2019-12-17

Josep Borrell-en arrain ustela

Aziza Mrabih

Aziza gazteak tea prestatu du, te apartsua, aparrik ezean ez baita benetako tea.
Lehen tea, garratza, basamortuaren garraztasunaren adierazgarri, haizearen zaporea duena

Bigarren tea, xamurra, oso xamurra, aiton-amonen laztanen pare, amek egindako ogiaren zaporea duena.
 
Hirugarren tea gozoa, oso gozoa, gure Lurra bezain gozoa, Mendebaldeko Sahararen zaporea duena

Laugarren teak esperantzaren zaporea du, sahararrak Mendebaldeko Saharara noizbait itzuliko diren itxaropenaren zaporea, Lotsaren Harresia gaindituta familiak berriz bat egiteko, atzerrian errefuxiatu emandako urteetako oroitzapenak bizkarrean hartuta

Topa dagigun jadanik ez daudenak gogoan, topa dagigun zure izenean eta denon gizenean, eta topa egin dezagun Sahara askearen alde!

Azizak erretilua pixka bat garbitu, eta beste lau te prestatzera doa, apartsuak, oso apartsuak, zeren eta aparrik ezean ez baita benetako tea: garratza, xamurra, gozoa... eta beti-beti, esperantzaz beteak.
Josep Borrell ministroak “atentatu-arrisku berehalakoa” zela-eta Saharara ez joateko deia egin zuen, Marokoko atzerri-ministroarekin batzartu eta gero. Marokoko ministroaren amua irentsi eta ustezko atentatu-arriskuaren arrain ustela zabaldu zuen Borrellek. Atentatuak aste horretan bertan izan ziren, bai, baina Londresen eta Amsterdamen, eta Josep Borrell ministroa ez zen azaldu adierazteko ez zela komeni joatea Erresuma Batura edo Herbereetara. 

Aste horretan bertan Euskal Herritik Saharara joan zirenak itzuli egin dira jada, ongi eta onik, besteak beste, Berriozarko okina. Gaur goizean esan dit, hirugarren aldia dela Saharara joan dela, eta gero eta gusturago joaten dela. Josep Borrell ministroaren arrain ustelaz oroitu naiz.

2019-11-09

Joan Margarit-en poema bat, Gauezko ordutegiak

GAUEZKO ORDUTEGIAK

Ohean zure ondoan natzalarik, 
trenen joan-etorria dut aditzen,
eta beraien leihoetako argi piztuek
ene kopeta dute zeharkatzen
gau honen belusa urratzen.
Isilune bakoitzak argi
gorri bat uzten dit kable eta trenbide
ilun eta dirdiratsuen pentagraman
nota bat. Ohean zure ondoan natzalarik,
soinurik tristeena duten
trenak urruntzen ditut aditzen.
Agian tren horietako batera ez igotzean
okertu egin naiz.
Agian ongi jokatzea —zuri besarkaturik—
gauezko trenak pasatzen uztean datza azkenik. 



2019-10-27

asCATasuna

Atzo HATSAren poesia tailerra egin genuen Iruñean, hiriburuzagian. Hatsa egin eta atsegin hartzen dugu: (H)atsegin dugu Hatsa.




Mugaz bi aldetako dozena bat lagun bildu ginen eta poesia tailer-atelier-lantegian, nork bere testua idatzi zuen. Nahita egindako akatsak eta guzti, hauxe idatzi nuen:

Idaztearen artea hitz gutxirekin
asko esatean datza.
Anton Txejov-ek errana

Hitz egiterakoan istripu bat izanez gero,
hitztripua egiten duzularik,
derradan, Katalunia gogoan,
asCATasuna ez dela akats bat
akastasuna baizik

Hiriburuzagi —ezen ez buru zahagi—
Iruñearen bihotz-bihotzean aldarrika
Anton Txejoven aholkuari jarraiki
hitz gutxitan asko erranez:
gora asCATasuna! 

2019-10-10

Mugaz gaindiko injustizia

Aste bereko egun batean, Xixtor Haranburu preso senpertarrarena, eta bertze egun batean, Altsasuko gazteena; muga gainetik, Euskal Herriaren aurka ari dira Frantzia eta Espainia, mugaz gaindiko injustiziaren bidez.

