2011-06-24

Montevideo, Derry, Iruñea

Montevideon Daniel Vidart antropologo uruguaiarra ezagutu nuen. Euskal jatorrizko bere abizenaz harro, hauxe diosku: “nostalgia hitzak —grekoz, nostos, itzulera; álgos, mina— itzultzeko irrika, desira mingarria, azaltzen du.” (Los Fugitivos de la Historia. Ediciones de la Banda Oriental, Montevideo, 2009)


Nostalgia hitzarekin batera, herrimin hitza dugu euskaldunok, berez, hagitz adierazgarria. Euskal Herritik at gaudelarik, gurea ez den Herri batean atzerrian gaude; beste herri batean, erbestean. Atzerrira joanda preso politiko bat bisitatzera, eta bisita beste Herri batean eginda, laguna, anai-arreba, osaba-izeba, seme-alaba edota gurasoa kartzelan utzita, Euskal Herrirako bidea hartzen dugu sentsazio nahasi batekin: alde batetik, herrimina, Euskal Herrira ahalik eta lasterren itzuli nahi dugulako; bestetik, nostalgia, laguna, anai-arreba, osaba-izena, gurasoa edo dena-delakoa, jakin badakigulako Espainiako, Portugalgo edo Frantziako kartzela urrun batean utzita, itzuli beharko dugula berriz ere dispertsio politikari esker. Nostalgia, itzultzeko desira mingarria, mingarria baita itzuli behar izatea atzerrira gogoz kontra.


Derryn Tony Gillespie apaiz irlandarra ezagutu nuen. Duela gutxi izan da Iruñean, Bloody Sunday ekimena dela eta. Galdetu zidan Derryn aspaldi egondako preso nafar bati buruz, eta kontatu nion ia-ia hogei urte daramatzala kartzelan, eta orain Iruñetik ia-ia mila kilometrora dagoela, herritik at, atzerrian, Puerto IIn —irakur bedi puertodosen—; kontatu nion ze trabak jartzen zizkioten alabarekin euskaraz komunikatzeko, eta beste hainbat kontu. Lagun irlandarrak argi esan zuen hitz bakar batean: “Hori amorala da”.


Kartzela politika mendekatzaileak ez du ezer onik ekarri, eta kartzela politika giltzarrietako bat da gatazka gainditzeko, are garbiago orain: borroka armatuaren aitzakiarik gabe, guztion elkartasunarekin eta engaiamenduarekin bidea egiten ahal dugu.


Montevideon eta Derryn badute presoen egoera larriaren berri. Uztailaren 3an dugu hitzordua, Iruñean, eguerdiko 12etan Golen zinemetatik abiatuko den manifestazioan: euskal presoak Euskal Herria ekartzeko bidea egin dezagun, entzun nahi ez dutenek ere entzun bezate, egun batean nostalgia eta herrimina iraganeko kontuak izan daitezen.

No comments: