2008-01-24

Freedom for the basque country.


Independence for the Basque Country. It's our hope, wanna share it? ANV/EAE alderdia erasotua, eta legez kanpo uzteko zorian dagoen unean, independentziaren alde gaudenok isilik gelditzea nahiko lukete espainolek... Ni ez naute isilaraziko.

2008-01-16

Anaia maiteak

"Ene ondasun guztiak utzi nahi dizkiot anaia zaharrari ez nire anaia bikiari ezer ez anaia frantziskotarrari sekula ez kitatu zorrak anaia gazteenarekin horixe da nire azken nahia"

Anaia aberatsa zenaren testamentua entzutera bildu ziren lau anaiak harmonia ederrean. Idazkia jaso zuten denek ala denek, zuriaren gainean beltz, ez punturik, ez komarik, eta nork bere kasa irakurtzeko eskubidea baliatuz, hona hemen bakoitzaren bertsioa:


Anaia zaharrak:
Ene ondasun guztiak utzi nahi dizkiot anaia zaharrari; ez nire anaia bikiari, ezer ez anaia frantziskotarrari, sekula ez kitatu zorrak anaia gazteenarekin; horixe da nire azken nahia.


Anaia bikiak:
Ene ondasun guztiak utzi nahi dizkiot: anaia zaharrari ez, nire anaia bikiari; ezer ez anaia frantziskotarrari, sekula ez kitatu zorrak anaia gazteenarekin; horixe da nire azken nahia.


Anaia frantziskotarrak:
Ene ondasun guztiak utzi nahi dizkiot: anaia zaharrari ez, nire anaia bikiari ezer ez, anaia frantziskotarrari; sekula ez kitatu zorrak anaia gazteenarekin; horixe da nire azken nahia.


Anaia gazteenak:
Ene ondasun guztiak utzi nahi dizkiot: anaia zaharrari ez, nire anaia bikiari ezer ez, anaia frantziskotarrari sekula ez; kitatu zorrak anaia gazteenarekin; horixe da nire azken nahia.


Harrezkero, elkarri ez diote hitzik egiten, eta auzibide korapilatsu eta bihurrietan barrena murgildurik bizi dira anaia maiteak.

2008-01-07

Birusa! "LANA"

Blog bat ez da, inondik ere, birus baten berri emateko lekurik egokiena. Areago, kontuan hartuz birus hau ez dela berria. Nik duela bost –kaketan plost- urte, jaso nuen OHAR GARRANTZITSUA izenpean mezu hau... eta urteak pasatuta ere uste dut oharrak ez duela garrantzirik galdu.

>Norengandik: Ketiabron

>Norentzat: Kronode:

>Noiz bidalia: urtarrilaren 7a

>Gaia: Fw: oso birus arriskugarria!

OHAR GARRANTZITSUA

Bada birus arriskugarri bat, “LANA” deritzona.

“LANA” norbaitengandik jaso ezkero, hala lankide batengandik nola nagusiarengandik, e-posta edo Internet bitartez, EZ IREKI, EZ BEGIRATU ETA EZ UKITU inola ere. “LANA”rekin harremanetan hasten bazara, zure bizitza pribatua ezabatu egingo da, eta bere funtzio normalak betetzeari utziko dio zure garunak. “LANA” paper bitartez jaso ezkero, ez egin jaramonik. Ez ezazu irakurri, eta bota zuzenean zakarrontzira. Hartu jaka, joan bi adiskide onekin tabernarik hurbilenera eta eska ezazue garagardo bana. Honako hau hamaika aldiz eginez gero ikusiko duzu “LANA” erabat ezabatuko dela zure garunetik. Bidal ezazu ohar hau bost adiskide oni. Ez baduzu bost adiskide on, jadanik kutsatuta eta “LANA”ren erabateko kontrolpean zaudenaren seinale.

E-postaz jaso nuen mezuaren egileari erreparatu nion: Ketiabron, norbaitek behar du izan. Eta norentzat: Kronode. Edonork dauka izen hori... eskuinetik eskerrera irakurriz gero.