Zorionez, erantzuna ez da sare sozialetara mugatu... eta ez dadila sekula horietara muga! Iruñeko Kale agerraldia manifestazio bilakatuta, jende anitz bildu gara Iruñeko udal plazan gaur iluntzean.



Espainiako legea
Frantziakoa bezala
Euskalerrian dugu
arau koloniala
legala bai, haientzat
guretzat letala
aldarrika dezagun
entzun dezatela
ez dugula etsiko
nafarrak garela.
  

2019-08-20

Nekeetan, irria ezpainetan


Gaur urtebete hemodialisian hasi nintzela Nafarroako ospitalean. Egin zidaten giltrurrun-trasplantea ez zen ongi joan eta iragan den udan giltzurrun hori galduko nuela iragarrita, hemodialisiarekin hasi behar nintzela agindu zidaten. Arrazoi medikuak medio, ezin berriz hemodialisi peritoneala egin, lehen etxean egiten nuena. Hori dela eta, hemodialisiak erabat aldatu dit bizimodua, astean hiru egun ospitalera etorri behar baitut, lau ordu eta erdiz, hemodialisia egitera. Urtarrilera arte astearte, ostegun eta larunbatetan etortzen nintzen, baina urte hasieratik, txanda aldatuta, astelehen, asteazken eta ostiraletan egoten naiz makinari lotua, beti ere goizez. 

Makinak hizpidera ekarrita, Baxter izeneko amorante irlandarraren ordez, batzuetan Alemaniako Fresenius makina batekin egin didate noizbait baina batez ere Nikkiso izeneko makina japoniar baten bidez egiten didate Bideko Ama Birginaren eguneko ospitalean. Etxeko dialisisan ez bezala, amorante bi hemen, baten ordez. Hainbeste denbora amoranteekin emanda, blog hau pixka bat utzia izan dut, eta hasi nintzenetik estreinakoz, uztail honetan ez dut testurik eman argitara. Garai txarrak lirikarako.

Hartara, urtebete emanda, garai ona da hausnaketa txiki bat egiteko. Aitortu behar dut uste baino gogorrago ari zaidala egiten, batez ere dialisi-egunetan pattal eta makal egoten naizelako egun osoa, buruko minak jota anitzetan. Bestalde, urte luze honetan sendagile batekin baino gehiagorekin egokitu zait eta ikaspen bat atera dut argi: sendagileen iritziz, errugabetasun-presuntzioa ez dagokio sekula gaixoari, eta analisiek diotenari itsuki jarraitzen diotenez gero, zerbait ez bada atera beraiek aurreikusi bezala, "errua" gaixoarena da. Erlijio-similekin jarraiki, badakit "inor ez dela bekatutik libre jaio", baina ez dut batere ongi eramaten sendagile batzuek duten jarrera jainkotiar hori, gaixoarengan "bekatuaren zama" uzteko joera alegia.

Kontu horiek gorabehera, hemen natza Japoniako Nikkisori loturik, bertze goiz batez, denbora nahi baino motelago pasatzen delarik... Eta esaera zaharrari helduko natzaio: "Nekeetan, irria ezpainetan"

2019-06-25

Erretreta hartua baina ez erretiratua

Ezkabako talaiatik Antsoaingo Ezkaba eskola publikoa ederki dakusat. Bertan ingeles irakasle lehenbizi eta zuzendari gero ibilita, agur errateko unea heldu da. Erretreta hartzeak lan-bizitzari adio erratea dakar, baina ez bizitzari; bizitzaren bertze tarte bat baizik ez da aitzinean dakusadana. Ezkabako lankideekin Fernando Gorriz orientatzailearen jubilazioa ere ospatu genuen, eta argazki pare bat dakarkizuet, horren oroitgarri, baita bide luze eta bihurria eman duen bertso birziklatu bat ere...





