Showing posts with label gerra. Show all posts
Showing posts with label gerra. Show all posts

2026-09-01

Isaac Puente Ameztoy, aintza eta ohore

 Isaac Puente Ameztoy 1896ko ekainaren 3an sortu zen, Las Carretasen, Abanto-Zierbanan (Bizkaia)
1907an Orduñako Jesuiten kolegioan hasi zen Batxillergoa egiten; azken bi ikasturteak Gasteizen egin zituen, familia Arabara joana baitzen 1911n. Izan ere, Gasteizen botikari lan egitera joan zen aita, San Frantzisko Aldapa -Cuesta de San Francisco 2- kaleko botikan, gero, anaia ere bertan aritu zelarik farmazilari. 1913an batxiller titulua eskuratu zuen. Urte batzuk igarota, Isaac Puentek berak onartu zuen ez zegoela safisfos Josuren Lagundiaren ikastegian jaso zuen heziketarekin...

Mediku izan zen 1918ko urritik, eta 1919ko urtarriletik Maeztun lortu zuen sendagile plaza. 1919ko maiatzean Luisa García de Adoin Sedanorekin ezkondu zen, Bilbon; Isaac, 23 urteko gizona zen orduan. 

Arabako Maeztu herrian aritu zen sendagile. Hainbat eta hainbat artikulutan sinatzeko tenorean honakoa jartzen zuen bere burua definitzeko asmoz: “landa eremuko mediku bat”. Haren ustez, medikuntza soziala izan behar zen eta honako hau zioen: “Norbera baino mediku hoberik ez dago”. Isaac Puente. El médico anarquista. (Francisco Fernández de Mendiola, Txalaparta, 2007,) liburuan aipatzen denez, “gizon garaia zen, beltzarana, serioa, ondratua eta zentzuduna”.

“Ikusten bazuen eriaren egoerak eskatzen zuela, gaixoaren etxean pasatzen zuen gaua ikusteko nola zihoakion gaixoari. Kobratzeko tenorean, ikusten bazuen miseria gorrian bizi zela, ez zion kobratzen; are ogerleko batzuk ere uzten zituen burkoaren azpian gaixoaren familiak botikak eros zitzan.” Ezkuzabal eta bihotz handiko gizona, beraz.

Meri alabari kasu egitera, Isaac Puente “lehenik karlista izan zen, baina baziren langile batzuk aritzen zirenak Ferrocarril Vasco-Navarroaren lanetan, Lizarra eta Gasteizen arteko trenbidean, eta horiek  CNT-koak ziren: horiek konbentzitu zuten aita eta anarkisten aldera pasa zen.”.

Diotenez, 1934an Isaac Puentek sustatua, picnic nudista bat ospatu zen Gasteizko katedral berriaren aitzinean, artean urbanizatu gabeko orubea zelarik; ondoan, baina, aberatsen neskatikoendako Ursulinas-en kolegio bat zegoen; hura zen hura mojen asaldarura! Neskatilen irri lotsatia eta inguruko langileen  irri konplizeak! Gasteizko anarkistei beha aurre-aurrean gizonezko zein emakumezko biluzik zituztelarik.

Antza, Isaac Puente ez zen oso hizlari iaioa, eta hitzaldi bat eman behar zuenean, orri txiki batzuk baliatzen zituen; idatziz, ordea, literatur estilo zuzena zuen eta irakurle ororentzako egokia. CNT sindikatuko kide izanik, Isaac Puente Anarko-komunismoaren eredu izan zen eta bere idazkien ekarpena ez da asko ikertuta izan. Nolanahi, Buenaventura Durruti buruzagiak konfiantza handia zuen harengan, eta Comite Nacional Revoluciónario delakoan  buru jarriela, horren adierazgarrri. Engaiamenduaren ondorioz atxilotua izan zen 1934ko maiatzean Isaac Puente torturatua eta auzipetua izan zen.

1936ko altxamendu frankistaren ondorioz, Maeztun zela, atxilotu, espetxeratu eta Gasteizko gartzelara eraman zuten uztailaren amaieran. Espetxean zela, Milan Astrai-egon zen tarte batez bai Maeztun baita Gasteizen ere. Kasualitatea ala kausalitatea? Irailaren 1ean, Pancorbo-ko mendi-arroilan fusilatu zuten Isaac Puente, baita Maeztuko bertze udal batzarkideak ere; udal batzar osoa erail zituzten orduko faxistek. Non ote dauden zehazki ehortzirik, batzuen ustez eta bertsioak bertsio, ez da kontu segurua. Kontu ziurra dena da epaiketarik gabe, gauez eta azpikeriaz erail zituztela, eta hiltzaileen zigorgabetasun lotsagarriak bere horretan dirauela. Espanian justizia, hanka-motz eta besa-motz.

Gerla garaian, Isaac Puente batalloia eratu zen Bilbon. CNTren hirugarren batalloia izan zen eta bertan Arabatik ihes egindako anitzek parte hartu zuten. Batalloi horren buruzagi Manuel de la Mata komandantea izan zen lehenik, Enrique Araujo gero, eta Antonio Teresa azkenekoz. Euzkadi faxistek azpiratu zutelarik, Isaac Puente batalloiak borrokan jarraitu zuen Kantabrian eta Asturiasen, baita gero Katalunian ere.

Espainiako Errepublikak azken hatsa eman aitzin, 1939an, Madilgo Udalak Isaac Puenteren omenez kale bati haren izena ematea deliberatu zen, eta Santa Engracia kaleari izena aldatzeko erabakia hartu bazen ere, ezin izan zen gauzatu; egun Isaac Puente zenaren izena daraman kalerik ez du Madrilek, eta, bistan da, Ayusok ez du eginen, Jakin ere ez baitu jakinen nor zen Isaac Puente eta ez du jakin nahi ere. 

Ez gaitezen izan Ayusoren parte eta gogora dezagun Isaac Puente, Maeztuko mediku anarkista. Gaur  hilkintzaren laurogeita hamar urte bete direlarik, ahanztura borrokatu behar dugu, memoria ere borroka delako. Ezin dugu Isaac Puente Ameztoi ahaztu, ezta bera bezalako bertze anitz. Espainia aldera autoz Pancorbo igarotzen duzun hurrengoan, irakurle, gogoratu Isaac Puente Ameztoi medikua. Aintza eta ohore!

