Joan Margarit-en Bertze itsasoaren itzala poema-liburuaren azken poema euskaratzen Olaldean bukatu nuen, 2018ko udaberrian. Negu gorri luzeari udaberria ari zitzaion gailentzen, Olaldean bertan astebete lehenago elurra ikusia nuen arren. Ama zenaren baserriaren ondoko gereziondoa loretan zen, eta leihotik argia sartzen zen artean. Baserriko ordenagailuko zaharraren aurrean eserita, fitxategiaren segurtasun kopia bat egin eta USB batean gorde nuen, zer gerta ere.
Denbora-tarte bat pasatu eta gero, Donibane Lohitzunen, Margarit-en poemak zuzentzen bukatu dudala uste dut. Uste dut hori izan zen galbidea. Zinez sekula ez da zuzentzen bukatzen, are gutxiago olerki baten itzulpena, eta hamaika berridazketa eginda ere beti egonen da zalantzaren itzala bertsolerro baten atzean kukuka, hitzen doinua eta soinua, hitzen hurrenkera baten inguruan, menpeko perspaus baten atzeko koma horretaz... harik eta bukatutzat eman behar den arte.
Peri Rossi poeta uruguiarrak dioenez, idaztea sedukzio prozesu bat da, eta itzulpena, maitasun prozesu bat. Ene kasuan, gaixoaldi luze baten ondorioz hasi nintzen tajuz itzultzen maite nituen olerkariak, gaixoaldi luze bat, ikastaldi luze bat dioen esaera zaharra berrinterpretatuz edo. IdeaVilariƱo, Wislawa Zsymborska... “Bakarrik emakumezko poeten lanak itzultzen dituzu, ala?” ihardetsi zidan lagun batek... Bada ez. Joan Margariten poemek aspaldi harrapatu ninduten. Miserikordia etxea liburuari esker ezagutu nuen eta, Bartzelonara joan nintzen batean, euskarari ekarritako poema-liburu horretako lekuak bisitatzen ibili nintzen, poemak estakuru.
Orain Bertze itsasoaren itzalak liburuan agertzen diren olerki hauek, Joan Margarit-ek berak hautatuak, euskaratzen bukatu egin ditut, eta gaizki sentitzen naizela aitortu behar. Badakit sentsazio hori egun anitzen lanaren ondorioa dela, mozkorraldia baten biharamunaren antzera, horror vacui edo hutsari beldurra izatearen ondorioz.
Donibane Lohitzunen, Kantauri aitzinean nuelarik, Mediterraneo ez den bertze itsasoaren itzala aurkitu egin nuen. Han pausatu nintzen geldi-geldi eta testu hau idatzi nuen. Eta eguzkiraren argia desagertu ahala, fitxategi hau itxi eta pantailaren goiko eskuin izkinara jo nuen: shut down.