Eguberriko oporraldia amaituta, bihar lanera...

2008-01-06

Ni jaio nintzen egunean

Lehengo egunean emailu bat jaso nuen. Urtarril hotz honetako goiz hotz bat zen, eta ordenagailuaren pantailan bilatu nuen eguraldiak ematen ez zidan epeltasuna. Posta elektronikoz jasotzen den bitxikeria horietako bat zen, The day you were born –jaio zinen eguna- Beste egun batean izan balitz ez nukeen zabalduko, baina goiz hotz hura, urtarrilaren 3ko goiza zen, nire urtebetetze egunekoa.


Lehengo egunean emailu bat jaso nuela diodanean, egia diot: mailukada bat izan zen niretzat, nire urtebetetze egunean hain zuzen mezu misteriotsu hura jasotzea; ziztada bihotzean, zartada masailean, hotzikara bizkarrezurrean. Nola dakite noiz jaio nintzen ni? Hori izan zen neure buruari egin nion galdera. Bidaltzailearen izena euskalduna izateak -pagoa5@xxxxxxx.com- buruko argi gorri oro itzali zuen.


Eskuineko eskuko hatz erakusleak klik bikoitza egin zuen sobre itxiaren ikonoaren gainean. Sobrearen ikonoa pantaila epelean zabaltzen ari zelarik, buruak gaztigatu zidan birus bat izan zitekeela, amu erakargarri batez mozorrotutako birus gaiztoa. Beranduegi zen, baina. Ordurako pantailan azaldu zen The day you were born horren mezua, erdaraz. Gutxi gorabehera proposatzen zidan klik egiteko beheko estekan, ni jaio nintzen egunean zer gertatu zen jakiteko.

Eskuineko eskuko hatz erakusleak klik egin zuen estekan, hatz erakuslea burua baino askoz ere azkarragoa dela berriz frogatuz. Agertu zitzaidan webgune epelak nire jaiotza eguna, hilabetea eta urtea aukeratzeko eskatzen zidan, zenbakiz, baita “M” Male –gizonezkoa- ala “F” Female –emakumezkoa- hautatzeko. Nire hatz erakusleak, nola ez, hartu zion aurrea buruari eta “03/01/1967” dataren ondoren “M” aukeratu zuen.


Pantaila epela berotzen hasi zen eta ezinezko jarrerak agertzen zituzten neska gazte lizunak agertu ziren webgunean. Neska horiek guztiak, dudarik gabe, ez ziren the day I was born horretan bertan jaioak, alegia, ni jaio nintzen egunean bertan jaioak… Ni baino gazteagoak ziren, zalantza izpirik gabe, eta ni baino politagoak, arropa izpirik gabe.


Pantailaren beroak bigarren mailukada eragin zidan goiz hotz horretan, zehaztuko ez dudan gorputz-atal zenbaitetan, batez ere. "M" aukeratzerakoan estekatuko ez dudan webgune porno kiskalgarri batera bidali ninduelako, erotismotik askoz ere harantzago doan basamortu bero-bero mugagabera. Beti geldituko zait zalantza, zer gertatuko ote zen webgune horretan jaiotze-dataren ondoren "Female" -F- aukeratu izan banu.

2008-01-03

Errege magoak gurasoak dira

Ondoko argazkiak salatzen duenez, misterioa eta sekretua agerian dagoenez, ez dago arrazoirik kabalgatara joateko... Nor ote zen merkatal zentro erraldoi horretan egia berdadero hori jarri zuena? Bilboko, edo Iruñeko, edo Berriozarko, edo Artikako Olentzero gaiztoaren ekintza izan ote da?

Kabalgata guztietan botatzen dituzten goxoki guztiek ere ez lukete gozatuko errege magoen garraztasuna. Ezkabako talaia honetatik argi eta ozen aldarrikatu nahi dut boikot egiten diodala errege magoen kabalgatari.
Izan ere, erregeak gurasoak dira!

2008-01-02

Urte berri on!


Ama Euskal Herriak

ez du etsitzen,

bai baitaki seme-alabek,

egiazkoek,

dutela zin-zinez maite