza suertatzen zaidana; bai, ez, izan zitekeen, litekeena da edo ez, ezin daiteke... Edo ez beti, baina bai batzuetan; edo agian ez, baina bai, apika, hori ere bai; edo ez bata, ez bestea, batek daki...

Lagun horrek aparteko trebezia dauka auzi oro ke-kortina trinko baten atzean lausotzen, eta harekin luze hitz eginda ere, ezer argirik esan ez duelako sentsazio amorragarria baino ez duzu hartzen. 

Diskurtso kriptiko horren bidez, Roland Barthesek esango lukeen modura, “anbiguetate preziatu bat dela tarteko, boterearen izatea eta itxura”, erdiesten du lagun horrek, aitor dezadan, nire etsipenerako. Eta ez, ez dut esango nor den... Horretarako dago Nor da nor jokoa, edo Zein da zein Berriozarko bertsioan...


2015-09-02

Eliza handi bat, Euskal Herria plazan

Orain dela hamar urte, horixe zen Eliza Katolikoaren egitasmo nagusia Berriozarren, udaletxearen ondoko plazan eliza berri bat eraikitzea. Juxtu-juxtu orain dela hamar urte, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak, Fernando Sebastianek, aldarrikatzen zuen orube hori ezinbestekoa zela eliza bat eraikitzeko, eta guztiz beharrezkotzat jotzen zuen, Berriozarren dauden beste hiru elizak nahiko ez zirelakoan... Eliza prest zegoen emateko San Kristobal elizaren esparrua ordainetan; trukean Eliza Katolikoa ez zen aterako galtzaile, ez horixe!

Garai horretan Benito Rios genuen alkate, eta PSNz gain, UPNk eta CDNk sostengatzen zuten udal gobernua; egitasmoaren kontra, gizabanako anitz, talde asko eta askotarikoak, eta garai hartako beste alderdi politiko guztiak: Berriozar Baietz, IU, Aralar eta Batzarre. Baina indar handiena orube publikoaren defentsan osatu zen plataformak egin zuen, eta kale agerraldia bat baino gehiago egin genuen, baita manifestaldi bat ere jaietan, ehunka lagun bildu zituena, 2005eko irailaren 5eko egunkariak dioenari kasu egitera. Jadanik Berriozarren bizi ez den lagun bat, Iñigo Orella, Kristauen Oinarrizko Komunitateetako kide eta plataformako eleduna argi mintzo zen salatzeko orduan egitasmoa “Berriozarko auzokide gehienen interesen kontra” zihoala, “Eliza Katolikoak hemengo bizilagun asko eta asmo ez baitu ordezkatzen ”. 

 Iñigo Orella, mikroa eskuan duela

Urte horretako jaietarako pegatina bat atera zen, Herriaren orubea, herriarentzat zioena, behean duzun hori, non putre batzuk herriaren orubearen gainetik aritzen ziren hegan, “OPUS” hitza airean osatzen zutelarik... Zorionez, erantzun zabala izan zen, egitasmoa gelditu eta, azkenik, bertan behera utzi zuen Fernando Sebastian artzapezpikuak.

Hamar urte igarota, Berriozarko hiru elizek hutsik jarraitzen dute, hileta-elizkizun edota jaunartze egunetan izan ezik. Eliza Katolikoaren eta Berriozarko bizilagun gehienen arteko amildegia gero eta handiagoa da. Izan ere, garai batean gutariko edonork, jakin, ederki zekien nor zegoen apaiz eta nor parroko Berriozarko parrokian... Eta gaur egun?

Gaur egun Euskal Herrian plazan dauden eserlekuak, zuhaitzak, berdegunea, pasealekua, aparkalekua ikusten duzun hurrengoan, ez ahantzi han eliza bat egon zitekeena, gurutzeak, kanpaiak, serorak, apaizak eta beste hostia batzuk, gure herriaren erdi-erdian. Nork esaten zuen borrokak ez zuela merezi? Ez ditzagun borroka horiek ahantzi!