Isaac Puenteren bizitzaren hainbat data esanguratsu

  • 1921-1922 Alfredo Donnay eta Daniel Orille, Gasteizko CNTko bi kide, ezagutu zituen
  • 1927 Colegio Oficial de Médicos de Árabako juntako kide
  • 1930 Colegio Oficial de Médicos delakoak Isaac Puente lehendakari-orde izendatu zuen eta baita Arabako Aldundian ordezkari ere. Tarte batez diputatu izan zen Arabako Foru Aldundian, laster dimisioa eman zuen arren.
  • 1932ko apirilaren 16an lehen atxiloketa; maiatzaren 2an, gose grebari ekin zion. 10an, aske
  • 1933ko maiatzaren 8-9an, bigarren atxiloketa, CNT-ren greba orokorrerako deialdiaren ondorioz
  • 1933ko uztailaren 20an, hirugarren atxiloketa, zurrumurru baten kari
  • 1933ko abenduan, laugarrenez atxilotua, Zaragozan
  • 1936ko uztailaren 29an, azken atxiloketa; Gasteizko espetxera eramanda
  • 1936ko abuztuaren 24an, Millan Astrainen egonaldi laburra Gasteizen eta Maeztun
  • 1936ko irailaren 1ean, Isaac Puente eraila

Nota bene: artikulu honen Iturri nagusia: Isaac Puente. El médico anarquista. Fernández de Mendiola, Francisco Txalaparta, 2007, (erdaraz)



2026-07-30

Mila egun baino gehiago sionistek genozidioa hasi zutenetik Gazan


 Hiru kontu

  1.      Israelgo Armadak 73.000 lagun baino gehiago hil ditu; horietarik  20.000 adin txikikoak. Su-etenaz geroztik, Gazako Osasun Ministerioak dioenez, 100

  2.     Israelek okupatu zuen Gazaren erdia eta Lerro Hori bat ezarri eta adostu zen arren, ez du errespetatu. Egun, Israelgo Armadak Gararen %60 du bortxaz hartua.   

  3.     Gazako palestinarrek jarraitzen dituzte erasoak pairatzen eta lekuz aldatzen soldadu israeldarren erasoen ondorioz. Gainera, uda minean, urez eta janariz urri, egoera ezin hobera joan.


Hori horrela, bertze hiru kontu:

Lehenik, gure elkartasun handiena palestinarrei adieraztea eta Armada sionistaren ankerkeria eta basakeria salatzea, hala niola gobernuei eskatzea harreman oro eteteko gobernu sionistarekin 

Bigarrenik, ezin da onartu, ezin normaltzat jo,  behin eta berriz telebista bidez ikusten den Palestinarren giza eskubideen urraketa, Israelek gauzatua AEBen kolaborazioarekin eta Europar Batasunaren isiltasun konplizearekin.

Hirugarrenik, Palestinaren alde jarraitzea ez da soilik bihotzak agintzen diguna, ez da soilik kontu morala; buruak ere erraten digu mundu osoan zabaltzen ari den agintekeria eta eskuindarren olatuari aurre egin behar zaiola, zeren eta Palestina borroka handiago baten lubaki bat da, galdu ezin daitekeena edota berreskuratu behar dena.

Mila egun baino gehiago sionistek genozidioa hasi zutenetik Gazan, eta irmoki jarraitzen dugu aldarrika, uda minean ere, Berriozarko Osasun Etxearen atarian, hileroko azken ostegunean ohikoa den bezala.

 

Gora Palestina askatuta! 

 

2026-05-22

Nor izan zen Leoncio Urabayen? Felix Urabayenen anaia baino askoz gehiago.

 

 Leoncio Urabayen Guindo


 Leoncio Urabayen Guindo Arakil-Errotzen sortu zen, 1888ko irailaren 12an, baina Iruñean bizi izan zen txiki-txikitandik. Artikulu honen protagonista den Leoncio Urabayenen anaia Felix Urabayen maisu eta eleberrigilea zen. Leonciok Madrilgo Goi Mailako Irakasletza Eskolan egin zituen ikasketak. Ricardo Beltrán y Rózpide izan zuen irakasle eta “maître à penser” edo mentore, eta Jean Brunhes geografoaren La Géographie humaine, ikasliburu nagusia.

Leoncio Urabayenek Orotz-Beteluri buruzko monografia argitaratu zuen, Madrilen, 1916an, adituen esanetan oso idazlan sendo eta serioa izateagatik nabarmentzeko modukoa. Lencioren hitzetan, Orotz-Betelu "bi eragileren elkarketak sortutako organismoa da: lurraren eta gizakiaren elkarketaren ondoriozko organismoa". Garai horretan Kanpion, Agerre, Aranzadi eta beste hainbat intelektualekin harremanetan zebilen jada. Hori horrela, 1918an, Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresua antolatu zuten, eta hor El maestro de escuela vasca txostena aurkeztu zuen Leonciok; bertan Hezkuntza eledun izendatu zuten eta 1923ra arte eraman zuen eledutzaren ardura. Burgosen aritu zen irakasle Eskola Normalean eta gero Iruñeko maisu-maistrenean lau hamarkaz, bertan Eskolako idazkaria ere izan zelarik.

Orobat, 1920ko otsailaren 8ko udal hauteskundeez geroztik, Euzko Alderdi Jeltzaleko zinegotzia izan zen Iruñean. Urabayen-en pentsakizun politikoa, abertzaletasun zabala eta berritzailean datzana, Jesús de Sarria-ren Patria Vasca liburuari egiten dion kritika zorrotzean ikus daiteke. (Hermes, 1920, 69-73).

1919an, Eusko Ikaskuntzak antolatutako Euskal Udal Batzarrean parte hartu zuen ponentzia bat aurkeztu zuen: La enseñanza en los pequeños municipios vascos (Irakaskuntza euskal udalerri txikietan). Ponentzia horretan, eskola-kontzentrazio moderatuaren beharra azpimarratzen zuen, eta, era berean, neskatiko eta mutikoak elkarrekin derrigorrez eskolaratzearen alde agertu ere. Gero, 1922an, Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresuan ere parte hartu zuen, non erakundeko diruzain izendatu zuten. Garai hartan, Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorrari agertu zion Nafarroako giza geografiaren alorrean ikertzeko nahimena, eta 1924ko abenduan horretarako diru-pentsio bat ematea lortu zuen; horri esker ikerketa geografikoen norabide berritzailea hasi zen Euskal Herrian. "(...) Nafarroako etxebizitzen azterketa garatu genuen, isolaturik. Brunhes-i buruz sakon landu genuen kontzeptua zegoen, baina zerbaitek ez gintuen asebetetzen. Azkenean konturatu ginen falta zela giza geografiaren oinarrizko egitateen arteko lotura, guk prezipitatu geografikoak deitzen genuen horixe falta zen, eta gizakiak ingurune geografikoarekin duen borrokaren gai berria, oso interesgarria dena eta oraindik zientifikoki aztertu gabea, nahierara jarri eta bere onurarako oso-osorik aprobetxatzeko." (Urabayen, Leoncio: "La tierra humanizada" delakoaren sarrera, Madril, 1949, 4. or.). Lan eta ikuspegi horren emaitzak agertzen ari dira 1925eko eta hurrengo urteetako RIEVen.

1927tik aurrera, ikertutakoaren heldutasunak honako izenburu hauek ditu: Una interpretación de las comunicaciones en Navarra, S. Sebastián, 1927; Geografía humana de Navarra, 2 vol., Pamplona, 1929-1932; La casa navarra, Madrid, 1929, 240 or.; Atlas geográfico de Navarra, Pamplona, 1931, 32 or.; Geografía de Navarra (texto explicativo del Atlas), Pamplona, 1931, 230 or.; La geografía humana. Mugak. Madril, 1934, 40 or.; Panorama de la geografía humana, Madril, 1935, 36 or.