Hasteko agurra, lankide,
eskerrik asko, aurrena
egindako lan guztia
ez da hutsaren hurrena
lan eta lan arituta
bide emankor ta zuzena.
Egindako ahalegina
denbora, gogo ta dena,
Linguae Vasconum zabalduz
gure herrian barrena,
gure hizkuntza ez dadin
ibil munduan herrena.
Eskertzen dizuet biziki
zuen lana ta kemena
merezitako erretreta
gozatu eta segi aurrera.






2019-05-19

Agur eta ohore, Daniel Vidart


Daniel Vidart, Uruguaiko antropologo ezaguna hil berria dela eta, ozeanoz alde honetatik azken agurra eman nahian, idazki xume hau. Izan ere, nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea izan nuen, Montevideoko Fellini jatetxean egin zuen liburu-aurkezpen batean. Ordurako urtetan sartuta egonik ere, gizon jantzia eta jakintza handikoa zela erakutsi zuen. Entzuleen artean, besteak beste, garai hartako Uruguaiko Hezkuntza ministro Simón andrea, maisu zaharraren hitzei adi, gu bezalaxe. Gizon handiek —eta ez handi-nahiek— duten xalotasun eta apaltasunaz agurtu gintuen euskaldunak ginela adierazi ziotelarik. Euskal arbasoak izateaz harro baina harrokeriarik gabe, Vidart abizenaren etimologiaz aritu zen, Lapurdiko Bidart herriaz, eta gizon apala bezain jakintsu batekin solasean ari ginela ikusi nuen. Nire xumean, euskarazko nire liburutto bat eman nion opari, eta apalategian harrotasunez gordeko zuela erran zidan. 



Uruguaiko antropologo, ikerlari, poeta eta intelektualik handienetako bat izanik, panegirikoren beharrik ez du Daniel Vidart maisuak, hor baitaude bere liburu eta bere idazkiak. Jakintsu xalo eta amultsu honi egin dakiokeen omenaldirik handiena, agian, bere idazkiak eta obrak ezagutzea eta ezagutaraztea da. Los fugitivos de la Historia  liburuaren aipuak artikulu batean baino gehiagotan baliatu dut, baina azpimarratu eta aholkatu nahi dut Vidartek berriki idatzitako artikulu mamitsu bat, Sobre la falta de pensamientoque hoy nos acoquina e identifica,   —Pentsamendu faltaz, gaur egun makaltzen eta ezaugarritzen gaituenaz— bizi garen garaiaz zer pentsaturik ematen duen artikulu mamitsua.

Izan ere  politikari neoliberalak ikusita, Ameriketan ez ezik ozeanoz alde honetan ere “buru pentsalarien falta” begi-bistakoa da, eta Rio de la Plata ibaiaren bertze aldean Macri badute, Frantziako Estatuan Macron dugu, Iparraldekoendako kalte; eta mugaz alde honetan Casado, Rivera, Esparza, Chivite eta enparauak ditugu Hegoaldekoen kalterako, hauteskunde kanpaina hauetan ageri-agerian gelditu denez behin baino gehiagotan: eskematik ateratzerik ez dakiten erdi-ipurdiko hizlariak, maila ezin eskasagoko eztabaidak, eskola-patio bateko maila politiko negargarria erakutsiz… salbuespenak salbuespen.

Daniel Vidart maisuak hizkuntza klasikoak maite zituenez gero, zilegi bekit, amaitzeko, aipu klasiko bat baliatzea haren omenez: Sit Tibi Terra Levis, edo hainbeste miresten zuen euskaraz esanda, Lurrak goxo har beza bere baitan... eta bego geure gogoan.