2015-08-22

Selfie-aren aitzindaria

Gaur albiste-agentziek adierazi dutenez, ballet dantzari da hil egin da selfie bat egiteagatik. Guiorgui Mshvenieradze dantzaria, Georgiako Ballet Nazionalekoa, ito egin da urtegi batera erorita, selfie bat egiten ari zelarik. 26 urteko gizonezko gaztea “oso indartsua zen, baina erortzean konortea galdu zuen”, lekuko batek esandakoari kasu egitera. Nina Ananiashvili dantzari ospetsuak zuzentzen duen Georgiako Ballet Nazionaleko izar honen istripua “tragedia handia bat izan da; gizon ona zen eta dantzari hobea”.

Oso jende gutxik daki lehen selfie Berriozarko lagun batek egin zuela. Lehen selfie 1985 urtearen inguruan egin zuen Kaleberri tabernako Andresek. Kodak VR 35 kamera zahar ederra baliatu zuen, irudiko hori bera. 



 
Mundu digitalean batzuk ahaztuta duten eta bestetzuk ezagutu ez duzuen karretea jarri behar zen, eta baziren 12, 24 eta are 36 argazkiko karreteak. Anitz urtez argazkiak zuri-beltzean atera genituen, eta gero —hura zen hura, teknikaren lilura!— koloretan ere bai! Etxean ez bazenuen zure laborategi txikia propio antolatzen, karreteak errebelatzera eraman behar izaten zenituen... Orduan, batzuetan, ustekabeak hartzen zenituen: argazki guztiak ez ziren atera; edo argi izpiren bat sartuta argazki zenbait hondaturik ziren; edo 36 atera beharrean, 37 argazki zenituen! Haiek garaiak, haiek!

Andresen Kodak VR 35 zaharrak ez zuen tenporizadorerik, eta Andresek bere buruari argazki bat atera nahian, kamera apal batean jarri, erratza baten makila hartu, eta makilarekin botoi beltza sakatzean lortu zuen hemen duzuen irudia, lehen selfie, artean izen horrekin ezaguna ez zen arren. Argazkiaren ertzean ikusten den erratzaren makila urdinak salatzen du; gaur egun pedanteek selfie stick deritze.


 
Egileak berak aitortzen du ez zuela lehenengoan erdietsi, lehenbizikoan, makilarekin argazki kamera pittin bat ukituta argazkia mugitu zitzaiolako, eta Andres baino Andresen gelako apalategia atera baitzen... Argi dago, selfie egiteak beti izan ditu-eta, bere-berezko arriskuak... Baina orain, Guiorgui Mshvenieradze dantzariaren heriotza dela bide, selfie egitearena kirol arriskutsuen zerrendan sartu beharko dugu.

Nork esango zigun guri: Kaleberri tabernako Andres, selfie egitearen aitzindari! Baduzue aitzakia bat asteazkenean hasiko diren Berriozarko jaietara etortzeko.

2015-06-13

Ezkabako Talaiatik, Berriogrado

Azken hauteskunde hauetan, Berriozarren 1.630 bozka lortuta EH Bildu lehen indarra da udaletxean, eta bigarren indarrari, PSNri, bozka kopurua bikoizten dio, PSN-k bakarrik 725 ditu eta.
Abertzale edo ezkertiar diren indarren zinegotzi kopurua eta portzentaiak, hurrenez hurren: EH Bilduk (6) % 37,95; Ezkerrak (2) % 14,6 Geroa Baik (1) %10,9
Nabarmentzekoa da EH Bilduk lortu duela botoen %37,95a, hau da: hamar boto-emaileetatik ia-ia lauk eman diote botoa udalerako, abertzaleok zortzi urtez kudeatzen aritu eta gero, eta Nafarroako Gobernuan UPNk udalei diru-murrizketa handiak eginda ere. Gainera, handicap bat geneukan, orain arteko gure zerrendaburu enblematikoa, Xabi Lasa, aurkezten ez zelarik. Hori horrela izanik ere, inoizko emaitzarik onenak lortu ditugu abertzaleok Beriozarren, UPNren zangotrabak gorabehera, eta Nafarroako Gobernuak udalak ito dituen arren. Abertzaleontzat, pozik eta harro egoteko moduko emaitzak.
Baina udalerako bozketan ez ezik Nafarroako Parlamenturako bozetan ere lehen indarra gara, udalerako baino boto gutxiago atera dugun arren (1.010); 200 boto ateratzen diogu bigarren indarrari, Podemos Ahal dugu-ri alegia.
EH Bilduk izandako boto diferentziari erreparatuta, faktore zenbait hartu behar dira kontuan, (hurrenkerak ez du adierazten ezinbestez garrantzi-maila)