Diktaduraren azken urteetan EAJren ildo nagusitik aldendu zen, eta 1927an baja eman zioten (Arteta, Valentín: Miscelánea nacionalista, "Deia", 1985eko urriaren 13a), "Euzko Alderdi Jeltzalearen jarrerekin erabat ados ez zegoelako". 1930ean ANV-EAE sortu zen baina beranduegia zen harentzat, ordurako Eskolari emana bizi baitzen, eta Saez Morilla sozialistarekin zuen adiskidetasunak militantzia politiko berri bati ekitea zailtzen zion. Nolanahi, Errepublikaren garaian, bere ideia pedagogiko asko praktikan jartzeko aukera izan zuen, bai haurrekin, bai helduekin.

48 urte zituela Errepublikaren aurkako matxinada hasi zen. Gerrak eten handia ekarri zion Leoncioro eta, zailtasunak zailtasun eta urteak igarota, azkenik agertu zen La tierra humanizada delakoan hauxe azaltzen du atariko oharrean: "Obra hau 1937an amaituta ere, urte batzuk igarota argitaratu behar izan da. Espainiako Gerraren eta geroagoko Mundu Gerraren ondoriozko nahasmendu eta zailtasunek eragin dute atzerapen hau". Zailtasunak ez ziren egoera politikoaren ondorioz bakarrik izan, baita zailtasun pertsonalak ere: euskalzalea eta liberala izateagatik jazarria izateaz gain, anaia Felixen kinka gehitu behar zaio, kartzelatua eta larriki gaixorik egon baitzen: "Arrazoirik gabeko jazarpenengatik kezkatuak, familiako ezbeharrek zaurituak, gaitz fisikoek gogaituak, gure inguruan garatzen ari zen tragedia izugarriak kezkatuak eta gure lan baliabide urrietara murriztuak, ikasteko edo liburuak edo beste elementu batzuk kontsultatzeko aukerarik gabe..."

Gerraren ondoren, "Munibe", "Estudios Geográficos", "Bol. de la Soc. geografica" eta beste aldizkari batzuetan egindako kolaborazioez gain, Los puentes de Pamplona, Pamplona, 1951, 93 or.; Estudios monográficos de geografía de los paisajes humanizados, Pamplona, 1952, 313 or.; La antropogeografía, la geografía humana y la cuarta geografía, Pamplona, 1955, 152 or.; La vacuidad de la Geografía Humana, Pamplona, 1955; Una geografía de Navarra. Nafarroako giza egoitzei buruzko ikerketa, Iruñea, 1959, 481 or. Bestalde, 1924an, El Dique delako eleberri bat ere argitaratu zuen, baina, Ortega y Gassetek aholkatuta, nobelagintza baztertu eta ikerketari ekin zion. Iruñean hil zen, 1968ko maiatzaren 2an. 

Leoncio Urabayen gaineko artikulu honen jatrrizkoa, erdaraz, Idoia Estornes Lasak idatzia, 

URABAYEN GUINDO, Leoncio. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2024. [Kontsulta data: 2025eko otsailaren 9a]. Eskuragarri hemen: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/urabayen-guindo-leoncio/ar-138259/  

Baina Josu Iraetak hauxe idatzi zuenez GARAn: "Historia faltsutzen edo ahazten duten herriak −espainiarra, esaterako− ez dira historia gainditzeko gai, egindako akatsetatik ikasten ez dutelako. (...)

Egungo mundu akademikoaren −hein batek gurtutako− amnesia historikoak, bere zorroztasun ezak, Ortega y Gasset bezalako faxista bat «liberalismo demokratikoa» deitzen dutenaren aita bilakatzen dute.

Eta neure buruari galdetzen diot... Ortega y Gassetek zapuztita utzi zuen Leoncio Urabayen El Dique haren nobelaren kontura. Nik irakurri egin dut eta ustekabe galanta hartu dut... Ortgea y Gasseten erruz, El Dique izan zen Leoncioren lehen eta azken eleberria... Nafarroa osoan ale bakarra dago Liburutegi Nagusian... Jakin-minez jotakoek bertara jo bezate, harrituko dira Leoncio Urbayenen eleberri horrekin.
 

Baiki, Leoncio Urabayen Felixen anaia izateaz gain, askoz gehiago izan zen, Nafarroako Unobertsitate Publikoari Miguel Urabayenek utzitako funtsak frogatzen duenez gero.

2025-06-03

Gerraren kontra, lehen lerroan


Iruñeko Gaztelu plazan, jendaurrean aurkeztu dugu Gerraren aurkako hitzak / Palabras contra la Guerra 2023/2024, aurreko bi urte horietan gerraren aurka egindako ekitaldietan irakurri ziren testu antimilitaristen bilduma, Liburuaren aitzin-solas laburra, hiru ataletan banatuta, jarraian irakurgai.




Hasiera 

Liburu honetan, lagun anitz eta askotarikok idatzi dituzten testu, istorio, olerki eta aldarrikapenak aurkituko dituzu. Ekimen hau ez gaur goizekoa. Urtez urte eta lerroz lerro egin da hogeitaka urte luzez, laurogeita hamalautik. nahi baino urte gehiagoz. Izan ere, paradoxikoa badarik ere, eskuartean duzun liburu hau plazaratzen duen ekimenaren helburua desagertzea litzateke, alegia, urtero gerren kontrako ekimen hau errepikatu behar ez izatea. Gu ere ez gara gaur goizean sortuak, ordea, zeren eta gerrak, izan, badira: Sahara, Palestina, Ukraina, Sudan, Libano, Siria, Somalia, Yemenen... 

Gerra horietan guztietan, NATO eta enparauak leporaino sarturik daude, interes geopolitiko eta ekonomiko inperialistak xede eta helburu dituztelarik. Katixa Agirre idazleak dioenez, “Zer esango dizuet, ba, lagun zahar baten erruz. Kapitalismoa du izena, eta estraktibista abizena”.

Horregatik gerra-hotsak diraueino, gerraren kontrako ahotsak eta hitzak biltzen eta zabaltzen jarraituko dugu hau bezalako liburu baten bidez. Bihotzetik ateratako ahotsak eta hitzak aurkituko dituzu, bihotzetik eta bihotzez izkiriatuak, norbanakoen hizkiak, hitzak eta lerroak, gerraren kontrako lehen lerro metaforikoa hitzez eta ekintzez osatzeko. Gerraren kontrako ahotsak eta bihotzak aurkituko dituzu lehen lerrotik.


Korapilo 

2025eko udaberri honetan bizi dugun nazioarteko egoera ezegonkor eta korapilotsu honen aitzinean, bi aldarrikapen egin nahi ditut, laburzki:

Alde batetik, gobernuei irmoki egiten diet eskaera bat: ordaintzen ditugun zergen euro bakar bat ere ez bideratzeko ez Israelera, ez Marokora, ez Ukrainako gerrara, ez beste inongo gerratara, ezta arma bakar bat gehiago bidaltzeko ere.

Beste aldetik, Europa zaharraren mandatarien ahotan “autonomia estrategikoa” barra-barra dabilelarik, gogora dezagun Hego Euskal Herriko gehiengoak ezetz erran ziola NATOri, ezezko biribila 1986ko martxoaren 12ko erreferendumean. Hori horrela emaitza hori errespetatzeko eta Ipar Atlantikoaren Akordioaren Erakundetik —NATOtik— jalgitzeko egiten dut galde, berandu baino lehen jalgi ere.