2019-04-27

Hatsegin (sic) dugu Hatsa



Hil honetan eman berri da argitara aurtengo Hatsaren poesia bilduma. Maite dugu Hatsa. Hatsegin (sic) dugu Hatsa. Izan ere, olerkari anitz eta askotarikoak biltzen dituen bilduma da, urterik urte ateratzen dena, hutsik egin egin gabe azken hogeita bat urteotan. Iragan den mendeko azken urtean sortua izanagatik, XXI. mendeko euskal poesiaren lagin ezinbertzekoa bihurtu da, urteen poderioz, Hatsa bilduma. Urte oro, ehun olerkari baino gehiagok bina edo hiruna olerki igorrita, mende honetako euskal poesiaren erakusgarri aparta sortzen da. Eta hor dago aurtengo liburuaren azala, Mattin-en marrazki bat oraingo honetan, ohiko argazkia bazter utzita. Eta barruan, olerkiak. Horietarik bat, hauxe:

Olerkariok ez omen dugu
inorentzat idazten
ezpada mahatsondoetako antxetentzat.
Dantzan suelto ikasi dugu
ekinaren ekinaz,
atzeak erakusten baitu
nola idatzi aurrea.
Eta hurrena?
Hurrena, hur-hurrean,
mahatsondoetako antxeta urrunak,

xede hartuak.

Izan ere, poesia idazten dugunok beti izan ohi dugu zama erantsi bat, alegia, norentzat idazten dugun, poesia jende gutxik irakurtzen baitu. Mikel Balentziaga lagunak badu argitaratu gabeko poema-bilduma bat, Mahatsondoetako antxetak izenekoa, eta niri beti begitandu zait ederra dela irudikatzea olerkariok irudimenezko mahatsondoetako antxeta batzuentzat idazten ditugula gure olerki ttipiak.

Olerki hori aurtengo Hatsaren poesia bilduman argitaratu da; aurtengo bilduman, ehun eta hogei olerkarik parte hartu dugu... Hatsegin (sic) dugu Hatsa!



2019-04-06

M1ekoLak

Gaur arratsean pasatuko da Korrika Ezkaba mendiaren magaletik. Bart, honen atariko eta Korrika kulturalaren baitan, Minutu Bateko Eleak ekimena egin genuen Berriozarko Herria ostatuan, ohi den gisara.

Ekitaldi xumea bada ere, badu bere xarma, eta atzo dozena bat lagun baino gehiagok parte hartu genuen, mikrofonoaren aitzinean nork bere testua -maileguan hartua edo espreski sortua- irakurtzeko. Testua, izenburuak berak agintzen duenez, ezinbertzez laburra, minutu bat baino luzeagoa ezin baita izan!

Duela hamar urte abian jarri genuen ekimeneko argazkiak ikustean, hor agertzen zaigu Pello Uharte Orotz zena, guretzat lagun eta eredu, maisu eta burkide, baita bertze lagun zaharrak ere ere, gaur egon ez direnak...

Nik atzo olerki ttipi hau egin nuen:


Zurekin izandako
une goxoak
marmol-harrian behar ditut zizelkatu,
eta zurekin izandako
haserraldi gorriak
hondartzaren harean
behar ditut zirriborratu,
olatu harrotuek azkar
ezaba ditzaten.





Liburutto batean bildu dira testuak eta bost euroan salgai jarrita, lortutako dirua Korrikari laguntzeko bideratuko da.


Gora Euskara, gora Korrika eta gora Berriozar!

2019-03-30

Haibuna 俳文


Haibuna 俳文

Matsuo Bashōk erabili zuen estrainekoz "haibun" hitza XVII. mendean; 1690ean Kyorai ikasleari idatzitako eskutitz batean agertzen delarik. Bashō izan zen lehen haibun egilea, berak idatzi baitzituen haibun batzuk egindako bidaietan, ospetsuena, Oku no Hosomichi.
Haibun tradizionalak leku baten, pertsona baten edo objektu baten deskripzio laburra izaten zuen, edo bidaia baten egunerokoa, edo poetaren bizitzaren beste gertakari batzuk.
Haibunak idatzi zituzten, besteak beste, Yosa Buson, Kobayashi Issa eta Masaoka Shiki haikugile ospetsuek.