1) Uxue Barkosen efektua, presidente in pectore gisa aurkeztua komunikabide zenbaitetan

2) Podemos-ek hartuak: Laura Perez-en efektua

3) Parlamentuaren beraren urruntasuna gure boto-emaile askoren begietan

4) Tafallako haizea, Adolforen efektua, ez da honaino heldu.

Nolanahi, aldaketaren aldeko indarrek, udal bozetan, 2.776 boto lortu ditugu, eta erregimenaren aldekoek, 1480. Parlamenturako bozetan ere, aldaketaren aldeko indarrek 2.072 boto erdietsi ditugu eta erregimenaren aldekoek, 1.288.
Udalari begira berriz jarririk, Berriozarren inoiz baino bozka abertzale gehiago lortu dugu, eta inoiz baino zinegotzi abertzale gehiago dugu (6 + 1), eta zinegotzi gehiago dago abertzale besteak baino, erdia baino gehiago. Izan ere, Euskal Herritarron garaian 5 zinegotzi abertzale izan ziren Berriozarren... baina gaur egun, 6. Beraz, Berriozar sekula baino abertzaleagoa da.
Beste albiste on bat da emakume zinegotzi kopurua ere inoiz baino handiagoa dela, 6: berdintasunaren alde gaudenontzat, pozgarria.

Beste alderdiei dagokienez, PSNk ez du portzentaian igortzen (%16a 2011ko udal hauteskundeetan), baina 600 botoetatik 725era igotzen da, eta bigarren indarra da. Bi zinegotziek errepikatzen dute; aurpegi berririk ez.

UPNk 590 botoetatik 676ra igota ere, zinegotzi kopuru bera (2) lortzen du, eta portzentaian %16tik %15era jaisten den arren; UPNren iguripenak, izan ere, askoz ere hobeak ziren, eta jarrera oldarkorra eta harrokeriaz betea izan du: hateskunde-goizean bertan UPNko zerrendaburuak udaltzain bati iragarri zion bera izanen zela alkate, guztiz ziurtzat jotzen zuen eta. UPNren egoitza berria Artekalen, kanpaina mediatiko itzela... UPNk egindako inbertsioa, baina, garesti atera zaio, ez baitu atarramentu handirik erdietsi kontuan hartuz ze inbertsioa egin duen. Bestalde, duela lau urte CDNk lortu zituen 90 boto horiek, aise ondoriozta daiteke, UPNra joan dira. UPNko hautagaiak ez du jakin galtzen; Atarrabian, adibidez, UPNko hautagaiak EH Bilduko hautagaiari zorionak eman dizkion arren, ez du hemengoak berdin jokatu.
IU-Ezkerrak lortutako emaitzak onak izan dira: zinegotzi kopurua bikoiztuta (1etik 2ra) eta hirugarren indarra bihurtuta 627 botoei esker (%14,6), Espainiako leku anitzetan ez bezala, agian hemen zeukan profil bereziari esker (Batzarre), eta lau urte hauetan jorratu duten esparruan (elikagaien bankua, gizarte zerbitzuak...) ereindakoak botoak eman dizkiolako. Parlamenturako, baina, askoz boto gutxiago lortu ditu, segur aski Podemos-ek hartuak

PPk 79 boto lortuta, udal panoramatik desagertzen da, eta duela lau urte 254 zituen: Espainian ez gaudelako beste seinale bat. Berriozarren guztiz ezezaguna den Zaragozako hautagai bat hemen jartzeak ez die mesederik egin; lehenagotik zegoenak ozenki adierazi du berari berriz zerrendaburu izaten utzi izan baliote PPk lortuko zukeela zinegotzi bat... Lau urteotan egindakoa ikusita, nekez sinets daitekeen aipua.