Bukaera 

Amaitzeko, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, dei egiten dizut, irakurle, gurekin bat egiteko gerren kontrako lehen lerroan. Ene nahimena da, hitzez hitz, lerroz lerro eta orrialdez orrialde, liburu hau goza dezazula nik aitzin-solas hau egiten gozatu dudan adina.


Bestalde, eta espero izatekoa zenez, Palestina izan gaur da testu gehien-gehienen mintzagaia. 






2024-06-06

Gerren kontrako hitzak: Ernest Hemingway-ren poema bat

 

Armada guztiak berdinak dira


Publizitatea fama da

Artilleriak betiko zarata zaharra sortzen du

Adorea, mutilei egozten zaien ezaugarria

Soldadu zahar guztiek begi abailduak dauzkate

Borrokalari zahar guztiek betiko gezur zaharrak entzuten dituzte

Gorpuak euliz estaliak beti


Ernest Hemingway duela mende bat ibili zen Iruñean barna, artean gazte eta lerdena zelarik. Haatik, ordurako ezagutzen zituen gerraren ankerkeria eta doilorkeria zitalak, Lehen Munduko Gerran ibilia baitzen anbulantzia gidari Italiaren eta Austriaren arteko mugan.  Parisen idatzitako poema bat dugu, poema antimilitarista eta konprometitua, normalean erakusten ohi duten Hemingway-ren gaineko estereotipoarekin zerikusirik ez duena.  

Iruñeko Gaztelu plazan eta Liburu Azokaren haritik, poema hori irakurri dut, hemendik eta Sanferminak bitarte Hemingway-ri buruz entzunen ditugun topikoetan aurkituko ez dugun beste Hemingway baten adierazgarri.   




2023-05-27

Gerraren aurkako beste bertso bat

Gerarren aurkako Hitzak izeneko ekimenean, iaz, bertso hau botatzea otu zitzaidan, Ukraniako gerla hasi berria zelarik. Hori horrela, eta urtebete iraganda, atzo beste bertso hau etorri zitzaidan burura: 


Ukraniako gatazka hemen gogoratzen

Europaren geroa ez doa argitzen

Gezurrak ta hezurrak

dituzte pilatzen

munizioak saltzen

obusak botatzen

Yanki begiratzen

poltsikoak betetzen

asmatu nuen baina

ez nau lasaitzen. (bis)



Eta harira badatorrenez, aspaldi handian Iruñean egindako pegatina bat berreskuratu egin dut, harri-bitxi bat, Golkoko Lehen Gerlaren garaikoa, iragan den mendeko azken hamarkadaren hasierakoa, beraz; Herri Batasunak egina da eta, urteak joan  urteak jin, tamalez garkotasunik ez duela galdu erranen nuke nik...  




2022-05-27

Gerraren aurkako bertso bat

Ukrainari begira hasi naiz hausnartzen

Europaren geroa ari da iluntzen                                             

Gertatzen ari dena zail da ezagutzen

gertatzen ari dena digute ezkutatzen.

Gerrak dira pizten

herriak hondatzen

odola isurtzen

herritarrak hiltzen

Inperialistak, berriz, diruz asetzen.




2021-06-08

Gerraren aurkako hitzak 2021ean

 

Gerraren aurkako hitzak egin eta biltzen ditugu urtez urte, liburuz liburu, jakinik ere gerraren aurkako gure hitzak hitz hutsak direla, hutsak eta hutsalak, eta hutsaren hurrengoa entzun nahi ez dituenarentzat. Egia unibertsalki onartua da, izan ere, ez dagoela gor okerragorik entzun nahi ez duena baino. Beraz, gorraren aurkako hitzak ere badira gureak.

Hori horrela, gerraren aurkako gure hitzak, gerraren aurkako hotsak bilakatuak, hots hitsak eta latzak izan daitezke; baina gure hitzak, ahotsik ez dutenen hitzak dira, eta liburu honetan gelditu dira, zuri gainean beltz-beltzak, haizeak eraman ez ditzan.

Gerraren aurkako hitzak eta ahotsak, gerraren garraren aurkako hitz hotzak, baina ez hutsak, ez hutsalak, gerraren eta herraren aurkakoak, harik eta zuk irakurtzen dituzun arte, hitz hotzak hitz biziak bihurtzen dituzun arte.

Ongi etorri lerroen artera.




2021-05-29

Siria gaur

 

Tximeleta txuri bat, bat eta bakarra
kiratsaren eta haize pozoituaren
lainoen gainetik hegaka.

Ilgoraren argitan sortutako
musuaren ezpainak
erre ziren
eta haiekin batera
ilbetea ikusteko itxaropena
;
iheska doan jendea
ikatz bihurturiko eskuez eta hildakoez negarka;
tximeleta bat bakarrik onik eta osorik
etengabeko doilorkeriaren
eta aire hilgarriaren gainetik hegaka.

Ostiraleko bozkarioa,
masaileko biloa,
hamabost urtekoen pubisa,
isilpeko laztanak,
poetek kantatzen zuten guztia
orain txingar gorria da, begirik gabeko begi-zuloa,

ile harrotuen urakana,
hatz moztuko eraztuna,
korroan dantzatzen ziren neskatoen zapata puskatuen antzera,
usain txarreko kearen eta hautsaren azpiko hondamendia,
eguzki hilgarria eta sekula gehiagorik ez itzal freskagarririk,
ez gaur izartsurik,
ez egunsetiak bustiriko larrerik:
bakarrik onik eta ongi dagoen tximeleta horren hegoak,
bakarrik salbazio hori hainbeste hezur odoletan,
bakarrik hegaldi hori eta ez
lurraren hostoak Arkara zeramatzan usoarena,
baizik eta uso bakan eta bakar baten tximeletarena,
guztia kiskaltzen duen hats horretatik,
batek badaki nola,
iheka doan tximeleta,
guztia eraisten duen zatikatze-bonbatik,

gorputz-atalak erauzitako gizonarengandik eta emakumearengandik,
galipot-usaina darion maitalearen gorputik,
Infernuaren sakonetik oihuka dabilen
lotsaizun gorri eta hutsetik
iheska doan tximeleta.


Gerraren aurkako hitzak izeneko ekimenean sortu zenetik parte hartu ohi dut, urtez urte eta liburuz liburu.  Nafarroako I. liburu azokaren abaroan Gaztelu plazan aurkeztu zen atzo  2018-2019 urteetan egindako ekitaldien testu bilduma non, besteak beste, Daniel Vidart uruguaiarraren olerki eder hau argitaratua agertzen den.