Haibunaren ezaugarriak

Normalean, haibun batek prosazko paragrafo bat (edo gutxi batzuk) izaten d(it)u, eta haiku bat (edo gutxi batzuk gehiago)
Haibuna testu labur bat da —ezen ez motza— prosa eta poesia uztartzen dituena, beti ere Japoniako estetikaren ikuspuntutik. Prosazko zatia ez da oso luzea izan behar, eta 300 hitzetatik ez pasatzea aholkatzen da.
Hortaz, testu narratiboarekin batera estetika japoniarreko poema bat behintzat agertuko da, haiku bat (edo gehiago) normalean, baina baita senryu, zappai, edo tanka bat.
Prosaz hasten da haibuna —prosa poetikoa izanik ere— eta hari narratiboaren maila gorenean haikua agertzen zaigu, hasierako zati narratiboaren etena, bat-bateko agerpen poetikoa, bukaerako haikua.
Haibuna, beraz, genero poetiko diskurtsiboa dugu, non prosa poetikoa eta haikua, biak, batera agertzen zaizkigun; prosa poetikoaren gailurrean haikua agertzea izaten da eskemarik errepikatuena, bakarra ez den arren.
Haibun batean egoera bat deskribatzen da, edo une berezi bat, era zehatz batez kontatua... edo izan daiteke amets baten fikziozko kontakizuna. Haiku osagarriak, prosazko testuarekin uztartuak, prosazko zatiarekin lotura zuzena ala zeharkakoa izan dezake, eta haikua biribiltzeko edo prosaz kontatutakoa argitzeko idatzi ohi da, baina ez errepikatzeko jadanik prosaz adierazitakoa; izan ere, haikuan prosan jadanik esandakoa errepikatzea sahiestu egin behar da.
Haibun batean bidaia baten berri eman ohi da, baina bidaia hori fisikoa ez ezik buruan sortua ere izan daiteke, eta ez da deskribapen hutsa izatera mugatzen, bidaian sortutako sentimenduek eta emozioek ere garrantzi handia dutelarik.
Hori horrela, iraganeko oroitzapenak izanagatik, askoz eraginkorragoa da orainaldian eta lehen pertsonan idaztea, eraginkortasun komunikatiboa handiagoa izate aldera. Orainaldia baliaturik, irakuleak egilearekin batera bidaia horiek, bizipen horiek, partekatzen ditu, orain eta hemen gertatzen ari direlako sentsazioa komunikatzeko.
Haibun bat idazteko orduan —haikuan bezala— less is more edo gutxiago gehiago da urrezko arau kontuan hartu behar da; ez da, beraz, luzamendutan ibili beharrik, ez perifrasi luzeetan galdu beharrik: proza zorrotza baliatu behar du idazleak —ez motza, bai laburra—.
Bukatzeko, prosaren osagarri den haikua bukaeran agertu ohi bada ere, egilearen esku dago jartzea bat baino gehiago —ez gehiegi— eta tartekatzea haikua(k) prosan zehar, estiloak estilo.
Egia da, bestalde, ingelesezko Contemporary Haibun aldizkariaren azterketa labur bat eginda, aditzaren denborari erreparatuz gero, aise ikusten da kasu zenbaiteten lehen aldia agertzen zaigula (Tense-Use and Haiku-Appearence in Contemporary Haibun), bertan aldaera anitz agertzen direlarik.
Laburbiltzeko, haibun-egilea, beraz, bada narratzaile bat haikugile izan nahi duena... edo haikugile bat, narratzaile izan nahi duena... biak, segur aski.