Horiek horrela, EH Bilduk beste indar politikoekin egin bilera sorta egin eta gero, udalbatza osatu da, eta gaurgero 7 boto abertzaleekin EH Bilduko Raul Maiza alkate dugu Berriozarren... Edo, baten batek dioen bezala, Berriogradon.

Raul Maiza, alkate berria

2015-05-20

Esparza Espartzetan

Esparza hautagaiari entzuten diodanean, Espartzetaz oroitzen naiz. Espartzeta Ezkaba mendian dago, Berriozarko auzo zaharretik oso hurbil. Baina Esparzak ez du bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko interesik.

 Jakin beharko luke 1938ko maiatzean Ezkabako presondegitik ihesi joandako lau preso Artikan atzeman zituztela. Artikatik Berriozarko eskolara eraman zituzten, gaur egun Lantxotegi den eraikinera. Bazuten Iruñeko epaitegi batera eramaterik; bazuten gotorlekura eramaterik atzera; baina ez, Berriozarko eskolan izan zituzten gatibu. Eskolako maisuaren emazteari, Mikaelari, atxilotuei afari on-ona presta ziezaiela agindu zioten, eta denbora luzez preso egondako horiek aspaldi ez bezalako afaria ukan omen zuten. Afaldu eta gero, Jose María Salobre apaizarekin bekatuak aitortzeko aukera eman zieten, eta batzuek hala egin omen zuten; beste batzuek, alta, ez. Orduan eskolatik atera eta mendirako bidetik goiti eraman zituzten guardia zibilek, Espartzeta izeneko lekuraino. Handik gutxira tiroak entzun ziren herrian. Harrezkero, isiltasuna nagusi. Handik gutxira, hiltzaileak baizik ez ziren Berriozarrera itzuli.

 Hau guztiau kontatu zuena ume-moko bat baino ez zen orduan, baina ederki dauka den-dena gogoan: izan ere, aita izan zuen hiltzaileen aginduz hilobia egin behar izan zuten gizonetako bat. Isiltasunak urteak eta urteak iraun du, isiltasun konplizea batetik, izuak eragindako isiltasun behartua bestetik. Eraildako lau gizon horien izen-abizenak ere ez dakizkigu, eta euren gorpuak hor egon dira urteak eta urteak, arteen artean, laurak elkarrekin, Espartzetan, hiltzaileek abandonatu zituzten leku berean.

Duela aste gutxi batzuk —bazen garaia— lau lagun horien gorpuzkinak erauzi zituzten Aranzadi elkarteko teknikariek Pako Etxeberria forentsea buru zutela: gorpuen buru-hezurrek bala-zulo bana zuten agerian, igande goiz eguzkitsu horretan Espartzetan egon ginenok ikusi genituen. Ez nauzue aditu, eta ikerketak egindakoan, forentsek ebatziko dute; baina agerikoa da ez zutela ohiko fusilamendu bat egin, eta bertatik bertara buruan tiroa emanda erail zituztela.

 Duela hilabete batzuk bertan ezarritako oroitarria gurutze esbastikaz tindatu eta erdi puskatu zuten Nafarroan oso ezagunak diren ezezagun batzuek; etzi ezarriko da berriz, Ahaztuak elkarteak eta Berriozarko Udalak antolatutako ekitaldi batean, arratsaldeko 6etan, hantxe, Espartzetan. Eta Memoriaren Ibilbidea izanen denaren panela ere ezarriko da.


Esparza hautagaiari entzuten diodan bakoitzean Espartzetaz oroitzen naiz, ederki dakidan arren ez duela bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko inolako interesik. Esparza hautagaia ez da inoiz Espartzetan egon, eta ez dut uste etzi hurbilduko denik.


2015-05-16

Jareren Asteburua —Making Of—

Atzo ostirala zen, eta ostiralero bezala kale agerraldi xumea egin genuen Berriozarren, presoak gogoan. Beste ostiral bat. Eta beste ostiraletan bezala, beste euskaldun asko errepideetara ateratzen ari ziren bisitak egiteko; nire lagun bat, adibidez, Zarautzetik Alacant-erako bidea ari zen hartzen gu dispertsioa salatzen ari ginen une berean. Baina atzo, egun berezia zen, maiatzaren 15ean dispertsio politikak 26 urte bete dituelako: Done Isidro egunez, duela 26 urte hasi ziren preso politikoak sakabanatzen.