2018-11-30

Noche de 12 años - 12 urteren gaua filmaren haritik


1972ko apirilaren 14ko eguerdian militarrak Montevideoko bi etxetara sartu zen, Amazonas kaleko batera eta Pérez Gomar kaleko beste batera. Amazonas kalekora tiroka sartu ziren soldaduak, Campos Hermida komisarioaren agindupean, eta atea zabaldu zien etxeko jabea, Luis Martirena kazetaria, bertan hil zuten, balaz josita; Ivette emaztea ere hil zuten, besoak jasota zituelarik. Militarrek metrailetak ez ezik metrailadore bat ere baliatu zuten eta pisu osoa goitik behera balaz josita utzi zuten. Bi aste zeramatzaten pisu hori zaintzen, eta bazekiten Movimiento de Liberación Nacional Tumamaros gerrillarien etxe bat zela. Militarrek ez zekiten, haatik, nortzuk egonen ziren bertan, eta ez zekiten pisu horren sabaian egindako “zulo” batean gordetzen zirela Fernández Huidobro “Ñato” eta zuzendaritzako beste kide bat, David Cámpora. Balen euri-jasa horren ondorioz Fernández Huidobrok balazo bat jaso zuen, baina ez zuen zirkinik egin, ez kexarik, ez min oihurik egin, odol-hustutzen ari zen arren; horrek salbatuko zion bizia, eta soldadu bat sapaiari odola zeriola ohartu zenerako, bertan zeuden epaitegiko agintariak, soldaduak berriz tiroka hastea eragotzi zutenak.

Gero etorri ziren kartzela-urte luzeak, militarren gatibu, 12 urteren gaua filmak kontatzen dituenak. Goiko pasartea filmean ere agertzen da, nik Samuel Blixen kazetari uruguaiarrak Sendic liburuan kontatzen duenari lotu banatzaio ere.



Eszena horren gaineko ñabardurak gorabehera, 12 urteren gaua filmak merezi du.

Eta laster Durangoko Azoka izanen denez, Memorias del Calabozo liburu berrargitaratu berria erosteko profitatzen ahal du irakurle prestuak Maruricio Rosencof "Ruso"k eta Fernández Huidobro “Ñato”k  idatzitako liburua erosteko



2018-05-27

Hitlerren lehen argazkia




Eta nor da nini hori, txizaoihalarekin dagoena?
Fito da eta, Hitler andrearen semea.
Iritsiko al da izatera zuzenbiden doktorea?
edo Vienako Operan, tenorea?
Eskutxo horiek, begitxo horiek, sudurño hori...
norenak?
Sabeltxo hori, esnez betea, norena?
Oraindik inork ez daki
tipografoa, sendagilea, merkataria,
apaiz bat izanen den.
Hankatxo polit horiek nora helduko dira?
Nora?
Lorategira, eskolara, bulegora,
agian alkatearen alabarekin
ezkontzera?



Nini polita, aingerutxoa, maitia, gure kuttuna,
gaur dela urtebete, mundura etorri zenean,
ez zen seinaleren faltarik izan, ez lurrean, ezta zeruan ere:
udaberriko eguzkia, geranioak leihoetan,
piano baten soinua,
paper arrosan bildutako zorioneko seinalea,
erditu aurretik amak izandako amets profetikoa:
uso batekin egin zuen amets —zorionak—,
eskuetan hartuta —espero duzuena helduko da.
Kax-kax, nor da?
Fitoren bihotza taupadaka.



Txupetea, lerde-zapia, sastakaia, txintxirrina,
Jainkoari esker, ninia, egurra ukitzen dut,
oso osasuntsu dago,
kateme bat saskian,
gurasoen antza osoa dauka
eta familia-albun guztietako umeen antza ere bai.



Ez, ez, orain ez dugu kaxketarik nahi,
argazkilari jauna oihal beltz horren azpian klik egiteko zorian dago.



Klinger argazkigintza, Grehen kalea, Branau.
Branau leku txikia baina onesta,
merkataritza-enpresa sendoak,
auzokide onberak
ogi goxoaren lurrina eta xaboiaren usaina.
Patuaren urratsak ez dira aditzen,
ezta txakurren uluak ere.
Historia-irakasleak lepoko zurruna laxatu
eta apunteen artean egiten du aharrausi.





Wislawa Szymborska olerkari poloniarraren poema hau Gerraren aurkako hitzak ekimenaren baitan irakurri nuen iragan den ostiralean, Gaztelu Plazan








2017-06-09

Gerrak ez du emakume-aurpegirik

Iragan den ostiralean, Liburu Feriaren abaroan, Gerraren kontrako hitzak izeneko ekimen egin genuen Iruñeko Gaztelu plazan. Urterik urte erroturik dagoen ekimen xumea da, eta behin baino gehiagotan blog honetan bertan agertu da horren berri.

Aurten nik prestaturiko testua itzulpen bat da, aspaldi gaztelanaiz irakurri nuen La guerra no tiene rostro de mujer liburutik ateratako pasarte labur bat. Svetlana Aleksievitxi duela bi urte Nobel saria eman ziotenez geroztik, haren libururak hasi ziren itzultzen, eta nik liburu hori irakurri nuenean pentsatu nuen pena zela euskaraz ez izatea, eta horregatik itzuli nuen zatiño ba, María Afanásievna Garachuk soldadu errusiarrari dagokion zatia:

Gerra hasi zenean, medikuntza fakultatean bukatu berria nintzen. Sorterrira itzuli nintzen aita gaixorik zegoelako. Eta bat-batean, berria aditu genuen. Gerra! Gogoratzen dut goiz-goizean zela berria jaso genuelarik. Goizeko ihintza artean han zen berria iragarrri zutenean: gerla! Ihintz hori, belarrean, zuhaitzetan ikusi zuen ihintz hori, gerora ere gogoratzen nuen anitzetan, frontean nengoela. Gizakioi gertatzen zitzaiguna, natura, arras diferentea zen. Eguzkia, distiratsu... bitxiloreak, nire lore maiteenak, eder-ederrak, milioika pentzeetan.


Gogoratzen dut gari-soro batean ezkutatu ginen egun bat, eguzki beteko egun bat. Alemaniarren metrailetak esnatu ziren: ta-ta-ta-ta-ta, eta gero, deus ere, isiltasuna. Gariaren xulurla baino ez zen aditzen... Eta zerpentsaturik ematen zidan: adituko al dut inoiz berriro ere gariaren xuxurla?”



Liburuak gerrara joan ziren emakume sobietarren istorioak biltzen ditu. Kontakizun gordinak, hunkigarriak.... gerra emakumeen begietatik ikusia, gutxitan bezala.

Gauzak zer diren, Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua euskaraz atera berri da Iker Sancho Insausti lazkaotarrak euskaratua. Liburua, esan gabe doa, erosi egin dut berriz irakurtzeko... eta, aitor dezadan, jakiteko nola itzuli zuen Iker Sancho gazteak zati hori... Jakin-minik duenak jo beza 64. eta 65. orrialdeetara,  Interesik duenarentzat, oso ederki labubiltzen ditu itzultzaileak liburuaren nondik-norakoak bideo honetan.




2017-05-10

Vera Voloshina


Armada Gorriak Hitler azpiratu zueneko 72. urteurrena ospatu berri da. Garaipenaren urteurrenaren kari, komeni da, komeni denez, garaipen hori gauzatzen lagundu zutenak gogoan hartzea; horietako bat, Vera Voloshina.
  
