2011-01-26

Urtarrilak 27, greba orokorra Hego Euskal Herrian

Pentsioen murrizketaren kontrako greba orokorraren deialdiarekin bat egin dut. Kaleak afixak, pankartaz eta tindaketaz josita daude. Pankarta batek, baina, arreta eman dit beste askoren artean. Iragan den astean Nafarroan izandako atxiloketen haria eta biharko grebaren haria uztartzen dituen pankarta deigarria.

Esan daiteke ozenago, baina nekez argiago.

2011-01-14

Berriozarko Irakurle Kluba: "Zoaz infernura, laztana"

Aste honetan izan dugu solasgai Berriozarko Irakurle Klubean Zoaz Infernura, laztana izenburuko liburua, Anjel Lertxundirena.

Hizkuntz errejistro anitzeko liburua berau; hiru narratzaile tartekatzen dira nobela honetan:

Lehenik, narratzaile orojakile bat, kamera baten modukoa, 3. pertsonaz hitz egiten duena eta orain aldian. Honek tratu txarren gaira sartzen gaitu ikuspuntu aseptiko(edo) batetik

Ezkonduta zegoen eta atzera bueltarik gabea egiten zitzaion egoera: janda zuekan Tomasekin egin beharko zituela hil arteko urteak. Bizitzaren tonbolan tokatutako desgrazia bar zen Tomas berarentzat, bizitza infernu bihurtu zion patu txerrena.

Bigarrenik, Rosa protagonista, txatu txarren biktima eta nobelak kontatzen duen hilketaz epaileari berorrika egiten dioena; gartzelako emakumezko psikologoari, aldiz, noka.

Arrastaka dabilenari eransten zaion zikina, baina nik ez dinat arrastaka ibili nahi.

Azkenez, gartzelako psikologoa (edo), Rosaren gaineko idatzizko txosten bat erredaktatzeko lana hartu duena.

Hizketan jardun genuenetako batean, Rosaren argazki bat ikusi nuen bere gauzen artean. Bera beste zerbaitetan ari baitzen, ez zen konturatu argazkia hartu nuela. Ertz koskadunak izaten dituzten foto zahar horixka horietako bat zen, gutxi kontrastatua. Rosa bakarrik ageri zen irudian, hondartza ertzeko hoteltxo baten aurrean. Galtza estu batzuk zituen, aldakak nabarmentzen zizkiotenak. Alkandora, berriz, lasaia zuen, hegalak aldaketan behera erortzen zitzaizkiola. Itxura guztien arabera, opor batzuetan ateratako argazkia zen. Nik ezagutu nuenean baino hamar bat urte gazteago, Rosak irribarre egiten zion objektiboari, oso atsegin, argazkian ondo gelditu nahian bezala. Edo, beharbada, erretratua ateratzen ari zenari atsegin emateko.

Batzuetan idazterakoan sentimenduak ere labaintzen zaizkio:

Damututa nengoen zirika aritzeagatik haren zaurietan

Eta beste batzuetan idazkuntzari buruzko gogoeta txikiak ere, A. Lertxundiren Eskarmentuaren paperak liburuaren atal bat baino gehiago gogorarazi didana:

Horregatik ez dut juzgatu nahi −egunkariek-eta zergatik juzgatu zuten hain aise, beraiek jakingo dute−. Eta nire hitzotan juzguren baten arrastorik isuri bazait (juzgu txarren baten arrastorik, esan nahi dut), hitzekin eta idazkuntzarekin dudan harreman zailagatik da.


[Idazteak] Ez du atseginik ematen, neke handiko lana baita. Zehatza izan nahi duzu, ez duzu hanka sartu nahi. Behin eta berriro gogoratu behar duzu borondate ona ez dela nahikoa zuzen idazteko, ezta bidegabekeria saihesteko ere. Idazten ari zarelarik, aldian behin sentitzen den poza apar hutsa da. Idatziaren atsegina gero dator, inoiz etortzekotan: hitzari hitz josi duzun mataza berrirakurri eta zehatz samar −zuzentasunez, alegia− aritu zarela ikusitakoan. Baina idazten ari naizena hain baita garratza, atseginak ozpinaren zaporea du beti

Oso plantamendu ausarta eta A. Lertxundik oso ederki bilbatu duena.