Dispertsioa salatzeko eta presoen eskubideen aldeko ekimenak biderkatzen dira; horra hor Lasterbidean, euskal errepresaliatuen eskubideen aldeko nazio lasterketa ekainaren 7an Berriozarren ospatuko dena. Baina batzuk ez gara korrikalariak, eta irudiekin —eta hitzekin— jolasten gara, eta guk ere egin nahi genuen gure ekarpen txikia. Izan ere, hauteskunde garaian egonik ere, gu ezin gara ahantzi presoen egoera larriaz ezta astebururo bisitak egitera joaten diren senideen egoeraz ere. Horregatik atzo Jareren asteburua izeneko laburmetraia estreinakoz eskaini zen Berriozarko Kulturgunean

Dispertsioa presoek ez ezik senideek ere pairatzen dute, eta senideen bidaia luzeak grabatu dira behin baino gehiagotan. Guk zerbait ezberdina egin nahi izan dugu. Ez dugu egin nahi izan jadanik egina zegoen zerbait. Senideen bidaia luzeak kontatzen dituzten bideoak eginak daude; luzeak, eta laburrak; guk beste zerbait kontatu nahi izan dugu, neskato baten asteburu arrunta: Jareren asteburua. Izena aukeratzeko arrazoi nagusi bat izan dugu: Jare izenak askatasuna esan nahi du.

Egitasmoa duela hilabete batzuk hasi zen, eta jadanik ez da egitasmoa, egiteko asmoa gauzatu delako. Proiektu honetan ibili garenok ez gara ez senide, ez ahaide; ez gara astebururo joan behar; baina zerbait egin nahi genuen euren alde. Nik idatzi nuen Jareren Asteburua, eta Maiatz aldizkariaren apirileko zenbakian argitaratua dago, eta hori izan da nire ekarpen xumea. Askoz ere meritu handiagoa dute besteek: irudigileak, esatariak, teknikariek, gidoilariak eta, nola ez, zuzendariak. Harrokeriarik gabe, baina harrotasun puntu batez aitortuko dut elkartasun proiektu honetan parte hartu dugun guztiok berriozartarrak garela

Egitasmo xumea zen eta gaur egun egitasmo izatetik produktu izatera pasa da; asmatu dugun edo ez, zuek esan beharko. Ongi eginak kontuan hartu, gaizki eginak barkatu.





Ardien kulpak, bildotsak ordaindu, dio esaera zahar eta krudel batek; dispertsio politika bezain zahar eta krudela.

2014-05-17

Zerekin egiten dute amets ordulariek?

Hatsaren Eguna Berriozarren, urterik urte egiten den emanaldi poetikoa, indartzen ari da. Hatsa-ren V. Eguna egin berri dugu iragan ortzegunean, Berriozarko Kulturgunean. Aurten, Auxtin Zamorak atondutako ikusentzunezkoa  izan dugu berrikuntza nagusia, eta hasierako  urduritasun-uneak aginditurik, oso saio ederra eta  biribila suertatu zen. Urtero parte hartzen dugunontzat beti berdin baina beti ezberdin suertatzen den biltzar poetiko ttipi hau ari da, ari denez, finkatzen. Urtero, gainera, The Happy Few talde hori baten bat gehiago lotzen zaio; biziki eskertzekoa da Gipuzkoatik eta Lapurditik hurbildu ziren olerkarien prestutasun eta sostengua.

Hona hemen emanaldi horretako lagin ttipi bat, Zerekin egiten dute amets ordulariek? 

Ibilitako arrastoari bide bera darraiolarik.
Segundoari segundo, minutuari minutu
Iragana errepikatzera kondenatua izaki
ildotik zipitzik ere aldendu gaberik.
Ordubete bukatu orduko
orduari ekiteko orduan.
Zerekin egiten dute amets, orduan, ordulariek?