Vera Danilovna Voloshina Siberian sortu zen, Kemerovo herrian, 1919ko irailaren 30ean. Aita meatzaria zen, eta ama, erizaina. Verak kirolak maite zituen, bereziki, gorputz hezkuntza. 1937. urtean Moskura joan zen bizitzera eta Kirol eta Kultur Fisikoaren Institutuan tiroa, marrazketa eta poesia lantzen ikasi zuen. Horretaz gain, Moskuko Aeroklubean I-153 “Txaika” hegazkina pilotatzen ikasteko eskolak hartu zituen, eta baita paratxutismo eskolak ere. Neska ile-hori ederra, ikasle azkarra, gelako neska dibertigarriena omen zen; Veraren ametsa, beste guztien gainetik, atleta bihurtzea, eta bide horretan, altuera-salto lehiaketa bat irabazi egin zuen.


Gerra baino lehen, 1935ean, Ivan Shadr eskultoreak atleta-gorputzeko Vera hartu zuen eredutzat Neska arraunarekin hamabi metroko eskultura ospetsua egiteko tenorean.





1941eko ekainaren 22an, Vera, ikasketeetako hirugarren urtean zela, jantzi txuri bat erostera joan zen, umetatik ezagutzen zuen Yuri Dvuzhilny izeneko mutil batekin ezkontzeko asmoz zebilen eta; dendan gerra hasia zela enteratu egin zen.



Yuri frontera bidali eta gero, Vera gotorlekuak eraikitzen laguntzen aritu zen, harik eta berak ere, behin eta berriz eskatuta, setati, frontera joatea lortu zuen arte. Frontetik eskutitz gutxi bidali zuen, eta amari igorritako batean hauxe zioen: “Ama, niretzako botak lortzerik badituzu, eta eskularruak (dauzkadanak urratuta daude-eta), zaila suertatzen ez bazaizu bederen, mesedez bidali, bestela hotz handia pasatuko dut gure baso zabaletan. Ama, ez zaitez hainbeste kezkatu nitaz, ez zait ezer gertatuko, zorioneko izar baten azpian sortu nintzenez gero, ehun urte biziko naiz eta.”

1941eko udazkenean frontearen lerroak zeharkatuta, alemaniarren aurkako ekintzetan parte hartzen hasi zen, gerrillari. Tiratzaile trebea, alemaniarren lerroen atzean borrokatuz, 6 ekintza arrakastatsutan parte hartu zuen. Verarekin batera, beste gerrillari bat, Zoya Kosmodemyanskaya neska gazte herabetia, Verak beti babestua. Zoya Kosmodemyaskayari buruz duela bi urte ere idatzi nuen Dikea izeneko artikulu batean.

Baina gatozen harira. Azaroaren 21ean beste ekintza batean parte hartu zuen, eta gau horretan, bi herriren arteko bidean barna beste gerrillariekin zihoala, alemaniarrek eraso egin zieten eta Vera larriki zauritu zuten, besaburuan tiroa emanda. Soldadu alemaniarrek atxilotu eta torturatu egin zuten.

Astebete iraganda, 29an, Goloukovo-ko estatu-etxaldean Vera urkatu egin zuten. Lekukoek kontatu zutenaren arabera autoz eraman zuten urkamendu-lekura. Vera autoan zetzan, barneko arropaz baino ez jantzita, odoletan. Bi soldaduk zutiarazteko imintzioa egin zutenean, Verak soldaduak egotzi eta, zutik jarrita, aldarrikatu zuen —lehen alemanez, errusieraz gero—: “Ez naiz heriotzaren beldur! Nire burkideek mendekua hartuko dute! Irabaziko dugu! Ikusiko duzue!” eta Internazionala abesteari ekin zion, soldadu alemaniarrak entzuten zutelarik. Ofizial alemaniarrak oihu egin zien soldaduei eta orduan soldaduek lakioa lepoan jarri zioten Verari. Ofizialak pistola eskuan, gidariari autoa martxan jartzeko agindu zion; artean Verak “Agur, burkideak!” esateko indarrik izan zuen. Sahats batetik urkatuta hil zen, 23 urte baino ez zituela; alemaniarrek bertakoei ez zieten Veraren gorpua ehorzten utzi.

 Abenduaren erdi aldean, Alemaniarrak joan eta gero, Golovkovo-ko herritarrek Vera-ren gorpua jaitsi eta Kryukovon ehortzi ahal izan zuten.

Amak Verarengandik jasotako azken eskutitzean, hauxe zioen: “Orain frontean nago, ama. Ez zaitez kezkatu, ez da ezer seriosa, eta heriotza behin baino ez da gertatzen.”

Vera Voloshina urkatu zuten Golovkovo herritik hamar kilometrora, Petristxebon, haren burkide Zoya Kosmodemyanskaya ere berdin urkatu zuten.   

Garaipena eta gero, Neska arraunarekin eskultura ospetsuaren kopiak ezarri ziren Sobier Batasuneko hainbat eta hainbat herritan.

Vera Voloshina hil zuten lekuan haren omenez eraikitako oroitarria, Golovkovon.

1968an Tamara Smirnova astronomoak aurkitu zuen asteroide bati Vera Voloshina izena eman zioten sobietarrek haren omenez. Izar gorri bat, zeruan betiko: Vera Voloshina. 

2014-01-03

Reagan kanpora


Ronald Reagan presidente estatubatuarra bisitan 1985ean, OTANen inguruko erreferendumaren atarian —oroitzen PSEren leloaz? OTAN; de entrada no—. Baina noan harira.

Euskal Herrian, bisitaren aurkako adierazpen, agerraldi, manifestazio, pintada eta pankarta anitz kaleetan. Parkarta horietako batean, Reagan-en karikaturaren osagarri, Reagan kanpora leloa. Garesen, errepidearen ondoko hesi batean pankarta jartzen ari delarik, Goardia Zibilaren jeep bat agertu, zibilak jaitsi eta pankartari begira gelditu dira. Guardia zibil bat, agenda txiki bat eskuan, pankartako testua kopiatzen hasi da; une batean, baina, zalantza nagusitu zaio benemeritoari, eta besteari ozenki galdetu dio:

- Oye, pero antes de p y b ¿no se escribe siempre m?

 -
Tu calla y copia bestearen erantzuna
 

Behingoagatik, ortografiaz asko zekien goardia zibil bat egokitu zitzaigun. Pena, hizkuntza oso bat zuen faltan: geure hizkuntza.

2014-01-02

Bost soldadu


Argazkiak bost urte baino ez ditu, eta ezkerrekoa Francisco Pérez González da, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua. Amerikarrek Kirgizistan-en duten Manas hegazkin-basean aterea da argazkia, eta hor agertzen da gure artzapezpikua genozida horiei bostekoa ematen.

Nafarroan ez dago eskuina boterean, ultraeskuina ultrakontserbadorea baizik,, eta Barcinaren Tea Party dugu boterean azken hamarkadatan. Horregatik beste inon ikusten ez direnak agerikoak dira hemen, artzapezpiku militar bat beste militar batzuen laguntzarekin, guardia zibilekin, Antsoaingo klinika baten aurrean escrache fatxa bat egiten, diana markatzen gauezko soldaduek jakin dezaten non jo.

