Ikasturtea amaitzear eta irakaskuntzaren munduan ibiltzen garenok jakin nahi genuke nor izanen den Hezkuntza kontseilaria.
Kontseilariak badatoz eta kontseilariak badoaz. Batzuek beste batzuek baino eragin handiagoa izan dute. Oroitzen al zara Markotegi eta Arellanoren garaiez? Ziur baietz. Baina, nor oroitzen da orain Jesús Laguna kontseilariaz? Eta Luis Campoy kontseilari tuterarraz? Gero, Perez Nievas etorri zen, baina dimisioa eman zioten duela bi urte, UPN-k eginiko jokaldi politikoaren ondorioz CDNren izarra betiko itzaltzearren. Orduan Miguel Sanzek esan zion Alberto Catalani Hezkuntza kontseilaritza ere hartzeko. Azken bi urteotan Alberto Catalan esanekoa izan da Hezkuntza kontseilaria, UPNzen zuzendaritzako kidea izateaz gain eta Gobernuaren eleduna ere izateaz gain.
Hauteskundeak eta gero, argi zegoen Catalanek ez zuela jarraituko kontseilari. Haren ordez nor, baina? Antza, Nafarroako Unibertsitate Publikoan erretore izandako Pérez Prados jauna izanen omen da kontseilari berria, Barcinak horretarako erakarri zuen-eta UPNren zerrendetara. Irakaskuntzan urte batzuk daramatzagunok badakigu kontseilari berri bakoitzak egitasmo berriak ekartzen dituela; berri zaharrak, akaso.
“Goitik” etortzen zaizkigun hitz handiko eta xede handiagoko egitasmo horien mendean bizi gara irakasleok. Bat-batean etortzen diren ekaitz horiek kezkaturik eta durduzaturik uzten gaituzte, trumoi ozen eta oinaztargi azkarrak itsuturik. Hezkuntza politikaz arduratzen diren horiek, batzuek ume bat eskolan inoiz ikusi ez duten horiek, den-dena egiteko agindu eta epe estuak ezartzen dizkigute: Santo Domingo aldapatik agindu, eta lubakietako irakasleek aginduak bete ditzatela, eta, ahal bada, atzoko. Nornahi izan delarik ere, kontseilari guztiek nahi izan dute euren arrastoa utzi hezkuntza munduan, euren inpronta.
Orain euskaltzale izateagatik nabarmentzen ez den Perez Prados izan daiteke kontseilari berria, UPN eta PSNren koalizio gobernuari esker –uler bedi ironia-; Yolandaren eta Robertoren arteko feeling-ari esker.
Niri Roberto Jimenezek gogora ekartzen dit Alemaniako sozialdemokraziaren burua zen August Bebel. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren ibilaldi herratikoa zen, eta Alemaniako eskuinaren txaloak hartzera ohituta zegoen August Bebel. Orduan parlamentari ezkertiar batek galdetu omen zion: “Zertan ari zara, Bebel? Burgesiak txalotzen badizu…” Seinale txarra!
Ez gaitezen harritu, beraz, karramarroa deitzen diotenean Roberto Jimenezi. Zergatik deitzen diote Pitillasekoari karramarroa? Politika kontuetan beti atzeraka, atzeraka, atzeraka ibiltzen delako, karramarroaren gisara.
Profita dezagun oporraldia atseden hartzeko eta indarrak biltzeko, lagunok, irailean beharko ditugu eta.
No comments:
Post a Comment