Zutik: Josetxo Azkona, Berriozarko auzapez Xabi Lasa, Josemari Sestorain, Carmen Valois, Maite Ramos, Auxtin Zamora, Mikel Ortigosa, Panpi Mailharin, Jose Mari Zendoia
Belauniko: Pello Uharte Orotz, Josu Jimenez Maia, Juankar Lopez-Mugartza eta Mikel Taberna Irazoki

2013-08-28

Rosa Luxenburg-en zapata

Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak idatzia da. 1919an Rosa Luxemburgo iraultzailea hil zuten, Berlínen. Hiltzaileek fusilarekin kolpeka burua hautsi eta kanal baten uretara bota zuten gorpua. Bidean zapata bat galdu zuen. Esku ezezagun batek zapata hori jaso zuen lokatzetik.

Rosak bizitza osoa eman zuen borrokan, askatasunaren izenean justizia sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan, eta justiziaren izenean askatasuna sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan. Egunero-egunero, esku ezezagun batek bandera hori jasotzen du lokatzetik, zapata jaso zen gisa berean.

Elkartasunaren zapata bezala, elkartasunaren kopa jasotzen dugu guk urtero Iñaki, Joseba, Mikel, Ibai eta beste preso eta iheslariak gogoan eta bihotzean ditugularik, laster etxean egon daitezen gure konpromisoa biderkatu eta berresteko.

Topa egin dezagun guk ere justiziaren izenean askatasuna sakrifikatzen ez den mundu baten aldeko borrokan, topa egin dezagun sakabanaturik dauden presoen alde, topa egin dezagun mundu osoan barreiaturik bizi diren euskal herritarren alde. Egunero-egunero, bandera hori dugu guk jasoa; eta jaietan, are jasoagoa.

2013-05-16

Iruñean alemanez

Pasadizo adierazgarri bat gertatu zitzaidan Iruñeko kafetegi batean. Arratsalde batean kafetegi horretara sartu, mahaira eseri eta hurbildu zitzaidan zerbitzariari kafesne bat eskatu nion alemanez:

”-Guten Abend! Ich möchte einen Kaffee mit Milch und Zucker, bitte.”

Zerbitzariak ez zekien alemanez, baina ahaleginak egin zituen; alegia, saiatu zen niri ulertzen. Berak ez zuen Goethe-ren hizkuntza hitz egiten, baina, halarik ere, komunikatzeko ahalegina egin zuen... Arrapostua emateko tenorean, aldiz, ingelesezko hitz batzuk lardaskatzen hasi zitzaidan... Bon, kontua da arratsalde hartan kafesne bat ekarri zidala, nola edo hala moldatu egin ginela. Danke schön! Ze politak diren hizkuntzak! Ze aberastasuna! Iruñean, eta alemanez! A, metropoli forala!

Lehengo eguneko kafetegi berbera; mahaira eseri, eta lehengo zerbitzariari berari eskatu euskaraz...

“-Kaixo, kafesne bat, mesedez, sakarinarekin”.
Zerbitzariak, hauxe erantzun:
“-Es que no hablo el vasco”.

Isiltasun ozena. Zerbitzariak, isilik geldituta, oximoron bat egin zuen, begiradarekin esaten baitzuen: “¡No te jode! ¡Lo que me faltaba! ¡Mira cómo nos quiere imponer el vasco! !Este ya será gipuzcoano!”
Hemen batzuek ez dakite euskaraz eta, gainera, ez dute jakin nahi. Nehork ez dezala bere burua engaina! Horri ezjakinkeria deitzen diot nik, ezen ez ezjakintasuna; hautazkoa da hemengo batzuen ezjakinkeria. 

Seinaleak ele biz ikusita edo euskaraz solasean edota kantuan entzunda, tripak mugitzen zaizkie euren burua txit tolerantetzat eta demokratatzat duten batzuei...Aukeratutako ezjakinkeria; ez dakite; ez dute jakin nahi, eta izorratzen zaie guk erabiltzea.