Oinarri nabarreroari eta nazional katolizismoari pozik uzteagatik joan da Francisco Pérez González apezpikua, Nafarroa osoan legezko abortuak egiten diren klinika bakarraren atariraino. Ez da Francisco aita santuaren aginduak betetzen ari, botere faktikoenak baizik. Eta, bidenabar, inork ez dezala hitz egin CAN auziaz, desagertu diren 1000 milioiez nehork ez dezala galde... Barcinaren annus horribilis estaltzeko botere faktikoek nahi dute mintzagaia eta erritmoak ezartzea, gelditzen zaien denbora politikoa markatzea eta baldintzatzea.

Berdin zaie nafar gizartean eragin dezakeen arrakala, berdin zaie zer sakona egiten ari den eliza katoliko ofizialaren eta nafar gizartearen arteko amildegia... Boterea galduko duten beldur dira, amorratuta daude, eta zakur amorratuaren gisa, zaunka eta hoska egiten dute, eta General de Brigada den artzapezpikuak badaki aginduak betetzen eta ematen.

Antsoainen egindako agerraldia esperpentikoa izan da, benetan desesperazioaren adierazle, orain arte, bere aurrekari Fernando Sebastian ez bezala, Francisco Pérez isilpeko lanetan aritu baita bost urtez nafar herritarren ondasunak “inmatrikulatzen” alegia, eufemismoak eufemismo, beretzat hartzen, ad maioren ecclesiae gloria. Izan ere, Olentzerok ez dio kasualitatez ikatza ekarri apezpikuari berriz ere. Susmatzen dut, susmo baizik ez da, artzapezpikua gusturago dagoela azpilanetan kale gorrian errosarioak errezatzen baino, pulpituan laketuago publikoan baino.

Afganistanera bonbardaketak egitera joaten diren hegazkin-basean egindako argazki salagarria, jadanik ez dago Interneten: http://www.catholicmil.org/images/gallery/display/10271_hq.jpg.jpg . Hor sakatuz gero, “FILE NOT FOUND” agertuko zaizu, norbait arduratu baita argazki hori kentzeaz...

Francisco Pérez González, milaka lagun hil eta hiltzen dituen inperialismoaren morroi, errosarioa eskuetan bizitzaren alde dagoela dioen hipokrita izugarri bat, Iraken, Afganistanen eta mundu osoan haren lagun amerikarrek hiltzen dituzten ume horiek guztiek ez baitituzte oraindik jaio ez den umeki batek bezainbeste eskubide.

2013-12-26

Guardia zibilak,Mendebaldeko Sahararen lurralde okupatuetan


Duela 6 egun egindako argazki hauek frogatzen dutenez, guardia zibilak sahararren lurralde okupatuetan ere ibiltzen dira Marokoko militar okupatzaileekin batera, eta Mendebaldeko Sahararen gatazkan Espainiak duen ustezko “neutraltasuna” kolokan gelditzen da.

Izan ere, Espainiaren kolonia ohia izanik, agente espainiarrak ezin dira Saharan egon, are gutxiago indar armatuetako kideak. Errefuxiatu Sahararren Frantziako Elkarteak ezagutzera eman duenez, Argazkiak abenduaren 20an hartuak dira, Aaiun hiriko Bucraa karrikan, eta uniformez jantzitako bi guardia zibil agertzen dira, bata emakumezkoa, gizonezkoa bestea, ondoan Marokoko segurtasun indarretako kide batekin batera. Saharako giza eskubideen aldeko ekintzaileen arabera, bi militar espainolak hotel batean bizi dira, eta hotel hori Marokoko armadako goi agintarien eta zerbitzu sekretuetako kideen ostatu izan ohi da. 

Albiste honek hainbat eta hainbat galdera iradokitzen ditu: Noiztik daude berriz militar espainolak Saharan? Zertan laguntzen diote Marokori? Uniformez jantzitako guardiez landa, uniformerik gabekoak ere al daude? Zertan ari dira? Aaiunen bertan duela gutxi sahararrek eta boluntario kanariarrek pairatu duten oldarraldi errepresiboarekin loturarik al du? Espainiako erresumak eta Marokoko erresumak sinatu berri duten itun lotsagarri bat Sahararren itsasoa ustiatzen jarraitzeko; itunaren ordainetan al daude guardia zibilak han? Edo Espainiak Marokori saltzen dizkion armak direla-eta daude hor benemeritoak? Espainiaren neutraltasuna de facto hautsi bada, zeren zain daude Nazio Batuak neurriak hartzeko?

Abendu honen hasieran errefuxiatu sahararren kanpamentuetan egon naiz, izen bereko Aaiun kanpamentuko Deichera-n. Hango alkateak, Salej-ek, istorio hau kontatu zidan. Paradisurako eta infernurako bideak zaintzen zituenari joan zitzaion lau lagun. Zaintzaileak lehenari galdetu zion: “Nongoa zara?” “Marokoko Erresumako naiz.” “Infernura.” esan zuen zaintzaileak. Bigarrenari ere galdetu zion ea nongoa zen. “Frantziakoa naiz” “Infernura” esan zuen berriro zaintzaileak. Hirugarrenari ere galdetu zion. “Espainiakoa naiz.” “Infernura” errepikatu zuen zaintzaileak. Azkenik, laugarrenari galdetu zion ea nongoa zen. Laugarrenak esan zion. “Ni Saharakoa naiz.” Eta zaintzaileak erantzun zion: “Sahararra? Orduan jarri hor kanpoan zure dendak, zure haimak, eta itxaron erabaki arte”.

 Sahararrak 1975etik daude zain, ez inoren lur mortu batean, ezin paradisurako bidea, ezin infernurako bidea hartu... Sahararren eraman handia!

 Nago idazki honetan egindako galderei erantzun ofiziala jaso arte sahararren pazientzia puska bat beharko dugula. Baina, nolanahi delarik ere, galderak egin, egin behar dira, erantzun gehienak irakurleak berak asmatzen ahal dituen arren.

2013-09-26

Mundua alderantziz

2003ko martxoaren 20an, Irakeko hegazkinek Estatu Batuak bonbardatu zituzten.
Bonbak jaurti eta gero, tropa irakiarrek Ipar Amerikako lurrak inbaditu zituzten.
Alboko kalte anitzak izan ziren. Amerikar zibil askok, batez ere umeek eta emakumeek, bizia galdu zuten ala gorputz atalen bat ebakita bizi dira. Biktimen kopuru zehatza ez dugu guk ezagutzen, tradizioz, beti tropa inbaditzaileen hildako-kopurua aipatzen delako, eta herri inbadituan biktimak kontatzea debekatzen delako.
Saihestu ezineko gerra izan zen. Estatu Batuen armategietan pilatutako suntsipen handiko armak zirela eta, Iraken segurtasuna, eta baita gizateria osoaren segurtasuna ere mehatxupean baitzeuden.
Aitzitik, Alaskako petroleoa bereganatzea benetako helburua zeneko zurrumurru gaiztoek ez zuten inolako oinarririk...


Eduardo Galeano-ren testu guztietan gertatzen den bezala, hitz egokiak eta neurri egokia dena esateko.