Haibuna Japoniatik at

Haibuna Japonitik at ere zabaldu da.
Ingelesez, lehenbiziko haibuna izan zen James Merrill amerikarraren Prose of Departure, The Inner Room liburuan argitaratua (1988).
Estatu Batuetan jarraituz, ingelesezko lehenbizko haibun-lehiaketa 1996an izan zen, Lehiaketa horren ondorioz Wedge of Light eman zen argitara 1999an. Urte bat lehenago argitaratu zen ingelesezko lehen haibun-bilduma, Bruce Ross-en Journey to the Interior: American Versions of Haibun
Bruce Rossen beraren ekimenez haibun-bilduma bat atera zen 1999az geroztik American Haibun & Haiga urtekaria, gaur arte jarraitzen duena, 2003az geroztik Contemporary Haibun izenarekin bada ere; 2005az geroztik Contemporary Haibun Online ere Interneten dago.
Britainia Handian, berriz, David Cobbel-ek British Haiku Society elkartea sortu zuen, 1990ean
Frantzesez, duela urte gutxi, 2011ko otsailean, Association Francophone pour les Auteurs de Haïbun sortu zen, eta 2014an elkarte horrek berak eman zuen argitara Chemins croisés, frantsesezko haibun-antologia bat.
Gaztelaniaz abiapuntua jarri zuen Octavio Paz mexikarrak —Eikichi Hayashiyaren laguntzarekin— Bashōren Oku no Hosomichi, 1957an itzuli zuelarik.
Hojas en la Acera aldizkaria, haikuan berezitua izanik ere, haibunak argitaratu dira. Gurean, Luis Elir Luelir eta Pedro Pagés Yama lagunek haibunak idatzi dituzte, batzuk ikusgai blig honetan: http://haibun575.blogspot.com.es/, Albaceteko beste lagun batekin batera sortua.
Gaztelaniaz Ameriketan ere haibuna idazten da; Perun, adibidez, Alfonso Cisneros Cox dute.

Euskaraz, nik dakidala, ez zegoen deus... orain arte.

2019-02-17

Inauteriei begira, sorginak eta akerra Akelarrean


SORGINAK

Sorginak Mari jainkosaren lagunak, Ama-Lurraren lagunak eta zerbitzariak ziren. Sorginek medikuntza tradizionala erabiltzen, gordetzen, ikasten eta irakasten zuten herriko jendea sendatzeko eta zaintzeko. Haiek ziren herriko sendagileak, erizainak eta emaginak. Hori dela eta, emakume jakintsuak eta boteretsuak ziren, eta, horregatik garai horietako agintariek emakume arriskutsu eta susmagarritzat hartzen zituzten.

Agintean zeuden horiek emakume horien aurkako gezurrak eta funtsik gabeko salaketak asmatu zituzten herriko jendearen artean sorginekiko beldurra zabaldu nahian. Horren ondorioz sorgin asko eta asko atxilotu, eta hil egin zituzten.

Emakume horien aldeko omenaldi txiki bat egin nahi dugu inauteri hauetan.



Tasio marrazkilariena duzu irudia










AKERRA

Arestian aipatu dudan bezala, garai horretan boterean zeudenek sorginen aurkako asmakeria asko zabaldu zuten. Adibide ezagunenen artean, Akelarrea izeneko kontua aipatu behar dugu.


Inkisidoreek zabaldu zuten sorginak, ilargibete gauetan, mendietan elkartzen zirela eta deabrua, akerra, gurtzen zutela.

Zugarramurdin bada soro bat, Akelarre izenekoa, eta inkisidoreek sorginen eta deabruaren arteko elkargunea bertan zela asmatu zuten: Zugarramurdi izan zen, hain zuzen ere, Nafarroa Garaian sorgin-ehiza lazgarriena nozitu zuen herria.

Francisco de Goya-ren "Aquelarre"



2019-02-10

Aingurak eta arrangurak liburuaren aurkezpenak otsailean





Hiru  poeta eta, halere, lagunak. Hirurak Iruñekoak eta hirurak euskaldunberriak. Juankar Lopez-Mugartza, Fertxu Izquierdo eta hirurok.

Hilaren 14an, 7,30etan, Juankar Lopez-Mugartza altsasuarra eta biok Aingurak eta arrangurak liburuaz solas eta jolas Iruñeko Karrikiri liburu-dendan.

Hilaren 21ean, 7,30etan, Fertxu Izquierdo txantrearra eta biok, liburuaz ele eta mele Berriozarko liburutegian.

Hiru poeta eta, halere, lagunak...


2019-01-19

Aingurak eta arrangurak prentsaurrekoan




Eskatu gabeko poema

eskatu gabeko musua 
bezalakoa da.
Baina horrela eskatuz gero,
ezin diezazuket ezetzik esan.
Beraz, emadazu orri txuri bat
ea betikoa adierazteko
poema berri bat

idazten dizudan.




Euskalerria Irratian: Reyes Ilintxetaren elkarrizketa
GARAn, Alex Uriarteren eskutik