Liberal, tolerante, kontserbadore... euren burua zuritzeko hitz politak, politikoki politak, benetan zer diren estaltzeko: fatxa hutsak. Izan ere, fatxa hutsen jarrera da inolako ahaleginik ez egitea euskaraz hitz egiten dizunari ulertzeko. Bezeroa artatzen ahalegintzeko, euskaraz ez; alemanez bai. Nik zerbitzariari ez nion eskatu euskaraz erantzuteko! Agian, “kafesne” ulertzen zaila da, eta “kafekonletxea” esan behar nion... Nago ez dela hori kontua; aukerazko ezjakin baten aurrean nengoen: “sakarina, mesedez” esanda ere, ez zidan ulertuko, ezjakinkeria oso zabalduta dagoen izurrite bat izaki.

Autoa hartu eta Berriozar parean, A-15 autobideko pantaila handi batean, erdara hutsezko ohar bat: El vasco no es una opción; es una necesidad. Ai, inuzentea! El casco, gizona, el casco

Banengoen ni, bada...


2013-04-27

Berriozarko "Hontza"

Errealitatea plagiatzeko ohitura zaharra dut nik
J. L. Borges

Zorroka ikuztegia
Espioi britainiarren silueta beltza ez zen antzematen Zorrokaren ilunean. Ilargia gorde-gordeka ari zen hodeiekin jolasean, eta abagune ona profitatu zuen espioi gazteak gordelekutik atera eta ikuztegira hurbiltzeko: Zorroka deitzen zioten Berriozarko herriko ikuztegiari, eta bertan esertzea maite zuen gazteak, batez ere udaberriko gau goxoetan. Baina oraindik asko falta zuen udaberrirako, edo behintzat horrela iruditzen zitzaion 1942ko otsaileko gau oskarbi, hotz horretan. 

 Ikuztegiaren alde ilunean esertzera atera ohi zen gauerdian, inork ez ikusteko moduan. Gau hotz horretan ere eseri zen harri lauan eta hozkirri batek zeharkatu zion gorputza. Berehala probatu zuen gauaren soinuek baino ez zutela laguntzen. Horixe nahi zuen; aire freskoa arnastu eta bakarrik zegoela frogatzea. Ederki zekien bakardadeak bermatzen ziola segurtasuna, eta ezin zela arriskatu egunaren argitan ibiltzera. Gauerdietan, Zorrokaren ur emariak sosegua ematen zion, baina ezin zituen zentzumenak laxatu, eta horregatik gauerdian atera aitzin segurtasun neurri guztiak hartuta atera zen apaizaren etxetik, bere gordelekutik. 

Ezkerreko eskua sartu zuen beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan 9 milimetroko Browning-aren gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Pistolaren hotzak dardarizo bat sortu zion, harlauzaren hotzarekin bat egin zuena. Pistola beltzaz eta negu gorriaz gainera, bestelako motiboak zeuzkan dardarka egoteko. zan ere, Ezkaba mendiko herri txiki hartan irrati-aparatu bat zeukan elizaren dorrean bertan, eta sei egun zeramatzan Londresekin kontaktatu gabe. Londresen isiltasuna arraroa zen. Gau horretan saiatuko zen berriro ere Londresekin kontaktuan jartzen, eta lortu ezan, Iruñerrian zeukan beste konkatuarengana jo beharko zuen; Berriozarko apaizak berriz lagundu beharko zion Ezkirotzera joaten, hango apaiza karlistak ere lan egiten zuelako britainiarrentzat. Eta Ezkirotzeko kontaktu horrek kale egiten bazuen, britainiarren Iruñean zuen sare guztia arriskuan egon zitekeela esan nahi zuen; espioi britainiar bera ere frankisten atzaparretan eror zitekeen, eta bazekien patu petrala izango zuela. 

Denbora dexente zeraman Iruñaren inguruan gazte britainiarrak, apaiz karlista baten babespean. Karlistak monarkikoak zirenez, ingelesentzat egiten zuten lan. Eta non hobeki gorderik apaiz baten etxean baino? Areago, kontuan hartuta apaiz horren anaia bat goi-mailako militarra zela armada frankistan. Nork susma zezakeen komandante baten anaia apaizaren elizako dorretik Londresera etengabeko informazio jarioa ari zela transmititzen azken hilabete luzeetan? Baina espioiak bazekien Berriozarren denek bazutela bere berri. Apaizak behin esan zionez, ezizenez hontza deitzen ziotela, bakarrik gauez ateratzen zelako kalera... Grazia egin zion izenak, eta pentsatzen ari zen serioski aldatzea bere izen-klabea eta owl deitzea... Agian sobera argigarria zen; sobera begi-bistakoa. Bere nagusiei eskatuko zien owl ezizena jartzeko hurrengo misio baterako; noizbait bukatuko zen bere lana herri txiki horretan; udaberrian, agian? 