2013-04-27

Berriozarko "Hontza"

Errealitatea plagiatzeko ohitura zaharra dut nik
J. L. Borges

Zorroka ikuztegia
Espioi britainiarren silueta beltza ez zen antzematen Zorrokaren ilunean. Ilargia gorde-gordeka ari zen hodeiekin jolasean, eta abagune ona profitatu zuen espioi gazteak gordelekutik atera eta ikuztegira hurbiltzeko: Zorroka deitzen zioten Berriozarko herriko ikuztegiari, eta bertan esertzea maite zuen gazteak, batez ere udaberriko gau goxoetan. Baina oraindik asko falta zuen udaberrirako, edo behintzat horrela iruditzen zitzaion 1942ko otsaileko gau oskarbi, hotz horretan. 

 Ikuztegiaren alde ilunean esertzera atera ohi zen gauerdian, inork ez ikusteko moduan. Gau hotz horretan ere eseri zen harri lauan eta hozkirri batek zeharkatu zion gorputza. Berehala probatu zuen gauaren soinuek baino ez zutela laguntzen. Horixe nahi zuen; aire freskoa arnastu eta bakarrik zegoela frogatzea. Ederki zekien bakardadeak bermatzen ziola segurtasuna, eta ezin zela arriskatu egunaren argitan ibiltzera. Gauerdietan, Zorrokaren ur emariak sosegua ematen zion, baina ezin zituen zentzumenak laxatu, eta horregatik gauerdian atera aitzin segurtasun neurri guztiak hartuta atera zen apaizaren etxetik, bere gordelekutik. 

Ezkerreko eskua sartu zuen beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan 9 milimetroko Browning-aren gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Pistolaren hotzak dardarizo bat sortu zion, harlauzaren hotzarekin bat egin zuena. Pistola beltzaz eta negu gorriaz gainera, bestelako motiboak zeuzkan dardarka egoteko. zan ere, Ezkaba mendiko herri txiki hartan irrati-aparatu bat zeukan elizaren dorrean bertan, eta sei egun zeramatzan Londresekin kontaktatu gabe. Londresen isiltasuna arraroa zen. Gau horretan saiatuko zen berriro ere Londresekin kontaktuan jartzen, eta lortu ezan, Iruñerrian zeukan beste konkatuarengana jo beharko zuen; Berriozarko apaizak berriz lagundu beharko zion Ezkirotzera joaten, hango apaiza karlistak ere lan egiten zuelako britainiarrentzat. Eta Ezkirotzeko kontaktu horrek kale egiten bazuen, britainiarren Iruñean zuen sare guztia arriskuan egon zitekeela esan nahi zuen; espioi britainiar bera ere frankisten atzaparretan eror zitekeen, eta bazekien patu petrala izango zuela. 

Denbora dexente zeraman Iruñaren inguruan gazte britainiarrak, apaiz karlista baten babespean. Karlistak monarkikoak zirenez, ingelesentzat egiten zuten lan. Eta non hobeki gorderik apaiz baten etxean baino? Areago, kontuan hartuta apaiz horren anaia bat goi-mailako militarra zela armada frankistan. Nork susma zezakeen komandante baten anaia apaizaren elizako dorretik Londresera etengabeko informazio jarioa ari zela transmititzen azken hilabete luzeetan? Baina espioiak bazekien Berriozarren denek bazutela bere berri. Apaizak behin esan zionez, ezizenez hontza deitzen ziotela, bakarrik gauez ateratzen zelako kalera... Grazia egin zion izenak, eta pentsatzen ari zen serioski aldatzea bere izen-klabea eta owl deitzea... Agian sobera argigarria zen; sobera begi-bistakoa. Bere nagusiei eskatuko zien owl ezizena jartzeko hurrengo misio baterako; noizbait bukatuko zen bere lana herri txiki horretan; udaberrian, agian? 

Misioak iraun bitartean jarraituko zuen Nightingale izaten, huraxe baitzen Londresekin kontaktatzeko baliatzen zuen ezizena. Gogora etorri zitzaion Londresen ezizen hori eman ziotelarik gauari lotua gelditu zela, eta irribarre isil bat marraztu zen gaztearen aurpegian. Bere baitan bilduta zelarik iruditu zitzaion itzal batzuk mugitzen ari zirela herrirako bidean, eta ordu horietan inor ez zen usu ibiltzen bide horretan barna... Arrisku seinalerik? Belarriak zorroztu zituen eta... Ezer ez. Zorrokaren ur-emari lasaigarria baino ez.

Gazte britainiarrak lasaitu beharra zuen, eta eskuin eskuarekin zigarreta bat piztu zuen. Zigarretaz piztu berriak bere barnera bildu zuen berriz ere. Bazekien, batzuek modu asaldagarrian ziotenez, tabakoa txarra dela osasunerako… Baina zorrokaren soinuarekin gustura sentitzen zen; harlauzan eserita laketu zen; eskua berriz jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen zorrokaren kantoi ilunaren beltzean, suaren antzera kea irentsi ahala, eta gazte britainiarrak pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere behar-beharrezkoa zuela; sorterriko oihartzuna ekartzen zion gogora, agian zerbitzu sekretuetan jasotako eskoletan ikasi zuelako ze baliagarria izan daitekeen pakete bat zigarreta idazki txikiak bilduta ezkutatzeko, kode-paperak gordetzeko... Eskola horiek jaso zituela hasi zen erretzen, ordura arte ez baiten erretzailea. Baina itzal batzuek eten zuten oroitzapen-katea eta espioi britainiar gazteak ez zuen oroimen eder gehiago gogoratzerik izan. 

Alboko kantoi ilunetik longain berdeko guardia armatu batzuk sortu ziren iluntasunetik, fusilak eskuetan, gabardina griseko gizon bat buru zutela; gizonak, Astra pistola eskuan, hari destatzen ziolarik egin zion oihu. “Alto a la Guardia Civil!!” Espioi britainiarrak une batez pentsatu zuen Browning pistola baliatzea, baina hatz erakusle ez zuen Browning-aren katuan; zigarretaren punta gorria erakuslearen eta erdikoaren artean kulunka zuen; erabaki zuen askatasun azken une horiek gozatzea zorrokaren ur emari goxotasunarekin, eta sorterriko irudi lausoekin nahastuta zigarretari begira gelditu zen, zigarretaren puntu gorriari: “Tabakoak zinez txarra da osasunerako” pentsatu zuen, ingelesek berezko duten umorearekin, harik eta guardia zibil baten fusilaren aho beltza parez pare ikusi zuen arte, eta gabardina griseko gizonaren ahotsa berriz lehertu zen arte: “¡No lo maten!”

Mauser fusilaren kulata-kolpe bortitza aurpegian jaso eta ikuztegira erori zen. Hodeiekin gorde-gordeka jolasean aritzeaz aspertuta nonbait, ilargiak argitu zuen gaua, eta ilargi-izpiek dir-dir egin zuten ikuztegiaren uretan, guardia zibilen trikornioetan eta fusilen metalean, baita espioi britainiarraren aurpegi bustian. Nightingale gazteak jasotako kolpe latzaren minak sorterriko irudi lausoa eta belarrietara heltzen zitzaizkion ur-emariaren goxoa itzali zizkion. Erakusleak eta erdiko hatzak askaturik, zigarreta ere hegan atera zen, ezinezko parabola bat eginda, harik eta punta gorria zorrokaren ur hotzetan betiko itzali zen arte.