Bestalde, azpimarratu nahi nuke zen zer trebetasuna duen idazle horrek deskribapen eder zehatzak egiteko, ia-ia zineman bageunde bezala ikus baitaitezke, konparazio batera, Rosaren soinekoak behin baino gehiagotan:

Hizketan jardun genuenetako batean, Rosaren argazki bat ikusi nuen bere gauzen artean. Bera beste zerbaitetan ari baitzen, ez zen konturatu argazkia hartu nuela. Ertz koskadunak izaten dituzten foto zahar horixka horietako bat zen, gutxi kontrastatua. Rosa bakarrik ageri zen irudian, hondartza ertzeko hoteltxo baten aurrean. Galtza estu batzuk zituen, aldakak nabarmentzen zizkiotenak. Alkandora, berriz, lasaia zuen, hegalak aldaketan behera erortzen zitzaizkiola. Itxura guztien arabera, opor batzuetan ateratako argazkia zen. Nik ezagutu nuenean baino hamar bat urte gazteago, Rosak irribarre egiten zion objektiboari, oso atsegin, argazkian ondo gelditu nahian bezala. Edo, beharbada, erretratua ateratzen ari zenari atsegin emateko


Agian horretan datza idazle handi horren sekretuetako bat: deskribapen sinesgarriak, komunikatiboak, eraginkorrak, deskribapen egokiak -eta ez pisuak- egiteko gaitasunean, alegia.

Inazio, irribarretsu, begira gelditzen da emakumea tabernan sartzen den arte. Hasperen egiten du, kamiora igotzen da. Giltzari eman, motorra arrankatu eta berotzen dauka pixka batez. Kabinak dardaratxoak egiten ditu. Halako batean, palanka primeran jarri eta gasolindegia uzten du zalaparta handia atereaz.


Laburbilduz, oso ongi idatzitako nobela, gaia -niretzat behinik behin- oso erakargarria ez izanik ere. Zinemara eramateko modukoa.



Irakurle klubaren hurrengo hitzordua otsailaren 16an dugu, asteazkena, iluntzeko 8etan, Berriozarko liburutegian. Aukeratutako liburua, Amélie Nothomb-en Durduzaz eta dardaraz.





2011-01-07

Caffè macchiato ala espresso?

Milano-ko katedralaren inguruko merkatal gunea jendez betetzen da igandea izanagatik: domenica senpre aperto gaztigatzen dizu harro iragarki handi batek. Katedrala bisitatu dugu, duela bost urte Reggio Emiliara etorri ginelarik, hegazkinetik baizik ez baikenuen ikusi Milanoko Il Duomo katedral erraldoia. Arantza hori kendu dugu bihotzetik.


Milano-ko katedral itzelaren orratz horiek guztiak triku baten itxura ematen diote eta bertakoek hala deitzen omen diote, sagarroia edo kirikiñoa. Hori kontatu didate behintzat, horko kafetegi batean. Atzerrira joaten naizenean, turistak ibiltzen ez dituzten kafetegiak maite ditut. Saiatzen naiz saihesten turistatzat har nazaten. Milano-ko erdigunean zaila da turistentzat ez den kafetegi bat aurkitzen, baina lortu dut. Kafea hartzeko orduan, italiarrak nora, gu hara. Normalean macchiato hartzen dudan arren, oraingoan espresso bat hartuko dut. Ez dut kafe txar bat ere hartu bidaia osoan.


Atzerrian, herri bakoitzaren berezko hatsa arnastea dut gustukoen eta ahalegintzen naiz bertako usadioak ikasten, tokian tokiko jana eta lekuan lekuko edana profitatzen. Nago bederatzi eguneko oporraldi labur honetan gainetik baino ez dudala dastatu Italia.

2011-01-05

Izotz ondoko eguzki, Veneto-n gaindi.

Gaua Venezian emanda, Veneto-ko hiriburutik Verona-rako bidea hartu dugu. Strada-ren, autopistaren alde banatan mahastiak eta mahastiak ihintzaz zipriztinduak. Tenperaturarik gabeko goiza: 0 grado kanpoaldean, buseko termometroak salatzen duenari kasu egitera. Venezia-tik Verona-rako bide oso-osoa sakelako telefonoz hizketan eman du buseko gidariak. Ordubete, aise, hitz eta pitz. Italian ez omen dago debekatuta sakelako telefonoz aritzea gidatzen duzularik. Buseko gidari italiarren inguruko mito guztiak egiazkoak direla berresteko aukera paregabea. Buseko lehiotik begira ari naizelarik, eguzkiaren izpi batzuek argitzen dute inguru izoztua: Izotz ondoko eguzki. Ezinezkoa gogoratzea Xabier Lete-ren poema osoa gidariaren kalaka gogaikarria dela bide... Hasierako bertsoaz aparte, ez dut besterik gogoan: Izotz ondoko eguzki.

Veronan, busetik jaisterakoan, gidariak galdetu digu:

- Spagnoli?
- Ez, basqui.
- A, basqui, separatisti!

Jatorra, gidaria.

Veronan, bero onik ez, hotz handia baizik. Piazza Brà-runtz abiatu gara oinez eta orduan etorri zait burura Xabier Lete zenaren beste bertsoak.

Izotz-ondoko eguzki,
neguaren farre:
olerkariak noizbait
hiri gorazarre.