Misioak iraun bitartean jarraituko zuen Nightingale izaten, huraxe baitzen Londresekin kontaktatzeko baliatzen zuen ezizena. Gogora etorri zitzaion Londresen ezizen hori eman ziotelarik gauari lotua gelditu zela, eta irribarre isil bat marraztu zen gaztearen aurpegian. Bere baitan bilduta zelarik iruditu zitzaion itzal batzuk mugitzen ari zirela herrirako bidean, eta ordu horietan inor ez zen usu ibiltzen bide horretan barna... Arrisku seinalerik? Belarriak zorroztu zituen eta... Ezer ez. Zorrokaren ur-emari lasaigarria baino ez.

Gazte britainiarrak lasaitu beharra zuen, eta eskuin eskuarekin zigarreta bat piztu zuen. Zigarretaz piztu berriak bere barnera bildu zuen berriz ere. Bazekien, batzuek modu asaldagarrian ziotenez, tabakoa txarra dela osasunerako… Baina zorrokaren soinuarekin gustura sentitzen zen; harlauzan eserita laketu zen; eskua berriz jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen zorrokaren kantoi ilunaren beltzean, suaren antzera kea irentsi ahala, eta gazte britainiarrak pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere behar-beharrezkoa zuela; sorterriko oihartzuna ekartzen zion gogora, agian zerbitzu sekretuetan jasotako eskoletan ikasi zuelako ze baliagarria izan daitekeen pakete bat zigarreta idazki txikiak bilduta ezkutatzeko, kode-paperak gordetzeko... Eskola horiek jaso zituela hasi zen erretzen, ordura arte ez baiten erretzailea. Baina itzal batzuek eten zuten oroitzapen-katea eta espioi britainiar gazteak ez zuen oroimen eder gehiago gogoratzerik izan. 

Alboko kantoi ilunetik longain berdeko guardia armatu batzuk sortu ziren iluntasunetik, fusilak eskuetan, gabardina griseko gizon bat buru zutela; gizonak, Astra pistola eskuan, hari destatzen ziolarik egin zion oihu. “Alto a la Guardia Civil!!” Espioi britainiarrak une batez pentsatu zuen Browning pistola baliatzea, baina hatz erakusle ez zuen Browning-aren katuan; zigarretaren punta gorria erakuslearen eta erdikoaren artean kulunka zuen; erabaki zuen askatasun azken une horiek gozatzea zorrokaren ur emari goxotasunarekin, eta sorterriko irudi lausoekin nahastuta zigarretari begira gelditu zen, zigarretaren puntu gorriari: “Tabakoak zinez txarra da osasunerako” pentsatu zuen, ingelesek berezko duten umorearekin, harik eta guardia zibil baten fusilaren aho beltza parez pare ikusi zuen arte, eta gabardina griseko gizonaren ahotsa berriz lehertu zen arte: “¡No lo maten!”

Mauser fusilaren kulata-kolpe bortitza aurpegian jaso eta ikuztegira erori zen. Hodeiekin gorde-gordeka jolasean aritzeaz aspertuta nonbait, ilargiak argitu zuen gaua, eta ilargi-izpiek dir-dir egin zuten ikuztegiaren uretan, guardia zibilen trikornioetan eta fusilen metalean, baita espioi britainiarraren aurpegi bustian. Nightingale gazteak jasotako kolpe latzaren minak sorterriko irudi lausoa eta belarrietara heltzen zitzaizkion ur-emariaren goxoa itzali zizkion. Erakusleak eta erdiko hatzak askaturik, zigarreta ere hegan atera zen, ezinezko parabola bat eginda, harik eta punta gorria zorrokaren ur hotzetan betiko itzali zen arte.